Urdaibai Biosfera Erreserba » Kokapena

Urdaibai Biosfera Erreserba Ipar latitudeko 43º 12’ eta 43º 28’ artean, eta 2º 33’ W eta 2º 46‘ W arteko longitudean kokatuta Europaren hegoaldean, Kantauri Itsasoaren bazterrean, Iberiar Penintsularen iparraldean dago. Euskal Herriko gunea da eta zehazki Bizkaiko Lurralde Historikoaren Busturialdea deituriko eskualdean dago.

Urdaibaiko Biosferako Erreserbak 230 km2 hartzen ditu. Ez dauka 12 km baino gehiagoko gehinezko zabaleraz eta 17 km eta 20 km bitartean luzeraz. Bizkaiko Lurralde Historikoaren lurrazalaren % 10 eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaz eratua) % 3 hain zuzen ere.

Urdaibairen kokapena Europan

22 udalerriz eratuta dago. Horietatik hamabi oso-osorik sartuta daude: Mundaka, Sukarrieta, Busturia, Murueta, Forua, Gernika-Lumo, Ajangiz, Mendata, Arratzu, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Elantxobe. Beste bi udalerri, Muxika eta Ibarrangelu, ia-ia bere osotasunean sartu dira. Bermeo, Nabarniz eta Ereño euren azalera erdia baino gehiago dute barnean, eta beste bostak, Arrieta, Errigoiti, Morga, Amorebieta-Etxano eta Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, euren azaleraren herena baino gutxiago dute Biosferako Erreserban.

Udalerrien inplikazio-maila desberdin hau Urdaibaiko Biosferako Erreserban eremu geografikoa muga politikoez zehaztuta egon beharrean ura kantauriar itsasora isuritzen duten Oka, Mape, Artigas eta Laga ibaien arroez zehaztuta dagoelako da. Muga 900 m baino gutxiago duten mendigainen hileratik zehar doa, aipatutako ibai-sarearen eta mendebaldetik Estepona eta Butroi, ekialdetik Lea eta Ea, eta hegoaldetik Ibaizabal ibaien alboko arroen arteko banalerroari jarraituaz.

Iparraldeko muga itsasbazterraren lerroak ezartzen du, bataz besteko itsasbeheren mailaren arabera, Matxitxakoko lurmuturretik (Bermeo) Arbolitzeko Puntaraino (Ibarrangelu), azken hau Elantxobeko kaitik eta Eako errekara bitartean, Elantxobetik bi kilometro eskasetara, dagoelarik. Iparreko muga hau Mundakako badiaren parean dagoen Izaro Irlak zedarritzen du.

Matxitxakoko lurmuturra, euskal kostaren gorabehera geografiko nagusia, estuarioaren sarrera mendebaldetik babestu egiten duen irtengune nauturala dugu. Hortik Urdaibairen muga Burgoa menditik (452 m) gora doa Bermeoko udal-mugarte barrurantz, Garbolatik (481 m) eta Truendetik (420 m) jarraitzeko Solluberaino (686 m) heldu arte Bermeo, Arrieta eta Busturia elkartzen diren punturaino. Handik bihurka ibiliko da Kurtzegana (442 m) eta Sestretxa (335 m) mendietatik Errigoitiko lurretan sartzeko Arriaga mendian (352 m). Banalerroak ekialderuntz egiten du Maiaga menditik (398 m) arkua osatzeko eta Otxolarreko gailurrera (272 m) bueltatzeko –hantxe Biosferako Erreserbak Morgako udalerriaren zati bat hozkatzen du- eta Bizkargiko gailurreraino (564 m) jarraitzen du Urdaibaiko hegomendebaldeko erpineraino.

