Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia

Artoaren posterra

Artoa, guk hemen dugun artoa, XVI. mendean Ameriketatik ekarri zutela euskaldunek. Badirudi gainera Perkaiztegi zeritzan hernaniar batek ekarri zuela. Artoaren deitura ez da kasualitate bat, "mijo" delakoaren deitura zen euskaraz. Artoak zekale hau ordezkatu zuen eta bide batez bere izena hartu zuen, horregatik ez daukagu maiz edo horrelako zerbait euskaraz.

1990etik ona, FAOren arabera, nekazaritzan erabilitako tokiko aldakarien (cultivares locales) %75a galdu egin da. Horren harira, agrobiodibertsitatearen egoera aztertzen dituztenen eta berau kontserbatzen aritzen direnen bilgunea antolatu genuen 2003an, Ajangizen, Biodibertsitatea Nekazaritzan IV. Azokaren bitartez. Bertan, galera hori geratzeko nekazaritza ekologikoak nola lagun zezakeen ere aztertu zen. Topagune honetatik ateratako ondorioetako bat tokiko aldakarien informazioa trukatu beharra zegoela zen.

Bilgune honen emaitza ikusirik Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioak 2004ko urrian, Foruan, Biodibertsitatea Nekazaritzan Urdaibaiko Igo Azoka: Artoa antolatzeari ekin zion. Heri hau artoaren gaineko azoka monografikoa zen. Honekin hiru helburu bete nahi ziren: Barazkien bertoko barietateen hazien erabilpena bultzatu, nekazaritzan dagoen biodibertsitatea ezagutzera eman eta kontserbatu, eta nekazaritzari lotutako euskal kultura (usadioak, hizkuntza...) berreskuratu eta zabaldu. Bi egunetan zehar aktibitate desberdinak programatu ziren. Ostiralean, artoaren alde desberdinak aztertzen zuen mahaingurua, eta larunbatean, aurreko urtean ingurumen-boluntarioek Urdaibain eta bere inguruan jasotako arto-barietate desberdinak eta bestelako barazki eta egoskarien hazien erakusketa- eta trukaketa-gunea, eskulanak eta txangoa errotara ziren jarduerak. Asteburuan antolatutako guztia artoa zuen ardatzat.

Artoaren tokiko aldakari desberdinen erakusketa Foruako Azokan:
Artoaren irudia

Azokarako jarritako helburuak bete ostean asteburuaren laburpena egitea geratzen zitzaigun. Ez genuen formato arruntean egin nahi, beste era batera baino. Bildutako guztia Artoa deituriko bi posterretan biltzea otu zitzaigun, Busturian, 2006ko abuztuaren 27an ospatutako nekazaritza ekologikoaren azokan aurkeztu direnak alegia.

Azoka horretan aurkezteko bi arrazoi daude. Alde batetik, agrokimiko sintetikoak eta teknologia erasokorra agertu arte egiten zen nekazaritza-mota zelako eta, beraz, baldintza horretan sortutako kultura delako. Bestaldetik, nekazaritza-ereduren batek zihurta badezake agrobiodibertsitatea kontserbatzea, hori, nekazaritza ekologikoa da, zeren eta ekologiko-eran aritzen diren baserritarrek ekosistema orekatua lortu behar dute eta horretarako ezinbestekoa dute tratamendu kimikorik gabe aritzea eta ekoizpen-maila nahikotxo dituzten barietateak erabiltzea. Esandakoa betetzen dituztenak tokiko aldakariak (cultivares locales) dira. Era berean, tokiko aldakariak erabiltzeak herriaren kulturaren zati bat iraunarazten lagun dezake, zeren eta barietateokin lotuta dauden labore-teknikak, barietate horiek sortutako eskualdera hoberen moldatutako labore-teknikak gainera, eta gastronomia mantentzea zihurta dezakete.

Posterren egitura Idoia Mallea Lamikizek mendatarrak Foruako azokarako Artoa eta beronen inguruko ondare kulturala izenburupean prestatutako ponentzian oinarrituta dago. Bertan, artoaren gainean, arlo etnografikoa eta gastronomikoa oso ondo landuta agertzen da. Osatzeko Euskal Herriko Hazien Sareko materialak erabili ditugu.

1go posterrean orokortasunak (historia, ezaugarri nutritiboak, barietateak eta arto-landarearen atalak) lantzen dira. Aurrekoarekin batera artoa protagonista den bi esaera zahar gehitu dira. Bigarrenean, artoaren lantzea, ereitetik labean lehortzerainoko bidea, errotaren funtzionamendua laburtuta eta artoarekin pertsona zein etxabereen elikadurarako izan duen garrantzia lantzen dira. Honen amaieran artoarekin lan egitean herri mailan sortutako ipuina, Morroi onari ugazaba hobea deitutakoa, sartu dugu.

Den-dena dago euskaraz. Euskara batua hautatu den arren gure inguruan erabiltzen diren zenbait hitz herrikoi erabiltzen dira. (Honetan gehiago sakondu nahi bada Idoia Mallea Lamikizek egin eta Busturiako Udalak 2002an argitaratutako "Mendata, gure geurea, denona" deituriko liburua kontsultatu) .

Posterrok paper birziklatuan daude eginda basoak kontserbatzeko, energia aurrezteko, itsasoak, ibaiak eta airea ez kutsatzeko eta paper zaharra berrerabiltzeko.

Ez genuke amaitu nahi esker onak eman barik. Eskertu behar ditugu Idoia Mallea material prestaketan egindako lanagatik, posterrak egiteko beharreko materiala lortzeko eta posterra prestatzeko Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioko eta Euskal Herriko Hazien Sareko boluntarioek egindako debaldeko lanagatik eta, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak Galtzagorriak Federazioarekiko, Gernikako Ekologi Lan Taldearen bidez, izandako begirunea posterra prestatzeko eta argitaratzeko emandako diru-laguntzarengatik.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.