Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Arratzuko parrokia Elexalde auzoan dago, Mendataranzko bidean, udalerriko nukleo nagusitik, hau da, Loiola auzotik urrun dago.

Parrokiaren jatorria ez dago argi eta historialariak ez dira ados jartzen, batzuentzat XII. gizaldikoa da, beste batzuentzat, ostera, XIII.ekoa. Iturrizak dioenez, Arratzuko Santo Tomas Apostoluaren parrokia XII. gizaldikoa da, Arrizuako oinetxeko ugazabak eta hainbat dibiserok egindakoa. 1095 eta 1179 artean ugazaba laikoek beste eliza batzuk egin zituzten eta Foruko San Martin, Kortezubiko Santiago eta Gautegiz Arteagako Andra Mari eliza ere aipatzen ditu. Beste aldetik, Labayrurentzat XIII. gizaldikoa da eta 1530ean berriro eraiki zela dio.

Parrokiaren patronazgoaren 3/4-ak Arteagatarrenak ziren eta gainerakoa Mezetatarrena. Gainera, eliza-jurisdikzioa zibila baino zabalagoa zen eta parrokiarik ez zuen Ajangiz, Mendata edo Gautegiz Arteagako etxe batzuen hamarrena jasotzen zuen.

Arratzuko Santo Tomas
Arratzuko Santo Tomas Apostolua eliza.

Eraikina

Elizaren hormek metro bateko lodiera dute perimetro osoan, goialdean izan ezik, meheagoa da-eta. Barruko euskarriak zaindun hareharri harlanduzkoak dira (hormetako eta euskarrietako harriak jatorri ezberdina dute). Kanpoaldetik, ez da erreza apareju-mota ez soldadurak bereiztea, hormak luzituta daude-eta. Horma-bularretan eta ertz-apainetan harlandua agiri da.

Eraikinaren oinari dagokionez, hiru nabe eta lau tramu ditu erdiko nabera, kapera nagusi angeluzuzenarekin. Euskarri eta gangek barruko espazioa mugatzen dute, forma errektangeluarra dute luzetara alboko nabeetan, baina koroaren azpian lauangeluarra. Erdiko nabearen tramuak ere lau angelukoak dira. Altxaeran, eliza "hallenkirche" erakoa da, nabe guztiak homogeneoki altxatzen direlako, erdiko nabea nagusitu barik. Kanpotik ikusita isurialde biko teiladuraz estalduta dagoen prisma paralelogramiko etzan eta txikiagoa den eta tenpluaren ardatz nagusiarekiko perpendikularra den beste paralelepipedo txikiagoaren (abside-kapera) itxura du.

Barruko euskarriak plinto karratu mailakatuaren gainean dauden lau zutabe toskano dira lehenengo tramuetan, estilo bereko eta sekzio karratudun zurtoin eta pilastra toskanoen ondoan. Zazpi metroko altuera dute eta goian fajoi-arku eta erdi puntuko molde-arkuak daude; horrek ganga zehazten dute, baina aldatu egiten dira kapera nagusiko estugunean.

Kanpoko euskarriak estribo prismatiko bertikalak dira eta ezponda dute goialdean (gehiago dago buru aldean). Gaur egun eraikin osoa dago bobedatuta, absideak gurutzeria konplexua du, arrosetoi klabeekin eta gainerakoa, ganga baituekin. Baina Iturrizaren arabera, berak eliza bisitatu zuenean ganga bako nabea zuen eta 116 oin luze eta 63 altu zituen (2002). S. Oar-Arteta eta J. A. Barrioaren arabera, eliza berriztatu zutenean, hormak metro eta erdi handitu ziren, ganga egin zelako.

Elizako koroa gero gehitu zitzaion. Erdiko arkuan dagoen inskripzioak 1772an egin zela dakar, baina hori baino lehen egurrezkoa zegoen. Forjazko karela dauka hiru tramotan (behe koroko kaperetakoen modukoak). Klaustroko eskaileretatik heltzen da korora eta behe koroa dauka, zeru-sabaian. Arkitektoa Juan Iturburu izan zen eta Domingo Intxaustik egin zuen hargintza-lanak. Barruan hiru irudi heraldiko daude, bi lehenengo plano biak bainatzen dituzten pilastretan eta bestea gangak goialdean mozten duen garapen-arkuan. Eskumako pilastrako blasoian galdarak eta banda engolatua du.

