Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Ermita edo baseliza gehienetan jenderik ez den tokian kokaturiko santutegia da. Geure herriaren eta geure historiaren entitatea edo ia erakundea da. Kristo Santua, Andra Maria edo beste edozein santu edo santaren izenpean egiten diren ospakizun erlijiosoetara zuzenduriko eraikina da batez ere. Bada, ezbairik gabe, gizatasuna eta ideala adierazten duen entitate sinbolikoa da, izaera erlijiosoa duten beste mendeko ikur batzuk erantsita dituena. Geure gizatasuna baino maila goragoan kokaturiko baloreei, kristautasunaren idealetan inspiratutako bizi-programari erantzuten die, nahiz eta kasu batzuetan, tarteka-marteka, izaera animista edo magikoa duten praktikak agertuko diren. Busturialderi dagokionez esan beharra dago bertako ermitekin erlazionatutako praktiken edo sinesmenen zerrenda oso luzea dela. Atal honetan horixe da landuko dena. Lehendabizi baselizen inguruan orokortasun batzuk emango dira eta, ondoren, eskualdeko ermiten inguruko praktikak eta sinesmenak aztertuko dira.

Baselizak oso leku desberdinetan kokatuta daude. Batzuk, antzinako hilobiekin eta aterpetxeekin erlazionatuta daude, Santimamiñekoa (Kortezubi) adibidez, aztarnategi arkeologiko baten gainean kokatuta dagoena. Beste batzuk, berriz, euren aurretik egondako kanposantu eta tenplu paganoen gainean eraikita daude, San Esteban (Morga) -bere hormatan inskripzio erromatarrak zituzten bi hilarri agertu ziren- eta San Gregorio (Forua) adibidez. Auzoko biztanleak edo bertatik igarotzen ziren oinezkoak jazarri edo bahitu egiten zituzten izpiritu gaiztoak edo jenio desberdinak agertzen ziren lekuetan kokatuta dauden ermitak ere badaude. Azkenez, zenbait ermita, ur medizinalak dituzten iturrien ondoan ere eraiki dira.

Jesus Gurutzikatuaren baseliza
Jesus Gurutzikatuaren baseliza
(Meakaur, Morga) ermita-guruztokiren
adibide argia da. Eguen Santuan eta
Corpus Christi egunean prozesioan
joaten zen parrokiatik ermitaraino.
Errogatiban ere heltzen zen baseliza
honetara. San Markoren jai-egunean
letaniak otoitz egiten ziren.

Baselizen tipologia

Baseliza edo ermita izen orokorraren azpian gertaera eta egoera desberdinen araberako instituzio erlijioso eta kulturalak daude. Horiek era honetara sailka ditzakegu:

a) Guruztokiak:

Ermita guruztokiak herrien sarreran, bideen aldamenean eta antzinako galtzaden inguruan kokatuta daude. Baseliza hauek parrokia-elizatik gertu egoten dira, eta antzinako bidearekin edo galtzadarekin lotzen dira aurrekoarekin. Zenbait kasutan, bide honetan Gurutze Bidea egoten da.

Guruztoki hauetan beste guztia gailenduz Kalbarioa edo Kalbarioarekin lotutako izenak (Santa Gurutze edo Santu Kristo, Bakarne, Errukiñe, Nekane) agertzen dira.

Erdi aroko garaietan, guruztokietan, apalkuntza edo amore emate ezinbesteko ospakizuna izaten zen. Errendibat egiten zuen oinezkoak herriren batera sartu orduko. Erritu honekin bidaiaria bakean zetorrela, hau da, kristaua zela eta ez moroa edo judutarra, adierazi nahi zen. Instituzionalki, herri batera sartzera zihoan bidaiaria edo kanpotarra kontrolatzeko erabiltzen zen.

b) Santutxoak.

Bizkaiko toki batzuetan santutxo moduan ezagunak dira ermita hauek. Bidearen aldamenean egoten dira. Neurri txikikoak dira eta aurrealdetik egurrezko edo burdinazko hesiarekin itxita izaten dira. Ermita horietan ez da kultu-ekimenik egiten, baina oinezkoek txanponak edo dirua botatzen dute, eskaerak edo barneko botoen adierazpen moduan.

Batzuetan, ermita guruztokiak ermita santutxoen betebehar berak betetzen dituzte.

c) Dorretxeekin edo Oinetxeekin lotutako ermitak.

