Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Nabarnizko Andra Maria eliza altura handira (717 m) eta, garai batean, despopulatutako lekuan kokatuta dago. Hain altura handian egoteak, Ereñoko parrokian bezala, mendeetan, elizaren eraikuntzan eta batez ere bere ganga-sisteman arazoak ekarri dizkio.

Eliza hau, jatorriz, gotikoa zen, XV. mendean eraiki baitzen; hala ere, bere gaur egungo egitura arkitektonikoa XIX. mendean Alejo Mirandaren –neoklasizismoaren sustatzaileetariko bat Euskal Herrian- planotan oinarrituta egindako birmoldaketaren ondorioa da. Urte luzez egon zen lanean elizan eta arduradunekin hainbat auzi izan zituen, lan-proiektua gehiegi zela uste baitzuten; izan ere, eraikinaren monumentaltasunari eta lanek izandako kostu handiari erreparatzen badiegu, egoera ekonomiko oneko garaian egin zela konturatuko gara, nahiz eta, azkenean, lan hau aurrera eramateagatik eliza oso zorpetuta geratu zen.

Parrokia-eliza apal honetarako Alejo Mirandak pentsatuta zuen plangintzan erdiko oin-planoarekin esperimentatzea planteatuta zuen, gerora, Euskal Herrian, oso harrera ona izango zuena. Garai honetan nagusi zen estilo neoklasikoaren “soluzio klasikoetan” oinarrituta zegoen, eta Batzarretako elizetan eta lekuetan, Gernikako Juntetxean esaterako, oin-plano hau erabili egin da. Bere plangintza laboratzeko mugiezinak ziren bi elementu gotiko-errenazentistekin, absidearekin eta dorrearekin, “jolastu” behar izan du. Bere oinetan eta ikus daitekeenez ardatz berean lerrokatuta daude. Horrela, birmoldaketa aurrera eraman zuenean bi berrikuntza sartu zituen. Bata, bi hegal-beso gehitzea -gaur egun, hegaleko beso bakoitzean bi kapera, Errosariokoa eta Arimetakoa, daude-eta, bestea, oin-planoa luzatzea. Horrela, barnealdean, sistema bizantziarrean egiten zen erdian kokatutako zirkulu baten barnean gurutze grekoa sartzearena gogoarazten digu.

Gorostizako Andra Maria eliza
Gorostizako Andra Maria eliza. Tenplu berriaren
(1800) antolaketa kanpoan gelditu ziren bi
elementuek baldintzatu zuten. Bata, dorre
teleskopikoa, oinetan, eta, bestean kapera nagusia
burualdean, biak errenazentistak. Proposamena
harlanduan egindako gurutze-itxurako proiektu
zentratu organikoa da.

Eliza kanpoaldetik begiratuta bolumenen garrantzia orekatuta dagoela konturatuko gara, bolumenak era hierarkizatuan –zehaztasun geometriko itzelarekin esan genezake- kokatu direlako. Taldetik dorre zoragarria, izaera teleskopikoko prisma karratua, nagusitzen da. Bost gorputzez osatuta dago eta gorantz egiten dugun heinean euren tamaina txikitzen doa. Ia-ia ikuspuntu militarrean oinarrituta asmatuta zegoen. Goialdetik panoramika zabala eta polita dago; hirugarren eta laugarren gorputzetako argiztapen bakarra alboko bi hormetako bakoitzean dauden gezi-leihoak dira; goikoan, berriz, erdiraino itsututa agertzen diren erdi puntuko arkuen formako baoak irekitzen dira eta ezkerreko horman ordulariari dagokion esfera gehitu zaio. Lau isurialdeko teilatu hau teila kurbatuz estalita dago. Dorre honen beheko gorputzean ojiba-formako hiru arku irekitzen dira eta ezaugarri horrek eraikina altxatzen hasi zenean gotikoan oinarrituta egin zela gogoarazten digu. Hemendik eliza barnera sartzeko atea babesten duen arkupe txiki batera sartuko gara. Elizara dorretik iristen da, eraikinaren atzealdetik alegia. Honen gainean koru dintelduna dago eta erdian organoa du. Zoladura eta aurretik babesten duen baranda egurrezkoak dira

Gurutze greko formako oin-planoa duten tenpluetan erabili ohi den ganga-sistema erabiltzen da hemen. Horrela bada, gurutzeria-nabeak kupula bat du. Erdi puntuko lau arku indartsuen gainean oinarrituta dago. Tamaina bereko besoak kanioi-gangen bidez oinarrituta dago. Bertan bere presbiterioa sortzen da eta nerbiodun gangez estalita dago. Horrela, ezaugarri gotikodun harriaren azken garaiko ziborio gotiko polita lortu da. Hau ere jatorrizko estiloaren hondarra da.

