Urdabai arriskuan. Urdabairi erasoak » Aldaketa Klimatikoa

Erleak eta aldaketa Klimatikoa

Bizkaiko Erlezainen Elkarteko aldizkarian, Erleak aldizkarian, 34. alean, 2006. urtekoan, Kortezubiko erlezainak Xabier Larrinagak, Urdaibaiko larreen behaketan oinarrituta aldaketa klimatikoaz idatzi zuen artikulua erlezaintzaren ikuspegitik. Ondoren, artikulua, bere osotasunean bildu dugu.

Azkenengo urteotan meteorologiagatik eztiaren ekoizpena asko murriztu dela ikusteko aukera izan dugu Bizkaiko erlezainok. Izan ere, oraingo tenperatura aintzinakoa baino hobeagoa da. Baina noizbehinka gertakizun bereziak egoten dira, aspaldiko udarik lehorrena, kaskabarrik gogorrena eta euri-jasa bortitzak leku zehatzetan, besteak beste; hots, gertakizun meteorologiko guztiz deigarriak gauden urtarorako.

Eukaliptuak loratanEukaliptuak loratan

Erlezaintzan hogeitahiru urte baino gehiagoko eskarmentua duen Bizkaiko erlezain profesionalaren ikuspegitik urte osoan zehar klima epeldu eta lehortu egin duela ikus daiteke eta honek sortzen dizkigun arazoak ezti edo gure erlategietatik biltzen dugun beste edozein produkturen ekoizpena gutxitzea dakar. Argi dago gure erleei urteak laguntzen ez badie karbohidratoz eta proteinez elikatu arren uzta ez dela ona izango, eta erlezainak, erleen biziraupena ziurtatzeko lanordu gehiago sartu beharko dituela. Azkenean, erleen janaria alde batetik eta erlezainaren lanorduak bestetik direla-eta bere gastuak asko igo dira.

NOLA ERAGITEN DU ALDAKETA KLIMATIKO HONEK ERLEZAINTZAN?

1) LORAKETEN AURRERATZEA.

Lehenago loratzen dira landareak, beren garai arrunta baino bi hilabete arinago. Honek ondoko arazoa sortzen du

Erleak kumatzen doaz eta euren kolonia antolatzen urtaroen arabera. Horrela, neguan kumatze-aktibitatea eta kanpo aktibitatea minimoan dute, momenturik gorena maiatza eta ekainean izateko Bizkaiko kostaldean. Kontua da loraketak aurreratu egiten direla eta gure erlauntzak ez daude prestatuta uzta bila hasteko, aurreratutako bi hilabete horietan dagoen abel-kantitatea ez dator bat landereen edo zuhaitzen lorak bere ohiko sasoian egonda erlauntza horrek izan beharko zukeenarekin. Urte askoan, gure erleak eskualdeko loratze desberdinetara moldatu dira, baina orain, erlauntzak ez dira prestatzen ez eta sinkronizatzen ere urte osoan zehar dauzkagun loraldiekin. Laburtzeko, loraldia erlauntzaren birsortzeari eta uzta-biltzeko garairik onenari aurreratzen zaie.

2) EGUZKI-ARGIZTAPENA

Loraldiak aurreratzearekin batera beste eragin bat ere agertzen zaigu, argitasun orduak, edo hobe esanda, gure erleek lore horietan xurgatzen aritzeko duten ordu-kopurua hain zuzen ere, ez delako gauza bera eukaliptu-loraldiek nektarra martxoan edo maiatzan jariatzea. Aintzinean eukaliptuen loraldiak apirilaren amaieratik maiatzaren erdialderaino zirenez erleek ordu gehiago zituzten lore horietako nektarra xurgatzeko eta egunean ezin lortu ditzakegun aintzinako batazbesteko ekoizpenak lortzeko.

3) EURIZTAPENA

Atzenengo urteetan, neguan euri ugari izatetik udaberrian herriko haizea izatera igaro gaitezkeenez negu osoan zehar erlategiak ondo antolatzen ibili ostean pikutara joan daiteke gure ekoizpena, eta erlauntzek uda eta udazkena baja gutxirekin igaro dezaten elikatzen ibiltzeko albo-arazoa izango dugu.

Sasiarkaziaren loreaSasiarkaziaren lorea

4) TENPERATURA

Eztialdiak aurreratzen badira loraldiak aurreratzen direlako loreek euren loraldi arruntetan izaten duten baino nektar gutxiago izaten dute tenperaturak ez direlako batere egokiak nektar-jariaketa handiak izateko. Eukaliptuaren loraldiaren eta nektar-jariaketaren unerik garrantzitsuena orain arte apirilaren amaieratik maiatzaren erdialderaino izan da. Azkenengo urteetan martxoan izaten ari da. Garai ez ohiko honetako nektarrak askoz ere ezti-kantitate gutxiago sortzen du eta eztiaren kalitatea txarragoa. Jakin badakigu, Bizkaian eztialdi ona izateko landareek hezetasun handia izan behar dutela eta tenperatura ere altua izan behar duela, baina herriko haizerik gabe, haize bero honek hezetasuna oso azkar lurruntzen duenez ezti gutxiago sartzen da erlauntzatan.