Ez da batere arraroa oinetxe jakinekin edo antzinako dorretxeekin erlazionatutako baselizak aurkitzea. Dorretxez, errotaz, burdinolaz edo ermitaz osaturiko antzinako eraikin-konplexuren parte dira.

Ahaide Nagusiek sozialki ospe handia izan zuten garaian eraikitakoak direla dirudi.

Baseliza hauetako asko gaur egun norberaren jabetzakoak dira eta herritarrek dieten estimua txikiagoa da. Orokorrean, artapen-egoera txarrenean daudenak dira.

Kristoren ermita
Ateburuaren gainean, egurrezko plaka
batean margotuta, Kristoren ermitak
(Kanala, Gautegiz Arteaga) ondoko
inskripzioa du: ¡ILIKO JOSU! ¡ZAINDU
EGIXUZ ITXASOZTI TA BIDEZTIJAK!.
Baseliza honek guruztokiaren
ezaugarriak ditu eta gaur egun
bidearen aldamenean kokaturiko
ermita santutxoan dira.

d) Isolatuta dauden ermitak.

Zenbait baseliza jenderik gabeko lekuetan eraiki dira. Kokapen horren arrazoia zein den jakitea zailagoa da.

Batzuetan, jendetik isolatuta eta urrunduta dauden ermita hauek babes-funtzioa dute. Horrelakoak dira Santa Barbara izenarekin eraikitakoak.

Besteetan, mito edo leku numeniko jakinekin erlazionatutako sinesmenekin lotuta daude.

Baseliza hauetako batzuk badirudi antzinako eremitoriak izan zirela. Ondoan etxebizitza dute eta ermitainoen ardurapean egon izan ohi dira.

Isolatutako baseliza hauen artean inoiz artzain-baseliza (artzainei eta bere abereei babesa emateagatik deitzen dira horrela) moduan izendatu direnak ere sartu behar ditugu. Horren adibide dugu Oizko San Kristobal ermita (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz). Ermita hauetan zati bat kulturako erabiltzen da eta estalitako beste zati bat abereak babesteko. Herriko lurretan kokatuta egoten dira.

e) Batzarretako baselizak.

Baseliza jakin batzuk, baita gaur egun ere, auzotarren elkarguneak, hots, batzarrak dira. Agiriek zein herriko tradizioak ermita jakin batzuk aitzinean izaera zibikoa zuten batzarren ospakizunekin lotzen dituzte. Horrela gertatzen da Antiguako Andra Mari ermitarekin (Gernika-Lumo), Bizkaiko Batzar Nagusien ospakizunari lotuta agertzen dena.

f) Zin egiteko ermitak.

Elizak, Erdi Aroan ezarritako instituzioarekin bat datoz ermita jakin batzuk. Orduko foruan edo ohituratan oinarriturik zauden tokian zaudela aurkari batekin topo eginez gero mendekua hartzeko aukera zenuenez elizak hori ordezkatu nahi izan zuen. Aurrekoa, praktika jentilekotzat har daiteke, geure herrian ere egon bazegoena.

Santa Katalina ermita
Santa Katalina ermita (Santa Katalina,
Mundaka), isolatuta dagoena, itsas
gaineko tontortxo batean dago.
Bertatik gotorlekuen hondarrak ikusten
dira. Ermita hau hainbat kultu eta
ohiturekin erlazionatuta egon da.
Adibidez, Mundakako parrokiatik
errogatiba nagusietan (Igokundekoak),
San Marko egunean, San Gregorio
Nazianzenokoan, San Antolinekoan
eta Santa Katalinakoan ermita
honetarantz abiatzen ziren. Beste
adibide bat ondokoa dugu: San Pedro
Arrain-Kofradiak bere Ordenantzen
arabera Santa Katalina eguneko
mezaren gastuak ordaindu behar
zituen.

Eliza apurka-apurka ohitura hori kentzen joan zen, horrelako ekimenak egiteko lekua eta datak arautuz. Beraz, praktika horiek nolabait normalizatu egin zituen. Horretarako, goi Erdi Aroan, data jakinetan gatazkak ebatzi zitezkeen gune erlijiosoak zehaztu ziren.

Zin egiteko ermita hauetan mendeku-liskarrekin batera gaiztakeria-kasuetatik eratorritako beste pleito batzuk ere ebazten ziren.

g) Santutegiak.

