Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Militarra » Dorretxeak

Lope García de Salazar jaunaren “Bienanadanzas e Fortunas” liburuan jasota dagoenez, Madariaga leinuaren oinetxea Muxikako Ugarten zegoen, baina oinetxearen jabeak Busturiara joan ziren gero. Leinuaren lehenengo jauna Ramiro de Madariaga izan zen. Honek, XIV. mendean ospe handia garatu zuen orduan Bizkaiko Jauna zen Tello Jauna kontearen zerbitzu pean aritu zelako. 1364ean edo 1965ean hil zen Murviebron (Sagunto) beste bizkaitar ugarirekin, Levanteko portu hori Aragoiko Pedro erregetik babesten ari zela.

Orduan bere seme legitimoak, Ramiro II Madariagak, jaso zuen maiorazkoa. Honekin, leinua handitzen joan zen, bere eskuetara, beste ondare batzuren artean, Errigoitiko Idibaltzagako Andra Mariko monastegiko patronazgoa igaro baitzen. Noiz hil zen ez dakigun arren, bere ondare guztia bere seme nagusia Ramiro III.ak jaso zuen eta Martin Garcia Areilza oinaztiarren alabatariko batekin ezkondu zen.

Argazkiaren erdialdean dorretxea eta atzealdean, berriz, Ereñozarreko tontorra, ikus daitezke.
Argazkiaren erdialdean dorretxea
eta atzealdean, berriz, Ereñozarreko
tontorra, ikus daitezke.

Bere inguruan ez dago beste albisterik, 1431n hil eta bere seme nagusia Ramiro IV Madariaga izan zela bere ondorengoa izan ezik. Gomez Gonzalez de Butronen -hau da, Butroeko jaunaren- alaba batekin ezkondu zen XV. mendean. Ganboatarrek gotor-etxea -zanga, aurre-zanga, harresia, aurre-harresia eta guzti- erre zituzten, eta, orduan, Madariagatarrak Busturiako Axpera joan ziren, eta Axpen antzeko gotor-etxe bat altxatu zuten.

1448an hil zen eta bere seme nagusiak bere aitaren lehen izena Rodrigo izenagatik aldatu zuen. Hauxe zegoen Bizkairako idatzita Forua aprobatu zenean 1452an. Enrike Jaunak egindako deiari erantzunez bere lantzari- eta baleztari-taldearekin Granadako mairuen kontra borrokatzera joan zen 1455ean. 1468an hil zen, oinaztarren Elorrioko porrotean.

1476an, Rodrigo Ibáñez izan zen, oinetxe honetako bigarrena agian, Gernikan egon zena Fernando erregeak zin egin zuenean. 1486an hil zen eta bere seme nagusi legitimoak Pero Galindezek jaso zuen guztia.

Madariagako dorretxea Madariagatarrena izan zen; horiek Casa Altako markesak eta Torre Alegreko kondeak ziren. Madariaga-Arostegi senar-emaztearen semea Juan Madariaga Arostegi jauna izan zen. Jaun hori Santiagoko zalduna izan zen 1758an, baita Casa Altako lehenengo markesa. Juan Felipe Madariaga Arzueta jaio zen, hau da, Casa Altako bigarren markesa. Juan Felipe Madariaga Arzueta Petra Lanorekin –Torre Alegreko bigarren kondesa zenarekin- ezkondu zen, eta horrek, euren ondorengoak titulu bi horrek hartu zituen oinordetzan.

Orain Madariagakoen armarria aztertuko dugu. Hondo berdea eta erdiko motiboak: Muxikatarren kasuan ohikoa den urrezko hiru lerroak eta euren bitartean urrezko hiru madari-ilada –hortik dator Madariaga- eta muturrean zilar eta urdin iluna koloreko urak. Orlaren berezitasunak honexek dira: urrezko lau izar hegaletan, eta zilarrezko lau ilargi erdi zentroan, Urkizatarren ezaugarria antza denez.

Independentzia Gerran Frantziako soldaduak dorretxe horretan egon ziren. Horrela dago jasota Udaleko kontu-liburuetan. 1813. urtean, 174 egunetan egon ziren dorretxean. Orduan, Udalak 5.214,20 erreal gastatu zituen “Komandantearen mahaia” hornitzeko.

Dorretxea menditxo baten gainean dago. Bertatik erraz zaindu ahal izango zituzten inguruak.

Dorretxea berriztuta. Gaur egun, Biodibertsitatearen Euskadiko Zentroa dago.
Dorretxea berriztuta. Gaur egun,
Biodibertsitatearen Euskadiko Zentroa dago.

Erabilpen berria eman ahal izateko UPV/EHUko Arkitektura Fakultateko Arkeologiarako Ikerketa Taldeak lana burutu zuen bertan ondoko hiru asmo hauekin: ondarea eta ingurua aztertzea, arkeologiaren ikuspegitik zer azterturik ba ote zegoen zehaztea eta, baldin bazegoen, ezaugarririk garrantzitsuenak zehaztea zaharberritzean mantendu ahal izateko. Ikerketa honetan ondoren laburtuta aipatzen diren zenbait ezaugarri zehaztu ziren: (Informazio gehiagorako www.busturia.org)

  • 1) Dorrea (XIV-XV mendeak). Egituraren eraikinik zaharrena da. 8,5 m-ko alde duen oina karratua du. Bere hormen lodiera oso erregularra da eta 130 cm-koa da. Altuerari dagokionez esan gaur egun ikusten den bigarren solairuraino heltzen dela eta 8 m-ko altuera duela gehienez.

