Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Foruko San Martinen eliza parrokiala Elexalde auzoan kokatuta dago. Auzo horren inguruan kokatzen dira elizateko baserri-etxerik zaharrenak. Iturrizak dioenez eliza XI. eta XII. mendearen hasieraren artean eraiki zen.

“Advierto lo nono, que valiéndose de la citada concesión del Papa Urbano II, edificaron varias personas poderosas de estas provincias Vascongadas, iglesias parroquiales a título de gozar sus décimas, según escribe Esteban de Garibai Zamalloa en el capítulo 3º del libro 23 del Compendio Historial; y es de la misma opinión del Padre Fray Martín de Coscojales, quien, en el capítulo 12, folio 165 y siguientes del primer tomo de las Antigüedades de Bizkaia dice que varios dueños de casas solares de este Señorío unidos fundaron varias iglesias desde el año 1095 hasta 1179 en las cercanías de sus palacios con objeto de disfrutar sus décimas, y de no ir a las parroquias lejanas a oír misa y oficios divinos; las que menciona fundadas de esta naturaleza son , San Martín de Forua, San Martín de Arrieta...; todas las cuales son de patronato divisero, con el gozamen de décimas y presentación de sus beneficios”.

Hamarrenetan apala zen eliza hau XVIII. mendeko Bisitetan era honetan deskribatzen da: “(...) limpia, en cuanto lo permite su pobreza, pero con suma falta de ornamentos (....)”. Urritasun hau eraberritze ugariz baina bigarren mailakoaz konpontzen saiatuko dira. XIX. mendean egindako lanean bakarrik egin zen maila handiko eraberritzea.

San Martin
San Martin. Eraikin errenazentista honen
gaur egungo itxura XIX. mendean (1825)
hartu zuen, bere barnealdea eliza kolumnario
moduan antolatzea planteatu zenean hain
zuzen ere. Guztian ikus daitekeen gauzarik
arraroena burualdearen banaketa da,
kaperak elkarrekin komunikatuta daudelako.

Aurki daitekeen eraberritze zaharrena XVI. mendearen hasieran egindakoa izan daiteke eta mende honetako Bizkaiko harginek landutako eliza-ereduarekin bat dator: gela errektangeluar gotiko-errenazentista duen eliza (hallenkirche). Gizartea ulertzeko erakusten duen estilo bat adierazten duena. Horizontaltasunak eraikin osoa biltzen du. Horrela prisma kubikoa lortzen da. Bere altuera osoan horma perimetralak nagusitzen dira eta oinarrizko elementu euskarriak horiek dira. Baoek ere arreta guztia merezi dute. Sarbide bi dute: bata, albokoa puntaduna eta adobelatua eta bestea, nagusia, hau ere adobelatua. Biak daude atariaren azpian kokatuta. Sarrera nagusiaren aldamenean XVIII. mendean Foruan aurkitutako erromatar garaiko aldare-harria kokatu zen eta ur bedeinkatuaren ontzi legez erabili izan da. Sarbide nagusiaren gainean punta apur bat duen leihoa ageri da. Itsututa dagoenez dinteldun bao txikia bihurtu da eta bere forma zehaztea oso zaila da. Atzeko hormaren bi horma-bularren artean trazeria gotikoa duen sabaileihoa ireki da, baina barnealdetik ez da ikusten erretaulak estaltzen duelako. Elizaren oinaldean, ertz batean, itxura prismatikodun dorrea altxatzen da eta gainean lau isurialdeko teilatua du. Dorrea, 1633ko irailaren baino lehenago eraiki zen, orduantxe dokumentatuta baitago eraikitzeko beharrezko materialaren –teila eta adreilua- ordainketa. Abenduan, berriz, dorreko kanpaia kokatzearen ordainketa dokumentatuta dago. Bere silueta bertikalak eraikinaren horizontaltasuna apurtzen du eta honek, agian, XII. mendeko krisiak sortu zuen oligarkizazio sozialaren aurrerakuntzak adierazten ditu. XVII. mende honetan ere, 1611n zehatzago esateko, inguruko eskultore batek, Juan Akuriok, San Sebastianen irudi bat tailatu zuen kendutako beste bat ordezkatzeko. Izan ere, Santa Maria Lizentziatuak, Bizkaiko herrietatik bisitan ari zela, oso hondatuta zegoen irudia kentzeko agindu zuen.