Zenbait kasutan ermitek herritarren bultzadaz Santutegien maila hartzen dute. Estimu handi horren ezaugarrietako bat peregrinazio-lekua izatea da. Oro har, Santutegiak neurri handiagokoak dira, eta euretan debozio-kultu sendoagoa praktikatzen da.

Santutegi hauen erakarpen-eremua kokaturiko auzotegia edo udalerria gainditzen dute, eta, kasu batzuetan, baita kokaturiko harana edo eskualdea ere.

Santutegia de leku batera egiten dien erromesaldiak, zenbait kasutan norbanakoak egindakoak dira eta norbanako bakoitzak egindako promesak betetzeko asmoarekin egiten dira. Beste batzuetan ordea, udalerri edo bailara osoa da, denak bat eginda, errogatiban doana osasun babesaren edo uzta aberatsen eske, edo eta eskerrak emateko.

h) Auzo-baselizak.

Ermitarik ohikoena, ordea, giza populaketa batez inguratuta, auzoteriaren parte izaten agertzen dena da.

Auzo-baseliza hauek, oro har, guruztokiak baino neurri handiagoak dituzte, eta bere arkitekturak antz handiago du bere inguruko giza kokapenekin, ezaugarri monumental berezirik gabe. Nahiz eta beti duten aterperen bat eta kanpai-horma formako kanpandorrea.

Bere aterpeetan edo ermita horien eremuan oso ohikoa da bola-tokiak izatea, edota biltzeko eta erromeria ospatzeko zelaiak egotea. Ermitak betetzen duen tokia zein bere inguruko zelaiak herriko lurtzat hartu izan dira. Halere, kontu horren inguruan auzibideak egotea ez da batere arraroa.

i) Garai bateko parrokiak.

Hauetako zenbait auzo-ermitek begirune berezia dute. Ahozko tradizioaren eta, kasu batzuetan, idatzizko agirien arabera, aitzinan parrokiak izandakoak dira. Hondar batzuetan oinarrituta, euren inguruan aurkitutako hilobiak esaterako, pentsa liteke ermita horiek beste garai batean tradizioak leporatzen dien betebehar parrokial hori izan zutela.

j) Hilobiak eta hilarriak.

Ermiten inguruan hileta-aztarna arkeologikoak aurkitzea ez da hain arraroa. Batzuetan, aztarna horiek, ermiten ondorengo zaharberritzetan euren fabrikan integratu egin ziren.

Hilarriak ere aurki daitezke ermiten inguruan.

Antiguako Andra Mari ermita
Antiguako Andra Mari ermita
(Gernika-Lumo) antzinako Lumoko
elizatean kokatuta dago, Gernikazarra
deituriko lekuan hain zuzen ere. Horrek,
1366an, gaur egungo Foru-Hiribilduari
eman zion izena. 1366an Gernikako
Hiribildua sortu baino lehenago,
Batzar Nagusietako ordezkariak leku
honetan biltzen ziren. Ladislao
Velascoren aburuz Batzar Nagusiak
Batzar-Gelan bertan, Antiguako Andra
Mariaren aldarean, Izpiritu Santuaren
mezarekin hasten ziren. Gaur egun,
ermita hau, Bizkaiko Batzarretxe
konplexuaren parte da. Kanpoaldean
Gernikako haritza dago eta zin
egiteko tribuna tenplete baten azpian
dago. Ermitaren aurrealdean,
tradizioaren arabera, antzinako
haritzaren ernamuina dago.
Jaurerriaren Batzar Nagusien
ospakizunak hartu dituen ermita
honen izaera erlijioa oraintsu arte
mantendu da.

k) Besteak.

Honen baitan ondokoak dauzkagu:

* Norberaren jabetzako baselizak: Norberaren jabetzakoak diren tenpluak.

* Gaur egungo parrokiak edo parrokiari atxekitutako elizak: Honen barruan gaur egun parrokia nagusi moduan edota parrokia nagusiaren laguntzaile moduan lan egiten dutenak biltzen dira.

* Desagertutakoak.

Ermita asko erabat desagertu dira, euren inolako aztarna fisikorik geratu ez delarik. Beste batzuk, ostera, desagertzear daude. Horien kasuan, oraindik orain, eraikuntzaren zati bat geratzen da.

Baselizak talde batean edo bestean sailkatu dira euren gainean aurkitutako informazioaren arabera. Talde desberdinetan kokatzeko aukera egon denean ez dira irizpide historikoak, etnografikoak... jarraitu, kasu bakoitzean egondako aukera errazenaren alde egin da. Ez da, beraz, sailkapen itxia; kontrakoa, atal honetako ermitak beste era batean edo gehiagotan ere sailka zitezkeen.

