Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Industriala » Errotak » Ur-olak edo burdinolak

Ajangiz osoan martxan dagoen bakarra da. Egoera onean dago, errotaren elementu guztiak oso-osorik ditu-eta. Aldapara berara ura eramaten duten bi ibai (Presazarreko errekatxua eta Berrekondo) ezberdinetan kokaturiko bi presa ditu, ur gehiena Berrekondo errekatik lortzen badu ere.

Errota-egiturari dagokionez esan behar da errota-ardatz horizontal bakarra duela, artoa ehotzeko prestatutakoa hain zuzen, nahiz eta bestelako garauak ere eho ditzakeen.

Goikoerrota errotaren lehen aipamena 1862koa da. Orduan, Gregorio Agirre zen jabea. 20 zali zituen. Urtean, 6 hilabete, eta egunero, 8 orduz, aritzen zen. Negu inguruan aritzen zen artoa ehotzen. Orduko anega erdia gutxi gorabehera ehotzen zuen.

Ajangizko Kanpantxu auzoan kokatuta dagoen errota hau norberaren jabegokoa denez ezin sar daiteke barrura.

Goikoerrota errota
Goikoerrota errota (Kanpantxu, Ajangiz).

Errota baino lehenago inguruko zuhaitzekin egindako egur-ikatzaz zebilen burdinola genuen. Baina Ajangizen burdinola moduan aipatuta agertzen den industria-instalazioa Arestieta da eta ez Goikoerrota.

Arestietako burdinola dokumentu ugaritan aipatzen da.

1799ko Propio eta Arieletan aipatzen denez Arestietaren jabea Gernikako Mariano Bonifacio Olaeta da eta errenteruak 100 dukat ordaintzen dizkio.

1803. urtean, Fruituak eta Ekoizkinen erregistroak Ajangizko Arestietako burdinolaren gainean hauxe dio: “que la maneja D. Mariano Bonifacio de Olaeta y libra 500 quintales de fierro cada año que cada quintal de fierro son necesaios 6 cargas de leñas de pais y de quintal de vena bruto se extrae de las minas de Somorrostro jurisdicción del Señorio. Que cada quintal de fierro al pro de la fabrica sale sobre corta diferencia sobre 105 a 110 toneladas quintal en un quinquenio.”

Arestieta burdinolaren azken aipamena 1859koa dugu. Izan ere, Bermeotik Durangora doan errepideko bidezainak auzi bat jarri zuen, errepide horretan burdin-mineral garraiolariek Arestietako burdinola hornitzerakoan euren gurdiekin sortzen zituzten arazoak zirela-eta. Auzi horretan Antonio Gandarias jaunak errentan zuela burdinola txiki hori eta urtean 900-1000 kintal burdin-mineral baino ez zuela behar esaten zen. Beste hau ere esaten zen: burdin-minerala Muskiztik ekartzen zutela eta itsasoz garraiatzen zela Foruraino.

Arestieta ibai-errota ere bazen eta bi dokumentutan, gutxienez, ikusi dugu aipatuta.

1774ko datu baten arabera, Ajangizko kontzejuko Arestieta errotan, urtean 8 anega gari eta 4 anega arto ehotzen ziren. Ez dagoenez informazio jarrairik ez dakigu artoaren uzta txarraren ondorioa ote diren sasoi horietan lantzen zen kopuruaren gaineko datu zehatzak.

1799ko Propio eta Arielen informazioaren arabera Arestieta errotaren jabea Gernikako Mariano Bonifazio Olaeta zen. Errenterua Joseph Baterretxea zen eta 330 erreal ordaintzen zizkion.

Goikoerrota errota barnetik ikusita
Goikoerrota errota barnetik ikusita.

Baina, Ajangizko antzinako Arestietako burdinola eta gaur egungo Goikoerrota burdinola bat al dira? Honen inguruan, Diego Garate Maidaganek Bizkaiko Herrien Monografiak. Ajangiz eta Arratzu. Ikerketa Historiko-Artistikoa liburuan aipatzen duenez Goikoerrota eta Arestieta industria-instalakuntza beraren izen desberdinak lirateke. Azken batean, Arestieta jauregitik Goikoerrotara 500 bat metroko distantzia baino ez dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.