Urdaibai Biosfera Erreserba » Geografia » Klima

Klima eta landaretza.

Euskal kosta Europako lurralde atlantiarraren zatia da eta, beraz, klima ozeaniko epela eta hezea dauka ezaugarri. Portugalen iparraldetik lautada frantziar eta germaniarrak zeharkatuz itsasbazterreraino doan kostako zerrenda estua hartzen du. Urdaibaiko (eta Busturialdekoak beraz) eskualdeak, beraz, klima epel ozeanikoa dauka.

Epelak esan nahi du klima hori ez dela tropikala edo mediterranearra, boreala edo polarra, eta prezipitazioak urte osoan zehar ondo bananduta daudela; hain zuzen ere, udako hilak bezain euritsuak dira prezipitazioak tenperaturen bikoitza gainditu dezaten. Uda euritsu horiei esker, udan baso hostogalkorrak eta berdeak garatzen dira (aestisilva edo udako basoa), baita mozketarako belardiak, txilardiak, otadiak eta “Europa Berdea” osatzen dituzten lurraldeek berezko dituzten gainerako landare komunitateak ere.

Termotipoen banaketa-mapa Bizkaian.
Termotipoen banaketa-mapa Bizkaian.

Ozeanikoak esan nahi du ozeanoaren eraginpean dagoela, hau da, hezetasun atmosferiko handia dagoela, prezipitazioak ugariak direla eta, batik bat, neguko hotzen eta udako beroen arteko diferentziak ez direla handiak. Urtaro hotzeneko eta beroeneko tenperaturen arteko muturreko diferentziak gutxitu egiten dira, Kantauri Itsasoaren eta Ozeano Atlantikoaren eragin termiko moteltzailearen ondorioz.

Onbrotipoen banaketa-mapa Bizkaian
Onbrotipoen banaketa-mapa Bizkaian.

Bestalde, Urdaibaiko orografia malkartsua eta korapilatsua da eta tokian tokiko aldakortasun klimatiko nabaria eragiten du. Itsasoaren mailatik gora egina hala, tenperatura jaitsi eta prezipitazioak ugaritu egiten dira; beraz, mendialde garaiak hotzagoak eta euritsuagoak dira behealdeko lurrak baino. Horren ondorioz, mendialdeetan elur gehiago egiten du, neguan denbora luzeagoa behar du urtzeko eta lainoak ugariagoak eta iraunkorragoak dira. Hori dela eta, Urdaibain hiru maila edo kategoria bereiz ditzakegu, termitizitateari, hots, klimaren karakterizazio termikoari dagokionez: termoepela, mesoepela eta supraepela. Termotiporik hedatuena mesoepela da. Termoepela kostaldera mugatzen da. Supraepela lurraldeko lekurik garaiei dagokie, Busturialdean Oiz bakarrik, oso gutxigatik bada ere 1000 m-ko altuera gainditzen baitu.

Beraz, eremurik epelena kostaldea da. Urteko batez besteko tenperatura 13 edo 14 ºC-koa da. Oiz mendian, berriz, batez besteko tenperatura 10 ºC-raino jaisten da.

Karakterizazio onbrikoari edo publimetrikoari dagokionez lurraldea bi mailatan bana daiteke: hezea eta hiperhezea. Hiperhezea Oiz eta Sollube mendietan eta euren inguruetan ematen da, urteko batez besteko prezipitazioak 2400 mm-koak dira eta gehiena euri eran. Lurraldearen gainontzekoa hezearen baitan sartzen da. Kasu honetan, prezipitazioak 1600 mm ingurukoak dira.

Onbrotipoa eta termotipoa Bermeoko estazio meteorologikorako
Onbrotipoa eta termotipoa Bermeoko estazio meteorologikorako.

Beraz, klimak landare-espezien banaketan nabarmenki eragiten du. Horrela, kliman, floran nahiz landaredian, mundu mailan, historian eta lurraldearen ezaugarri orokorretan dauden berdintasun eta desberdintasun horiek aztertuz, biogeografiaren ikuspuntutik Urdaibai osoa (eta baita ia Bizkaia osoa ere) ondoko eran sailkatu egiten da:

Erresuma Holartikoa

Eskualde Eurosiberiarra

Probintzia Atlantiko Europarra

Sektore Kantabriar-Euskalduna

Barruti Santandertar–Bizkaitarra

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.