Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena

Gaztelugatxeko Babestutako Biotopoa

Euskal Autonomia Erkidegoan, 90. hamarkadaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailak itsas-eremu batzuk babesteko asmoarekin hasierako azterketetak egiteko agindu zuen. Hasierako dokumentu hartan, horren ardura izan zuen AZTI fundazioak (Arrantza eta Elikadura Instituto Teknologikoa) euskal kostaldean gara zitezkeen itsas-erreserba desberdinen hautaketa egin zuen. Lau gune hautatu ziren eta Gaztelugatxe Donieneko izan zen bat. Laurok, 1994an, Babestutako Itsas-Eremuen Dokumentuan sartu ziren etorkizunean egin zitezkeen ekimenetan kontuan hartzeko. Horrela bada, babes-eredu hau garatzeko nolabaiteko konpromisoa garatzen hasita zegoen. Aipatu beharra dago gure erkidegoko ekosistemarik adierazgarrienak, hau da, dibertsoenak, mehatxatutakoenak edo balore naturalistiko eta paisajistikorik handiena duten ekosistemak mantentzeko asmoarekin EAEn natur parke lehortarren sarea sortzen doala urte horietan.

Ingurumen itsastarrean, berriz, gure kostaldeko ekosistemarik esangarritsuenak babeste zuen gunerik ez zegoen oraindik, Urdaibai Biosfera Erreserba barruan dagoen Mundakako itsasadarra izan ezik. Babes-politika honen alde egiteko Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko natura Kontserbatzeari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legea onartu zuen. Bertan hiru babes-eremu mota desberdin biltzen ziren: natura-parkeak, biotopoak eta zuhaitz apartekoak. Babes-eremu itsastar bat edo gehiago sortuz gero EAEko natur ondare itsastarraren inguruan Nazio Batuen printzipioiei forma ematea ekarriko zukeen.

Aurrekoagatik Eusko Jaurlaritzako Natur Ingurumenaren Antolaketa eta Ikerketatarako Zuzendaritzak Gaztelugatxe Donieneko eremurako beharrezko ikerketak egiteari ekin zion babespeko itsas-biotopoa izendatzeko oinarri teknikoak jartzeko. Modu honetara, irailak 15eko 229/1998 Dekretu (1998ko urriaren 2ko EHAAn argitaratua) bidez Euskadiko era honetako lehendabiziko erreserba sortu zen.

Gaztelugatxeko babespeko Biotopoaren mapa
Gaztelugatxeko babespeko Biotopoaren mapa

KOKAPENA ETA GEOGRAFIA

Gaztelugatxe Donieneko Biotopoa Bizkaiko itsasbazterrean dago, Bilbotik 30 km-ra IE-ra. Bakioko hondartza eta Matxitxakoko Lurmuturraren artean kokatutako itsas-eremu estu hau oso gune paisajistiko aparta da, Aketxeko eta Gaztelugatxeko uharteak bertan barruan daudelarik.

Itsasoaren higadura-ekimenak kapritxora moldatutako bertako amildegi eta uhartetxoen apartakotasunari gizakiak Gaztelugatxen izan duen eskusartze orekatua gehitu behar zaio. Azken hau Gaztelugatxe penintsula izatea ekarri duen uhartea eta lehorra harrizko zubiaz eta bide estuaz lotzean ikus daiteke.

Biotopoaren mendebaldea Bakioko udalerrian dagoen bitartean ekialdea Bermeoko lurretan dago. Bi udalerri hauek lotzen duen errepidea kostarekiko paralelo doa eta gunera hurbiltzea eta ikustea baimentzen du.

KLIMATOLOGIA

Kantauri eremuan Iparreko norantza duten haizeak nagusi dira. Iparmendebaldeko haizeak batez ere Britaniar Uharteetan eta Ipar Itsasoan kokatzen diren presio baxuko guneak atlantikoko antizikloiarekin kontaktuak jartzen direnean sortzen dira. Bere “fetch” distantzia (norantza eta abiadura konstantea mantenduz leku zehatzera heldu arte haizeak egiten duen distantzia) luzeengatik 2,5 eta 3 m arteko alturako olatuak sortzen dituzte.

Oso baldintza berezietan, apirilean eta maiatzean gehien bat, Mendebaldeko haizeek enbata mailako magnitudeak har ditzakete 9 m altuerako olatuak sortuz.

Eremuaren batezbesteko tenperatura 13 ºC-koa da eta urteko tenperaturarik altuena (abuztua) eta baxuenaren (urtarrila) artean 12 ºC-koa da.

Eremuaren batezbesteko euriztapena l/m2-koa da eta 150-200 egunetan euria egiten du.

