Urdaibai Biosfera Erreserba » Historia

Tabernak irekitzeko orduan udalek zuten monopolioa denborarekin gutxitzen joan zen, geure lurraldeko baldintza ekonomiko eta politiko berriek eraginda neurri batean. Apurka-apurka elizate eta hiribilduen arteko aduanak desagertzen joango dira. Ekonomia liberalizatuko da eta horrekin batera, baita edari alkoholikoen komertzializazioa ere. Ondorioz, tabernen sareak eraldaketa jasan eta norberaren tabernak sortuko dira eskualdeko geografia osoan zehar. Urremendi aldizkariaren 32. zenbakian, 2010eko udazkenekoan, Alberto Zarrabeitia Bengoa historialariak –Gernikazarra Historia Taldea- Tabernas Municipales y particulares en el siglo XX deituriko artikulua idatzi du eta atal hau prestatzeko horretan oinarritu gara.

XX. mendean ondo sartuta geundenean landa-guneetan tabernak ugaritu ziren. Gernikako bonbardaketaren gertaera suntsitzaileek ere inguruko herrietan establezimendu hauen ugaritzean eragina izango zuten. Eskualdean hiriaren eta komertzioaren erreferentziazko gunea suntsituta geratu zenez hornikuntza-sarea eraldatu egin zen. Ondorioz, tabernak eta janari-dendak irekitzen hasi zirenean herritarrek eguneroko anoa edo hornidura lortzea errazago izan zuten.

Gerraosteko urteetan eta 1950 urte aldera eskualdeko hainbat puntutan tabernak egon ziren.

Janari-dendak

Taberna gehienek dendaren edo janari-dendaren funtzioa ere betetzen zuten. Errentan hartzeko ordaindu beharrekoa enkante publikora ateratzen zen eta bertan saltzen ziren produktuek (batez ere pattarrak, olioak eta bakailaoak) zergak ordaintzen zituzten.

Era honetako establezimenduetako batzuk aipatzekotan XVIII. mendetik Busturian dauden janari-dendak aipa daitezke. Zehaztasunez esateko bi dira: bata, Altamira auzoan, eta bestea, Axpen. Ibarrangelun eta Elantxoben janari-denden alokairuagatik udal-kutxan 1734tik diru-sarrerak daude. Bi herri horietan, 1792 baino lehenagotik janari-dendak daude Ibaetan eta Elantxoben, baina biztanlerian izandako gorakadaren eskaera-hazkundeari aurre egiteko berri bat agertzea ekarriko du.

Aboitiz taberna (Nabarniz)
Aboitiz taberna (Nabarniz).

Gerraosteko urteetan era honetako dendak sortzen dira landa-guneetan, estanko moduan ezagunak direnak. Nabarnizen bazegoen bat Eleizalde auzoko sarreran. Errigoitin Zelaia estankoa zegoen. Gerra aurretik hiribilduaren enparantzan bertan kokatuta bazen ere, gerra amaieran negozioa Olabarri auzora eraman beharra izan zuen. Muxikako Areatza auzoan bazuten bat eta beste bat Zugaztietan, Tomas Baraiazarraren ardurapean hain zuzen ere. Kanalan, Ibaeta baserrian, denda-estankoa zegoen. Garaiko beste janari-denda batzuk ondokoak dira: Ereñon, Mentxakarena, Eleizalden eta Jose Ugarrizarena. Muxikako Kurtzeroan Genararen Benta-Barriko denda. Islan, Uribitarte baserri-etxean. Zendokizen Txope-Bentaren denda. Gautegiz Arteagan enparantzaren ondoan, Juliarena.

Menpe taberna (Mendata)
Menpe taberna (Mendata).

Taberna-fielatoa

Fielatoa aduana-mota antzekoa zen. Bere izaeragatik, elizateen edo hiribilduen mugatan, edo bestela, biztanle-guneen sarreran kokatzen zen. Lokal horretan kontsumo-ondasunen salerosketagatik eta garraioagatik zergak ordaintzen ziren.