XVIII. mendean, Bisitetan, konponketen beharra behin eta berriro aipatzen da eta, izan ere, altzari ugari erostearekin batera elementu arkitektoniko asko eraikitzen hasiko dira: abadearentzako etxe berria (1712), hilerriaren konponketa bertan ospatzen diren Biltzarrentzat (1714), Kristo Santuaren irudiaren konposaketa (1718), konponketa txikiak Fabrikan (1721), Beatikoaren kopoia eta kutxa doratzea (1736), teilatu berriak eraikitzea (1737), Arrosarioko Amaren efigiea eta Gurutz parrokiala konposatzea (40. hamarkada)...

1812an, badirudi, elizaren eraberritze-lanak hasten direla. Lanaren garrantzia eta sortuko dituen gastuak kontuan hartuta Fabrikak erroldari dirua eskatu beharrean egongo da. 1816an, zehazki, agirietan ikus daitekeenez eliztarrek Jose Gabriel Meaza -San Martineko onuraduna eta apaiza- Jaunari eta Antonio Uribe Bolealdea -zerbitzari sekular- Jaunari boterea eman zioten amaitzear zegoen parrokia honetako bobedaren lanarekin jarrai dezaten.

XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran konponketa txiki ugari egingo dira.

San Martin eliza kanpoaldetik
San Martin eliza kanpoaldetik.

Elizaren eraberritzea Errigoitin jarraitutako bideari, zati baten behintzat, jarraituz egin zen. Bertan, hiru nabeak altuera berean lerrokatu ziren kutxa gotiko-errenazentistan eta barnealdeari eliza kolumnarioen antolaketa eman zitzaion. Horretarako, espazioa zutabe toskanar pare baten bitartez konpartimentatu zen eta horien gainean bobeda trenkatua oinarritzen da. Eraberritze guztitik aipagarriena eliza hiru burutan zatituko dela da eta sortutako hiru kaperak elkarrekin komunikatuta egongo dira. Erabilitako baliabide hori soluzio prerromanikoa da.

Beraz, eliza hau, neurrien eta erabilitako materialen aldetik apala izan arren “hallenkirche neoklasikoa” mantendu eta bilatu nahi duen ale arkitektoniko interesgarria da.

Elizaren barnealdean koruko ezkerreko zutabearen euskarrian 1815eko data adierazita dago eta urte horretan ari dira garrantzi handieneko lanak.

2005. urtean elizaren barnealde osoa eraberritu zen.

Altzariak

Elizaren buruan, erdiko kaperan, Rococó estiloko erretaula handia kokatuta da. Erretaula hau Juan Urkiza maisu eskultoreak, 1754 eta 1759 urteen artean, egin zuen.

Aldarearen ostean dagoen erretaulak jesarlekua, hiru buru eta atikoa du. Lan honetan, Urkizak, garai honetako joeren elementuak gainjarriz konbinatzen ditu; horrela, konposizioan baliabide klasizistak eta barrokoak bat egiten ditu. Arrokaila –motibo naturalen (oskolak, kurbak…) bidezko apaindura- asimetriko eta sinuosoekin, bai eta estilo naturalistiko gaiekin (adarrak, loreak, hostoak…) ere apainduz argitasun eta arintasun aldetik eszenografia osoa eskaintzen du.

San Martin eliza parrokialaren aldare nagusiko erretaula
San Martin eliza parrokialaren
aldare nagusiko erretaula.
1754-1759 urteen artean egindako
lana da.

Barnealdean San Martin Gotzaina gordeta dagoen kristal-ontzi handia dago. Alboko burualdeetan tamaina txikiagoko kristal-ontziak daude eta erdiko baino beherago kokatuta daude. Efektu honek konposizioa dinamizatu egiten du, hiru irudiak triangeluan kokatuta agertzen direlako.

Erretaulako eskuinaldeko kaperan orden konposatuko bi zutabek San Antonioren irudia inguratzen dute; ezkerraldean San Pedrorena dago. Irudi biak, atikoan kokaturiko Kristorenarekin batera, Juan Munar eskultorearen lanak dira. 1763an entregatu zizkion elizari.