    Harlanduzko kareharriz eginda dago. Ertzeetako harlandua ere kareharrizkoa da. Ilara erregularretan kokatuta daude. Osatzen dituzten blokeak angeluzuzenak dira, gehienak karratu formakoak, eta tamaina handikoak. Fabrikaren oinarria, tarteen arabera, harlangaitzezko hiru edo lau ilaraz eratuta dago.

    Fabrika-mota honetako jatorrizko 10 bao beha daitezke. Badaude lehen solairuaren hegoaldean (guztira 2), mendebaldean (3 gezilehio) eta iparraldean (beste 3). Guztiek erakusten dute zabalera handiagoa barrutik kanpotik baino. Gezilehio honen oinarrizko betebeharra barnera argia sartzen uztea izango litzateke eta, noiz behinka, eraikina aktiboki defendatzeko erabiliko zuketen.

    Bestalde, dorrearen barnera sartzea baimentzen zuten baoak ditugu. Bi dira, eta biak, dorrearen ekialdeko horman daude. Bata, behe solairuan, hegoaldeko hormaren ondoan eta, bestea, lehenengo solairuan, iparraldeko ertzaren aldamenean.

    Kanpoaldetik lehenengo solairurako sarrera patinak babesten zuen eskaileratik egiten zen. Horma lodiak eta sartzeko sarrera zailak zituztenez oso gotorleku menderagaitzak ziren.

  • 2) Dorrearen birmoldatzea (XV-XVI mendeak). Eraikuntza berria zuzen-zuzenean jatorrizko dorrean kokatu zen, bere oinaren formarekin bat eginez. Harrizko egitura irregularra da. Itxuragabeko kareharrizko harriz eginda dago. Ez da ez ilararik ez ordenik ere somatzen. Bere ertzak oso ondo landutako harlanduz eginda daude, agian dorretxekoak aprobetxatuta.

    Hesiak lodiak dira. Hormak kanpoaldetik barnealdetik baino bertikalagoak dira. Horri esker kanpoaldetik begiratura perfil homogeneoagoa erakusten zuen bitartean, barnealdetik arindu egiten zen fabrikak jasan beharreko pisua. Modu honetara, dorrearen barneko forjak eusteko azalerak lortzen ziren.

    Bandokidearen dorrearen goialdea desmontatzeak dorrea bera bereraikitzea eskatu zuen, bertan, berriz, bizi ahal izateko.

    Seguruenez eraikina moztu egin zuten.

  • 3) Jauregia (XVIII. mendearen amaiera-XIX. mendearen hasiera. Dorrearen gainean kokatzen da berau, antzinako dorrearen I-ko eta E-ko hormetan.

    Eraikin honen aparejoa harlangaitz irregularra da, formarik gabeko harriz eta ertzeetan oso ondo landutako harlanduzko bloke handiz eratuta dago. Azken hauek ere baoetan eta sarreretan erabili dira.

    Aparejo gehiena zuritutako baoen azpian zegoen gordeta.

    Ezin izan da zehaztu zein zen iparraldeko blokearen solairuen jatorrizko konfigurazioa.

    Ekialdeko blokea, berriz, hasiera baten hiru solairutan (behe solairua, lehenengo solairua eta ganbara) zegoen bananduta. Antolaketa hau beranduago aldatu egin zen.

    Dorretxearen aurrealdean Erlojuaren Dorrea dago
    Dorretxearen aurrealdean Erlojuaren Dorrea dago.

    Patina kendu zenean jauregia eraikitzeko bertan zeuden sarrera biak jauregi-multzoak hartuko ditu dorrea eta jauregia elkarlotzeko. Honek ondorioztatu zuen multzo osoan solairu bi egon behar izatea.

    Fabrika honetan egindako argiaren baoak eta lehioak lan-multzoaren ondoren egindakoak dira. Jatorrizkoak, beraz, ondokoak ditugu: H fatxadan 4, M-n 4, I-n 5 eta, azkenez, E-n 10.

  • 4) Mendebaldeko baserria (XIX. mendea). XIX. mendean baserria eraiki zitzaion aldamenean. Aparejo irregularreko eta harlangaitzezko ertzak dituen lana da.

Gaur egun, Madariagako dorretxean eta bere inguruan Biodibertsitatearen Euskadiko Zentroa kokatu da.

Dorretxearen aldamenean Erlojuaren Dorrea deitutakoa dago. Neoklasiko estilokoa da eta itsasargiaren itxura duenez egilea itsasargien arkitekturan oinarritu zela pentsa dezakegu. Badirudi Antonio Goikoetxearen lana zela. Harrizko horma oso sendoak ditu. Bere eskailerak Muruetako elizako eskaileren antzekoak dira; izan ere, biak sasoi berekoak dira.1852an Juan Jose Amunategik erlojua eman zion herriari eta 1857aren amaieran, Busturiko Udalak omenaldi apala egitea erabaki zuen, erlojua ordaindu zuelako eta herriari dohaitzan eman ziolako.

1890eko Errege-Aginduaren bidez Erlojuaren Dorrea, kokatutako orubea eta Jesusen Bihotz Sakratuaren Erlijiosen Komunitatearen eraikinerako bidea erosteko baimena lortu zuen Busturiko alkateak, eskola bihurtzeko baldintzarekin. Baina, oraindik, erlojuak ordua eskaintzen ari du antzinako leku berean eta antzinean oientatutako norantza berean.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.