Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Santiago Apostoluaren baseliza Lekerika auzoan, Illuntzar mendiaren hegal batean, artez inguratuta, Santixagoko zelaia deituriko lekuan eta Oruta (Orueta) baserri-etxetik gertu kokatuta dago.

Eraikina Hego-ekialde – Ipar-mendebalde orientatuta dago. Oin-plano karratua (9,90 x 8,15 m) du. Hormak harlangaitz diskretuan eginda daude. Albo batean eta aurrealdean zurituta dago. Beste alboan eta atzealdean ez. Ertzak harlanduan eginda daude. Bere fabrika kalitate onekoa izan arren karearekin estalita dago. Ezaugarri horiek eta barnera sartzeko ateak duen ojiba-itxurako arkuak historialarien aburuz eraikin hau sailkatzeko elementu nabarmenak dira. Beraz, XV. eta XVI. mendeen artean koka daitekeen eraikin hau gotiko-errenazentista da.

Hiru isurialdeko teilatua du. Bao bakarreko kanpai-horma, kanpaiarekin, eta burdinazko gurutzea gainean.

Arkupeak babesten duen sarrerako baoa ojiba-itxura du eta egurrezko atearekin ixten da. Atean, barnea begiratzeko neurri txikiko zulo bi ditu. Eskuman, kareharrian egindako garrantzi berezirik gabeko mentsula ere badu. Ezkerrean, Ereñoko kareharri gorrian egindako erdi-zirkuluaren itxurako ur bedeinkaturako ontzia dago. Gainean, horman itsatsita, oin luzeko gurutzea dago eta bere inguruan inskripzio bat dago (bere egilea izan zen Jose Uriguen Aitarena seguruenez).

Sarrerako arkua gurutzatu eta gero gezi-leiho batetik sartzen den argiarekin argiztatutako nabe bakarreko kapera batekin topo egingo dugu. Gezi-leihoa, barnetik, bao karratuarekin inguratuta dagoenez kaperara indar handirik gabeko argia sartzen da. Egurrezko zoladurarekin aldareko mahaira helduko gara. Oso apala da. Bere gainean era bereko Ikazuriagako San Kristobalen eta Akordako Santa Katalinaren egurrezko erretaula txikia gainjarrita dago. Gainean, gurutzea du. Bertan, irtengune txiki batean, Fatima birjinaren irudi polikromatu txikia dago. Aldarearen albo bietara egurrezko altzari apal bi daude. Bata, ezkerrean mahai txikia eta, bestea, eskuman, material bereko kutxatzartxoa dago. Amaierako horman, erretaula txikiaren alde bietara, bi margo-lan txiki daude. Ezkerrean Pio X Aita Santuarena eta Mariaren Bihotz Sakratuarena, eta eskuman Jesusen Bihotz Sakratuarena eta Santiago Apostoluarena.

Bere artapen-egoera txarra da. 1982an konpondu zen. Udalak, materialak, eta, herritarrek, eskulana, jarri zituzten.

Santiago Apostolua
Santiago Apostolua.

Baseliza honen aipamen historiko bakarrak Nabarniko herritar batzuek agindutako limosnak eta mezak dira. XVI. mendean, baseliza honekin batera, San Kristobalen baseliza aipatuta agertzen da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.