5) BESTEAK

Nahiz eta aurtengo neguan elurra, hotza etabar ikusi, loraldiak, gutxiago bada ere, aurreratuta jarraitzen dute. Honen ondorioa zera da: aintzinako loraldiak urtarrilatik uztailera bitartean gertatzen baziren ere, orain, gehienetan, 20 edo 30 egunetan agortuta daudela. Nektar-garai ona dago egun horietan, baina gero oso nektar eta polen gutxi biltzen dituzte erleek. Nektar eta polen ugariko sasoi horretan gure erlauntzak ez daude prestatuta ezti-ekoizpen arrunta biltzeko, eta asko ez dira estialdi horietaz konturatuko, ez baitute izan loratik lorera ibiltzeko erle-kantitate nahikorik.

Txikoria-lorea Txikoria-lorea

Aurreko guztiarekin argi gelditzen da, eta gure erleari so eginez, oso landatarra dela, eta zentzu horretan oso ondo moldatzen dela abel-kopuru egokia sortzen eta elikagai-baliabideak bilatzen negurako. Halere, loraldi-mota honetara, hain epe laburrean behintzat, moldatzeko arazoak ditu.

Egunean, aintzinean ez bezala, erreginek ez dute hiru edo lau urte irauteko modurik. Gaur egun, urte bi baino gehiago ez dutenez igarotzen bajen-indizea asko areagotzen da gure erlauntzetan.>

Erreginen adinaren batazbestekoaren jaitsieraren arrazoiak hauetxek dira:

  • Bizkaiko kostaldean urte osoan daude kumatzen, erreginak zahartzaro goiztiarra izanik.
  • Barroa-kantitate handiak baditugu erreginek kaltea somatzen dute
  • Gabezia dagoenean erregina aldatzeko dantza hasten da kolonia ugaritan, urte bateko erreginak egon arren. Horrela ez gertatzeko, erlezainak, erlauntzak elikatzen ditu. Garai honetan erregina ugarik eztei-hegaldietan huts egiten dute erlamandoak falta direlako gehienbat, eta bestaldetik kolonia batzuetan kalitate txarreko erreginak ateratzen dituzte janaririk ez dutelako. Horrela, erreginak izango ditugu baina ez dira luzaroan mantenduko erregina moduan, bere alabak bere kontra arituko baitira sendotasunik ez duelako. Atzenean, lehenago edo beranduago, erreginaren bizitzarekin amaituko dute eta, seguruenez, erlauntzaren bizitzarekin ere.

BA AL DU AUKERARIK ERLEZAINAK ALDAKETA KLIMATIKOAREN KONTRA ARITZEKO?

Erlezainek badakigu erlauntzak martxoan ekoizten hasteko prestatu behar ditugula Bizkaiko kostaldean. Beste era batera esanda kumatzeko zortzi laukitxo izan behar ditugu. Hala izan dadin modu honetara egingo dugu lan:

Aurreko kanpainan hasiko gara koloniak prestatzen. Iraila aldera eta azaro arte xarabe suspergarriaz hasiko gara elikatzen.

Ondoren, abenduan eta urtarrilean elikagai solidoz elikatuko ditugu erreginak lar susper ez daitezen, eta baita aro oneko egunetan erleak beren erlauntzatik ero parean atera eta gehienak bidean gera ez daitezen ere. Martxoan, elikagai likidoa emango zaie erregina bizkortzeko eta uzta garaira ahalik eta baldintzarik hoberenetan hel dadin.

Uztaz hitz egiten dugunean esan nahi dugu sahatsaren ostean beste guztiak datozela: txikoria-belarra, fruta-arbolak, aretxak, sasiarkaziak... Hortik aurrera gure erlauntzek ez dute hainbeste bilduko, eta polena eta nektarra faltako da maiatza edo ekainerarte, sasiaren, gaztainondoaren eta hirusta zuriaren loraldia gertatu arte. Baliteke azkenengo loraldi hauek inolako eraginik ez izatea gure ekoizpenean, lehorteak nahiko kaltetuta utziko dituelako.

Barroaren kontrako tratamenduak egiteko negu osoan zehar egin behar da akaroengan eragin nabarmena duen produktua erabiliz, zeren eta urteko momentu horretan koloniek kume gutxi baitituzte eta produktuaren eraginkortasuna %95 baino gehiagokoa bada oso emaitza ona izango delako eta uztaren osterarte ez dugulako beste tratamendurik egin beharko. Horrela bada, hurrengoko tratamenda abuztuan egin beharko da. Azken tratamendu honen ostean erlauntzak aztertu eta testatu beharko ditugu, aurrekoen %10ean gutxienez, sasoi horretan kume asko dagoelako kolonietan. Barroaren %95arekin amaitu ez badugu erabilitako produktua ere aztertu beharko dugu. Kutsatzeko arriskua dagoela kontuan izan behar da, erlezain guztiek ez dutelako erlauntza guztiak batera tratatzen eta horrelakoetan barroaren eragina nabarmena ez izateko zur egon beharko dugu.

