Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila» Egoitza-arkitektura landua » Jauregi eraikuntza » Jauregia eta etxe neoklasikoak

XVIII. mendearen amaieran eta batez ere hurrengo mendearen hasierako bi laurdenetan arkitektura erlijiosoak oso momentu distiratsua erakutsi zuen, baita eraikuntza zibilak ere, batez ere etxe- eta egoitza-arkitekturan, beste eraikuntza-motak, zerbitzuetakoak adibidez (iturriak, eskolak...), ahaztu gabe. Hain zuzen ere, XIX. gizaldian hiriak berpiztuko dira eta udalerriko instituzioa indartuko da.

Garai honetako etxeak ezaugarri nahiko zehaztuak erakusten ditu, denbora-tarte honetako estilo landuarekin bat datozelarik. Neoklasizismoaren momentua da. Eraikuntza-mota hau ia unibertsala da, euskal eta bizkaitar estilo herrikoiarekin lotura gutxi edo loturarik ez duena alegia.

Matxinene Etxea
Matxinene Etxea, Busturian. Fatxadako baoak
hiru bider hiruko laukietan ordenatutako
etxebizitza-eredu bakarra onartzeak
homogeneitasuna eta nolabaiteko
egunerokotasuna ematen dio maila ertaineko
arkitektura neoklasikoari.

Etxe, etxe tzar eta jauregi neoklasikoen ezaugarri nagusiak laburbilduta ondokoak lirateke: perimetro osoko hormek eusten duten eraikuntza sendoa eta oraindik harrizko barne-konpartimentadoreduna da, bestelako material tradizionalak, adreilua eta egurra, behin betiko alboratu dituelarik. Aparejua, gainera, oso landuta dago. Baoak eta harlangaitz pobreena, gehienetan zuriz luzitutakoa, inguratzen duen harlandu handia oso prestatuta dago. Alboetan eta atzeko fatxadetan ez da ezohikoa harria biluzik agertzea. Etxe neoklasikoa, gainera, handia da. Bere berezko ezaugarrietako bat hain zuzen ere bere bolumen handia da. Batzuk, bi solairukoak dira, Mendietako (Ajangiz), Axpeko (Busturia) eta Bedaronako (Ea) abatetxeak esaterako. Baina ohikoena bi solairu eta ganbara izatea da. Honen adibideak ondokoak ditugu: Elexaldeko abatetxea (Arratzu); Pantxikene (Ereño), Olarreta eta Matxinene (Busturia); Tatxingorta (Almike, Bermeo), Ikus Alai (Gautegiz Arteaga) eta Gandarias Etxea (Arratzu). Halere, badaude hiru solairukoak ere, esaterako: Aurrekoetxea (Bermeo); Zeeta auzoko 11 (Ereño); Domarine (Busturia); Sagarburu Etxea, Zabala Etxea (1807) eta Kortazar Etxea (1863) (Ea). Handienak, oso kontuan hartzeko neurrikoak, oso hedatuta daude handik eta hemendik. Baten batzuk aipatzekotan ondokoak egin daitezke: Nagusi 38 eta Bide Gane, Bidekale 14an, (Elantxobe); Simitur Etxea, Larrinaga 2 eta 9, eta Santxapozu 2 –benetako jauregia- (Mundaka); Elexalde 5 (Ibarrangelu) eta Nabarnizko dorretxea legez ezaguna dena –ez da benetako dorretxea-. Eta amaitzeko esan badaudela eliztarrek bultzaturiko abatetxeak Muxikan, Mendatan, Arratzun...

Mendien artean kokaturiko landa-jauregia ez da desagertuko halere. Daramatzaten inskripzioak irakurtzea besterik ez da behar konturatzeko garai hortan labore-soro arteko baserri batzuk landa-jauregi moduan berreraiki zirela. Eskualdean aurki genezakeen adibiderik onena Txirapozukoa (Busturia) da. 1793koa da eta elizatearen erdigunetik urrun dagoen arren auzo nagusietako batetik, Altamiratik -jaurerri txiki baten jabe da-, gertu dago. Leinu batzuk aurrera egin ahala, egoitzaren kontzeptua ez dute ahazten euren hiri- edo ia hiri-egoitzetan, baina ezta landakoetan ere, eta aurrekoa oso adibide aproposa da.

Arratzuko abatetxea
Arratzuko abatetxea. Egoitza-arkitektura
neoklasikoaren topiko guztiak (tamaina,
ordena...) onartzen ditu.
1839an eraikiko zen.

Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen garai honetako bi etxebizitza-eraikin daude, Ostekone eta Andutza alegia. Eraikin paralelepipedoak dira, teilatua lau uretara dute, hasieran salbuetsita egon dira eta hiru ardatzetan erregularizatuta daude, nahiz eta Andutzan bikoizten den, egia esateko, bateratutako bi etxebizitza-bloke direlako.

Sukarrietan (Arana Goiri kalea, 2) zeharo berrituta dagoen eraikin bat dago. Ez du inolako garrantzi artistikorik, baina bai garrantzi historikoa. Izan ere, antzinako Paradore funtzioa oraindik ere betetzen duelako. Horren lekuko Gernika-Bermeo errepiderantz ematen duen fatxadan irakur daitekeen ondoko inskripzioa: "Parador de Pedernales año 1825".

Sukarrietako Paradorea
Sukarrietako Paradorea.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.