Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Pedro Apostolua.

Parrokia: Elizari dagokionez Akordako Andra Mari Garazi edo Amaren Natibitatearen parrokiari dagokio.

Emplazamiento: Atxerre mendiaren tontorrean. Hortik, Urdaibaiko Itsasadarraren ikuspegi zoragarria dago.

Sarbidea: Gernika-Lumo - Ibarrangelu (Laidatik) errepidea. 51,100 km-an Akorda auzora doan desbideratzea hartu behar da eskumara. Auzo horretara heldu baino 300 m lehenago ezkerrera doan baso-bidea hartu. Ordu erdian baselizan izango gara. Bestela, GR-98 zein PR-BI 161 jarraituz horra hel daiteke.

Deskribapena: Oin-plano errektangeluarra (11,87 x 9,67 m) eta eliza-buru zuzena du. Nabe bakarrekoa, lur egosiaz egindako lauzadun zoruarekin. Hormak harlangaitzezkoak. Bi isurialdeko teilatua hiru zinbrien gainean. Kanpandorrerik badauka eta bertan kanpaia du. Hegoaldean atea du eta burdina-sarez babestuta dago. Epistola aldean arkupea dago, burudun sarrera-atea daukana, oin artez eta landutako zangoek estalita. Alde honetan leiho bi ireki ziren eta iparraldekoan, horma-zulo itxuradun huts-gunetxo bi. Epistolaren aldamenean arkupea du. Iparraldean, harrizko mahai luzea zegoen. Gaur egun, aulki luzeak bakarrik daude. Egurrezko atean, letra urdinekin margotuta SAN / PEDRO dago. Dirua sartzeko irekiune txikia dago.

Barnealdean, harrizko aldarea eta santu-santen irudiak daude. Mendebaldeko horman, itsaso exbotoak daude.

Lehenago, baselizaren aurrealdean eta haitz baten gainean zementuzko plakan egindako inskripzio bat zegoen eta hauxe zioen: ERMITA DE / SAN PEDRO ACHERRE / SIGLO XV / Altitud 310 m / VI-MCMLXVI.

Gaur egun, berriz, kareharrian zizelkatuta beste inskripzio hau dago. Ondoko inskipzioa du: ATXERREKO SAN PEDRO BASELIZA / BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK 1994.EAN BARRIZTATUA / 1994. EKO EKAINAREN 28AN. Alboan Bizkaiko Foru Aldundiaren harmarria dago.

Irudiak: San Pedroren, San Gregorioren eta San Nikolasen irudiak beneratu dira.

Gaur egun, hiu irudi daude: Andra Maria eta beste bi Santu gizonezko. Agian, teilatua erori zenean Akordako Andra Mariara eraman ziren San Pedroren efigie biak?

 Atxerreko San Pedro.
Atxerreko San Pedro.

Artapena: Oso ona. Azken zaharberritzea 1994koa da.

Jaia, kultua eta errituak: San Pedro Apostoluaren jaia, 29an, meza ospatzen da. Gaur egun, ez da erromeriarik ospatzen.

Errogatibak: Igokunde egunaren aurreko astelehenean, Ibarrangeluko eta Akordako parrokietatik errogatiban joaten zen baseliza honetara.

Meza-ospakizunera sartu orduko baselizaren inguruan bira ematea ohitura zen.

Udalak joandako gizonezkoak, pattarrez, eta emakumezkoak, anisez eta gailetaz, eskertzen zituen.

San Gregorio egunean baselizara igotzen zen ondoko abesti didaktiko-erlijiosoa abestuz:

"Esaik bat. Gure Jauna bera da bat,
berak salbatuko gaituzak.

Esaik bi. Erromako altare bi,
Gure Juana bera da bat,
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik hiru. Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik lau. Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik bost. Jesukristoren bost llagak bost,
Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik sei. Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
Lau ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat,
Berak salbatuko gaituzak.

Esaik zazpi. Zazpi Sakramentuak
Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
...

Esaik zortzi. Zortzirak dira zeruan
Zazpi Sakramentuak
Sei Argilerijjuak sei,
...

Esaik bederatzi. Bederatzi Ordenamentuak
Zortzirak dira zeruan,
Zazpi Sakramentuak,
...

Esaik hamar. Hamar Mandamentuak
Bederatzi Ordenamentuak,
Zortzirak dira zeruan,
...

