Errota, ezinbesteko asmakizuna izan da landa-munduan bizi ahal izateko. Abeltzaintza aktibitate nagusi moduan iraun zuen tokietan izan ezik, nekazarien ekonomiarako duela gutxira arteko oinarrizko euskarria zekaleak lantzea izan da eta horrek errota behar zuen ondorengo eraldaketa eta komertzializazioa gauzatzeko. Urdaibain agertu diren lehendabiziko errotak Historiaurrekoak dira eta gaur egunera arte ez dira desagertuko. Eta iraun badute eskualdeko biztanleen etxeko ekonomian nekazaritza zerealistak izandako garrantziagatik eta geografia faboragarriagatik izan da. Zentzu honetan, ibai-arro ugari egoteak, estuarioan izateak eta haize egokiak dituzten mendi-tontorrak agertzeak Urdaibaiko geografia osotik ibai-errotak, itsas-errotak eta haize-errotak hedatzea baimendu dute. Hala ere, orain, bakan batzuk baino ez dute funtzionatzen.
Giza aktibitatearen aztarnarik zaharrena Urdaibain Santimamiñeko koban (Kortezubi) ageri da eta Goi Paleolitikoari dagokio, Auriñazienseari (K.a. 35.000-18.000) hain zuzen ere.
Goi Paleolitikotik Mesolitikora helduko gara. Hemendik aurrera, K.a. 4.000-3.500 urtetik aurrera, Neolitikoa dugu. Momentu honetan errotagintzaz benetan hitz egiten hasiko gara.
Urdaibain ondoko errota-motak egon dira eta daude:
a) Esku-errotak.
Esku-errotak garatutako lehenak izan ziren. Atxetako koban (Forua) eta Arrolako oppidumean (Arratzu, Nabarniz eta Mendata) garaua eskuz ehoteko harriak aurkitu dira.
Beste erabateko animaliek (astoak, mandoa eta zaldia) eragindako erroten aipamenik ez da aurkitu. Hortik pentsa dezakegu ez zutela garrantzirik izan eskualde honetan.
Horregatik alde batera utziko ditugu odol-errotak (animalien indar eragilean oinarrituta) deritzenak eta Busturialdean garrantzi handiagoa izan duen hurrengo motarekin, ur-errotekin alegia, sartuko gara.
b) Ur-errotak
Hauek uraz baliatzen dira eragiteko. Ur-errotarik antzinakoenak ibai-errotak eta burdinolak dira. Geroago, itsas-errotak garatu ziren.
Artisautzazko errota-instalakuntzen urrezko mendea XVIII.a izan zen ezbairik gabe. Bizkaian 600 irin-errota ziren, baina beste ikertzaile batzuek 1796ko fogerazioan oinarrituta 703 zirela diote.
XVIII. mendeko datuak Busturialdean jarraian biltzen dira. 1704ko sutegi-erroldaren arabera 40 errota ziren (Bakio ere zenbatzen da, nahiz eta azken hau gaur egun beste eskualde batekoa izan). 1745ean, aipatzen den gorakada nabarmena da, 119 errota daude. Hortik, 19 errotetxeak eta 5 ola-errotak dira. 1796ko sutegi-erroldaren arabera 133 errota ziren. Errotetxeak 12 eta ola-errotak 10 dira. Hazkundea eskualdean, orokorrean, jarraia da.
Gaur egun, Busturialdean eta bere ingururik gertuenean funtzionamenduan, besteak beste, Olabarri (Zugaztieta-Muxika) eta Olatxuerrota (Arrieta) errotak daude.
Urak eragindako instalazio guztiek ez zuten irinik egiten. Bazeuden lan metalurgikoetan aritzen zirenak, ur-olak edo burdinolak, alegia.
XVIII. mendean ehun eta berrogeitamar burdinola baino gehiago zeuden funtzionamenduan Bizkaian eta ondorioz milaka langile eta familia arituko ziren lehengaien garraio-, ikaztu- eta eraldaketa-lanetan.
Busturialdeko burdinolek ez dute beren ekipamendu mekanikoa kontserbatu. Gurpilak, ardatzak, mailuak eta sutegi-hauspoak desagertu egin dira. Halere, oraindik, batzuk, eraikin hidraulikoa erakusten dute.
XVIII. mendetik aurrera bigarren ur-errota mota sortu zen, itsas-errotak alegia. Itsasbazterrera, hots, itsasaldien eragina nabarmenagoa zen gunera (kostaldea, padurak, itsasadarrak...) zeuden mugatuta.
Eskualdean, mende horretan, Iturrizak aipatzen duenez, 6 itsas-errota ziren martxan zeudenak, horietatik, lau, eskumako ertzean (Kortezubi eta Gautegiz Arteaga) eta bi ezkerrekoan (Murueta eta Busturia). Halere, gaur egun, batere ez dago martxan
Baina, nola eho aleak edo garauak lehorte-garaian, udan adibidez, ibaietatik eta paduretatik haratago dauden errotagintza-industriaren kasuan? Haize-errotak, edo uda-errotak, erabiliz.
c) Haize-errota
Hiru haize-errota izan omen ziren. Baina bere funtzionamendua azal diezagukeen haize-errotarik ez dugu Busturialdean.
Busturialdeak, beraz, errota-arro handiak ditu, Oka-Urdaibai ibaia eta bere ibaiadarrak, alegia. Bertan errota gehienak kokatzen dira. Bitxia da hainbeste agertzea, zerealak ekoizteko gaitasun eskaseko eskualdea izanik. Errota gehienak txikiak ziren, auzorako lan egiten zutenak, nahiz eta familia-errotak, jarraipenik gabe (urtaroen edo andaparekadaka) aritzen zirenak, izan baziren, eta beti ere garau-kantitate txikiekin.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.