Elizaren barnealdea.
Elizaren barnealdea.

Tenpluaren barnealdea

Eliza honetan aldare nagusia eta bi kapera txiki daude. Aldare nagusia presbiterioan dago eta eskuinaldean sakristiarako atea zabaltzen da. Sakristian apenas badago altzaririk. Beste bi kapera txiki horiek aldareak dituzte eta gurutzearen beso bietan daude. Gaur egungo sakristia elizaren hegoaldean eraiki bazen ere, antzinako sakristia tenpluaren iparraldean kokatuta zegoen, baina hezetasun larregiak kaltetu egiten zuenez lekuz aldatu zen. Gela hori hamarrenetatik eta primizietatik lortutako garauak biltegiratzeko erabiltzen zen; era berean, gurutzearen besoen arteko tarteak gela osagarri legez funtzio desberdinetarako (sakristia, biltegia, arkupea…) erabili ziren.

Presbiterioaren eremuan aldare nagusia kokatzen da eta albo bakoitzean, kareharri gorriko pilastra bana du. Garai batean gainean irudiak zituzten. Hegazti bat ezkerrean eta horma-hodia eskuinean. Azken honetan, Kristo bat zutituta ezkerreko besoarekin gurutzea eusten adierazten duen behe-erliebea dago.

Baina, tenpluaren alde nagusi honetan aipagarriena zalantzarik gabe, egurrezko erretaula da. XVII. mendean eraikitakoa, gotiko-errenazentista trantsizio-periodoan koka daiteke. Intxaurrondo egur polikromatuan eginda dago eta Jose Daponsa eskultore eta urre kolore-emaileak urre-kolorea eman zion XIX. mendearen erdialdean. Bere egitura hiru kale bertikaletan antolatuta dago. Kaleak estilo soileko eta larregizko urre-koloreko zutabeek bereizten dituzte. Bertan, lau gorputz horizontal daude eta zabalenak erdiko biak dira. Elizako titularra den Andra Mariaren irudi zoragarria aipatu behar da. Jesarrita dago eta Haurra besoetan du. Biak aurrera begiratzen ari dira. XVI. mendekoa da eta euren ezaugarririk nabarmenena eraiki zen garaiko hieratismoa erakusteko duen era. Mota bereko birjina Errosarioko kaperan dago egurrezko egitura mugikorrez inguratuta. Elizari izena ematen dion irudiaren gainean Sortzez Garbia adierazten duen irudi eskultorikoa dago erretaulako hirugarren maila horizontalean. Bi birjinak salbuetsitako bakarrak dira, gainontzeko eszenak taulatan adierazita baitaude. Tauletan erliebe ertainean egindako eszena desberdinak adierazita daude.

Sortzez Garbiaren irudiaren gainean, gorengoko gorputzean, azalera txikienekoan, Kristo gurutziltzatuaren eszena sartu da, Birjina Ama eta San Joan bertan daudelarik. Andra Mariaren alde bietara, bigarren gorputzaren alboetako kaleetan bi taula daude; ezkerrean, Kristoren Jaiotza eta, eskuman, Erregeen Miresmena, adierazita daude. Hauen azpian, beste motibo batzuekin apaindutako bi zerrenda banatu daude: ezkerraldean, Anuntziazioarena, eta eskuinaldean, Bisitazioarena. Azkenez, beherengoko kalean bi erliebe eskultoriko daude: azken afarian (ezkerrean) eta Izpiritu Santuaren Etorrera (eskuma). Taulamendu guztiak erliebe ertainean eginda daude eta bere atal askotan urre-kolore lar emanda dute. Soiltasunagatik eta era berean zalantzan jar ezin daitekeen sentsu artistikoagatik nabarmentzen da taldea. Aurreko guztiak, badu zerikusirik bere artapen-egoera onarekin.

