Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Mugape-gurutzeak » Kalbarioak

Kokapena: Gernika-Lumoko hirigunean Errenteria auzoan, Lekeitio eta Markinarako bidegurutzean.

Gurutzearen aurrealdea Iparmendebaldera orientatuta dago.

Jatorria: Gurutzadura hau 1468ko ekainean Erreenteriako zelaietan izandako guda gogoratzeko eraiki zen. Muxikako eta Arteagako jarraitzaileen artean gertatutako borroka honetan hildako ugari egon ziren, tartean Joannes Arteaga, Arteagatarren garrantzitsuenetariko bat. (Gehiago jakiteko: Arteagako dorretxea).

Deskribapena: Elementu hau ondoko gorputzez dago osotuta: harmaila, oinarria, harroinen zutabea, fustea eta kapitela, eta goialdeko gurutzea.

Harmaila zirkularra da, hiru mailaz osotutakoa, eta gainean pedestala dauka. Pedestalak zokaloz eta plintoz eratuta dago. Zokaloa lau angeluarra da eta 0,65 m-ko tartea du aldeen artean. Aurrekoak 0,41 m-ko plintoa eusten du. Plintoaren lau aurpegiak hutsituta daude eta bakoitzaren barruan apaindura izartsua duen irudi diskoidala ageri da grabatuta erliebean.

Zutabeak moldura bi dituen harroinez osotuta dago. Honek eusten du fuste zirkular lisoa. Fustearen behealdearen herenean plintoan ikus daitezkeen antzeko lau diskoak ditu grabatuta. Kapitela, boluta formako lau hostoz dago apainduta. Angelu bakoitzeko boluta bana ageri da. Kapitelaren gainean abakoa dago eta azken honek gurutzea eusten du.

Goialdeko gurutzearen azkenean florenes daude eta bere barruan lantzerkan zizelaturiko beste gurutze bat du. Aurrealdean, Kristo gurutziltzatua du INRIren kartelaren azpian eta, atzealdean, Birjina, Haurra besoetan duela. Birjina eta Haurra bat ez datozen forma-proportzioak dituztenez era traketsean landuta dagoela ematen du.

Elementu osoa hareharrizkoa da eta 4,85 m-ko altuera du.

Gernika-Lumoko Errenteriko Gurutzadura
Gernika-Lumoko Errenteriko Gurutzadura.

Oharrak: Zokaloa, plintoa eta fustea ez dira hasierako gurutzearen jatorri berekoak. Goialdeko gurutzea errenazimentuko estilokoa da, baina lehenago aipatutako elementuak berriagoak dira.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.