Hegoaldeko muga eskualdearen hego mugarriak diren Bizkargiko eta Oizko mendi-taldeen artean dago. Lehenengoa Amorebieta-Etxanoko lurretatik zehar dabil Urremendi mendian (270 m) eta Autzaganako mendibizkarrean, ondoren Muxikako mugari jarraitzeko Torreburu menditik (320 m), Ibarruriko auzunea inguratuaz. Gero, udalerriaren mugatik Muniketaganan banatu egiten da Goroño mendiruntz (801 m), Oizko mendilerroan bertan. Mendi horren gailurra, Bizkaiaren erdi-erdian kokaturik dagoena, Biosferako Erreserbaren lurraldetik kanpo dago ibai arroa haren berdina den mendi gailurrean bukatzen baita, Astoagana mendian (804 m), Urdaibaiko mendirik gorenean, hegoekialdeko benetako erpina Kantauriar itsasotik hamazazpi kilometrotara dagoena. Ekialdeko muga zehar-meharka dabil hemendik Donesolo (547 m) eta Kanpona (504 m) mendietatik, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzeko lurretan, eta Elbitzuagatik (469 m) Mendata eta Aulesti artean, Arratzu Nabarnizetik bereizten duen Arrola mendira (532 m) heltzeko. Puntu honetan arroen banalerroak ekialderuntz jotzen du Sarada mendiraino (669 m) Elexalde (Nabarniz) gainean, iparmendebalderuntz jarraitzeko Motrollo (592 m) Krabeliñatxe (572 m) eta Geranda (420 m) mendiek Ereñoko Udalerrian osatzen duten kareharrizko tontorretik zehar. Ondoren bihurka doa Ibarrangelu udalerriaren ekialdeko lurraldetik Arbolitzeko Puntako kostaldeko harkaitzera jeisteko.

Urdaibai izenaren jatorria azaltzeko eskualdea oso ezaguna duen Antonio Pou geografoak Urremendi Aldizkarian (1. zenbakia, 2006ko urria) Urdaibai ala Busturialdea? izenarekin idatzitako artikuluaren zati bat kopiatu dugu. Euskarazko itzulpena geurea da.

Busturiaz idatzita dagoen lehendabiziko aipamena XIV. mendekoa da, Barcelós Kondeak mende bat atzerago gertatutakoaz hitz egiten duenean ondokoa dioenean: On Moniño Konde asturiarra “Vusturiako herrixkaren inguruan gailendu zutela”. Borroka horretatik jaio da Bizkaiko Jaunaren, Jaun Zuriaren, irudia (mitikoa?).

Busturialdea beraz, Bizkaia nuklear deiturikoan sortu edo, hobe esan da, Nerbioitik Debaraino zihoan Bizkaia nuklear horren bihotza da. Oinarrizko agerpen isil horrek jarrraitzen du isurtzen gaur egun, jarraitzen du Bizkaia elikatzen Juntetxetik eta, zin egiteko haritzatik, Euskadi osora.

Oka haranaren inguruko lurraldeak eta aspaldiko kulturak bat egiten dute, hiri, belardi, mendi, herrixka eta industria politak bildu eta ezaugarri propioak dituen entitate bakarra eratuz. Baina iragan mendeko berrogeitamargarren hamarkadan hiri-munduaren aurrerakuntzak nekazal-munduan eragin handia izan zuen atzerakoia eta beharrezkoa ez zela pentsatzera eramateraino. Baserria bertan behera uzten da, bai eta nekazaritza ere.

Hirurogeitamargarren hamarkadaren amaieran busturiar gizon jakintsu eta inspirazioz betetako batek izen bat pentsatu zuen entitate horri deitzeko, alegia aldatzen zihoan baina oraindik oso balore natural handiak zituen entitate hori izendatzeko: “Urdaibai”. Jende nagusi ugarik erabiltzen zuen izen hori itsasadarraren ingurua izendatzeko, hoberen kontserbatutako eremua izendatzeko alegia, nahiz eta izena berez Gernika-Lumotik oso gertu dagoen dorretxetik datorren. Dorretxea, paduraren ertzean kokatzen da, oso suntsituta dago eta landareez estalita dago, hortik datorkiolarik oraindik ere erabiltzen den "Perexilaren Dorrea" izena.

Itsasadarra, itsasoa eta Oka bat egiten duten gunea, haranaren mende dago. Horregatik, Urdaibai erabili zen Oka ibaiaren arroa eta beso pare bat gehiago (bata, mendebaldetik Bermeotik Matxitxakoraino eta bestea ekialdetik Lagako arroa gehi Elantxobe kokatuta dagoen eremuraino) izendatzeko.

Entitate hau aspalditik zegoen pentsatuta, Busturialdeko eskualdearekin bat datorrelako hein handian. Gaur egun, eskualdearen izenak, gizakia, tradizioa adierazten duen bitartean, Urdaibaik natura, gizakiaren praktika azkarrek eragindako aldaketak adierazten ditu. Egia esateko, Urdaibai eta Busturialdea, txanponaren aurpegi biak dira.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.