Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: Santa Luzia.

Parrokia: Lumoko San Pedro Apostolua.

Kokapena: Zallo auzoan –gaur egunean Lurgorri ere esaten zaio-, harizti baten ondoan eta Santa Luzia baserri-etxeari erantsita.

Sarbidea: Amorebieta-Etxanotik Gernika-Lumorako errepidean, 31,8 km-an, ezkerrera, Mikienerako auzo-bidea hartu. 300 m-ra baseliza dago.

Deskribapena: Oin-plano errektangeluarra (13,20 x 9,72 m) du. Harlangaitzezko hormak eta harlanduzko ertzak ditu. Hormak luzituta daude. Hiru isurialdeko teilatua. Harlanduzko kanpai-horma, bao bakarrekoa eta kanpaiduna. Hegoaldean puntadun arkua duen atea. Leiho bi ditu, bata ajimez-formako zorrotza eta bestea, arku eskartzano txikiagoa duena. Gezi-leihoa du hegoaldeko aldean. Sortaldeko horman dinteldutako leiho bi ditu aldare atzean. Baldosazko zoladura nabea bakarrean eta egurrezkoa presbiterioan.

Irudiak: Santa Luzia, San Lorentzo, Piedadea eta Santa Marina.

Artapena: Ona.

Santa Luzia
Santa Luzia.

Jaia, kultua eta errituak: Abuztuaren 10ean, San Lorentzo egunean, abestutako meza eta erromeria egiten da.

Antzina, jaiaren biharamunean, abuztuaren 11n, auzoko hilen aldeko meza egiten zen eta “arimen egune” moduan ezaguna zen.

Abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, meza egoten da eta bistako gaitzen kontra eskatzen da, kandelak eskainita.

Errogatibak: Igokundearena urreko asteazkenean, erreguteak edo letaniak egiten joaten ziren ermitara Lumoko parrokiatik. Mezetan ura bedeinkatzen zen eta gero, elizara joandakoen artean banatzen zuten.

Sikatean, euria egin zela eskatzeko, San Lorentzoren irudia ateratzen zen prozesioan.

Apirilaren 25ean, San Markos egunean, lurrak bedeinkatu eta letaniak errezetan ziren ermitan. Hurritzarekin egindako gurutzeak bedeinkatzen ziren eta gurutzeok, gero, ortuetan jartzen zituzten uzta onak izateko.

Hilobiak: Iturrizak dio baseliza honetan hilobi batzuk egon zirela; gaur egunean, berriz, auzotarrek hilobietako harlauzatzat zituzten harri zabal handiak ezin ikus daitezke ermitaren ondoan.

Eskaerak eta eskaintzak: Santa Luziari, bistako gaitzen kontra eskatzen zitzaion, kandelak eskainita.

Igandeetako kultua: Baselizak kultua zuen igandeetan eta parrokiari laguntzen zion.

Oharrak: Montefuerte kondearen jabetzakoa dela esaten da; antza denez, kondearen familiak sortu zuen ermita.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.