Urdaibai Biosfera Erreserba » Euskara

Mendatako Hiztegia

Sarrera

Mendata herriko euskera 1869. urtean L.L. Bonapartek egindako sailkapenari jarraituz, mendebaldeko euskerari dagokio, Gernikako barietatekoa da.

Ni neu Mendatan jaio eta bertan bizi naiz Argintxoa baserrian guraso, bi neba eta amumarekin. Jaio naizenetik bizi izan naiz nekazal mundu honetan murgilduta eta zer hobeto lan hau egiteko egoera hau aprobetxatzea baino. Mendatakoa izateak oso abantail ugari ekarri dit, batez ere bertoko jendeak betidanik ezagutzen nauelako eta momentu guztian izan ditudalako prest laguntza emateko.

Egia esan asko ikasi dut, eta ikasteko geratzen zaidana asko da, hiztegi aldetik, espresaera, esanmoldeak... guk gazteok, jasotako gauza asko ezagutu ere ez ditugu egiten eta belaunaldi gehiago igaro ahala pixkana-pixkana galtzen doa guzti hori, gainera baserri giroa sakonago ezagutzeko aukera ezin hobea izan da.

Orain da momentu edo une egokia gure toki eta herri guztietan, oraindik euskera aberats eta jatorrak dirauen bitartean, Urdaibaiko balore kultural garrantzitsu honen testigantza gure ondorengoei utzi ahal izateko, nire ustez behar-beharrezkoa da jasotzea/biltzea gorde ahal izateko.

Begi bistakoa da gure aitite-amumen belaunalditik gurasoenera gauza asko eta asko galdu direla euskeraren kulturaren alorrean, eta zer esanik ez gurasoen belaunalditik geurera, orduan - zer gelditzen da gure ondorengoentzat? Ahozkoa galtzen badoa, idatziaren testigantza uztea baino zer gitxiago. Herrian ditugun auzune guztietan, eta albo herri batzuetan egin ditugu grabaketak, lehenengoak nire etxean hain zuzen ere, amumari, guraso eta osaba-izekoei.

Elkarrizketak informante edo berri emaileen etxeetan egin ditugu, eta gainera den denak pozik izan dira edozein gairi buruz luzaroan kontu kontari ibilteko, egia esan ez dut izan inongo arazorik ez eragozpenik beraiengana hurreratzeko.

Adinekoek sarri askotan horregatik edo harengatik ez dira gogoratzen lehenagoko kontuez eta batzuetan nik neuk "zirikatu" behar izan ditut, eta behin apur bat bideratu ezkeroan erantzunak ugarituz joan dira. 1994ean egin genituen grabazioak eta ordutik berri emaile batzuk, bizitzaren legeagatik utzi egin gaituzte, baina beraien ahotsa hemen geratu da gurekin betiko.

Egia esan Mendatako pertsona guztien abotsak grabatzea litzateke onena, etorkizunerako erreferentzi zabalagoa gelditzeko, denak ezin grabatu baina asko bai. Hurrengo atalean aurkezten da berri emaileen zerrenda.

Lan egiteko hainbat jenderen kolaborazioa izan dut, batez ere grabazioak egiteko orduan. Une horretan jende hau izan dut kontuan:

  • I Mendata barruan jaio eta auzune berean bizi direnak.
  • II Mendata barruan auzunez aldatu direnak.
  • III Mendatatik kanpora bizitzen joan direnak (batez ere albo herrietara).
  • IV Mendatara bizitzen etorritakoak (albo herri edo hiritik).
  • V Inguruko herrietakoak.

Lanaren atal honetan Mendatako hizkuntzaren aberastasuna aurkezten ahaleginduko gara. Berton biltzen diren adibide gehienak Mendata eta beronen inguruko herrietan bildutakoak dira; beraz argi eta garbi ikusi ahal izango denez hitzak eta bestelakoak ere nekazal munduko zeregin eta lanekin lotura dutela.

Bildutako hitz eta espresio batzuk orain gutxi erabiltzen dira, eta gazteen artean, asko ezagutu ere ez dira egiten eta askok galtzeko bidea daramate. Horrexegatik interesgarria izan da biltzea, nolabait bilduta izan ezkero gerorako ere hor izango direlako, eta azken batean herrien oinarrira bueltatzea izan delako.