Gaztelugatxeko babespeko Biotopoa
Gaztelugatxeko babespeko Biotopoaren argazkia

ARRAINAK ETA ARRANTZA-GUNEAK

Eskualde honetako hondo harritsu malkartsua alga eta organismo txertakariz eratuta dago eta harri zabalen artean harea dago. Honek guztiak espezie lurraldekoiak agintzen duten oso habitat zatikatua ekarri du. Zarbo eta kabuxa txikiek sakonera txikiagoko guneak betetzen dituzte eta itsasbeheratan sortzen diren ur-putzuetan geratzen dira. Beherago labridoak dira nagusi, urpekaritza egiten dutenek oso ondo dakiten bezala. Esparidoak, arrain mugikorragoak eta taldekoiagoak, euren elikadura diren ornogabeen aberastasunak erakarrita erraz ikus daitezke. Beste espezie esangarritsuak ondokoak ditugu: Paneka handia (palanka edo txakart moduan ere ezagunak), barbarina, krabarroka, perloi beltza eta kabra. Depredatzaile handien artean itsas aingira, eta hain ugariak ez diren itsasugea eta meroa ditugu. Halere, bere kontserbazio-egoera onagatik kostako eremu honen garrantzi handiena iktiofaunaren haztegia izatean datza. Hori dela eta, gure itsasbazterreko arrantza errekuperatzeko edozein programak kostaldeko oinarrizko habitat honen babesarekin hasi behar du.

Arrantzari dagokionez, tamaina oneko alerik ez egoteak, hondo malkartsua izateak, ur lasaietako arrantza-arteak ezin erabil izateak eta olatu gogorrak egoteak arrantzale profesionalentzat gune hau oso erakargarria ez izatea dakar. Nekorak harrapatzeko nasak soilik neguan erabiltzen dira eta barbarinak harrapatzeko driba-sareak erabiltzen dira inguruko hondo hareatsuetan. Aurrekoarekin batera, noizbehinka, Bermeoko portuko itsasontziek hondoko sareren bat erabil dezakete. Baina arrantza eta marisko-harrapaketa ez profesionala da, antza denez, garrantzi handiagoa duena, datuak zehaztea oso zaila bada ere. Batez ere udan etortzen dira eta era guztietako organismoak harrapatzen dituzte. Urpekariak ere sarritan ikus daitezke hortik.

Espezierik preziatuena lanperna da; halere, eremu hau oso eskuraezina denez euskal kostaldeko lanperna-koloniarik garrantzitsuenetarikoa jasotzen du. Txokoa, olagarroa, nekora eta txangurrua ere ugari dabil erermu honetan. Oinezkoek lapak, magurioak, muskuiluak, izkirak, karramarroak, holoturiak etabar biltzen dituzte. Arrantza kainaberaz egiten duten arrantzaleek gehienbat lupinak eta esparido handiak harrapatzen aritzen dira. Sarri, aurrekoen arrain gazteekin edo hasieran aipatu itsasbazterreko espezie txikiekin (“arraitxikiak”) konformatu behar izaten dute. Ontzi txikietatik, udaberrian, berdela eta, udan, txibia eta txitxarroa arrantzatzen dira. Eremuan urazpiko arrantza txapelketa ugari antolatu dira. Holakoetan, euskal kostaldeko beste eremuetan oso arraroak diren karraspio-ale handiak harrapatu izan dira.

Biotopoaren kokapena adierazteko erabilitako egitura eta bere ondoko mapa metalezko zutabean jarrita.

Biotopoaren kokapena adierazteko egitura Mapa metalezko zutabean jarrita

BABESERAKO PROPOSAMENA

Gaztelugatxe Biotopo babestua izendatu baino lehenago egin ziren ikerketek argi utzi zuten eremu honek ez duela lurra-itsasoa muga adierazten, hain zuzen ere kontrakoa. Izan ere, geologian zein izaki bizidunetan (hegaztiak, gizakia) oinarrituta argi eta garbi esan dezakegu lurra eta itsasoaren artean, bi inguruneen horien artean, hartuemanak daudela.

Eremua modelatzen duten lehendabiziko faktoreak itsasoa (olatuak) eta klima (haizea, euria) dira. Egia esateko aurreko faktoreek oso material xaflakor eta modelagarriz (lutitak, hareaharriak, etabarrez) egiten dute topo. Higaduraren aurrean hain mendegarria ez diren kareharri arrezifalak ere aurki daitezke. Aurreko material guztiak tartekaturik agertzen direnean euskal kostaldean bakarra den higadura-eredua sortzen da. Higadurak hareaharriak kendu egiten dituen bitartean kareharriak bertan gelditzen dira oso forma ikusgarriak erakutsiz.

