Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Gaztelugatxeko San Juan baseliza erdi-puntuko bi arkutako zubiaz lehorrarekin loturiko Bizkaiko Itsasoaren gaineko harkaitzaren tontorrean dago. Herri kontaketen arabera, lekua san Juan Bataiatzaileak berak bisitatu zuen: Bermeoko portuan lehorreratu zen eta, hiru erraldoi-urrats eginik, baselizara iritsi zen, bideko hainbat puntutan bere oinatzak utzita: Bermeoko San Juan arkuan, Araneko Itsasalde baserriaren ondoan Burgoako gainean, eta baselizarako sarbideko azken mailan. (gehiago http://www.urdaibai.org/eu/kondairak.php)

Gaztelugatxe
Gaztelugatxe.

Baseliza hau egun planta angeluzuzeneko eraikina da, honakook dituena: abside poligonala, horma-bularrez indartutako harri-hormak, buruan izan ezik bi isurialde dituen gainaldea, korapilatsuagoa, eta hegoaldeko ataria. Oinetan harlanduzko kanpai-horman dago, kanpairako bao bakarrekoa. Beraren goialdean gurutzea dago. Beronen pean zirkuluerdi koskadunean sartutako san Juan Lepogabetuaren erliebea dago, eta beherago sarbide nagusia. Barrualdean jagonda daude san Juanen, san Pedroren, san Pabloren, san Antonioren, Andre Mariaren eta Karmengo Birjinaren irudiak. Baina herri debozioan sakonki errotuta daudelako deigarrienak dira hondoratzeko zorian dauden ontziak irudikaturik dituzten koadroak eta ex-voto-en modura zintzilikaturiko ontzien maketak. Horrek erakusten zuenez, eskerrak ematen zituzten santuaren babesa bilatzera joaten ziren fidelek. Horrela, itsasoaren egoerak arriskua adierazten zuenean, Bermeoko itsasturiek eta arrantzaleek santutegia bisitatzeko promesa egiten zuten. (gehiago http://www.urdaibai.org/eu/etnografia/mitologia.php)

Kanpoaldea
Kanpoaldea.

Tradizioen jatorria ezezaguna zaigu, baita baselizarena ere. Egungo eraikina 1886ko berrikuntzaren ondoriozkoa da: orientazioz ere aldatu egin zen, presbiterioa Mendebaldera jarri baitzen. Baina obretan beste zenbait material aurkitu ziren haren iragana ikustea ahalbidetu digutenak. Iragan hori hobeto ezagutu ahalko da, arkeologi ikerketarik eginez gero. Horrela zenbait txanpon aurkitu ziren. Beraietarik bat Fernando III.aren garaietan (1217-1252) egina zen. Era berean, harrizko zenbait hilobi monolitiko aurkitu ziren, gainalde primatikozkoak, Elorrioko Argiñetakoen antzekoak, IX eta XII. mende bitartekoak.

Baselizaren barrualdea
Baselizaren barrualdea.

Hilerria zegoen oso leku ailegagaitz eta biztanle-guneetatik urrunduetan. Izan ere, lehengo elizarekin batera, inguruko biztanleen Erdi Aroko lehenengo garaietako ekonomi eta erlijio bizitzaren erreferente antolatzaile garrantzitsua da. Gero ere, tenplua Bakioko San Pelaio parrokiaren menpeko baseliza huts bihurtu ondoren ere, erreferentzia-lekua izaten iraun zuen. Ildo horretatik, egun oraindik joaten dira dagoeneko abandonaturik dauden antzinako bideetan zehar erromesaldietan Arrietako, Meñakako, Bakioko eta Bermeoko auzotarrak. Elizate eta hiribilduok Sollube mendiaren hegaletan zehar sakabanatuta daude.

Fatxada
Fatxada.

Erdi Aroan haitzeko elizak hainbesteko garrantzia izan zuen, ezen Aragoiko Haitzeko San Juan monasterio urrunaren interesa piztu baitzuen. 1053an haren jabeak ziren Iñigo Lopez Bizkaiko kondeak eta Toda beronen emazteak Zianno monjeari laga zioten, haiek hildakoan aragoar abadiari ematekotan. Baina ez dakigu kondearen agindua bete zen. Izan ere, mende bat geroago, 1162an, berriz antzinako kondearen ondorengo baten eskutan zegoen: Lope Díaz Haro I.aren eskuetan. Beronek Mahatsondoko Andre Mariaren premontretar ordenari dohaintzan eman zion. XV. mendearen hasieratik 1612ra arte, Errege patronatukoa izan zen eskuordeturik, Bakioko San Pelaio eliza hurbilari loturik. Harremanen onuradun Abendañotar familia zen.

Oin-planoa.
Oin-planoa.

Hark erlijio-egitekoa izan zuen, baita, inoizka, gotorleku-funtzioak ere, beraren izenak adierazten duen bezala. 1334an, Juan Nuñez Lara Bizkaiko jaunaren aldeko zenbait jauntxok Gaztelako erregea zen Alfontso XI.a lurraldean sartzearen kontra jardun zuten gotorlekuetakoa izan zen. Ez zen hura izan baselizak jasan zuen eraso bakarra: baselizari 1596an Drake itsaslapurraren ontziek eraso zioten; eta 1782an, ingeles kortsarioek.

Exvoto-ak
Exvoto-ak

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.