Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Kristobal. Andra Mari edo Gorritizko Andra Mari, Gordiz, moduan ezaguna da.

Parrokia: San Martin Gotzain.

Kokapena: Armotxerri auzoan, tontor txiki batean.

Sarbidea: Gernika-Lumotik Bermeorako bidea. Gernika-Lumotik ateratakoan, Landaberde jatetxearen parean, ezkerrera Armotxerrira doan herri-bidea hartu behar da. 500 m-ra, gutxi gora-behera, baseliza dago.

Deskribapena: 14,10 x 7,40 m-ko oin-plano errektangeluarra. M-an etxola bat du erantsita. Hormak harlangaitz zurituan eta ertzak harlanduan egindakoak dira. Hiru isurialdeko estalkia hiru zinbrien gainean. Harrizko bao bakarreko kanpai-horma. Gainean burdinazko gurutzea du. H-an puntadun arkua duen atea dago. M-an arku konopialeko atea. Ate hau, baselizaren barne-aldean itsututa dago eta kanpo-aldean etxolan agertzen da. H-an leiho bat eta gezi-leiho bat ditu. Lur egosiko harlauzak ditu zoruan. Epistolaren ondoan aterpe txikia du.

Irudiak: Oraintsu landutako Andra Maria (Birjina), San Kristobal, neurri handikoa, San Andres eta Jesus Haurtxoa.

Margo-lana: Gorritizko Andra Mari.

Artapena: Ona.

San Kristobal.
San Kristobal.

Jaia, kultua eta errituak: Uztailaren 10ean, San Kristobal egunean. Jaia lanegunean bada hurrengo domekara atzeratzen da. Abestutako meza eta herri erromeria ospatzen dira. Egun horretan, parte-hartzaileei, ardoa, saragia (ardo-larrua) eskaintzen zaie.

Jaiaren hurrengo egunean auzoko hilen aldeko meza ospatzen da. Sasoi batean, Ama Birjin Zuriaren eguna, abuztuaren 5a, ospatzen zen.

San Andres eguna, azaroaren 30ean, meza ospatzen da.

Prozesioak: Lehorte garaietan, Gurutze Santuarekin Foruko parrokiara prozesioan joatea ohitura zen. Oraindik, baselizaren barnean, gurutze hori dago.

Azken urteetan bataio- eta ezkontza-errituak izaten dira.

Sendatzeko propietateak: Belarriko minak sendatzeko babesa eskatzen zaio San Kristobaleri. Oraindik orain, belarriak bedeinkatutako olioarekin igurtzearen ohitura mantentzen da. Amek, umeak eramaten zituzten, San Andresen laguntzaz hitz egiten hasi zitezen.

Antzinako Parrokia: Herritarrek diotenez baseliza hau antzinako parrokia zen. Bere barnean bataio-ontzia dago.

Ehorzketak: Ermitaren sarreran, lan batzuetan, bere harlauzetako batzuk mugitu zirenean giza aztarnak (bi buru-hezur) aurkitu ziren.

Andra Mari: Ermita honetatik, 1980an Gorritizko Andra Mariaren irudia desagertu zen. Aita Lizarraldek honela deskribatzen du:

"(...) Santa María de Gorritiz (...). mide 0,60 m. La Virgen se sienta sobre almohada, detalle poco corriente en nuestras imágenes medievales. Lleva corona de cuatro florones, que es la usual en Andra Mari de la época. No se ajusta el velo, a la moda gótica; ni el Niño se emboza en el manto; es una escultura de la serie numerosa de las hechas, según el cánon gótico, más con harto descuido de las formas tradicionales (...)".

Aita Lizarralde berak badio irudi hau San Kristobal baselizan kokatu zela Gordiz dorretxea erautsi zenean.

Kondairak: Gordiz dorretxeko emakume artzain bati Birjina agertu zitzaiola kontatzen du kondaira batek. Hori gertatu zen lekuan, Baldatika menditik oso gertu, gertaera hori gogoratzen duen harria dago.

Oharrak: Baselizan beneratzen den Birjinaren gaur egungo irudia Foruko komentuko frantziskotar batek egindako da. Bere oinarrian ondoko inskripzioa erakusten du: CHASCO 1981.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.