Haitza itsasoari gailentzen zaionean itsasoaren erdian isolaturik dauden uhartetxoek, arkuek, kobek..., itsasbazter honetan aurki daitezkeen formazio bitxiek, paisaje bakarra sortzen dute. Gainera, kalitate handiko eta oso gutxi eraldatutako paisaje hau oso apurkorra da, zeren eta itsasbazterrean egin daitekeen edozein aktibitatek lehorreko amildegietan edo irletan zein itsasazpian eragin nabarmena izango lukete.

Aurreko balizko gertaerak, hasieran, eta geologia eta paisajea ondoren, eremu hau babestea aholkatzen zuen. Baina gainera, higadura-ekimen honek (bere aztarnarik zaharrenak duela 15000-20000 urtekoak izan daitezkeenak 50 m-ko sakoneran aurki daitezke) euskal kostaldeko punturik iparraldekoena den Matxitxako lurmuturra modelatu du. Era berean, lurmutur honek beste inon aurkitu ezin daitekeen gertaera erakusten du, Iparekialdeko edo Ekialdeko haizeak daudenean kostaldeko ur-azaleratzea erakusten du, geografia, klimatologia eta hidrografiaren artean oso harreman berezia sortzen delarik. Ur-azaleratzeko guneak oso ekoizpen handiko guneak dira. Halere, aurrekoa oso maila txikian gertatzen bada ere, baliteke ekosistemako portaera biologikoetan (bentosean, planktonean eta nektonean) eragina izatea.

Litekeena da, eskualdea epeldu eta mediterraneo aldeko landareak diren agrioak eta mahatsondoak eremu honetan landatzea eragiten duen faktore klimatologiko berak Euskal Herrian bakarrak edo oso arraroak diren landare-espezieak, baso-olibondoa eta gune honetako benetako endemismoa den Armeria euskadiensis esaterako, hazteko baldintza aproposak sortzea. Faktore erosiboen, klimatologikoen eta ozeanografikoen bat-egiteak berton bizi diren itsasoko komunitateak oso baldintza berezietara moldatzea ekarri du. Gehienak, harkaitzetako komunitateak dira, itsas hondoaren zatirik handiena harkaitsua den kasuetan gertatzen den bezala, eta komunitate bentonikoek ugaritasun nabarmena erakusten dute. Hoietako asko eta asko euskal kostaldeko beste guneetan ere auki daitezke. Eremu honen aberastasuna ez datza espezie bentoniko endemikoak egotean, espezie bentonikoen (laminariak, lanpernak...) ugaritasunean eta nahasketan baizik. Eremu honen zati handiaren eskuraezintasunak aldatu gabeko guneak erakusteak eta oso kalitate oneko urak egoteak bertoko espezieak osasun-kalitate onekoak izatea ondorioztatu dute. Baliteke gertaera-multzo honek kostaldeko Cystoseira sp. espezieko algen artean arrautza jartzera erakartea arrain-espezie ugari, kumatze-eremu segurua eta elikagai ugarikoa eskeiniz.

Kontu bera ere erabil daiteke paisaje malkartsu eta isolatu honetan bizi diren hegazti itsastarren kasuan. Aketxeko uhartetxoan kaioak eta potorroak nonahi ikus daitezke. Berton, gainera, EAE-ko ekaitz-txorien kolonia bakarra dago. Aipatu guztiek eremuan edo inguruan aurkitzen dutela behar duten elikagaia.

Azkenengoz, baina ez horregatik garrantzi txikiagokoa, gizakia dugu. Eremuak aintzinatik erakarri du gizakia. Horrela erakusten dute erdi aroko lekuko erlijiosoek, Gaztelugatxe Donieneko ermita esaterako. Gaur egun egiten diren erromesaldi eta erromeriek, kristautasunaren aurreko ohitura antzestraletan oinarritutakoak ezbairik gabe, gizakiak inguru honekin aintzinatik izan duen lotura kulturala erakusten dute. Aisialdi-gunea (lasaitzeko, bainua hartzeko, urpekaritza egiteko, arrantzatzeko) eta kultura-gunea izanik pertsona ugari egoten da bertan.

Aketx uhartea aurrez aurre
Aketx uhartea aurrez aurre

GAUR EGUNEKO EGOERA

Arestian aipatutako balore naturalak, paisajistikoak eta kulturalak kontuan harturik Eusko Jaurlaritzako Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, 1998an, babespeko Biotopoa izendatu zuen. Euskal Autonomia Erkidegoko natura Kontserbatzeari buruzko Legeak dioenez babestutako natura-eremu honen kudeaketa Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio, erkidegoko gobernuarekin koordinatuz. Eremuaren babesa proposatu zenean bertako erabiltzaileentzako (inguruko biztanleak, Armintza eta Bermeoko kofradiako arrantzale profesionalak, urpekari profesionalak, urpeko arrantza barne, Bakio eta Bermoko udalak, Bizkaiko Foru Aldundia, elkarte ornitologikoak eta ekologistak) babes horrek izango zituen abantailak eta desabantailak baloratu egin ziren, jakin arren oso zaila izango zela denekin ados jartzea. Argi dago honelako izendapena ezin egin daitekeela aurreko taldeen kontrako iritziarekin, erabateko adostasuna lortu ez arren.

