Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Monolitoak

Busturiko Sorbituaga-Arriatarako monolitoa, Añetu (367 m) mendiko eguteran kokatuta dugu, Arriatara eta Sorbituaga baserrien bitartean zabaltzen zen zelaian. Zutik dagoen hareharrizko bloke eskerga dugu bertan agiri, altueran 2,12 m, zabaleran 0,92 m eta gehienezko lodiera 0,25 m-takoa duena eta goitiko partean zeharo bereziak diren alboko ebakiak agertzen dituena.

Sorbituaga-Arriatarako aztarnategiagatik dakigun lehen berria, auzo den Larrago baserriko Enrike Arzubiagak (1983) emana dugu. 1989an KOBIE aldizkarian (López Quintana, J.C. et alii, 1989, p. 192) argitaratu zen, trikuharrien kulturari lotuta datorren giza itxurako menhirtzat hartu zelarik, 1989ko suteek monolitoa kaltetu, goitik behera arrakalatu zelarik, eta horren aurrean premiazko lan arkeologiko batzuk agindu ziren (Pujana, I., 1990). Lanen zuzendariak cromlech modura defintu zuen aztarnategia, Burdin Aroaren hasiera eta Brontze Aroaren amaiera bitartean koka litekeena.

Boluntarioak lanean
Boluntarioak lanean

Hipotesiak hipotesi, ingurune arkeologiko garbirik ezean, oraindik orain, nekez zehaztu liteke Urdaibaiko Kultur Ondare den pieza esanguratsu honen kronologia eta esanahia.

Sorbituaga-Arriatarako monolitoa Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeko Legean (1989/5 LEGEA, uztailak 5ekoa) agertzen da, esanez, arlo hori modu trinkoan babestu beharra dagoela (arkeologiazko interesa duen eremua).

Agiri eta Urdaibaiko Galtzagorriak taldeen iharduera

2001 eta 2002 urteetan zehar, Agiri Arkeologi Kultur Elkartea eta Urdaibaiko Galtzagorriak taldeei esker, monolitoan artapen prebentiborako programa burutu zen, Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitatearen Zuzendaritzak, Busturiko Udalak eta Maier S. Coop.-k finantzatuta. Aurrera eraman ziren prozesuak F. Bazeta Doktoreak (1998) proposaturiko metodoari atxekiturik izan ziren, ingurugiroko eskuhartzearen bidezko artapen prenbentiborako metodoari, alegia.

Lehenengo eta behin, monolitoaren gainean zegoen landaretza ezabatu eta bertako bidea garbitzeari ekin zitzaion. Lehenengo urrats honen helburua zera zen: monumentuaren ezaugarritasun-maila areagotu ez ezik beronen estruktura kaltetu ez dadin ere. Aldi berean, 1990eko indusketa-lanen ondoren aztarnategia babesteko jarri ziren plastiko eta egurren hondakinak garbitu egin ziren.

Boluntarioak atseden hartzen
Boluntarioak atseden hartzen

Bigarrenik, 20 metrotako diametroan, monolitoa babesteko eraztuna ezarri zen, hau eginda monumentua babestu ez ezik paisaian hobeto identifikatzea ere erraztuko zelakoan:

Alde batetik, lur honen azidotasuna kontuan izanik, lurraren PH-ari ekiten zaio basikoago bihurtu nahirik (dolomita eta potasioa botatzea). Honekin gura zen ingurune azidoei loturik datozen landareak (ota, idea, etab) modu trinkoan ez haztea.

Gerora, kanpoko eraztunean belar-ereitea burutzen da, graminea bi %50eko proportzioan nahastuta (oro har, Festuca rubra eta Agrostis capilaris).

Bestalde, 1990eko iharduera arkeologikoan sortutako ebakia lurrez bete zen, honetara monolitoa eta beronen estratigrafiaren egonkortasuna bermatzen zelarik. Aldi berean, monumentuaren albo batean dagoen mugarria sendoagotu egin zen itsasgarri sintetiko batez, 1989ko suteetan arrakalatu egin baitzen.

Azkenik, arloa seinalizatzeari ekin zitzaion, egurrezko habe baten gainean biniloz errotulatutako metakrilatozko plaka bertan ipinita, non aztarnategiari dagozkion datuak agertzen baitira. Geroago, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ematen duen monumentu-seinalea kokatu izan da bertan.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.