Baseliza bakoitzaren deskribapenerako epigrafeak. Baseliza bakoitzari dagozkion datuak orden bera jarraitzen duten kontzeptu edo epigrafetan bilduta daude.

Busturialdeko baselizak

Bizkaiko lurraldean katalogatutako ermiten kopurua 800etik gorakoa da Gurutze Arregiren aburuz. Iturrizak 1790ean 600 baino gehiago zenbatu zituen eta G. Arregik berak, gaiaren inguruan ikerketa ugari egindakoak, 1980ean 500 zenbatu zituen.

Atal honetan Busturialdeko edo Urdaibaiko eta bere ingururik hurbileneko ermitak biltzen dira. Talde desberdinetan sailkatuta daude eta bakoitzaren barruan alfabetikoki adierazita daude.

Izen nagusia ermitaren izenarekin edo izenekin osatuta dago. Parentesi artean euren bilaketa errazteko informazioa gehitu da. Lehendabizi, ahal izan denean, kokatuta dagoen auzoaren izena jarri da eta salbuespen gisa bestelako informazioa ere, kokatuta dagoen mendiaren izena esaterako, sartu da. Bigarren terminoan, beltzez, kokatutako udalerriaren izena adierazita dago. Izenen gainean sakatuz gero euren inguruko informazio gehiago agertuko da.

Gaztelugatxe Donieneko Santutegia
Gaztelugatxe Donieneko Santutegia
(Doniene, Bermeo) Gaztelugatxeko
irlatxoaren gainean, Matxitxakoko
lurmuturraren mendebaldera, kokatuta
dago. Lur lehorrarekin zubi baten
bidez lotuta dago. Kultu eta erritu
askorekin erlazionatuta dago.
Erromeriekin, prozesioekin, herriko
tradizioekin kondairekin etabar
luzearekin. Iturrizak dioenez X.
mendean sortu zen San Juan
Bataiatzailearen izenarekin. XI.
gizaldian San Juan de la Peña
izenarekin aipatuta ageri da.
Autore batzuen arabera, bertan,
tenplarioen monastegia egon zen,
eta beranduago kanonigo
premonstratentseek hartu zuten
bizilekutzat. Beste albiste
dokumental batzuek XVIII.
gizaldian kokatzen digute, eta
ermitak kortsario ingelesen erasoa
nola jaso zuen kontatzen digute.

a) Guruztokiak:

+ Aingeru Guarda (Almike, Bermeo).

+ Jesus Gurultzitzatua (Axpe, Busturia).

+ Jesus Gurultzitzatua (Meakaur, Morga).

+ Kristo Santua (Libano, Arrieta).

+ Kristo Santua Gurultzitzatua (Ea).

+ San Antonio Abata eta Paduako San Antonio (Elexalde, Errigoiti).

b) Santutxoak.

+ Kristoa (Kanala, Gautegiz Arteaga).

+ Santa Ageda (Natxitua, Ea).

c) Dorretxeekin edo Oinetxeekin lotutako ermitak.

+ San Pelaio (Belendiz, Arratzu).

+ Santa Luzia (Santa Luzia, Gernika-Lumo).

d) Isolatuta dauden ermitak.

+ Gurutze Santua (Bizkaigane, Errigoiti).

+ Oizko San Kristobal (Oiz Mendia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Santa Katalina (Santa Katalina, Mundaka).

e) Batzarretako baselizak.

+ Antiguako Andra Mari (Lumo, Gernika-Lumo).

+ Santa Marina (Gorozika, Arratzu).

f) Zin egiteko ermitak.

+ Munitibarko San Pedro (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ San Esteban (Gerekiz, Morga).

g) Santutegiak.

+ Gaztelugatxeko San Joan (Gaztelugatxe, Bermeo).

+ Jainkoko Andra Mari (Jainko, Arrieta).

Paduako San Antonio
Paduako San Antonio baseliza
(Abiña, Sukarrieta) auzo-baseliza
tipikoa da. Ekainaren 13an, Paduako
San Antonioren egunean, meza
ospatzen da. Antzinean, San
Antonioren 13 martitzenak egiten
ziren eta Santuari bederatziurrenak
egiten zitzaizkion. Santuarengana
senargaia bilatzeko eta galdutako
objektuak berreskuratzeko jotzen da.
Herriko tradizio baten arabera,
Paduako San Antonio, XIII.
gizaldiko santu portugaldarra Abiña
baserrian, hots, bere amama jaio
zen baserrian eman zuen gaztaroa.

h) Auzo-baselizak.

