Urdaibai Biosfera Erreserba » Arkitektura » Arkitektura Erlijiosoa » Elizak, baselizak, komentuak eta klaustroak

Erremedioetako Amaren baseliza, herritarrentzat, Andra Mari, Morgako Andra Mari auzoan kokatuta dago.

San Martineko parrokia auzo askotatik urrun kokatuta zegoenez, auzo horietatik gertuago zerbitzu erlijioso horiek eskaintzen zituzten beste eraikin erlijioso batzuk egotea nahi izan zuten herritarrek. 1764an, elizateko ordezkaritzak Ana Joakina Arteaga, Balmediano Markesaren alaba, parrokiaren buruari eta hamarrenen ardura zuenari eskatu zitzaion. Lan hori finantzatzeko udalak ondasun desberdinak utziko zituen. Era berean, Ana Joakina Arteagak hamarrenetatik lortutako sarreretatik urtero berrogeitamar dukat eman behar zituen, baina ezin izango zuen San Martin elizaren betebehar parrokialak bete.

1814an, herritarrek, bertan ospakizunak egitea eskatu bazuten ere, Kabildoak eta Kalagorriko Eliza-Epaitegiak ezezko erantzuna eman zieten. Ebatziari helegitea jarri zioten, eta aipaturiko Kabildoarekin pleito luzea hasi zen. Azkenean, Kabildoak Burgosko Metropolitanora zein Nuntziatura Apostolikoaren Rotako Epaitegira jo arren, herritarren eskaera onartu behar izan zuen.

1818tik aurrera, Erremedioetako Amaren baseliza zentro txikia izateari utzi zion. Jai batzuetan ekimen liturgiko puntualak hartzen zituen eraikin erlijiosoari izateari utzi eta elizen laguntzaileek dituzten betebehar parrokialen ardurak zituen tenplu bihurtu zen.

Erremedioetako Ama
Erremedioetako Ama edo Andra Mari baseliza.
Kokapen pribilegiatuan tenplu zaharra
berregin zen 1776an. Pentsatutako
funtzionaltasunak ez du lortu landa-
barrokoaren ezaugarrietatik aldentzea.

Iturrizaren ustez, baseliza 1775ean berreraiki zen: “y por los huesos de finados que se hallaron al ampliarla se conjetura haver sido en tiempos pasados Iglesia con enterrorio”. Lanaren ardura Muxikako herritarra zen Bautista Aurre Lekerikarena izan zen.

Elizak, kanpoaldetik, itxura apala erakusten du, nahiz eta bere neurriak tokiko gainontzeko baseliza baino askoz ere handiagoak izan. Bere eskema arkitektonikoa bi parrokien antzekoa da. Desberdintasunak ondokoak dira: fabrika-kalitatea, neurri txikiagoa eta arkupea sarreran egotea. Bere ondoan dagoen eliza-etxearekin eta sakristiarekin osotasuna lortzeko tenpluak nabe bakarra du eta bi isurialdeko teilatua. Eraikuntzako materiala harlangaitza da, ertzetan harlandua badago ere. Ekialdeko fatxadan turuta-itxurako lau bao eta bi bao dinteldun altueran zabaltzen dira eta euren maila arkupeko teilatutxoaren gainetik dago. Mendebaldean, apaindura erabat desagertzen da, harlandua zurituta dago eta egitura eusteko lau bular-horma daude, euretariko bi ertzetan kokatuta. Geroago, apaiz-etxea eraiki eta eraikina luzatu zenean, aipaturiko bular-horma luzatutako paramentuan sartu zen eta horrela, bere euste-funtzioan antzinako nabearen lekukoa utzi zen.

Arkupe txikiak ez du ezer berezirik. Isurialde bakarreko teilatutxoak egurrezko zutikoen gainean oinarrituta dago. Zutikoak, berriz, harrizko oinarri tronkopiramidalen gainean eta horma txikiaren gainean oinarrituta daude. Era berean, apaiz-etxearen hegal batean oinarrituta dago eta sakristiaren gainean luzatzen da eliztarrentzako babesleku txikia eratuz.

Kanpai-dorrea hiru ataletan bananduta dago eta banaketa lodieran txikitzen doan hormak egiten du. Horren fabrika eraikinaren gainontzekoaren antzekoa da, eta ereduaren monotoniarekin apurtzen duen ezaugarri bakarra kanpaiak dauden erdi-puntuko lau baoen apaindura eza da. Dorrea, 1858an eraiki zen.

Lanaren plangintza eta baldintza artistikoak Begoñan bizi izan zen Martin Luciano Echévarri lan-maisuarena izan bazen ere, lanari azken errematea Manuel Aranak eman zion.

Barnealdetik, Erremedioetako Amaren baseliza bere lerro arkitektonikoetan soildu egiten da. Nabe bakarra du, espazioa zatitzen duen hegaleko pilastrarik gabe. Ganga, alde batetik bestera doazen arku osoek mugatzen duten sektoretan bananduta dago. Atal horiek ere luneta sakonen bidez irekita daude, espazioa erakargarriagoa eginez eta lerroen monotonia apurtuz. Era berean, hegaletako parametroen gainean erdi-puntuko arkuak daude eta, horien azpian, ekialdeko fatxadan aipaturiko baoak kokatuta agertzen dira. Arku fajoiek hormatik zuzenean jaiotzen diren inposten gainean atseden hartzen dute.

Burualdean mahai-eran aldare txiki eta modernoa dago. Ez du gauza berezirik erakusten eskalinata bikoitza izan ezik, eta nabearen luzapen soil moduan erabiltzen da. Bertan, ez dago erretaularik eta espazioan bi irudi nabarmentzen dira: gurutzea eta XVIII. mendeko rococoan ondo egindako Sortzez Garbiaren irudia.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.