Hitz hauek biltzeko denbora eman da Mendata eta albo herrietako herritarrekin, hitz asko, ordea, eguneroko bizitzan atera ahala jasotzen joan izan naiz; hemendik aurrera ere agertuko dira besteren batzuk, honekin esan nahi dut hitz eta espresioen bilketa ez dela amaitu, zereginik gelditzen dela oraindik.

Erabilitako bibliografiaren artean hainbat hiztegi kontsultatu ditut baina Azkueren hiztegia hartuko da oinarri modura, eta herrian jasotako hitz bakoitza ia beronek jasotzen duen ikusi da.

Aipatzekoa da baita Urdaibai edo Busturialde mailan egin den beste hitz jasoketa, Bermeo eta Mundakako arrantzaleen hiztegia hain zuzen ere, gure jasoketak nekazal munduarekin du lotura zuzena, baina argibide bezala ondo dator.

Hitzak jendeak esan bezala bildu ditugu, hau da, herri hizkeran, Mendatako hizkeran. Jasoketan erabilitako metodologia oso oinarrizkoa izan da, herriko ahoskeran oinarrituz, jendeak ahoskatu eran, halan transkribatu dugu papereran.

Hasteko esan behar dugu -Z eta -S fonemak ez ditugula bereizten, horregatik jasotako hitzetan ez da egin inongo bereizketarik; -TS ere ez da bereiztu, baina -TZ eta -TX bai ordea. -H fonemari dagokionez, Mendatako euskeran ez da ahoskatzen, ondorioz fonologia aldetik ez dut kontutan hartu.

Euskeran, denok dakigunez -Ñ eta -LL idazterako orduan ez dira erabiltzen, baina kasu honetan jasoketa ahoskeraren arabera eginda dagoenez errespetatu egin ditut eta halaxe transkribatu ere. Askotan -J fonema -Y fonema moduan ahoskatzen da, baina guk nahikoa dugu ozentasuna markatzea, dena den, herri-ipuinetan -y hizkiaz transkribituko ditugu, esate baterako:

Jata esan beharrean / Yata ahoskatzen da

-TT bikoitza edo bustia ere asko erabiltzen da Mendata eta albo herrietako hizkeran, -DD ahoskera ugari erabiltzen da baita, ikusi ahal izango denez batez ere aditzetan, esate baterako:

itxitte egon da atie
eiñyabe/eiñddabe

Hitza bildu ondoren, gero izaeraren arabera hitz bakoitza Aditza, Izen arrunta, Adberbioa, Adjetiboa edo Interjekzioa den jarri da, azalpena eman ondoren Azkueren hiztegiak jasotzen badu edo ez parentesi artean jarriaz, eta azkenik hitza ulertzeko lagungarri bezala, adibide bat, Mendatako euskaran, eta baita forma landuan ere, eta era bietako adibideetan Mendatako forma mantendu egiten da, hurrengo adibideetan ikusi ahal den moduan.

Adibidez:

ADATIÑ/adatíñ egon: Adberbioa. Lurrean zein ohean ahoz gora etzanda hartzen den posturari deitzen zaio. (Azk.-).

Mendatakoa: "bart adatiñ eiñ yot lo!" Forma landua: bart adatiñ egin dot lo!

Esate baterako hitz hau ez du Azkueren hiztegiak jasotzen, ez behintzat guk jasotako zentzu horretan, orduan parentesi artean ezezko ikurra agertzen da.

Beste hitz batzuek ordea badira Azkueren hiztegian, eta esanahi bat edo gehiago badute, guk jasotako hitzaren esanahia Azkuek jasotakoarekin zeinekin datorren bat ikusten da eta adibidez:

LEI/leiyé: Izen arrunta. Izotzaldia. (Azk. Lei, 1ª).

Mend.: "leiye eiñ bidabela esan lei te lorak barrure sartu bikeus!"
Form. land.: leiye egin behar dabela esan leike eta lorak barrura sartu beharko doguz!

Azkueren hiztegian Lei hitzaren lehenengo esanahiarekin dator bat gure hitzaren esanahia.

Beste kasu batzuetan bildutako hitzak ere esanahi bat edo gehiago izan ditzakete, eta honelaxe adierazten da:

OLLO-LOKA/ollolókie: 1ª Izen arrunta. Arraultzak habian berotuz txitak ateratzeko prest dagoen oiloa. (Azk. Oilaloka). 2ª Adjetiboa. Urduritasunaz geldiezina duen pertsonaz ere esaten da. (Azk.-).