+ Atxerreko San Pedro (Akorda, Ibarrangelu).

+ Bizkargiko Gurutze Santua (Amorebieta-Etxano).

+ Garbikundearen Ama (Demiku, Bermeo).

+ Gerekako San Kristobal (Gereka, Arrieta).

+ Guzmango Domingo Santua (Terlegiz, Kortezubi).

+ Jesusen Bihotz Sakratua (Laida, Ibarrangelu).

+ Joan eta Lorentzo Santuak (Lamikiz, Mendata).

+ Karmen Ama Birjina (Zendokiz, Gautegiz Arteaga).

+ Karmengo Ama (Mañu, Bermeo).

+ Lemandaroko San Juan (Kanpantxu, Ajangiz).

+ Paduako San Antonio (Abiña, Sukarrieta).

+ Parezi Elurretako Andra Maria (Parezi, Busturia).

+ San Antolin (Zelaieta, Gautegiz Arteaga).

+ San Bartolome (San Bartolome, Busturia).

+ San Bartolome (Bedarona, Ea).

+ San Bernardo (Baldatika, Forua).

+ San Bizente Martir (Antzora, Ibarrangelu).

+ San Esteban (Enderika, Kortezubi).

+ San Esteban (Kanpona, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ San Gregorio (Triñe, Forua).

+ San Joan Bataiatzailea (Ajurias, Muxika)

+ San Kristobal (San Kristobal, Busturia).

+ San Kristobal (Armotxerri, Forua).

+ San Kristobal (Ikazurieta, Nabarniz).

+ San Lorentzo (Belendiz, Arratzu).

+ San Lorentzo (Isla Bekoa, Gautegiz Arteaga).

+ San Lorentzo (Metxikas, Errigoiti).

+ San Lorentzo (Maume, Muxika).

+ San Luis Gonzaga (Lekerika, Arrieta).

+ San Marko (Unda, Muxika).

+ San Martin (Learreta, Gautegiz Arteaga).

+ San Martin (San Pedro, Gernika-Lumo).

+ San Migel Goiaingerua (Oñarte, Morga).

+ San Migel Goiaingerua (Usparitxa, Muxika).

+ San Migel Goiaingerua (Uribarri, Nabarniz).

+ San Millan (Idokiliz, Kortezubi).

+ San Pedro Apostolua (Oma, Kortezubi).

+ San Pedro eta San Pablo (Eleizalde, Muxika).

+ San Roman (San Roman, Muxika).

+ San Salbatore (Berreño, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Santa Gurutze (Elizalde, Kortezubi).

+ Santa Katalina (Akorda, Ereño).

+ Santiago Apostolua (Aldaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Santiago Apostolua (Lekerika, Nabarniz).

+ Santo Tomas (Goardia, Morga).

+ Sortzez Ama (Talaia, Ea).

+ Zarrabentako San Kristobal (Zarra, Mendata).

+ Zubiateko San Pedro (Zubiate, Arratzu).

i) Garai bateko parrokiak.

+ San Joan Bataiatzailea (Meaka, Morga).

+ San Mames edo Santimamiñe (Basondo, Kortezubi).

+ San Migel (Ereñozar, Ereño).

+ San Migel Goiaingerua (San Migel, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

j) Hilobiak eta hilarriak.

+ Andra Mari (Jainko, Arrieta).

+ Garaiko Santa Luzia (Gerrikaitz, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ San Bixente (Meaka, Morga).

+ San Migel (San Miguel, Bermeo).

+ Santa Gurutze eta Santa Marina (hirigunea, Bermeo).

k) Besteak.

* Norberaren jabetzako ermitak.

+ Elurretako Ama (Oka, Muxika).

+ Emeterio eta Zeledonio Santuak (Barrutia, Arratzu).

+ Enbeitako Santa Mañe (Kanpantxu, Ajangiz).

+ San Bartolome (Isla Goikoa, Gautegiz Arteaga).

+ San Lorentzo (Gerrikaitz, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Santa Ana (Santa Ana, Gernika-Lumo).

+ Santa Eufemia (Gola, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Sortzez Garbia (Arane, Gernika-Lumo).

