Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak

Duela gutxira arte, Busturialdeko biztanleriaren gehiengoa baserri-lanetan aritzen zen. Gaur egun, lehen sektoreak atzerakada nabarmena izan badu ere, eskualdeko ortuarien eta fruten izen onak oraindik dirau. Gernika-Lumoko asteleheneroko merkatuan Bizkaia osotik etorritako bezero eta jakingura duten hainbat eta hainbat pertsona lekutxoa hartu ahal izateko generoz betetako baserritarren salmenta-postuen aurrean “borrokatzen” aritzen dira.

Nekazaritza-kultura tradizionala oraindik orain tinko dirau eskualdean, eta bere nortasunaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bat da, eta baita hemengo paisaiarena ere. Izan ere, arrantzaleek ez bezala, eremu honetako baserritarrek bai garatu behar izan dutela arkitektura propioa, euren lanari, euren harreman sozialeko arauei, euren sinesmenei eta euren ingurumen ekologikoari moldatutako familia-etxebizitza proiektua dena. Portuetako etxea egoitza-unitate bakuna da, bertan bizi direnen lanbidearekin erabilpen-harremanik ez duena hain zuzen ere. Baserri-etxea berriz, ez da bakarrik baserritarraren logela hutsa; ezer baino lehenago, bere ekoizpen-tresnarik garrantzitsuenetarikoa da. Aldi berean babeslekua, biltegia, lantegia eta korta edo ukuilua da. Eskaera anitz eta aldakor hori asetu ahal izateko historian zehar moldatu beharra izan du; bere neurriak, barne-antolaketa eta bere materialak baserritarraren baliabideen eta eskaeren arabera egokitzen joan dira.

Merkatua
Gernika-Lumon, asteleheneroko merkatuan, barazkiak eta frutak baserritarrari zuzen-zuzenean erosteko oso aukera paregabea.

Laguntzarik gabe izateko jaioa

Baserri-etxea bere burua aski izateko asmoarekin eta funtzio guztiak bloke bakarrean pilatzeko joerarekin sortutako eraikina da. Halere, badaude nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenari lotutako lan batzuk etxearen lau hormaren artean ezin egin daitezkeenak, instalakuntza espezializatuak (ogi-labea, egurtegia, lastategia, garaixea, ferratokia...) behar dituztelako.

Eraikuntza-berezitasunak

Baserri-etxeak, eta batez ere bere antzinatasunagatik edo bere eraikuntza-kalitateagatik eskualdeko ondare kulturalaren oinarrizko elementuak dira. Batez ere, bere biztanleria historiakoaren sektorerik nagusiena hobe ordezkatzen duen arkitektura-mota delako, baina baita naturarekin bat datozen edertasun- eta harmonia-ideiak adierazten direlako ere, nahiz eta beti garaiko ahots ofizialekin ados egon ez.

Eskualdeko baserri-etxea, eta bizkaitar-erakoa orokorrean, lau angeluko oina duen nekazaritzarako eta abeltzaintzarako eraikin trinkoa da. Alboetako fatxadetara ura isurtzen duen bi isurialdeko teilatua du. Aurreko fatxada, berriz, handia da. Altueraren araberako geruzamendua honakoa da: beheko solairua, solairua eta ganbara. Bere ohiko ezaugarrietako bat da etxearen eta kanpo-munduaren arteko trantsizio-gune moduan erabiltzen den etarte edo atari zabala duela erdialdean.

Aglomeratua, trinkoa, patiorik eta irtenik gabekoa, baserri-etxea irudi espazial sinplea da, bere baitan itxia eta isolatzeko bokazio nabarmena duena. Bere auzoko biztanleekin harremantzen da eta kasu askotan elkartasun-arau zorrotzetara mugatuta dago, baina harreman fisikorik eskatu gabe. Horregatik, baserri-etxea ez da sekula espezie bereko eraikinera lotzen.

Busturialdean, halere, aldi berean baserritar-familia bi baserri-etxe berean bizitzen ikus daitezkeen arren, gertaera hau ez doa aurreko baieztapenaren aurka. Izan ere, baserritarrarentzako etxebizitza ideala modulu bakuneko etxe isolatua da eta inork ez luke bere borondatez inorekin elkarbanatuko. XVII. mendearen azken herenean Busturialdea osoan oso ohikoa da baserri-etxe bikoitzak aurkitzea.

Historian zehar tokiko baserri-etxearen formen eboluzioaren sekuentzia gutxi aldentzen da inguruko eskualdeetako baserri-etxeetatik.

Zutabea
Busturialdeako herri-arkitekturak garaian nagusi ziren kanon estetikoetatik kanpo bizitzeko asmorik sekula ez zuen izan. Baserri-etxe askotan inguruko harrobietatik erauzitako kareharri gorrian oso landutako zutabeak aurki daitezke.

Atarian harlanduzko arkuak dituen baserri-etxeen azpitalde oso ezaguna da Busturialdean. Gauza bera gertatzen da eraikuntzan erabilitako materialekin: egurra, harria eta adreilua. Azken honek, XVII. eta XVIII. mendeetan inguruko eskualdeetan izandako garrantzia ez zuen lortu hemen. Aldiz, beste eskualdeetan inoiz erabili ez den materiala erabiltzen da: Ereñoko eta Gautegiz Arteagako harrobietatik ateratako kareharri gorria, eta harrien edo egurrean egindako apaindura-tailua ohikoagoa da eta laboratuago dago inguruko eskualdeetan baino, Mungialdean salbu.

