Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Zerbitzu eta azpiegitura-arkitektura » Udaletxeak

Bermeon, bere ordenantzatan (1754) agertzen den legez, udal-hauteskundeak Talako Andra Maria elizaren arkupean ospatzeko ohitura zuten. Ondoren, aukeratutako ordezkariek, euren kargua, Kristo Santuaren Kaperan zinpetu egin behar zuten. Era berean, herritarrak, antzinako Almikako elizatean, Andra Mariaren elizatik gertu dagoen zelaian, beste elizateetan bezala gurutzea geldirik zutela bildu egiten ziren.

Baliteke, Bermeok, XVI. mendera arte Kontzejuko bilerak egiteko eraikinik ez izatea. XV. mendearen amaierako agirien arabera, bilerak, oraindik orain, Talako Andra Marian egiten ziren.

Oharra laburra izan arren, Bermeoko Hiribilduko kontzejuko etxe hau nolakoa zitekeen susma daiteke. Seguruenez, Gasteizko Udalaren eraikinak ezarritako ereduarekin bat etorriko litzateke. XVI. mendeko eredu hori Euskal Herriko udaletxe askon eraikitzeko kontuan hartutako eredua da. Honelakoa izan zitekeen: “…formaba en su planta baja un pórtico con siete arcos de sillería, y la principal se asomaba sobre una repisa de piedra, por tres grandes balcones y dos ventanas rasgadas en arco a cada lado. En el centro de alzaba una espadaña ostentando el escudo de armas de la Ciudad”.

Doniene kalera ematen duen Bermeoko udaletxeko fatxada nagusia.
Doniene kalera ematen duen Bermeoko
udaletxeko fatxada nagusia.

Udaletxearen eraikinaren ondoan erabilpen publikoko beste zenbait sail (gari-biltegia, pisuaren balantza, espetxea…) izango ziren. Horrela, errenazimenduaren garaian udaletxea herriaren bizigunea izango da. XVI. mendeko udaletxe hau non egon zitekeen ez dago jakiterik. Aukera bat, gaur egungo Erremedio Kalea izan daiteke, Hiribilduko hezien ataripeetatik ondoen eraikitako ataripearen, hots, Erremedioetakoen ataripearen aldamenean alegia. Kale horren azken tartean lursail gotikodun etxeak daude eta, horien fatxadatan, egurrezko eta adreiluzko armazoiaren sistema errepikatuta ageri da. Beste aukera bat, beranduagokoa, Udalaren gaur egungo udaletxea altxatzen den enparantza. 1722ko suteak udaletxean eragindako kalteen datu eskuragarriak eskasak dira eta gertatutakoaren nolabaiteko ideia egiteko baino ez du balio. Udaletxe honen eraikina erdian kokaturiko tarte baten inguruan ordenatuta zegokeen. Erdiko tarte horretan Jainkoaren irudia zegokeen. Eraikinaren barnealdean edo baitan alondegia, erregeen pisua, Hiribilduaren artxibategia eta espetxea –azken hau, agirien arabera, eraikin ahula, solairu bakarrekoa eta gela askotakoa, sukaldea eta ziega besteak beste, zatekeen-. Material nagusia egurra zitekeen. Udaletxearen fatxadan, seguruenez, armarria (beranduagoko armarriaren eredua zitekeena) eta eguzki-erlojua. 1704an Jose Urdaibaik egindako eguzki-erlojuak, oraindik orain, Udaletxeko fatxadan darrai. Datuak urriak izan arren, bere izaeran ezaugarri errenazentistak daudela beha daiteke; esaterako, patioa. Beranduago, udaletxe berrian, patio horren lekuan eskailera barrokoa, eraikinaren benetako ardatza izango dena,jarri zen.

Gaur egungo udaletxearen eraikuntza 1722ko sutearen ondoren hasi zen. Eraikuntza-prozesua hamar urtez luzatu zen, Hiribilduaren egoera zailaren eraginez. Suteak, 1718an hasitako Matxinadaren ondorioz egondako zor-egoera erabat kaltetu zuen.