Erretaula nagusia
Erretaula nagusia.

Alboko kapera bakoitzean bata bestearekiko angelu zuzenean oso mota desberdineko aldare bi kokatu dira. Era berean, murriztutako erdi puntuko arku-formako bao bi ikus daitezke bere goialdean; gurutzeria-gangari argitasun handia eman eta adbokazioaren irudiak dituen erretaularen gainean kokatuta daude zehazki. Elizara sartzerakoan ezkerrera dagoen kapera Errosarioko Birjinari zuzendutakoa da. XVI. mendera eramaten gintuen aldare nagusiko Andra Mariaren mota bereko irudia dago. Egur polikromatuan egindakoa da. Jantzi arrosa du eta longain urdinez estalita dago. Titularrari zuzendutako aldarea kaperaren alboko horman dago. Bi gorputzetan banandutako erretaula apala dago. Behealdean, alderik zabalenean, Errosarioko Birjina zutik eta eskuak gurutzatuta adierazten duen irudi modernoa dago. Gainean, Aita Santuaren irudia du. Aldare honen aurkako aldean Arimei zuzendutako erretaula dago. Aurrekoaren mota berekoa da, baina hiru kaletan bananduta. Erdiko horma-hodian San Joseren irudi polita sartuta dago eta bolutadun bi zutabez inguratuta dago. Albo bietara kalitate gutxiagoko beste bi irudi daude: ezkerrean, Aita Santuarena eta, eskuman, Birjinarena.

Kapera bietan beste bi aldare gehiago daude. Gainean, gela batzuen barnean sartutako irudia dago. Gelek grekoen tenplu soilen itxura dute: zutabe joniarrak, frontoi triangeluarrak… Arimetako gelak lar urreztatutako izar handiarekin errematatuta dago. Beste irudi batzuk ere ikus daitezke. Arimatakoan, ume bat besoetan dutela zutitutako santuak, San Jose bi Santuz inguratuta, eta Errosariokoan Kristo bi emakumeren irudiz inguratuta. Aldare hauen egileen inguruan ez da inolako albisterik eta ez dute inolako berezitasun artistikorik.

Kapera bien altzarien multzoa egurrezko bi konfesionarioekin osatzen da. Aldare nagusiaren alde banatan daude. Diseinua Belaunzaranen planoetan oinarrituta dago eta 1799-1800 urteetan Alejo Mirandak egindakoen antzekoa da. Alboetako atzeko hormek jesarleku luzeak dituzte eta jesarleku indibidualetan bananduta daude.

Gainontzeko irudiek ez dute interes berezirik; horrela bada, presbiterioaren eta alboko kaperen arteko trantsizio-hormen artean, ezkerraldean, zutargia dago bi Santuz inguratuta eta, eskumakoan, egurrezko pulpitua dago. Azkenez, elizaren atzealdean, koruaren azpian, ezkerreko horman, margo-lan modernoa dago. Bertan, Birjina eta Haurra daude; Birjina, behealdean kokatutako sugarrez inguratutako pertsona-taldeari eskua luzatzen ari zaio. Eskumaldean, inolako berezitasunik ez duten oihalezko arropekin jantzitako bi Santaren irudiak daude gelan sartuta.

Errosario Birjinaren kapera
Errosario Birjinaren kapera.

Aipamen historikoak

Iturrizak dioenez parrokia hau Gorozikako Andra Mariari zuzendutako antzinako eremitorio batean sortu zen, zeren eta inguruko eliztar batzuek Murelagako San Joan antzinako parrokiara joan behar zuten eta “por el largo camino que tenían los de Nabarniz hasta allí” parrokia berria sortzea erabaki zuten. Historiadore berak parrokia honetako hamarren- eta primizia-emaileak aipatzen ditu: Mortarazgo Markeza (Muxika oinetxearen jabea), Bañosko Kondea (Ereñoko parrokietako patronoa ere), Aulestiko Dorretxea (bi etxe zituena), Gereka (hiru etxe eta erdi zituena), Zubieta (bi etxe eta erdi zituena) eta Arbatzegiko Bengolea (bi etxe eta laurden zituen).