Erlauntzak tratatzeko era honek tratamendu bat aurreztea dakarkigu; izan ere, aintzinean urtero hiru aldiz egiten genuen eta orain erlezaintza-kanpaina bakoitzean bitan bakarrik egiten dugu.

Pinudia Pinudia

Zahartutako edo gaizki aritzen diren erreginak aldatzea oinarrizko eginbidea da erlezainak erlezaintzan aritu nahi badu. Hori dela eta, abuztutik aurrera zailtasunak dituzten erreginak (arrautza gutxi jartzeagatik, erlekumaldiak ateratzen dituzten anduiak izateagatik, oso oldakorrak izateagatik edo abarrengatik) aldatzeari ekingo diogu.

Idazleak ernaldutako eta testatutako errreginak sartzen ditu erlauntzetan beti ere aurreko erregina kendu ostean, zeren eta horrela egin ezean gure erleak (Apis mellifera) ez du berririk onartuko, nahiz eta azken erregina hau kenduko duguna baino gogorragoa eta kementsuagoa izan.

Erregina hauek lortzeko lehendabizi artifizialki inseminatu egin diren hiru edo lau erregina-lerro prestatu behar dira geroago aurrekoen alabak atera eta mini guneetan sartuko ditugu naturalki ernal daitezen, horrela gure erlauntzen hobekuntza genetikoa lortuko baitugu. Ez badugu hainbeste nahastu gura ezti-ekoizpen onena duten erlauntzatik atera ditzakegu etorkizuneko larbak.

ONDORIOAK

Erlezaintzan ondo aritzeko eta beti aintzinako ekoizpen azpitik erlezainaren mentalitatea aldatu beharra dago Bizkaiko kostaldean, eta gure erlauntzak txikoria-belarrarekin, esaterako, prest egon behar dutela lan egiteko. Horretarako ondoko hiru pausu hartu behar dira kontuan: uda amaierako eta udazkeneko elikadura, abere-kopuru egokia neguan eta negutik ateratzen hasten direnean astiro-astiro suspertzea. Horrela lortuko baitugu koloniak martxoan topera aritzea.

Barroaren eraginetatik salbu egon behar dute erlauntzek tratamendu eraginkorrez bidez, eta kanpainan zehar gaizki dabiltzan edo, gure ustez, hurrengoaren hasieran ondo arituko ez diren erreginak aldatu behar dira.

Modu honetara, gure erlauntzetako baja-kopurua txikia izatea lortuko dugu, denbora, materiala eta dirua aurreztuko dugularik. Gaur egun, erlauntzetan bajen-indizea %22tik %6ra igaro da.

Litekeena da idiosinkrasia honekin egunean dauzkagun zuhaitz- eta landare-motak nektar-ekoizpenari dagokionez aldatzen joatea, eta baliteke ere denbora apur bat gehiagorekin landare berrien eboluzioa eta aldaketa egotea gaur egunekoen kalterako. Momentu hauetan, gaztainondoek edo sasiek esaterako, ez dute garai batean ekoizten zuten ezti-ekoizpen handiak sortzen, lehorteagatik eta euren garai biologikotik kanpora izaten ari diren loraldiengatik batez ere.

Arestian esandakoari gehitzen badiogu Bizkaiko Lurraldean zuhaizti gehiena (>%50) intsignis pinua dela, arazoa handiago bihurtzen da zuhaitz-mota honek ez baitio ezer eskaintzen erlezaintzari, ez nektarrik ez eta polenik ere. Europako beste herialdeetako landaketetik (sasiarkaziak, ezkiak, aretxak...) oso urrun gaude. Hoiei esker gure erlezaintza errentagarriago zatekeen eta ezti-barietate gehiago egongo ziratekeen merkatuan.

Erlauntzekin lan egiteko ohitura aldatzeko garai da, eta ahal dugun neurrian, pairatzen ari garen aldaketa klimatikoari ezti-ekoizpen eta beste produktuen ekoizpen aldetik etekin hobeagoak ateratzeko antolatzeko garaia da. Aurrekoa diot erlezain gehienak ezti-ekoizpenean aritzen direlako, baina erregina-jelea lortzen aritzen garenok, esaterako, azkenengo bi urteotan oso ekoizpen txarrak izan ditugu. Koloniei elikagaiak (karbohidratoak eta proteinak) eman arren ez dute jele gehiagorik ekoizten lehortea badago edo kanpoko elikagaiak falta badira. Izan ere, horrelako kasuetan, estimu handiko erregina-jelea ekoizteko emandako janari guztia alboko kuadroetan pilatzen dute.

Erreginen hazkuntzan ez dago horrenbesteko arazorik gure erreginak ernalketa-erlauntzen inguruan erlemandoz betetako erlategiak baditugu behintzat. Erlauntza guztiak, kanpo elikagaien gabezia dagoenean, artifizialki elikatuko dira, erlemandoak hil ez ditzaten. Aldaketa klimatikoak ez du hain eragin negatiborik erregin-kumeen ekoizpenean; are gehiago, nire uste apalean beste edozein erlezaintza-ekoizpena baino etorkizun hobeagoa du.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.