Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Itsas-errotak

Gampe, edo Matorduene moduan ezagunagoa den errota, 1823ko Lurraldeko Estatistikan bilduta agertzen da. Antxon Agirre Sorondok Tratado de Molinología liburuan dioenez Mari-Errota (Mare-Errota izenetik, hots, itsas-errotatik datorrena) legez ezaguna zuten itsas-errota hau XVIII. mendeko sutegi-erroldan aipatuta agertzen zen eta orduko jabea Ignacio Agirre Telletxea zen.

1838an Gampe izenarekin ageri da eta bere jabea Juan Ormaetxea zen. Dokumentu horretan, era berean, Molino de Mar izenarekin ezaguna zen itsas-errota bat aipatzen da, jabea Maria Josefa Bilbao delarik.

Antxon Agirre Sorondok Mari Errotari buruz egiten duen deskribapena errota horretara egindako bisitaldian ikusitakoarekin eta entzundakoarekin bat dator.

Busturiako San Kristobal auzoko tren-geltokiaren ondoan dago eta urte askotan ibai-errota moduan funtzionatu zuen. 1983ko abuztuan izandako uholdeen eraginez urez betetzeko biltegia hondarrez erabat bete zitzaion eta, azkenean, bertan behera geratu zen.

Matorduene
Matorduene itsas-errota (Busturia). Hiru
errotarri zituen, gaur egun etxearen
barnealdean apaingarri gisa daudenak.
Oraindik orain, bere azpian, atzealdean edo
itsasotik gertuen dagoen aldean, biltegian
gordetako ura ateratzeko erabilitako ubidea
ikus daiteke.

Beraz, Mari Errota, Gampe eta Matorduene itsas-errota beraren izen desberdinak izatea nahiko onargarria da. Hiru belaunalditan, gutxienez, Barañano senitartea errota honekin erlazionatuta dago, lehen errotari moduan eta gaur egun jabe soil legez. Izan ere, bere egungo jabea, Juan Barañano da.

Molino de Mar (Maria Josefa Bilbaorena) deiturikoa beste kontu bat da. Cipriano Ramos Larribak Bizkaiko Herrien Monografiak. Busturia: Ikerketa Historiko-Artistikoa argitalpenean aipatzen du lehenago emandako datua (1838ko dokumentu batean Molino de Mar izenarekin ezaguna zen itsas-errota bat aipatzen da, jabea María Josefa Bilbao delarik), baina Antxon Agirre Sorondok bere Tratado de Molinologían ez du gaur egungo beste itsas-errotarik aipatzen Busturian.

Herritar batzuen aburuz Eskibel edo Iskibile baserria antzinean itsas-errota izan zitekeen. Horrela izan balitz, Eskibel baserria Molino de Mar deiturikoaren aztarna litzateke? Bere gaur egungo jabeek ez dute ezagun eta itsas-errota moduan ez dutela sekula santan ezagutu baieztatzen dute.

Eskibel
Eskibel baserriaren zaharberritze-lanen
ostean tamaina ezberdineko harlauza zapal
ugari agertu ziren. Zerbait esan nahiko ote
du horrek?

Edozein kasutan ere, gogoratu, Matorduene zein Eskibel norbanako jabegokoak direla eta bertara sartzeko ezinbestekoa dela baimena eskatzea.

2003ko Urdaibai Biosfera Erreserbako Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidarian aipatu egiten da III. Eranskinean, Ondare Kultural eta Historiko-Artistikoaren baitan hain zuzen ere, 82. zenbakiarekin eta 36-52-(E) 5077. O. erreferentziarekin.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.