Xehetasun hauek baserri-etxearen heldutasunean eragina dute, euren bilakaera estilo barrokodun arkitekturarekin bat egiten duenean alegia. Aurreko aleetan ezberdintasunak ez dira hain nabariak, eta erdi aroko herri-etxebizitzaraino atzerantz egiteko aukera balego pentsa daiteke eskualde mailako bereizketarik ezin izango litzatekeela egin.

Harriz egindako herri-etxea erromatarren asmakizuna izan zen eta Europako landa-lurretan erritmo aldakorrez hedatu zen XI eta XIII mendeen artean. Baserritarren etxebizitza primitibo hauek gizakia zein animaliak gela berdinean hartzen zituen etxola sinpleak ziren. Haien aztarnarik ez da kontserbatu Bizkaian.

Apainketa

Baserri-etxearen barne- zein kanpo-aldean badaude zenbait elementu egitura-betebeharraren ikuspegitik bakarrik ezin justifika daitezkeenak. Elementu horiek gehitutakoak dira eta apainketa-funtzioa izan dezakete. Herri-etxe horretan aurrera eramaten den ekoizpen-aktibitatearen garapenerako azaleko egiturak dira, baina landa-hormei edertasuna eta dotorezia ematen diete, baina, batez ere, baserri-etxe horretan bizi den baserritarraren duintasuna aditzera eman eta gizartean duen prestigioa baieztatzeko balio dute. Etxeen edertasuna handitzera bideratutako praktika hauen hedatze-aldi luzeena XVI. mendetik XVIII. mendera artekoa izan zen. Busturialdean, beste eskualdeekin alderatuta, maiztasun handiagoz eta kalitate hobeagokoak aurki daitezke.

Aipamen zaharrenak

Izena eta kokapena dira egungo arkitektura-tipoa sortu baino lehen euskal baserritarrek bizileku izan zituzten baserri haien aztarna bakarrak. Izan ere, euskal baserrien ezaugarri bereizleetako bat izen berezia izatea da. Izen horrek, gainera, ez du zerikusirik izaten jabeenekin eta oso ezaguna izaten da agintari eta auzotarren artean. Orokorrean historian zehar iraun izan dute izen horiek. Kasurik zaharrenetan izen horrek etxeak kokaleku duen inguruari dagozkion topografiaren, landarediaren eta geologiaren inguruko alderdiak adierazi ohi ditu, eta baserri-etxearen elkarren hurreneko berreraikitzeetan zehar iraun du.

Baserri-etxeen agerpenaren lehen aipamena eskualdean 1285ean On Lopez Diaz Haro Jaunak Bermeoko hiriaren mugak handitzeko emandako erregalian ageri da. Agiri honetan hitzez hitz honela agertzen da: "Las caserías de los fijos de Don Sancho de Galdacano". Aurrekoaren batera ondoko toponimoak aipatzen dira: "Nafarrola" eta "Achonaraen", Artikako haranean oraindik orain dirauten Nafarrola (gaur egun Bermeon Nafarrolaerdikoa deituriko baserri-etxea dago, haga frontala eta oso gutxi landutako zutabea) eta Atsoarane baserri-etxeekin bat datozenak. Datu mugatua den arren, horretan oinarrituta Busturialdeko herri-etxeen ezaugarriak nolakoak izan daitezkeen sumatu dezakegu. Adibidez, etxea, eraikin iraunkorra dela dirudi eta gurasoetatik seme-alabetara igarotzen den familia-zelularekin erlazionatuta egon daiteke. Gainera, etxeak izen propioa du, bertan bizi den familiaren izenarekin bat ez datorrena. Azkenez, aipatutako toponimoetako bat errakuntzara eraman gaitzakeen ola atzizkiarekin amaitzen da; sasoi honetan, etxolaren esanahia izan dezake.

Tribis Baserria
Tribis baserri-etxea, Bermeon. Landetxe hau 1500 aldera eraiki zen abeltzaintzarako eta basogintzarako. Atariaren hondoan arku gotikoa zuen eta argazkiaren goiko ezkerreko angeluan oraindik garai berdineko bi leiho txiki bereizten dira.

Gaur egun, ez dago informazio nahikorik Errege Katolikoak baino lehenagoko baserri-etxeak irudikatzeko. Harriarekin, teilarekin eta, batez ere, egurrarekin bakarrik eraikita zeudela baiezta daiteke, eta horrela izan arren, XVI. mendeko eraikin modernoekin alderatuta, oso itxura desberdina zutela pentsa daiteke.

Atalaren antolaketa

Baserri-etxearen herri-arkitekturari zuzendutako atal hau ondoko erara antolatuta dago:

Ibarguen garaixea
Ibargueneko garaixea (Nabarniz), 1571an isolatuta eraiki zen baserri-etxearen aurrealdean, baina desmuntatu eta zati bat berreraiki zen baserri-etxearen alboko horma bati erantsiz.

Sarrerarekin amaitzeko esan behar da BASERRI-ETXEARI zuzendutako atal hau prestatzeko José Ángel Barrio Loza eta beste batzuen Arqueología, Urbanismo y Arquitectura Histórica. Bizkaia II. Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Plentzia-Mungia lana ardatzat hartu dugula.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.