Atikoan konplexutasun espazialaren baliabidea errepikatu egiten da, Kristoa dagoen kristal-ontzia apur bat aurreratu egin baita. Horren hondoa margotuta dago. Pinturak Golgota adierazten du. Atzealdean Jerusalem hiria dago, hiltzear dagoen Kristoren buruaren gainean eguna eta gaua ilunpean bat egiten dute.

Ezkerreko eta eskumako hormatalak arrokail ugariz apainduta daude eta muturren amaieran Rococóaren oso gustukoak diren bi angeloteren irudiak daude.

Ezkerreko kaperan erretaula klasizista dago. Tamaina txikikoa da eta orden konposatuko hiru kaletan ordenatuta dago. Erdiko kalean Birjina Haurrarekin irudia dago. Erretaulan aingeru baten irudiaren erretaulatu zen. Erretaula honetako ezaugarrietan oinarriturik esan genezake Foruko Tailerrari dagokiola eta Pedro Alloyitizen landua dela hain zuzen ere. Egile horrek egindakoa dela apaindurak salatzen du, txoriak mahats-aleak jaten ari dira eta hori eskultore horren ezaugarria da.

Eskumako kaperan erretaula neoklasikoa dago, XIX. mendean datatu daitekeena. Orden konposatua du. Kale bakarra du eta bertan Doloretakoa dago; agian, elizaren Fabrikak 1812an lorturiko Bakardadearen Amaren irudia bera izan daiteke. Egilea Juan Bautista Mendizabal da. Gaia, herri-irudigintzaren ohiko motiboa, oso teknika garatuarekin lantzen du egileak. Aurpegiaren zuritasunak eta atsekabeak min handia duela erakusten du. Eskuak hain okertuta izatea eta Birjinak jantzita duen arropa beltza hain era politean eta perfektuan daude egurrean tailatuta herriko irudigintza aberastu egiten duela.

Bakardadea Amaren irudia
Bakardadea Amaren irudia.
Juan Bautista Mendizabal maisu
eskultorearen lana da eta 1812an
egindako da. 2012an eraberritzen
ari ziren.

Elizaren nabearen muturretako bakoitzean erretaula klasizista pare bat dago. Dimentsio berekoak, ez dute polikromiarik edo polikromia iluna dute. Biak, Foruko Tailerrekoak dira eta hain zuzen ere Juan Bolialdeak egindakoak dira. Ezkerraldeko erretaularen aldamenean baldakin polikromatu txikia dago. Bere barnean Birjina Haurrarekin jesarrita dago. Honetan ere polikromia-hondarrak daude.

Erdiko burualde ainguratzen duten hormetan ere egurrean tailatutako bi baldakin erantsita daude. Euren barnean Jesusen Bihotz Sakratuaren eta Sortzez Garbiaren irudiak daude.

Sakristia

Sakristian armairuaren tiraderak nabarmendu behar dira. Muxikakoaren eta Errigoitikoaren antzekoak izanik Juan Uturbururen lana izan daiteke.

Aztarnategia

San Martin elizaren barnean egin diren indusketek egiaztatu egin dute esparru hori okupatuta egon dela denbora luzean eta okupazio horrek erromatarren garaietara eramaten gaitu.

Eliza XVI. mendearen hasieran eraiki zuten. Nabe nagusian kutxa-motako nekropolia zegoen, XVIII. mendekoa, eliza egon zen eta gaur egun koroaren azpian artatu den XVI. eta XVII. mendeetako lehen nekropolia ordeztu zuena.

Gaur egungo tenplua XIV. mendearen inguruan eraiki zen eliza gotikoaren gainean eraiki zuten; koroaren azpiko nekropolia horri lotuta zegoen.

Hormak
Beirako zoruari esker erromatar eta gotiko
aroko hormak ikusi ditzakegu.

Geruza gotiko horren azpian oso zabala den nekropoli prerromanikoa eta erromanikoa dago, harlauzazko hilobiekin. Presbiterioaren aurrean ume batena ikus daiteke.

Tenpluaren indusketetan aurkitu diren erromatarren aztarnak asko dira (txanponak, zeramika eta eraikinen zimentazioak) eta horiei esker jakin dakigu zati batean erromatarren garaiko Foruko herrixkaren gainean egin zutela. Gure garaira iritsi diren eraikinen aztarnen artean gainjarrita daude arkupedun egiturak daude, seguruenik Foruko erromatarraren forumeko eraikin publikoetakoak zirenak.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.