Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Nekropoliak

Santimamiñeko baselizako antzinaro berantiarreko nekropolia (Kortezubi)

2007an zaharberritze-lanak egin ziren Santimamiñeko ermitan, Kortezubiko Basondo auzoan, Santimamiñeko koba eta bere ingurua aintzat hartzeko asmoz. Lanak baino lehenago, tenplu honen indusketa arkeologikoa eta bere inguru perimetralaren katen bidezko prospekzioa egin ziren.

Ikerketa-kanpaina honen abiapuntua Joxe Miel Barandiaranek egindako baieztapena izan zen. Horren iritziz, tenpluaren inguruan historiaurreko aztarnategiren bat, neolitikoko bordaren bat agian, egon zitekeen. Bestalde bazeuden bestelako albisteak, aipagarriena, XX. mendearen hasieran, 1918an edo 1919an, ermita ondoko indigaztainondo handiak landatu zirenean giza hezurrak aurkitu zirela izan daiteke. Tokiko tradizioaren arabera bertan aurkitutako giza hezurrak Kortezubin, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun hildako gizasemeenak izan litezke, hil eta gero bertan lurperatzen zituztelako.

Gainera, beste arrasto batzuen artean, tenpluaren hegoaldeko horman, sarrerako ateburuan, irudi geometrikoekin apaindutako estela edo sarkofago-estalki handi biren zatiak beha daitezke. Bata, hareharrikoa, erradiatutako hiru gurpilez eratutako baxuerliebearekin eta handienetik txikienera 48, 27 eta 19 zentimetroko diametroarekin; horietatik bi zatituta daude otso hortzen lerro baten markoztaturik, azpialdean ildaska dutela. Bestea, hareharrikoa ere bai, baselizaren sarrerako mailan agertzen da; maila horretan otso hortzez osotutako beste baxuerliebea dago bata besteen gainean jarritako grabatutako lau arkuekin. Badago, beste estela bat, baina hau kareharrikoa da eta baselizaren barrualdean dago. Estela diskoidala da 85 x 43 zentimetroko neurriduna, eta ez du ez irudirik ez eta inskripziorik ere. Oraindik ere oso zaila da esatea elementu horien datazio zehatza.

Santimamiñeko ermita
Santimamiñeko ermita

Baselizaren barnealdean eta kanpoaldean egindako lanek beraren eta bere inguruaren iragana ezagutzen lagundu dute. Egungo tenplua XVI. mendeko beste txikiago baten hondarren gainean eraikita dago. Beraz, Erdi Aroak ez du etenik kokaleku honetan.

Halere, tokiaren erabilpen-daturik zaharrenak antzinaroan (K. o. I eta III mendeen artean) koka daitezke eta seguruenez nekazal-ustiaketa erromatar txiki batek sortutakoa izango zen. Kokaleku honek K. o. IV eta V mendeetan ere jarraipena izango zuela argi uzten dute Santimamiñeko, Sagastigorriko edota Aurtenetxeko kobetan, guztiak Kortezubin bestalde, garai honetako erromatar-mailak baitaude.

Egindako indusketa-lanotatik lortu den daturik esangarriena indusitutako eremuan aurkitutako hilobia litzateke. Argi dagoenez, aurreko hilobia K. o. VI. mendean datatu daitekeen nekropoli handiagoaren parte litzateke. Aurkitutako materialengatik nekropoli “frankoen” erakoa litzateke eta iparpirineoko tradizioaren barruan kokatzen da.

Santimamiñeko ermitaren atearen ateburuan dagoen estela
Atearen ateburuan dagoen estela

Urdaibai inguruko horrelako nekropolien lehendabiziko aztarna bada ere, Bizkaian, Finagako Martin Deuna (Basauri) baselizan ere beste bat aurkitu zuen 1994an M. Unzuetak. Basauriko honek arestian aipatutako tradizio kulturaleko antzeko materialak azaldu zituen.

Azaldutako aztarnen arabera argi dago iparpirinioko eraginak Kantauri isurialdearen ekialdetik hedatu zirela eta antzinaro berantiarrean lurralde hauen jabegoa zuten elite dominanteen artean tradizio kultural horretako armak eta objektu apaingarriak erabiltzea ekarri zutela.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.