Arratzuko Santo Tomas
Elizaren sarrera nagusia.

Era berean, eraikinean hirugarren tramuarekin lerrokatuta dauden atari errenazentista bi ikusi genezake. Iparraldekoa da nagusia, erdi puntuko arkua da eta nazelatutako inpostaren gainean dauden dobela erradial handiez osotuta dago. Beste ataria arku apaldua da, arku hori osotzen duten piezen arista inguratzen duen nazelaz.

Torrea eraikinaren atari perimetralarekin elkartzen da eta goiko alderdian kanpaiak daude. Iturrizak dio hainbat biderrez konpondu direla. Atari horrek eliza osoa inguratzen du, zutikoen gaineko teilapea da eta harlangaitzez aparejatutako hormatxoa dauka. Oso egoera txarrean dago, 1953an Gandarias ahizpek konpondu zuten arren.

Altzariak

Bateo-kaperea koroaren azpian dago. Bateo-iturria XVI. gizaldiko galioi ahurrez dekoratuta dago eta harrizko podium gaineko burdinazko hesia dauka, artaburuekin apaindutako barra kapitalarekin.

Piedadearen kaperan (koroaren azpian), erdian Piedadeko Ama Birjinaren trapezio-itxurako oina duen erretaula rococo bat dago eta alboetan beste bi hutsik. Juan Ignacio Urkizak egin zuen 1779an eta irudia Juan Bautista Mendizabalek lau urte geroago.

Presbiterioan erretaula nagusia dago, errenazentista da, hiru kale eta pisua ditu eta erdiko atalean berdez jaspeatutako zutabe-pare korintiarrak ditu. Alboko kaleetan Jesusen Bihotzaren eta Ama Birjinaren irudi modernoak daude; lehen hor San Pedro eta San Pabloren irudiak zeuden, baina orain kaperaren estugunean daude eskegita. Erretaula nagusiko mahaia Juan Bautista Mendizabalena da eta erretaularen traza Juan Bautista Belaunzaranena.

Elizan beste erretaula batzuk ere badaude. Santo Kristo eta Bakardadearen erretaulak berdinak dira eta nabeen alboetan daude. Atal bat du kale batekin, zutabe salomonikoen mazoneriaz. Kristo Santua gurutzean dago Zeruko Jerusalemen aurrean; Bakardadearen Kristo dauka hilik oinetan eta ondoan San Juan. Lehenengoa Francisco Ignacio Azpiazurena da eta San Roke eta San Antonen irudi txikiak ere baditu erlaitzan; bigarrena, Pedro de la Garma eta Antonio OntaƱonena da eta atikoan San Joan Bataiatzailearen irudia dauka.

Arratzuko Santo Tomas
Santo Tomas Apostolua elizaren
erretaula nagusia.

Arrosarioaren erretaulak atal bat dauka eta zutabe salomonikodun zimera bat. Kalean Arrosarioaren irudi polikromatua dago. Atikoan San Sebastianen irudia dago, hispaniarflandiarra. Pedro de la Garmak egin zuen 1738an.

Amaitzeko, San Joseren erretaula daukagu. San Joseren irudia daroa atal nagusian eta San Juan Bataiatzailearena atikoan. Pedro de la Garmak egin zuen 1742an.

Arratzuko Santo Tomas
Barnealdea.

Beste objektuuu txikiagoak erbadaudeee, esaterako, Arrosarioaren irudi prozesionala, egurrezkoa, polikromatua eta XVIII. gizaldikoa; beste bat Kristorena atarian, kristalezko hormazinan, XVIII. gizaldikoa. Era berean, neoklasizismo amaierako erretaula berdin bi daude, egurrezkoak, polikromatu barik, Karmen eta Paduako San Antonioren irudiekin.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.