* Gaur egungo parrokiak edo parrokiari erantsitako elizak.

+ Erremediotako Ama (Lekerika, Morga).

+ Kristo Santua (Areatza, Muxika).

+ San Migel (Altamira, Busturia).

Kurtzio eta Santamañe
Herritarren artean Kurtzio eta
Santamañe moduan ezagunagoa den
Santa Gurutze eta Santa Marina
baseliza (hirigunea, Bermeo) 1983ko
uholdeen ostean oso kaltetuta geratu
zenez 1984aren hasieran
zaharberritzea erabaki zen. Lokatza
kendutakoan eta lurreko tarima
altxatutakoan, ikertzaile-talde batek
XV mendetik XVI mendera arteko
ehorzketak aurkitu zituzten. Aurreko
eraikin bateko hormak, material
metalikoak, txanponak eta zeramika
ere aurkitu da.

* Desagertutakoak.

+ Andra Mari Madalen (Errenteria, Ajangiz).

+ Andra Mari (Izaro, Bermeo).

+ Ama Mesedeetakoa (Bermeo).

+ Besantxako San Joan (Mendata).

+ Elosuako San Lorentzo (Lamikiz, Mendata).

+ Erremediotako Ama (Murueta).

+ Graziako Andre Maria (Lamiaran, Mundaka).

+ Guzmango Domingo Santua (Oka-Zugaztieta, Muxika).

+ Gurutzea (Tonpoia, Bermeo).

+ Gurutzea (Aldamiz-Basetxeta, Gautegiz Arteaga).

+ Gurutze Santua (Arene, Bermeo).

+ Gurutze Santua (Gorozika, Muxika).

+ Gurutze Santua (Uribarri, Arrieta).

+ Ibargorozikako San Juan (Gorozika, Muxika).

+ Jaunaren Igokundea (Mendieta, Ajangiz).

+ Jesus Gurultzitzatua (Elexalde, Ereño).

+ Jesus Gurultzitzatua (Zelaieta, Gautegiz Arteaga).

+ Jesus Gurultzitzatua (Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ Justo eta Pastor Santuak (Demiku, Bermeo).

+ Justo eta Pastor Santuak (Olatxu, Arrieta).

+ La Piedad (Forua).

+ Larrosako Andra Mari (Bermeo).

+ Maria Magdalena (Izaro, Bermeo).

+ Madalena (Madalen, Errigoiti).

+ Muruetako Ama (Kanpantxu, Murueta).

+ Salbatzailea (Muxika).

+ San Andres (San Andres, Bermeo).

+ San Andres (Sukarrieta).

+ San Antolin (Santa Ana, Kortezubi).

+ San Antonio Abade (Mendata).

+ San Antonio Abade (Gorozika, Muxika).

+ San Bartolome (Errenteria, Ajangiz).

+ San Bartolome (Atxike, Errigoiti).

+ San Gregorio (Lekerika, Nabarniz)

+ San Juan (Metxikas, Errigoiti).

+ San Lorentzo (Busturia).

+ San Lorentzo (Aspiz, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz).

+ San Mames (Kantale, Busturia).

+ San Martin (Larrabe, Murueta).

+ San Martin (Bollar, Ereño).

+ San Martin (Bermeo).

+ San Migel Goiaingerua (Bermeo).

+ San Migel Goiaingerua (Bizkaigane, Errigoiti).

+ San Nikolas (Elantxobe).

+ San Nicolas (Abaroa, Sukarrieta).

+ San Pablo (Lejarragabeaskoa, Arrieta).

+ San Roke (Arteaga-Uria, Gautegiz Arteaga).

+ San Sebastian (Arrieta).

+ San Sebastian (Bermeo).

+ Santa Ana (Gautegiz Arteaga).

+ Santa Ana (Santa Ana, Kortezubi).

+ Santa Katalina (Errigoiti).

+ Santa Klara (Bermeo).

+ Santa Luzia (Ugarte, Muxika).

+ Santa Maria Magdalena (Txakalarri, Muxika).

+ Santa Maria Magdalena (Txurpita, Muxika).

+ Santa Marina (Akorda, Ibarrangelu).

+ Santa Marina (Unda, Muxika).

+ Mendigurengo Santiago (Egiarte, Muxika).

+ Talako Andra Mari (Tala, Bermeo).

+ Talako San Roke (Tala, Bermeo).

