Urdaibai Biosfera Erreserba » Geografia » Klima

Klimaren eragina giza populatzean eta giza aktibitateetan.

Baldintza klimatikoek populaketan eta giza aktibitateetan nola eragiten duten aztertzea interesgarria da, gainetik bada ere. Gaur egungo populatzea erdi aroko hirien garapenetik dator. Halere, horiek sortu zirenean Behe Erdi Aroan, kokapen estrategikoak (babes erraza eta komunikazio onak) aukeratu ziren, baina ingurumen-baldintzak eta baldintza klimatikoak ere kontuan izan ziren. Horrela, hiririk gehienak Gernika-Mundaka itsasadarraren ezkerraldean, ipar-mendebaldeko haize heze eta hotzetatik babestuta, eraiki ziren; esaterako, Errigoiti, Bermeo, Gernika-Lumo… Denborarekin garapen eta bideragarritasun handiena izan dutenak horiek izan dira. Eskuinaldekoak edo altueran kokatutakoak demografikoki eta ekonomikoki maila apalagoan nabarmenki geratu dira.

Gernika-Lumoko udalerria Oka ibaiaren ibarrean kokatuta dago, nekazaritzako oso lur honetan alegia
Gernika-Lumoko udalerria Oka
ibaiaren ibarrean kokatuta dago,
nekazaritzako oso lur honetan alegia.

Klimaren baldintzek landa-eraikuntzaren tipologian eragina izan du. Tipologia hau oso dibertsoa bada ere, euren ezaugarrietako batzuk azalduko ditugu. Begien bistakoa dena eta, era berean, ezagunenetako bat, baserri-etxe gehienen orientazioa izan da. Landa-populatzeak etartea (karrerapea) nahiago izan du ekialdera, eguzkia sortzen den aldera, begira jartzea. Argizagi erregea, biziaren iturria, goresteko asmoa duen antzinako jatorri magikoarekin batera argi dago aukera praktikoa ere badela. Era berean, sukaldea, etxeko alderik epelenean kokatuta zegoen. Korta, berriz, lekurik hotzenean eta hezeenean (iparraldean edo mendebaldean) kokatzen zen, animalien beroak baldintza horiek nolabait konpentsa zitzakeelako, babestuta, halere, kasu gehienetan horma sendoarekin. Prezipitazioak teilatuaren izaeran eragina izan du. Uren bideratzea errazteko inklinazio aproposarekin eraiki dira. Ohikoenak, gure lurraldean, bi isurialdekoak eta miru-buztanekoak dira. Lau isurialdekoak, gehienetan, jauntxoen dorretxe karratuen estalkiak izan dira. Ganbararen diseinua ere klimarekin lotuta dago. Teilatuaren eta etxebizitzaren arteko isolatzaile termiko legez erabili da. Gainera, fatxada nagusiaren alderantz, erdi irekita izaten zen, airetua eta airerik lehorrenarekin eta beroenenarekin kontaktuan, biltegi-gune moduan erabili ahal izateko, ingurumen-hezetasunetik babestuago egoteko.

Halere, eraikuntza ez dago beti baldintza klimatikoen behaketaren jakindurian oinarrituta, Urdaibaiko hiribilduen kaleen trazaketa esaterako. Bermeon, kalerik antzinakoenen orientazioa ekialde-mendebaldea zen, ipar-mendebaldeko eta iparraldeko haizerik hezeenetatik babesteko. Gernikan, berriz, iparraldea-hegoaldea norabidean egin zirenez, hiribilduan neguan eta udaberrian izaten diren haize hotz eta hezeetatik babestutako oso gune egokiak ezarri ziren. Koadrikulan egindako Gernika-Lumoren trazaketa arrazionala seguruenik inportatutako ereduan oinarritu zen eta beste zenbait eragileri aurre egiteko beharrei (orografiak –poliki-poliki paraleloan jaisten dira goiko eremutik, Andra Mariko eliza dagoen lekutik, antzinako porturaino- eta inguruko padurek eta kostalderantz zihoan errege-bidearen trazatua) pentsatuta zegoen.