Fielato izena altxor publikoaren administrazioaren ardura zuten udal-arduradunen izenetik, Fiel Errejidoretik, dator. Zergapean zeuden merkantzien kontrolerako lokala zuten. Ondorioz, etxeak, tabernak, edo lokalak fielatoaren izena hartzen zuen. Fielato hauetako batzuk XX. mendera arte iraun dute. Arratzun, Ajangizekin muga eginez, Olesko tabernan, Guda Zibila baino urte batzuk lehenago sortutako fielatoa dugu. Arratzun ere badago Taberna-Berrikoa, Golako errekaren ondoan oraindik orain zutik dirauen eraikina hain zuzen ere. Barrutiako tabernako fielatoa, Arratzu eta Kortezubi artean. Eta Errenteriako fielatoa, Ajangiz eta Gernika-Lumoko mugen artean. Fielato hau Goiritxu tabernaren ondoan zegoen eta bertan, batzuetan aduana-hesi funtzioa betetzen zuen hesi eta kate baten ondoan, kokatzen zen Fiela zergak kobratzeko. Aldameneko etxeak “kateko” izena hortik hartu zuen. Ajangiz eta Mendata artean badugu beste fielato bat, Marmizko Taberna baserri-etxean hain zuzen ere.

Muxikan, bere lurraldearen muturretan, hiru fielato dauzkagu. Bata, Urrutxua auzoan, Mendatarekin muga eginez. Fielatoa Tabernazar tabernan kokatuta zegoen eta hor bertan batez ere Durangotik zetorren generoa kontrolatu egiten zen. Beste fielato bat Kurtzero auzoan, Taberna-Barri tabernan kokatuta zegoen. Hirugarrena Zugaztietan zegoen, gehienetan Pontxioren tabernan. Forua eta Gernika-Lumoren mugen artean Foruaren jabetzakoak ziren beste bi fielatoen hondarrak dauzkagu, gaur egungo Landaberde erretegiaren aurrez aurre dagoen etxe baten hondakinetan hain zuzen ere.

Errigoitin, lan hauen ardura zuen Fielak behar horietarako ez zuen lokal finkorik, eta Errigoiti eta Gernika-Lumoren arteko mugan bertan, herri biak lotzen dituen errepidean eta Marraka baserri-etxearen aldamenean alegia, lan egiten zuen.

Fielatoek ere geure eskualdeko toponimian aztarna utzi dute. Bermeon Plazuela del Fielato dugu. Enparantza txiki hau Bermeoko hiribildukok kasko historikora sartzeko antzinako ateetako baten ondoan dago. Izena, bertan kokatutako Fiel Errejidorearen bulegotik hartzen du. Enparantza txiki hau “astoen” enparantza moduan ere ezaguna da; izan ere, ordainketak egitera bertaratzen ziren herritar gehienak astoen gainean egiten zutenez ia kale osoa animalia horiekin betetzen zituzten.

Tabernetako giroa

Auzo hauetako lagunek elkarrekin batzeko eta aisialdia pasatzeko ia leku bakarrak taberna horiek zituzten. Bertan, berba egiteko, kartetara jolasteko, jaiak ospatzeko, etabarretarako batzen ziren. Mostradoreen gainean saragi (larruzko ardo-kupelak) handiak zeuden beti. Bertan, herritarrek oso giro onean elkarri gonbidatzeko eta saragiak husteko prest zeuden beti.

Olesko taberna (Arratzu)
Olesko taberna (Arratzu).

Hainbeste joan-etorrirekin ez zen batere arraroa, zenbait kasutan, edariek bezerian kalte egitea eta animoak berotzea. Zalaparta hain handia zen batzuetan karten, dadoen, boloen eta beste edozein eratako jokoak eta jolasak galazi egin zirela establezimendu horietan (1774ko Jaurerriko agindu baten arabera), bezeroen artean gehienetan arazoak sortzen zuen arrazoietariko bat horiek zirelako.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.