Urdaibai Biosfera Erreserba » Argitalpenak

Gaia: Toponimia

Bermeoko toponimia

azala

Irune Allika eta Bitor Uriarte




Prezioa: Salmenta puntuan galdetu. Salmenta-puntuak:

Bermeoko Udalak Bermeoko leku-izenak edo toponimoak galtzen ari zirela eta egungo euskararen arau eta moldeetara egokitu behar zirela ikusirik 1999an aipatu Udalak Bermeoko toponimia ikertzeko beka eman zien Irune Allikari eta Bitor Uriarteri. Behin geure burua kokatu eta gero goazen bada, lan honen nondik norakoak laburki aipatzera. Aldez aurretik, esan beharra dago, behar konplexuaren antza hartu diodala nik.

Leku-izenen berri izateko, autoreen aburuz, iturri desberdinak erabili dituzte, nagusiki idatzizkoak eta ahozkoak.

Lehendabizi beste autoreek idatzitakoa, hots, bibliografia, aztertu dute. 100 bat argitalpen desberdin erabili dituzte horretarako. Artxiboetara ere jo izan dute dokumentazioa edo espedienteak, aztertzera. Artxibo-mota desberdinetan egon dira, Bizkaiko Foru Aldundiko Artxiboan, Bermeoko Udal Artxiboan edota Madrilgo Artxibo Nazionalean, esaterako. Denetara, eta liburuan aipatzen dutenez, 1600 espediente baino gehiago aztertu dituzte 12 artxibo desberdinetan.

Ahozko ikerketak ere buruhauste bat baino gehiago ekarri die. Hasieran, auzo edo gune bakoitzeko hiruzpalau berriemailerekin egotea nahikoa izango zela uste bazuten ere, laster aldatu behar izan zuten estrategiaz eta baserri guztietatik igarotzea hobe izango zela erabaki zuten. Izan ere, bi zailtasun nabarirekin egin zuten topo: alde batetik, Bermeo aldeko ezaugarri geografikoek (ibar estuak eta baso, erreka-zulo eta beresien ugaritasunak) eragotzi egiten diolako tokiko baserritarrari besteen sailen izenak ezagutzea; eta bestetik, baserritar gehienak ez direlako prest azaltzen beraienak ez diren lurren ezizenak emateko. Horrela, beharrizanak eskatuta, baserri guzti-guztietatik igaro ziren. Guztira, 166 berriemaileren laguntasuna izan zuten. Horietako bakoitza elkarrizketatu zuten; eta ondoren elkarrizketaren grabazioa transkribatu zuten, 166ena osatu arte.

Baina aurreko guztia aipatu ondoren, zein izan da emaitza? Interesgarria. 1300 leku-izen edo toponimo baino gehiago euskararen gaur egungo arau eta moldeetara normalizatuta eta bakoitza non kokatzen den zehazki kartografiatuta.

Beraz, laburbilduz, oso lan interesgarria Bermeoko leku-izenen edo toponimikoen berri izateko.

Lan osoa Bermeoko Udalaren web-orrian dago eskegita: www.bermeo.org/toponimia

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.