Eskualdean baso-landaketa
Eskualdean baso-landaketa ugarienak
pinuarenak eta eukaliptoarenak dira.
Azken mozketarako adin egokia
lortutakoan matarrasean, hau da,
zuhaitz guztiak batera moztea,
argazkiak ikus daitezkeenez, ez da
batere arraroa. Argazkia, Oma auzoan,
Kortezubi eta Nabarniz artean
ateratakoa da. Euria egiten duenean,
malda handiko lekuetan, higadurak
lurzoru-galera handiak ekartzen ditu.

Amaitzeko, klimak aktibitate ekonomikoetan duen eragina kontuan hartu beharko litzateke. Baserriaren baliabideen ustiaketa tradizionalerako oso baldintzatzaile handia izan da, zein espezie erein, zein garaitan landu, uzten produktibitatea, etabar, klimak berak mugatu baititu. Halere, klimaren eragina, praktikan, progresiboki murrizten joan da, XX. mendean zehar eta gaur egunera arte ia erabat gutxituz. Eragin-gaitasuna galtzen joan dela ondoko hiru gertaeretan ikus daiteke: lehendabizi, aurreko mendeetan oso ohikoak ziren laboreen gutxitzea edo desagerpena, garia eta beste zenbait zerealen kasu; bigarrenez, negutegien hedapena, baldintza-klimatiko hobeagoak simulatu eta klimaren gorabeheretatik babesten duen landaketa-teknika, eta hirugarrena, sartutako espezie exotikoak, Urdaibaiko baldintzetara erresistenteak edo egokitutakoak, ekoizpen handia sortzeko gai direnak. Azken kasu honen adibide legez hazkuntza azkarreko zuhaitzen (intsigni pinua eta eukaliptoa) baso-landaketak edo kiwia bezalako beste batzuk ditugu.

Klimaren eta giza ekintzaren arteko adibide bat mendietako higaduraren handipena dugu. Pinuaren eta eukaliptoaren monokultiboak, baso-ustiaketa teknika desegokiekin (malda handiko lekuetan landaketak, matarrasak, mozketaren ondoren azalera handiak babesik gabe geratzea, etabar) batera eta euria sarri egiteak –zenbaitetan euri-jasa gogorrak- Urdaibaiko arro hidrografikoen mendietan (Oka eta bere adarrak, Artika, Laga…) higadura konstantea eta itsasadarraren estuarioaren goi-eremuaren hezeguneetan lohien pilaketa eragiten ari du.

Beste alde batetik, Urdaibaiko baldintza-klimatikoek eragin mugatua dute lurreko azpiegituratan, zeren eta inguruko eskualdeekin komunikatzeko gainditu behar diren mendiak ez dira oso altuak eta elurrak eta izotzak noizbehinka bakarrik dute eragina. Bere aldetik, trenak ez du eraginik igartzen. Arrantza-aktibitatearen kasuan, ordea, bai, itsasoko baldintzei begira egoten baita, batez ere baxurako flota.

Nahiko berriak diren aktibitateak, baina apurka-apurka hedatzen ari direnen kasuan, turismoa adibidez, baldintza klimatikoen eraginpean daude nolabait, batez ere hondartzako udako turismoarekin lotutakoak. Surf-a bezalako kirolak edota astialdiko edo izaera zientifikoko beste batzuk, hegaztien behaketa, ibaiko edo itsasoko arrantza, eta besteak (paseoak, aire librepeko eskola-ekintzak, tokiko jai-aktibitateak, kirol-ospakizun desberdinak, etabar) badaude klimaren eraginpean.

Belar-metak
Aitzinean, udan, belar berdea
(eta baita garoa ere) eguzkitan
lehortutakoak baserri-etxeen barnean,
lastategian, edo kanpoan, belar-metak
bezalako elementu etnografiko
interesgarriak osatuz, gordetzen ziren.
Horrela, neguan, kortan zegoen
ganaduaren azpiak egiteko edota
ganadua bera elikatzeko aukera zegoen.

Klimaren inguruan dugun informazioa etxebizitza berrien eraikuntzan integratzea bakarrik geratzen da. Arkitektura bioklimatikoaren kultura oso gutxi garatuta dago gure eskualdean eta oso adibide gutxi daude Urdaibain, zenbait eraikuntza tradizional kontuan hartu gabe.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.