Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Mesedeetako Ahizpen Ordeneko Komentua Errenterian dago. Ajangizen eta Gernika-Lumon baino lehen, Ibarruriko elizatean egon zen, baina herentzia bat jaso ostean, Errenteriara etorri zen, leku egokiagoa zelakoan. Juan Iñiguez Arteaga Portuko Errenteriaren etxean hil zenean, bere andra Marina Saez Iturburu Portuondori utzi zizkion bere ondasun guztiak eta horregatik eraman zen Komentua Errenteriara, 1625ean.

Komentuak arazo batzuk izan zituen, bertan hainbat eliztar lurperatzen hasi zirelako; esate baterako Maria Bidasolok bere testamentuan Errenteriako Mesedeetako mojen Komentuan lurperatzeko eskatu zuen, bere amaginarreba Maria Irazabalen ondoan. Kabildoak hileta-elizkizunetatik jasotzen zuen diru-sarrerak arriskuan ikusi zituen, eta monasterioaren aurka egin zuen. Auzian 1652an konpondu zen eta erabaki bat hartu zuten alderdi biek.

Komentuak aurrera egin zuen eta 1665ean, lehengo oratorioaren ordez bidegurutzea-itxurako eraikuntza barrokoa egin zen: gurutze latino laburra, nabe eta burualde erdizirkularra, oinean nabarmendutako gurutzea eta horren erdiko tartea kupula batez estalduta.

Mesedetako Komentuak izan zuen erasorik handienetakoa Lehenengo Karlistadan izan zen. Bertako mojek Komentutik irten behar izan zuten, liberalek kuartela jarri zuten bertan-eta. Gerraren ostean, Komentua hustu eta apurtu egin zuten.

Komentua ekonomia aldetik ahulduta geratu zen eta sasoi hartako dokumentu baten, udalari ordainddu beharreko diru-kopuruak barkatzeko eskatu zion:

“deben considerar en la situación en que se halla esta pobresita comunidad”.

Gernika-Lumoko Errenteria auzoko Mesedetako Ahizpen komentua
Gernika-Lumoko Errenteria
auzoko Mesedetako Ahizpen
komentua. 1635 baino apur
bat lehenago, Martin Ibañez
Zalbideak sarbide hau
diseinatu zuen. Bere
kartapazioan ez dira xafla
italiarrak eta aipamen
gaztelarrak falta.

Eraikina

Arkitekturari dagokionez, portada klasizista da eta Martin Ibañez Zalbideak egin zuen. Antza denez, sasoi hartan alboko sarrera zoragarria zen, baina gaur egun oso egoera txarrean dago eta horma-hodia ere hutsik dago. Eraikuntzaren barrualdea euskal gotikokoa da, baina egin diren obra batzuek desitxuratu dute. XIX. gizaldiko erretaula dauka, San Pedro Nolasko, San Roman, San Paskual eta San Antonioren irudi berriekin. Alboetan aldareak daude, bertan San Bartolomeren irudia dago (gogoratu behar dugu San Bartolome baseliza zegoela Errenterian eta orain eliztarrak komentu horretara joaten direla) eta bestea Santa Anarena.

Tenpluaren barrualdea
Tenpluaren barrualdea.

Altzariak

Komentuko erretaula nagusia desagertu egin da baina datu batzuk dauzkagu. Erretaularen aipamen bat dakarren 1650eko dokumentu bat topatu dugu. Erretaula Foruko maisu arkitekto Juan Arzunagari agindu zitzaion. Erretaulak baldintza bat bete behar zuen, besteak beste, ordena dorikoko zutabeak izan behar zituela eta kapitelek ere ordena horren arabera dekoratuta egon behar zutela. Zoritxarrez, obra ez da kontserbatu.

Aldareetako baten Santa Anaren irudia dago Ama Birjinari irakurtzen erakusten, 1999an berriztatu zen eta komentuan Erremedioetako Ama Birjina esaten diote. Antza denez, XV. gizaldiko obra hispaniar-flandiarra da eta bitxia bada ere, Santa Anak eta Ama Birjina Gazteak azal beltza dute. Santa Anak eskumako besoan Ama Birjina daroa eta bestean liburu bat.

Erretaula-xehetasuna
Erretaula-xehetasuna.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.