Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Itsas-errotak

XVIII. mendetik aurrera bigarren ur-errota mota sortu zen, itsas-errotak alegia. Itsasbazterrera, hots, itsasaldien eragina nabarmenagoa zen gunera (kostaldea, padurak, itsasadarrak...) zeuden mugatuta.

Ana M. Gutierrez Ibarrechebeak, Juan José Muñoz Lobok eta Salbador Ariztondo Akarregik idatzitako La industria molinera en Vizcaya en el siglo XVIII liburuan bi arrazoi aipatzen dira itsas-errotak eraiki izateko: "Alde batetik, eskualdeko ibaien ur-emari txikia eta bestaldetik Herrialdearen ezaugarri politiko-administratiboa. Bigarren arrazoi honen oinarria hauxe litzateke: itsas-errotak azalera txikiko udalerrietan, kostaldekoetan batez ere, hots, ibai-eremu txikiko guneetan kokatuta egotea, edota, beste era batera esanda, ibaien bokaletara mugatuta egotea. Horrela bada, eraiki daitekeen errota bakarra itsas-errota da, ibai-bokaleko ur-emaririk handiena itsasotik baitator. Halere, gertaera horrek bakarrik ezin dezake azaldu itsas-erroten agerpena, azalera handiagoko elizateetan ere, ibai-arro garrantzitsurik ez dutenez, itsas-errotak ere eraikitzen dituztelako euren lurretan (Kortezubi, Busturia, Murueta...".

Ozollo Errota marea-errota (Gautegiz Arteaga).
Ozollo Errota marea-errota
(Gautegiz Arteaga).

Itsas-erroten eta ibai-erroten instalazio mekanikoak oso antzekoak dira, nahiz eta kanpotik aztertuta itsasgoran betetzen den eta itsasbeheran, ura apurka-apurka askatuz eta ehotze-prozesua martxan jarriz, hustutzen den harrizko dike handiak bereizten dituen lehenak bigarrenetatik. Mota honetakoak dira: Mallukitza (Murueta); Arostegi, Baraiz, Ozollo Errota, Ikoako Errota eta Baster Erreca (Gautegiz Arteaga); Errotatxu eta Errotabarri (Kortezubi); Porturas (Sukarrieta); eta Matorduene (Busturia). Azken errota honek errotapearen (errotaren behealdea, eta errotaren gelaren azpian dagoen soto-antzekoari dagokio. Berton kokatzen dira errotaren gurpil hidraulikoak, eta eurei dagokien tresneria guztia) adibide bitxia du, berak dituen hiru errotarritik bi estolde berean daude, eta hirugarrenak berea du.

Hauen luzera gutxi gorabehera 20 metrokoa den bitartean zabalera 5 edo 6 m-koa da. Gune zabaletan kokatuta daudenez aldapararen edukiera gehiago aldatzen da bere azalerarekin sakonerarekin baino, azken hau etengabe ari delako betetzen lohiz eta bestelako materialez, eta ezaugarri horietako lekuetan ezabatzeko zailak dira oso.

Muruetako Maiukitza itsas-errotak jabetza indibisoa zuen. 1794an, honen erdia Juan Arribalzagarena eta beste erdia Juan Badiolarena ziren. Baina urte gutxiren buruan Manuel Santos Txirapozuren eskuetara igaro zen.

Gernika-Lumon 1845ean Madozek Ibaibarria itsas-errota aipatzen du, baina hau zalantzazkoa da, zeren eta Trenaren Geltokiko Plazaren inguruan izen hori zuen itsas-errotaren bat egon zela ahozko froga bakarrik dago.

bi errotari
Argazki honetan bi errotari ikus daitezke.
Era berean, padurako biltegian sortutako
ubideen gainetik igarotzeko zubiak eraikitzeko
argazkian ikus daitekeen moduko harlauza
osoak erabiltzen ziren.

Gaur egun, Busturialdean, ez dago lanean ari den itsas-errotarik, nahiz eta Ozollo Errota oso ondo kontserbatuta dagoen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.