Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Baseliza hau Kortezubiko Basondo auzoan kokatuta dago 91 m-ko altueran eta Ereñozar mendi-hegalean. Orokorrean ohiko eredua jarraituz, eraikin hau badirudi XV. gizaldikoa dela baina baditu bere berezitasunak. Angeluzuzen oinplanoduna (13,10 x 9,35 m), hiru aldeko abside poligonala dauka (2,30 X 3,05 X 2,60 m) eta bakarra da elizate bietako eraikuntza-mota hauetan. Hormek fabrika urria erakusten dute, harri-hormazkoak dira eta harlanduak ertzetan baino ez dira ageri. Estalkia gailur erakoa da eta lau isurialdekoa. Ateburu itxurako sarbidea hego-ekialdean dago arkupe txikia osatzen duen teilatu txikiaren azpian; horren gainaldean, kanpaia ezarri zen fatxada nagusian sartutako puntu-erdiko arkuaren barruan. Irekiera bakarrak hego-ekialdean dauden gezi-leihoa eta ateburu itxurako leihoa dira. Zorua lur egosiko baldosekin estalita dago. Bestalde, barrualdean, San Mames, San Antonio Abate eta Ama Birjina umearekin irudiak daude.

Santimamiñe.JPG
Santimamiñeko ermita (Kortezubi).

Hori guztia aintzat hartuta, osagairik nagusienak ondokoak lirateke: ateburuaren ertzeko harlanduan agertzen diren neurri ezberdineko eguzki-motiboak, sarbideko mailan dagoen estela eta barrualdean aurkitzen den disko-formako estelaren zatia izango lirateke. Hiru osagai honek hurbileko nekropoliko hilobiko hilarriak dira, eraikinaren eraikuntzan berrerabilitakoak. Informazio gehiagorako http://www.urdaibai.org/eu/arkitektura/santimamine.php

Gaur egungo eraikinak zaharberritze garrantzitsu bi izan ditu: lehenengoa 1619an, izan ere, urte horretan batzorde berezia izendatu zen zeregin horretarako eta, bestea, gaur aroan, hau da, 1974an, gaur egungo itxura eman zitzaionean. Gaur ezagutzen dugun eraikuntza XV. gizaldikoa izan arren, badirudi lehenago ere bazegoela baseliza bat historiaurretik jendea bizi zen leku estrategiko horretan eta erdi aroko nekropoliarekin (tradizioaren arabera, hemen lurperatzen zituzten Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko bizilagunak); baseliza hau dokumentaturik dago XIV. gizaldian. Edozelan ere, tradizioaren arabera, Santimamiñe zen Kortezubi elizateko jatorrizko parrokia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.