Udalaren lana 1730ean atera zen lehiaketa publikora eta irabazlea Domingo Kafranga izan zen. Urte horretan ere enparantza ordenatzeko lanei hasiera emango zaie. Jatorrizko eraikinak hiru solairu zituen eta zentralitatea azpimarratzeko asmoarekin alboko baoak erdirantz leku aldatu eta ertzak indartu egin ziren. Era berean, erdigunean bertan, Hiribilduaren armarria eta ordulari bat kokatuta zeuden.

1733an amaitu zen lana; urte horretan, enparantzan harriak jarri ziren, eta, udaletxean, ateak eta leihoak. XVIII. mendean zehar eraikinean lan txikiak egin ziren. 1928an, eraikinaren egitura indartzearekin batera, laugarren solairu bat altxatu egin ziren.

Gaur egungo udaletxea oin errektangeluarreko erdierantsitako eraikina da. Lau isurialdeko teilatua dauka. Bere beheko solairuan erdi-puntuko arku handietan zabaltzen den atari handia dauka. Arkupean egurrezko jesarleku luzea dago, Kontzejuko antzinako batzarren hondarra alegia. Arkupetik beheko solairura iristeko dobeladun erdi puntuko hiru arku zeharkatu behar dira, erdikoak erradiorik handiena izanik. Erdiko ate honetatik oin nagusira eta hirugarren solairura daraman eskailerara heltzen da. Hirugarren solairura heltzeko eraikinaren gorputzean deszentralizatuta dagoen eskaileratik egiten da. Eskailera honetara argi-zulo batetik argia sartzen da.

Oin nagusian fatxada nagusiko balkoi-luzeetara agertzen den Batzarren Gela dago. Hirugarren solairuan bulegoak eta gelak daude. Laugarrenean, berriz, Udal-Artxibategia dago.

Fatxada harlandua gorrian eginda dago eta, laugarren solairuan, adreiluarekin konbinatuta dago.

Oin nagusian sei bao dinteldun eta dobelatuak daude, baita sei balkoi ere. Hirugarren solairuan eskema bera errepikatzen den arren, balkoiak, kasu honetan, desberdinak dira. Eraikinaren ardatz bertikalak, eraikin honetan, Hiribilduaren armarria erakusten du eta bere azpian antzinako ordulariaren orbana dago. Solairuen arteko banaketa, fatxadako moldura zuzen batekin adierazita dago. Ardatz horizontalek aipaturiko ardatz bertikalarekin eta fatxada biak markoztatzen dituzten pilastren bertikalekin sortzen duten kontrasteak bolumen paralelepipedikoa arintzen dute. Laugarren solairua 1928an altxatu zen, garai horretako gustu eklektikoen arabera.

Balaustrada honen azken ukitua legez eta eraikinaren ardatz bertikalean ordularia dagoen tenplete kubikoa dago. Pilastren gainean apaindutako frisoa eta Alonso Ercilla poeta bermeotarrarekin erlaziona daitekeen irudia tailatuta duen frontoi klasikoa dago.

Eraikinaren taldean garrantzi artistikoa eta patrimoniala duten erantsitako elementuak daude. Hegoaldeko fatxadan koadrante errektangeluar bertikala dago eta era artistikoarekin margotuta dago. Ekialdeko fatxadan eguzki-ordularia dago. Udaletxeko tenpletean kokatutako ordularia. Alboko fatxadan Ereño kareharrian landutako bi iturri erantsita daude. Fatxada nagusian Hiribilduaren armarria dago.

Nardiz’tar kalera ematen duen udaletxearen eraikinaren alboko fatxada
Nardiz’tar kalera ematen duen udaletxearen
eraikinaren alboko fatxada.

Udaletxearen barnealdean Batzarren Gela dago. Bertako sabaian eta ateetan errenazimentuko estiloko moldurekin apainduta dago. Atearen hosto bakoitzean gizonezko baten irudia tailatuta dago. Erdi-perfilean dago eta ilea eta bizarra kizkurrak ditu. Orla batean markoztuta dago.

Gela honetan ere 1912ko galernaren ondoren Alfontso XIIIak egindako bisitaldia oroitzeko zilarrezko plaka dago.

Udaletxean dagoen margolanen bilduma ere aipagarria da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.