Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Baserri-etxea XVIII-XIX mendeetan.

Kortezubiko Oma bailaran, handia eta eraikuntza ederrekoa delako, Omagoieazkoa baserri-etxea nabarmendu da: 1.100 metroko azalera erabilgarria duen hiru oineko familiabakarreko granja. Harri-hormak eta harlanduzko laneko kantoiak dituen harrizko etxetzar ederra da. Fatxada nagusiko hargintza-lana kalitate gorenekoa da. Beheko oina, kareharri gris mutxardatuko harlanduen bidez apaintzen dute; goiko oinetan berriz, baoak ixteko material hau bera eta inguruan dauden Ereñoko edo Gautegiz Arteagako harrobietako jaspe arrosako pieza ederrak nahasten dituzte.

Zama-horma sendoak etxea zeharka bitan banatzen du; zati bat etxebizitza da, eta bestea, atzealdekoa, korta eta lastategi moduan erabiltzen da. Mehelin honetan, arkosolioan lau aska bikoitz ahokatuta daude, simetrikoki, ateburu dobelatuko atetzar handiaren alboetan.

Sostengu-egitura, muturrean zapatak dituzten gainjarritako zutikoekin osatzen da. Zutikoek forjaketaren frontalak eusten dituzte, eta frontal hauek berriz, estalkiko armaduraren goiko petralak eta bizkar-morroia sostengatzen duen tirantea. Sabaiak, isurialde bakoitzeko bi petral ditu, eta hegalak astazaldi makurtuen gainean doaz. Astazaldiek berriz, zutikoak eta hormen muturrean jarritako zapatak lotzen dituzte. Teilatuak bi isurki, eta atzealdean mirubuztana ditu.

Omagoieazkoa
Omagoieazkoa baserri-etxe fatxadan
kareharri grisa, kareharri gorria eta zuritutako
hormetako kolore zuria ondo konbinatuta
ageri dira. Erakusten dituen ezaugarriak ez
dirudite baserri-etxearenak: simetria,
sendotasuna eta estilo klasisiztako dotorezia.

Omagoieazkoa baserri-etxeak, arku-ataripeko baserri-etxe barrokoko tipo bizkaitar klasikoaren proposamenak azken muturrerarino eramaten ditu. Baserri-etxea berri samarra izan, eta proiektuak berekin adakarren eraikuntzako eta diseinuko ahalegin handia eskatu arren, ez zuen berrikuntzarik sartu. Bere apustua, eraginkortasun egiaztutako formulara mugatzen da, materialen kalitatea hobetuz eta espazioei dimentsio berezia emanez:; hala ere beti, proportzio geometrikoko arauen kontrolpean mantenduz.

Barrualdeko erabileren banaketa, duela gutxi egindako obren ondorioz aldatu egin da, etxebizitzako espazioei, abereei eskainitakoei baino garrantzi handiagoa emanez. Horrenbestez lehen habeartean, ataripearen bi alboetara zeuden biltegietarako sarrerak itxi dituzte; bigarrenean berriz, askak zaintzeko barnebidea zatitu egin dute eta espazio hori sukalde berriari eman diote; era berean kortaren herena etxebizitzari erantsi diote, mendebaldeko erdian zeuden ganadurako askak kendu ondoren.

Oin nagusiko forjaketaren mailaren ondorioak fatxadan ikusten dira plaka lauko inposta bidez, eta honen gainean familiaren izena azpimarratzen da harrizko mentsulen gainean dagoen forjaketa-balkoi zabalaren bidez. Hasieran balkoia erdiko egongela baten parean bazegoen ere, gaur egungo hiru gela bereizien artean banatuta dago. Bigarren habeartea banatoki handia da, zabala eta irekia; bertan, eskailerak eta, mehelinean barrena doan lastategiko sarrerako arku beheratua daude. Goiko oinean, barne-zatitzerik gabe, lehortegia eta lastategia daude. Hain espazio handia denez, zaila dirudi familia bakarraren lanak inoiz oin osoa erabiltzeko beharrik izango zuela.

Tipologikoki Omagoieazkoa, arkudun baserri-etxe barroko handien inertziarekin lotzen bada ere, obra proiektatu zuen irakasleak ezin izan zuen ezkutatu beste garaikoa zela. Fatxadaren goialdean dagoen kareharri arrosazko plakak baserri-etxearen eraikuntza-data gogorarazten du: “POR JUAN DE OMAGOIEAZCOA SE EDIFICO EN EL AÑO 1846”. Horrenbestez, arau barroko zaharren interpretazio neoklasikoa den arren, eraikuntza-sisteman antolakuntza arrazionalagoa, egoitza-espazio hobeak eta antolatuagoak, eta neurri handiko bost leiho-ardatzen bidez etxebizitzaren barrualdean argitasun handiagoa eransten ere badaki. Tipologia zaharrekiko atxikimendua, ezintasuna edo kontserbadurismoaren isla baino gehiago, landa-ingurunean ezagututako forma aberatsenen prestigioaren aldeko apustua da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.