Mend.: "ori mutillori ollo lokie utze da esta geldittu be eitten!"
Form. land.: hori mutil hori ollo lokie hutsa da ez da gelditu be eiten!

Gertatu da baita, bildutako hitza Azkueren hiztegian izatea baina gure esanahiekin bat ez etortzea, orduan ere ezezko ikurraz agertuko da, adibidez:

URKULDU/urkuldú: Aditza. Esate baterako lekei eta egosten hasi aurretik, izan ditzaketen hariak kentzen dizkiegu eta zati txikiagoetan ebagi, lan horri deitzen zaio urkultzea. (Azk.-).

Mend.: "orrek baiñek urkuldu bidabe biyer eberdireko!"
Form. land.: horrek bainak urkuldu ein behar dabe bihar eguerdirako!

Azkuek biltzen du Urkuldu hitza baina ez dator bat gure esanahiarekin.

Beste hitz batzuekin gertatu dena zera izan da, guk jasotako hitza Azkueren hiztegian ez izatea, baina bai hurreratzen zaion bat, esate baterako:

ALDRAPA/aldrapié: Izen arrunta. Aldapa. (Azk. Aldapa).

Mend.: "or daben aldrapias esiñ lei bedarrik ebai!"
Form. land.: hor dagoen aldrapias ezin leike bedarrik ebagi!

Esate baterako hurrengo adibidean, gure hitza Azkuek badakar esanahi batekin, horregatik jartzen da hitza zenbakirik gabe, hiztegian bakarrik esanahi horrekin datorrelako.

ANPOLI/anpóliye: Izen arrunta. Anpulo antzerako gerezi mota bat. (Azk. Anpolai).

Mend.: "anpoliyek be eltzen asten dienerako txoriyek danak eroatettue!"
Form. land.: anpoliyek ere heltzen hasten diranerako txoriak danak eroaten dabez!

Batzuetan hitzaren esanahia azaldu denean, herri hiztegian bildutako beste hitz baten erreferentzia egin da, lagungarri moduan, hitzok lotura dutelako, esate baterako aratu ariekin egiten denez:

ARATU/áratu: 1ª Aditza. Ariekin (Ikus. Ariek) lan egiteari deitzen zaio honela. (Azk. Aratu, 2ª). 2ª Aditza. Zerbait aurkitzen gabiltzanean behin eta berriz toki bera hainbat alditan berrikustatzen dugunean. (Azk. 1ª).

Mend.: "aratu dot etze gustiye da estotas topeu papelak!"
Form. land.: aratu dot etxe guztia eta ez dodaz topau papelak!

Hitz konposatuak ere bildu dira, batzuk agertzen dira Azkueren hiztegian konposatu bezala, baina beste batzuetan banandurik, adibidez:

  • Ollolokie - Oilaloka (Azk. Oilaloka)
  • Ollogorra - Oilagor (Azk. Oilagor)
  • Bolatoki - Bola + Toki (Azk. Bola +Toki)
  • Orrasistue - Orrazi + Estua (Azk. Orrazi+Estua)

Hiztegiaren arlo honetan jasotako hitz zerrenda aprobetxatuaz, berauotan azentoaren intentsitatea (azento diakritikoa) nolakoa den aztertzeko aukera izan dela.

Horretarako gai honen gainean, hau da euskal azentoaren gainean esan eta idatzi dutenen iritziak izan ditut kontutan, aztertu dutenak asko eta asko dira. Hurrengo autore hauek kontsultatu dira lagungarri eta argitasun gisa: Altube, S.; Bastarretxea, J.; Etxebarria Ayesta, J. M.; Hualde, J.I.; Navarro Tomás, T.; Txillardegi, eta orokorrean inguruko euskera aztertu duten beste zenbait autore ere bai.

Azentoa trisilabo eta tetrasilaboetan normalean paroxitonoa edo proparoxitonoa da, eta bisilabo gutxi batzuetan paroxitonoa, baina ia orokortasun bat hartzekotan zera esan behar, da Mendata eta bai eskualde mailan, hitz guztiei azkenengo letran intentsitatea jartzeko joera dagoela.

INFORMAZIO GEHIAGORAKO:

Mendata gure geurea danontzat
Idoia Mallea Lamikiz
Mendatako Udala, 2002

Mendatako Hiztegiaren zati bat deskargatu (.pdf 453 KB)

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.