Baten batek ondoko argudioa erabil dezake: zergatik babestu inolako babesik gabe ondo kontserbatu dena? Arraozi hau pisuzkoa da, zeren eta zenbait gunetan babesteak jende ugari urreratzea ekarri du eta beraz alteratu gabeko guneak lehenago degradatzea ekarri du. Arazo hau Kudeaketa eta Erabilpen Plangitzak konpondu behar du, oso zainketa ona eginez Plangintzak dioana bete dadin. Babes-neurri honekin sustatu nahi den asmoetariko bat inguruetako arrainek eta beste espeziek eremu hau kumatze-gune moduan erabiltzea da. Izan ere, horrela ikusi da tamaina ertain eta handiko aleekin, hau da, ugalkorrak diren aleekin. Honela, balore ekonomiko altuko inguruko espezien harrapaketetan eragina izatea espero daiteke; arrainen, zefalopodoen eta krustazeoen populazioak oso urte gutxiren buruan errekuperatzea espero daiteke, beraz. Egoera honen adibide bat lanperna dugu, ekonomikoki oso estimatutako espeziea eta edozein tamainako aleak harrapatzen duen koletibo ez-profesionaletik oso presio handia jasatzen ari dena. Eremua babespeko Biotopoa izendatu zenean krustazeo honen harrapeta urte bitan bertan behera uztea erabaki zen. Epe hau gaindituta beste urte biko luzamendua jarri da populazioak oso maila onean errekuperatuko direlakoan. Jarraitu nahi den egoera ideala Biotopoko populazioak inguruko ale berrien erreserborio eta sustatzailea izatea da, mariskoa harrapatzen dutenak beste arrantza-gunetara desbideratuz. Beste edozein itsas-baliabide araztea galazota dago, baita algak hartzea ere, ez badira itsasoak berak kostaldera ekarritakoak behintzat. Era berean, edozein arazketa egiteko, behin-behinikoa edo zientifikoa izanda ere, baimen berezia behar du. Baliabide-arazketan egindako beste salbuespen bat lehorretik kainaberazko arrantza da. Kolektibo honek egindako presioa handia izanik, aktibitate honek erermuan duen tradizioa alde batetik eta harrapaketen ebaluazioa (ale-kopurua, kaltetutako espeziak, hartutako tamainen maiztasuna, etabar) bestaldetik aztertuta baimentzea erabaki da. Arrantza profesionala ez da garrantzitsua eremu honetan, Bermeoko kofradiarekin adostuta baitago hemen ez arrantzatzea. Babes handieneko eremuaren mugek 158 hektareako azalera hartzen dute. Hasierako proposamena barne urak mugatzen zuten lerroraino eramatea bazen ere, azkenean perimetro hau 4 brazako lerro batimetrikoan kokatu da bere ibilbidearen zatirik handienean. Sakonera-muga hau Gaztelugatxe eta Aketxe uharteen inguruan bakarrik gainditzen da aipatu bi irlatxoak nasai inguratzeko. Lehorretiko sarreretan informazio-panel ugari jarri dira mugak nondik nora doazen eta zer dagoen baimenduta eta zer ez azalduz. Zaintza-lanetan Arrantza-Ikuskaritza Zerbitzua, Basozain Zerbitzua eta Ertzaintza aritzen dira. Azaleran txikia eta babesgune moduan oso berria bada ere ilusio handia jarri da euskal kostaldeko tarte honetan, era honetako neurriak dituen lehendabizikoa baita. Gaur egun, hasieran jarritako aurreikuspenak betetzen ari dira, hasieran egon zitezkeen kontrako iritziei gailenduz. Hori dela eta, honen eskarmentuak oso etorkizun ez luzean itsas-babesgune berri gehiago izendatzeko aitzakia izatea espero daiteke.

BIBLIOGRAFIA

  • AZTI (Nekazaritza eta Arrantzarako Instituto Teknologikoa) Establecimiento de las bases técnicas de conocimiento del área de San Juan de Gaztelugatxe con vistas a su posible declaración como reserva marina, Txosten Teknikoa, 87 zbkia, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila.
  • 229/1998 Dekretua, irailaren 15ekoa, Gaztelugatxeko aldea babespeko biotopotzat izendatzen duenekoa.

INFORMAZIO GEHIAGORAKO

Jaime Feliú García
Elikadura, Nekazaitza eta Arrantza Ikerketarako Zuzendaritza
Dirección de Investigación Agropesquera y Alimentaria
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saila
Donostia-San Sebastián nº 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.