Tenplu honen jatorrizko itxura zein zen jakiteri kez dago, udalerri honetan kontserbatutako Fabrika-Liburuak nahiko berriak direlako, baina XIX. mendean, neoklasizismoaren garaian Andra Maria parrokia-elizan egindako eraikuntza osoaren aipamen dokumental ia osoa artxibategi historiko-eklesiastikoan izatearen abantaila dugu. Lan handiak egiteko momentuan emandako deskribapen batzuen bitartez eraikin honen jatorrizko itxura nolakoa zen jakin dezakegu.

1673an, Pedro Alloitizek jatorrizko erretaularen azterketa egin zuen eta horri esker badakigu intxaurrondo-egurrezkoa zela eta “según arte” eginda zegoela nahiz eta ezarritako baldintzekin alderatuta “ciertas mejoras e imperfecciones” aurkitu zioten. Horrela bada, hobekuntzen artean ondokoak aipatzen dira: bat, lau historia nagusietan hasieran adostutako baino ontza gehiago zuen; bi, erregeen anuntziazioaren, bisitazioaren eta adorazioan beharrezko baino hiru irudi gehiago zeuden sortzearen kristal-ontzian eta bi serafin horren kanpoan; hiru, bigarren mailan, “donde se hallaban las virtudes”, hutsuneak betetzeko gauza batzuk gehitu ziren; lau, istoriotako bakoitzean “una tabla más de bendeja” kokatu zenez lanak lodiera handiago hartu zuen eta beraz bere kalitate-maila ere hobetu zuen.

Aipaturiko Pedro horrek eza batzuk ere aurkitu zituen. Horren arabera, “quitar un poco de los hombros de ezeomo del sagrario y cortar el brazo derecho adelgazándolos, alargando y perfeccionándolo también las piernas un poco” egin behar zen.; horrela bada, bere neurri egokiak lortzeko. Txostenaren arabera, bigarren oinarriko bertuteak karratu egin behar ziren “para que estén con mas lucimiento” eta bigarren gorputzan kokatutako bi istorioen ornakuluak txikitu behar ziren lanaren proportzionaltasunak hobetze aldera; azkenez, istorio desberdinetako taulen zuloak nibelean kokatu behar zirela eta kola gogorrez, pieza bakarraren itxura hartu eta loturak ikus ez zitezen.

Arimen kapera
Arimen kapera.

1741an, bisitatzaileak bazioen elizak itxura iluna zuela, bere ustez “con falta de abrir una ventana”; Domingo Askarraga harginari leiho bat zabal zezala agindu eta lan txiki horren truke 415 erreal ordaindu zitzaion.

1753ko bisita-autoan erretaula nagusiaren egoera txarra aipatzen da. 1768an, erretaula nagusiko irudi bati eta bere nitxoari urre-kolorea eman zitzaien. Francisco de la Ribak egin zuen.

Andra Mariako eliza leku garaian dagoenez eta klima-eragin guztien eragina sumatzen duenez sarritan gangak erortzea, beirateak apurtzea eta, epe luzean, kanpoko fabrikaren kaltetze orokorra ekarri zuen. Horrela bada, 1793an, bisitatzaileak egindako txostenaren arabera elizaren egoera penagarria zen. Hori ikusita elizari ganga jartzea eta hezetasunak sakristian egindako kalteak konpontzea agindu zen.

Hortik aurrera, tenplu osoa goitik behera botatzeko diligentziak egiten hasi ziren. Tenplu berria handitu egin zen, eta lanak mendearen amaieran hasi baziren ere, sortutako zailtasunengatik behin baino gehiagotan gelditu behar izan zutenez, hainbat urtez luzatu ziren, baina beti ere Alejo Mirandaren plangintza jarraituz.

Inolako zalantzarik gabe, Nabarnizko elizate apalean eraikitako eliza polit hau Euskal Herriko arkitektura neoklasikoaren ordezkaririk onenetarikoa da, eta bere balio artistikoa eta ondare-balioa eztabaida guztietatik kanpo dago.

Elizako koroa eta organoa.
Elizako koroa eta organoa.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.