Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Zibila » Herri-arkitektura » Baserri-etxeak » Bilakaera historikoa » Baserri-etxea XVIII-XIX mendeetan.

Ajangizko Ispizua auzoko gainerako eraikuntza guztien artean gailentzen agertzen zaigu Auzokoa baserri-etxe bikaina, eraikin aske eta monumentala, urre-koloreko hareharriz egindakoa eta Euskal Herriko laborantzako beste etxe batzuetan ohikoak izaten diren kalitate-mailak gainditzen dituen fatxada duena. Oina proportzio diagonoko laukizuzena da eta baserri-etxearen gainerako konposizioan hautematen da arkitektoak proportzio harmonikoko hainbat arau izan zituela kontuan.

Egitura zama-hormetan oinarritutakoa da. Ukuiluan eta goiko oinetan zapatak dituzten zutikoak izango dituzte lagun horma horiek. Egitura-bilbeak oso ordenatuta dauden espazio lauangeluarrak definitzen ditu. Dimentsio desberdineko zeharkako bost habearte eta luzekako hiru habearte ditu, erdialdekoa alboetakoak baino zabalagoak izaki. Hiru isurkiko petraldun armadura du estalki gisa.

Gaur egun Auzokoa baserri-etxea bi etxebizitzatan banatuta dago, nahiz eta hasiera batean familia bakar bat bertan eroso bizitzeko sortutakoa izan. Izan ere, nekazaritzako eta abeltzaintzarako erabili beharreko espazioak izanagatik ere, bizitzeko ekipamenduek kalitate nabarmena izan zuten. Fatxada konposizio neoklasiko zurrunekoa da, bost ardatzen arabera ordenatutako bao handiak eta arku karpanelez irekitako erdialdeko ataripe bikaina dituena, fatxadaren planotik abiatzen dena pilastra irmoek markoztatuta. Horrezaz gain, harrizko balkoi baten hegalkinari eusten dio.

Etxebizitzak osatzen duen baserri-etxearen bolumenaren hirutik bi aurrealdean dago, hego-ekialderantz orientatuta. Beheko oinean, ataripearen atzean, harrizko harmailadi ikusgarria dago. Jatorrizko sukaldea, berriz, mendebaldean dago, abereen asken artekaren aurrean. Aska horiek mehelin-horman bertan daude sartuta, Bizkaiko modelo klasikoari jarraiki.

Oin noblean balkoia duen egongelak, oraindik ere gustu barrokoari jarraiki egindakoak, du lehentasuna. Bi logela nagusiak ditu alboetan eta, barneko aldean etzatoki berriak eta komuna (korten simaurtegien gainean) daude.

Auzokoa baserri-etxea (Ajangiz).
Auzokoa baserri-etxea (Ajangiz).

Auzokoa baserri-etxea oso ezaguna da Ajangizko dokumentu historikoetan, XVII. mendetik behintzat bai. Alabaina, etxebizitza hura guztiz berreraiki zen zimenduetatik bertatik hasita 1820. urtearen inguruan eta, horren ordez, gaur egungo etxea eraiki zen.

Baserri-etxe honek elementu nagusi moduan arkudun ataripea duen Bizkaiko modelo klasiko barrokoa proposatu zuen berriz: materialen hautaketa eta prestaketa zaindua, konposizio akademikoa eta eraikinaren neurrri handiak, batez ere etxebizitza moduan erabiltzeko. Hori dela eta, eraikuntza hibridoa izango da, landa-jauregitxo neoklasiko batetik laborantzako benetako etxe batetik bezain hurbil egongo dena.

Etxea Felix Pertikarena zen. Horrek esku-hartze erabakitzailea izan zuen 1819an bertako parrokia eraikitzeko beharrezkoak izan ziren baimenak kudeatzeko. Ondoren, Ajangizko herritarrek lagundu zioten Auzokoa baserri-etxea berreraikitzen, beren esker ona adierazteko asmoarekin. Kronologiaren eta konposizio-baliabideen inguruko bat-etortzeak direla eta, eliza eta baserri-etxea arkitekto berak egindakoak izango dira ziurrenik. Arkitekto hori Juan Bautista Belaunzaran andoindarra izan zen, San Fernandoren Akademian ikasitakoa.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.