Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: Kristo Santua, herritarrentzat Kurtzefixue, Kurtzeperixoa. Iturrizaren eta Delmasen arabera Jesus Gurutziltzatuaren izenari dagokio.

Parrokia: San Martin Gotzain.

Kokapena: Udalerriaren erdigune geografikoan, Arrietako Libanoko enparantzan, parrokiatik 200 m-ra eta antzinako andabide baten ondan.

Sarbidea: Mungia - Gernika-Lumo errepidea. Soietxen Arrietaranzko desbideratzea hartu ezkerraldera. 3,5 km-ra baseliza dago.

Deskribapena: 7,60 x 5,70 m-ko oin errektangeluarra. Harlangaitz txukuneko hormak. Ertzak harlanduzkoak dira. Lau isurialdeko estalkia. Puntu erdiko arkudun atea hego-ekialdean. Baldosazko zorua. Sarreran arkupea du. Burdinazko hesiekin itxita dago. Harrizko lau zutabek eusten dute. Antzinako guruztokiaren ezaugarri guztiak erakusten ditu.

Irudiak: Baseliza honetako Gurutziltzatuaren irudia Arrietako San Martin parrokiako sakristian dago. Oraindik orain, herritarren memorian badago ortuak bedeinkatzeko irudi hau baselizatik ateratzen zela.

Margolana: Berton badago Fikako Jesus Gurutziltzatuaren baselizan dagoen bezalako margolana.

Artapena: Ona, XX. mendearen azken herenean eraberritu zen.

Kristo Santua
Kristo Santua.

Jaiak, kultua eta errituak: Baseliza honetan jairik ospatu denik ez da gogoratzen. Bariku Santu egunean parrokiatik bertaraino prozesioan etortzen zen. 1974an prozesio hau egiteari utzi zitzaion.

Erreguak: Era berean, 1960. urtera arte parrokiatik erreguak egiten etortzen zen.

Urtero, uztailaren 30ean, errogatiban edo prozesioan oinez joaten da Arrietatik Gaztelugatxe Donieneraino. Erromesaldiaren itzuleran arrosarioa otoitz egiten zen baseliza honetan. Baina, gaur egun, otoitz hori parrokian egiten da.

Ohar historikoak: Juan Duo harginak eraiki zuen 1747an. Juan Helguerok trazak egin zituen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.