Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Bernardo.

Parrokia: Lumoko San Pedroren mendekoa da.

Kokapena: Tontorrean, Baldatikako auzunearen erdian.

Sarbidea: Gernika-Lumotik Forura, 34,900 km-ra ezkerrera desbideratzea hartu behar da Baldatikara doan herribidetik. Baseliza, 3,2 km-ra dago.

Deskribapena: 15,70 x 7,30 m-ko oin-plano errektangeluarra. IE-an erantsita sakristia du. Hormak harlangaitzez egindakoak dira. Bi isurialdeko estalkia. Hiru gorputzeko kanpai-horma kanpaiekin. Gainean burdinazko gurutzea du. IE-an dinteldun atea du. HM-an puntadun arkua duten bi leiho. IM-an leiho zirkularra du. Zementuzko zorua nabean eta egurrezkoa presbiterioan. Egurrezko koroa. Epistolaren ondoan aterpea du.

Irudiak: San Bernardo, Jesusen Bihotz Sakratua, Mariaren Bihotz Sakratua, Birjinaren bi irudi txiki eta Paduako San Antonioren beste irudi txiki bat.

Barnean, hormak, elementu arkitektonikoak diruditen pinturekin apainduta daude: harlanduak, pilastrak... Aldarean, artoa ereitearen eta ebagitzearen eszena batzuk daude. Horretan, pertsonai nagusia, San Bernardo da.

Artapena: XXI. mendeko bigarren hamarkadaren hasieran erabat zaharberritu zen barnetik zein kanpotik.

San Bernardo, ezkerrean, konpondu orduko eta, eskuman, konpondu ostean
San Bernardo, ezkerrean, konpondu
orduko eta, eskuman, konpondu ostean.

Jaia, kultua eta errituak: Baselizak abuztuaren 20an ospatzen du jaia. Egun hori San Bernardo Abate da. Meza eta herri-erromeria dago.

Sasoi batean agertutakoei saragia, hots, ardoa, eta makailua ematen zitzaien eskertzeko.

Gaur egun, domeketan, ez da meza ospatzen.

Oharrak: Baselizatik kilometro batera, Berasondoko kobie deitutako koba dago. Tokiko kondaira ugari horrekin lotuta daude.

Forutik baseliza honetara joanez gero (1,500 km-an eskumaldean) tamaina txikiko harria dago. Herriko sineskeriaren arabera Gordiz dorretxeko emakume artzain bati Birjina agertu zitzaion lekua oroitzen du. Harri honen ondoan lore-eskaintzak egiten dira. Kondaira hori Gorritizko Andra Mariaren baselizarekin lotuta dago. Gaur egun, baseliza hori, San Kristobal izenarekin ezaguna da.

Irudiak: Baseliza honetan beneratzen diren tamaina txikiko irudia leku berean kokatuta egondako antzinako ermitari dagokio. Pipiak janda egoteagatik erre zen San Matiasen irudia gogoratzen da. Beste irudi bi saldu egin ziren.

Margoak: San Bernardo artoa ereiten eta ebagitzen irudikatzen dituzten margoekin lotuta baselizaren eraikuntza-data dago. Garai hartan, artoa egokituta zegoen eta horren kalteak eragin handia izango zukeen baserri-giro handiko Baldatika bezalako honelako auzo batean. Lukas Altube Albizek batzen duenez, 1648ko ekainean Baldatikako eta Olaetako auzotarrek Gernika-Lumoko eliza-kabildoari euren auzoan baseliza bat eraikitzeko eskaera luzatu zioten. Lumoko San Pedroren Etxezaintzaileen artean errezelo handiak sortu omen zituen, euren eta Baldatikako auzotarren artean pleitoa zegoelako. Baina lehengokoak euren kontradikzioarekin amaitu eta onartu zuten “(...) con Condición que los vecinos de Baldatica tengan dicha ermita; pero no se dirá en ella misa en día de fiesta y domingos, excepto el día de la advocación del glorioso P. San Bernardo y al tal misa de dicho día ha de dezirla el Cabildo de Luno pagándosele sus derechos por los vecinos de dichos barrios, por lo menos tres reales de pitanza, y con condición que jamás pretendan que haya pila de bautismo ni entierro en dicha ermita (...)”.

Beste erabilpen batzuk: Gaur egun, kultu erlijiosoarekin batera, auzotarrentzako zentro kultural moduan ere erabiltzen da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.