URDAIBAI.ORG. URDAIBAIKO GALTZAGORRIAK


Cabecera

Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia

Bertso zaharrak

1867ko EREÑOKO SAN MIGELAK

Irailak 29an, Ereñozarreko San Migeleko ermitan, Ereñoko herrian, oso sustraituta dagoen jaia ospatzen da, San Migelak hain zuzen ere. Egun horretan, Ereñoko parrokiatik atera eta izen horretako ermitarantz joaten ziren letaniek. Aspalditik, meza eta Eleixugana deitutako lekuan herri-erromeria ospatzen dira. Garai batean, udalak, paitarra oparitzen zieten bertan bildutakoei.

Baina 1867ko San Migelak ez ziren izan betikoak. Batzuek ez zituzten hain erraz ahaztuko. Izan ere, eta ez dakigu zergatik, baina orduko alkateak eta abadeek egun horretan erromeria egitea galazo zuten. Halere, herritarrek, joatea erabaki zuten. Horregatik, zinegotzia, tanbolinterua, bertsolaria, herritarrak..., denak, Gasteizen epaitu eta heriotz-zigorrera zigortu zituzten. Azkenean, Gaztelu Txikiak, idi-buztarria saldu behar izan zuen dirua lortu eta epaileak erosteko. Lortu ere, antza denez, egin zuen, guztiak aske gelditu baitziren.

Hauxe berau modu dibertigarriagoan Iduria Beheko Baserriko Juan Antonio Gabiolak bertsotan kontatzen digu. Gaztarain Behekoko Jorge Elordietak kantatu zizkion Endika de Mogrobejo idazleari. Zenbait bertsotan hutsuneak (kantariak abesteko momentuan gogoratzen ez zituelako seguruenez) agertzen badira ere, oso balio historiko handia dute.

1

Milla zortzirehun eta
hirurogei ta zazpian
funtziño haundi bat pasau zan
Ereñoko herrian:
Sei gizon ta hiru mutil
sartu presondegian,
motibo haundi barik
nire eritxian.

2

Bagin eta semea,
gizonak zoliak,
kontra izan ditue
herriko nausiak,
haren motiboak be
ez ziran haundiak
preso eroateko
aita-seme biak.

3

Mazero ta semea
hor dagoz podriak,
haren kontrairuak
ez ziran hobiak,
haren motiboak be
ez ziran haundiak
preso eroateko
aita-seme biak.

4

Konpañian artean
bat dugu maiorra,
sekula ez dana izan
gizona doilorra:
Martin Anton izena
Urrutia nonbria, askoren ustez hau da
gizona noblia.

5

Hirutan esan zien:
"Hori, baina ez zu".
Gaiñera neroneri
ez egin ukatu.
…………………..
…………………..
…………………..
…………………..

6

Legeak agintzen eban
"Consejo de Guerra",
haren etxean bazan
orduan negarra.
Ardien pekatuak
bildotsak pagetan
ete dabiltzan nago
neu orain pentsetan.

7

Nire koñatu ona
Gaztelu Txikia,
gizonen lagungarri
gustoz etorria:
Sartu Gernikan eta
hartu Vitoria.
Zeuk logratu euskuzun
daukagun bizia.

8

Beste gizontxo bat be
hor, Artiakua,
tragotxo bat edaten
ha deskoidatua;
ha iñozentzian ta
besteak kontuan,
ha be sartu ei dabe
besteen lazuan.

9

Beste mutil gazte bat,
Txarakenekua,
konpañian esana
horrek eindakua,
ekarten izan zala
tanbolinerua;
beste motibo barik
hori preso dua.

10

Kristobalen motiboa
nai dot esplikatu:
tanbolinteruari
eskutik tiratu.
Ugasabak ezarri,
txakurrak segitu
paradak egin eta
Gaztelura sartu.

11

Kristobal Eleizalde
motibo haundi gabe,
noizbait egingo gara
librantzaren jaube.
...........................
...........................
...........................
............................

12

Bederatzigarrena
tanbolinterua,
jornala irabazten
pobre koitadua.
Ereñon jo ebala
San Migelen soñua,
beste motibu barik
honi presu dua.

13

Bakerik ezin egin
geure herrietan,
sartu behar genduan
gero juezetan;
juezak izan dira
gizonak zoliak,
ezagutu ditue
gure eitadiak.

14

Gizon korrientea
gure Alkatia,
nahi izan eban horrek
bakeak eitia.
Baten bat izan da han
atizadoria,
nor dan jakinagaitik
nonbretan ez noia.

15

Gizon nobliak dira
gure abadiak,
erromerian kontra
parerik gabiak.
Ezagutu ditugu
heuren eitadiak
ezagutu ditue
heuren eitadiak!

16

Batzuk ibilten dira
sasoia danian,
papel ta tinterua
harturik aldian.
Harek egiten dabe
nai daben guztia,
majo fastietan dabe
Ereñoko herria!

BERTSOOK ABESTEKO DOINUA: Bertso hauek abesteko edozein zortziko txikiko kanturen doinua erabil daiteke. Guk, errazteko asmoz edo, Maritxu nora zoaz? kantaren doinua eta Benito Lertxundik Balearen bertsoak deitutako abestian erabiltzen duen doinua erabiltzea proposatzen dizkizuegu.

BERTSOOTAKO PERTSONAI PRINTZIPALAK: Aurreko bertsoetan agertutako pertsonai nagusiak hemen azpian biltzen dira.

ALKATEA: Ignacio Arrupe, Juan Manuel Urrutia eta Arrupe Abadearen osaba. San Migeletako erromeria galazo zuen.

ABADEEK: Juan Ignacio Goitisolo eta Juan Manuel Urrutia eta Arrupe (1837-1915). Hau alkatearen iloba eta Martin Anton Urrutiaren lehengusua. San Migeletako erromeria galazo zuten.

MART-N ANTON URRUTIA: Zinegotzia, Gaztelu Txikiaren koinatua eta Juan Manuel de Urrutia eta Arrupe abadearen lehengusua, 1877an Alkate egin eben. San Migeletan erromeria egin zuen. Horregatik, heriotzara zigortu zuten Gasteizen beste zortzi lagunekin batera. Apaizenen bizi izan zen.

GAZTELU TXIKIA Juan Migel Gazteluko, Martin Anton Urrutiaren koinatua eta Boni Eleizaldekoren aitaita. Idi-buztarria saldu eta haren diruagaz juezak erosi Gasteizen eta presoak askatu zituen.

KRISTOBAL ELEIZALDE: "Tobal Zaharra". Berrogei eta laugarren urteko San Migeletan ere, 1911n, aurrezkua egin zuen. Txarakenen bizi izan zen.

MAZERO ETA SEMEA: Zietakoak. Apaizenen bizi izan ziren.

TANBOLINTERUA: Eakoa.

BERTSOLARIA: Juan Antonio Gabiola eta Lekerika-Uriarte, Nabarnizen jaio zen, 1800eko azaroaren 16an, eta Akordan bizi izan zen Iduria Behekon.

BIBLIOGRAFIA:

Ereñoko Elizatearen Kondaira-Historia de la Anteiglesia de Ereño
Endika de Mogrobejo
Ereñoko Udalak Babestuta
Wilsen Argitalpena
1984. Bilbo- Bizkaia

Bizkaiko Ermitak. I Tomoa.
Gurutz Jauregi.
Bizkaiko Foru Aldundia
Bilbo

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2008.

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.

Firefox deskargatu Thunderbird deskargatu