+ Urkitzako San Pedro (Marmiz, Mendata).

+ Urrialduako San Migel (Gorozika, Muxika).

Amaitu baino lehen esan beharra dago atal hau prestatzeko Gurutze Arregi Azpeitiaren Ermitas de Bizkaia I, II eta III liburuen bilduman oinarritu garela. Horrela bada, baten batek ikuspegi etnografikotik baselizen inguruan gehiago ezagutu nahiko balu aipatutako argitalpena kontsultatu beharko luke. Geure inguruko paisaiari zein geure kulturari hain lotuta dauden bitxi txiki handi hauekin disfruta dezazuela.

BIBLIOGRAFIA

+ ÁLVAREZ GARAY, MATXALEN. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ibarrangelu eta Elantxobe: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.

+ ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia: Tomo I, II y III. Bizkaiko Foru Aldundia eta Labayru Institutua, Bilbo, 1987.

+ Bizkaiko Gidaliburua. e.1:20.000. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2004.

+ BLASCO MARTÍN, Ana. Bizkaiko Herrien Monografiak. Mundaka eta Sukarrieta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ CARBALLO ALBERDI Juan Antonio. 4ª Parte: Ama Sortzez Birginako (Inmaculada) Baseliza. Txirene Sainduak. Revista Aldaba, 116 zbkia., martxoa-apirila, Gernika-Lumo, 2002.

+ CARRERO, David. 6ª Parte: Santa María de la Antigua. Revista Aldaba, 123 zbkia., maiatza-ekaina, Gernika-Lumo, 2003.

+ DEL PALACIO SÁNCHEZ, Vicente. 1ª Parte: Ermita Santa Ana. Revista Aldaba, 110 zbkia., martxoa-apirila, Gernika-Lumo, 2001.

+ DEL PALACIO SÁNCHEZ, Vicente; ETXANIZ ORTUÑEZ, José Ángel; ITURRIARTE MARTÍNEZ, Alberto eta ZARRABEITIA BENGOA, Alberto. Historia de Lumo. Gernikazarra Historia Taldea. Gernika-Lumo, 1999.

+ ENSUNZA ARRIEN, Maider. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gernika-Lumo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ ETXABE ORIBE, Igone. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ereño eta Nabarniz: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1996.

+ FERNÁNDEZ BEGUE, Ricardo. Bizkaiko Herrien Monografiak. Morga eta Fruiz: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ GARATE MAIDAGAN, Diego. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ajangiz eta Arratzu. Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2003.

+ ITURRIARTE MARTÍNEZ, Alberto. 2ª Parte: Las dos ermitas de Rentería. San Bartolome y Santa María Magdalena. Revista Aldaba, 113 zbkia., iraila-urria, Gernika-Lumo, 2001.

+ LÓPEZ MUSATADI, MARÍA JESÚS. Bizkaiko Herrien Monografiak. Ispaster eta Ea: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.0

+ MONASTERIO ALONSO, RAQUEL. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gamiz-Fika, Arrieta eta Meñaka: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1998.

+ PÉREZ GOIKOETXEA, Eneko. Bizkaiko Herrien Monografiak. Errigoiti: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.

+ PRADO ANTÚNEZ, ANA ISABEL. Bizkaiko Herrien Monografiak. Forua eta Murueta: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

+ PRADO ANTÚNEZ, ANA ISABEL. Bizkaiko Herrien Monografiak. Bermeo: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 2000.

+ PRIETO IBARRONDO, JAVIER N. Bizkaiko Herrien Monografiak. Gautegiz Arteaga eta Kortezubi: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

+ RAMOS LARRIBA, Cipriano. Bizkaiko Herrien Monografiak. Busturia: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1997.

+ SANTAMARÍA ALONSO, RAKEL. Bizkaiko Herrien Monografiak. Muxika: Ikerketa Historiko-Artistikoa. Bizkaiko Foru Aldundia. Bilbo, 1993.

+ URRUTIA BÁRCENA, Javier. 3ª Parte: Ermita de Santa Lucía. Revista Aldaba, 115 zbkia., urtarrila-otsaila, Gernika-Lumo, 2002.

+ ZARRABEITIA BENGOA, Alberto. 5ª Parte: Ermita de San Martín de Amillaga. Revista Aldaba, 119 zbkia, iraila-urria, Gernika-Lumo, 2002.

+ Informazio gehiago www.urdaibai.org/etnografia/mitologia-hiztegia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.