Esaik hamaika. Hamaika mila Aingeruak,
hamar Mandamentuak,
Bederatzi Ordenamentuak,
...

Esaik hamabi. Hamabi Apostoluak,
Hamaika mila Aingeruak,
Hamar Mandamentuak,
Bederatzi Ordenamentuak,
Zortzirak dira zeruan,
Zazpi Sakramentuak,
Sei Argilerijjuak sei,
Jesukristoren bost llagak bost,
Lau Ebangelistak lau,
Hiru Trinidadeak hiru,
Erromako altare bi,
Gure Jauna da bat.
Berak salbatuko gaituzak.

Egun horretan ere, mezan, gatza bedeinkatzea ohitura zen. Ondoren, gatz horren banaketa dantzaleku deitutako lekuan egiten ohi zen. Herritarren arabera, leku horretara, sorginak joaten ziren dantza egitera.

Urdaibaiko Itsasadarra Atxerreko San Pedrotik begiratuta
Urdaibaiko Itsasadarra Atxerreko
San Pedrotik begiratuta.

Etxean, gatza, Berpizkundeko Paskua egunean parrokian hartutako ur bedeinkatuan disolbatzen zen. Erramu egunean ortu guztietan kokaturiko ereinotzaz eta hurritzaz egindako gurutzeak bustitzeko edo bedeinkatzeko balio zuen. Uzta hona lortzeko egiten zen ohitura hori.

Sendatzeko gaitasunak: Haurdun zeuden emakumeek oilar zuria eskaintzen zioten San Pedrori, haurrari, jaiotakoan, uzkia irten ez ziezaion.

San Pedrori ere arrantza-uzta ona izatea eskatzen zitzaion. Arrantzaleen emakumeak, San Pedro egunean, gatza eramaten zuten bedeinkatzeko. Ondoren, arrantza-uzta ona izateko, itsasontzien kubiertan banatzen zen.

Kondairak: Barandiaranek, 1923an, ondoko kondaira jaso zuen:

"(...) hace pocos años, existía en Ibarrangelua una piedra que tenía un hoyo de forma de pie humano. La gente le atribuía a San Pedro. Decíase que este santo al descender del monte Atxarre, dio un paso en el término denominado Armendua y otro en Ibarrangelua, dejando en ambos sitios la huella de su pie."

Urbiolaren arabera mutil- zein neska-laguna aurkitu gura zutenek kanpaia jo behar zuten.

Oharrak: Aitzinean San Pedro Agirre moduan ezaguna zen.

Harri moderno batean agertzen den idazpuruaren arabera, XV. gizaldian erasi zen.

1.793ko bisitaldian, hormak nahiko ondo zeudela aipatu zen itoginen bat edo beste eduki arren, baina aldareak mantela baino ez zuela bota zion aurpegira, eta gurutze barik zegoela; San Gregorioren irudiak ere ez zuela ez bata ez bestea.

1.829ko behaketan, San Gregorioren aldarearen ohola konpontzeko agindu zen; baita San Pedroren aurpegiaren irudia zuen hilobia konpontzeko eta pintatzekoa ere.

1.945-46 artean berreraiki zuten Juan Irigoieni esker. Berreraiketa lanez arduratzeko batzorde bat izendatu zuten. Jendearen emaiei esker egin zuten aurrera konponketa-lanek; baita norbanakoen laguntzari esker ere, harea eta ura garraiatu eta peoi lanak egin zituzten eta.

1.952an beharrezkoa izan zen ostera ere konpontzea eta suskripzio bat egin zen, 9.000 pezeta batuaz.

Bere sasoian, etxe txiki bat izan zuen baseliza-zainak. 1.616rako egiaztatuta dago baseliza-zainak egon bazeudela. Urte horretako azaroaren 27ko eguneko data daroan gutun batean irakurri daitekeenez, Agirreko San Pedro, Zobarango San Juan eta Kanalako Maria baselizetako zaindariei ordaindu egin zitzaien. Ordainketa gutun horren arabera, azken hamasei urteetan baselizen 40 erreal eralgi ziren Pedro Lopez Agirrek burututako pinturak ordaintzen, eta 67 erreal Canosako Diego eta Arteagako Rodry Muniategi eskultoreari San Gregorio eskultura egitearen alde. Horrekin batera, teilatan 8 erreal eralgi ziren eta dukat bi kriseilutan.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.