Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra

1452ko Lege Zaharraren CLXII Kapituluak "De la denunciación de nuevas obras" lantzen du. Manuel Basasen aburuz (Las Casas-Torre de Vizcaya) "hortik uler daiteke eraikin hauen izenik arruntena gotorretxeak direla, lauetatik bereizteko hain zuzen ere. Azken hauek baserrien parekoak eta besteak dorretxean parekoak lirateke. Kapareek edo aiton semeek etxe mota biak, gotorrak zein lauak eraiki zezaketen euren sailetan inolako kontradikziorik gabe eta balego legearen arduradunarengana jo behar zuen bere eskubideaz baliatzeko". Gainera, jarraitzen du esanez "garaian zeuden hiru maila sozial aipatzen ditu: kapareak, hiritarrak eta nekazariak. Lehenengoak bere etxea, gotorra edo laua, bere sailean, inolako kontradikziorik gabe edota klausulak aipatzen dituen baldintzekin, eraikitzeko eskubidea du eta horretaz baliatzen da. Hiritarrek eta nekazariek ez dute horretarako eskubiderik. Horrela bada, etxeak, gotorra edo laua, eraikitzeko eskubidea kapareei zuzendutako lege-pribilegioa zela. Hau logikoa da foraltasuna, kaparetasuna eta etxeak edo leinurako lekuak, guztiz lotuta baitzeuden".

1526ko Bizkaiko Lege Berrian, klausula berdina mantentzen da kapareen kasurako. Bizkaiko bestelako herritarrek, berriz, edozelako etxeak (gotorrak edo laua) eraikitzeko eskubidea garatu zuten, Lege berri honetan edozein bizkaitar kaparetasun-eskubidearen deklarazioa unibertsala jasota agertzen baita.

Baina, zein zen gotorren eta lauaren arteko benetako desberdintasuna, bere sendotasuna bakarrik?

Caro Barojak, "Linajes y Bandos" bere lanean aipatzen duenez ahaide nagusiek "onartutako eskubideak zituzten eta horiei esker nolabaiteko bizimodu berezia zuten. Oinarrizko ondareak eta bestelakoak zituzten, euren etxe tzarrak Jaunaren etxe tzar (...) Jauregia izenarekin ezaguna zen dorre gotorlekuak ziren –dio Garibaik".

Juantxu Ruiz Velascok bere lanean (Gautegiz Arteaga. La Casa Torre-Castillo Palacio. Años 738 a 1996) hauxe dio "desberdintasuna hurrengo honetan legoke: gotorretxeek leinuaren ardura zuketenez leinuaren buru edo oinarri lirateke, edo beste era batera esateko dorretxea, ermita, burdinola..., etabarrez eratutako talde sozioekonomikoaren erdigune enblematikoa liratekeen bitartean, etxe lauak euren eraginpean leudekeen".

Bizkaiko Dorretxea, beraz, Ahaide Nagusien etxebizitza zatekeen. Honek ez zuen zergarik kobratzen eta ahaidetasun-harremanak (odoleko loturak) medio lotuta egongo ziratekeen.

Orokorrean, beste guztien jatorriaren oinetxea dorretxea litzateke. Horretan du leinuak bere sorlekua eta guztiek onartzen dute horri lotuta daudela. Dorretxearen jabea “nagusia” da, belaunaldiz belaunaldi jarauntsi zuena (maiorazkoaren eran). Horrek bere aldekoak (ondokoak) babestu behar zituen, horiek Ahaide Nagusitzat onartzen baitzuten. Hori sinbolizatzeko, antzinako dorretxeetan honako elementu hauek jartzen ziren, goreneko lekuetan: galdara, adarra (klanari dei egiteko) eta ahaidearen zutoihala.

Jauntxoen mugapena eraikinez (ermita, errota, ola eta dorretxea bera), zein larrez, mendiz, basoz, soroz... osatuta zegoen.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.