Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Geologia

7. Kobal esta Osinak

Urdaibaiko pasaia karstikoan kobak, leizeak, iturbegiak, sarbegiak, arraildurak eta bestelako barrunbeak beha daitezke. 233 barrunbe katalogatu badira ere, askoz ere gehiago egon daitezke. Koben eta leizeen sarrerak egitura konplexuago baten zati ikusgaia dira, barne-paisaia osatzen duten hodi-sarearena, hain zuzen ere. Ezezaguna eta imajinatzeko zaila da paisai hori,baina kanpoko paisaiarekin bateragarria den aniztasuna, konplexutasuna eta eitea du.

Barne-paisaia horren elementurik aipagarrienak ondokoak dira:

+ Atxapunta-Gaztelugatze (Busturia, Sukarrieta, Mundaka, Bermeo) eremua: Ezagutzen den barrunbe-kopurua txikia da. Halere, Busturiako San Pedro koba (2.800 m galeria ezagun) eta Mundakako Errekatxu (400 m baino luzeagoa) aipa daitezke. Gainera, San Pedroko kobarekin zuzenean lotuta daude gehienak. Kostako lerroan, Txatxarramendi uhartean, hainbat diaklasa daude eta, itsasoaren higaduraren eta modelatu karstikoaren eraginez, horietan sartzeko adina garatu dira.

+ Atxarrea eremua (Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu): Urdaibaiko garapen-barrunbe handiena hemen dsagoen arren, endokarsta ez da espero bezain ikusgarria. Hemen, katalogatuta 77 barrunbe daude eta horietako gehienak txikiak dira. Garapenaren arabera, esanguratsuenak ondokoak dira: Argatxa (4.000 m) eta Osina (2.100 m) kobak, eta Matxibarre II (- 71 m) eta Atxinda II (-70 m) leizeak. Interes hidrologikotik kontuan hartu beharrekoak hauek dira: Laida eta Arketas ur-begiak, eta Txakurzulo eta Leze Galdue hobiak.

+ Busterrigane eremua (Ereño, Nabarniz): 14 barrunbe dira ezagunak eta guztiak txikiak. Hemen daude Urdaibaiko leize sakonenetako bi: Busterrigane (-91 m) eta Arraska (-65 m).

+ Ereñozarre eremua (Kortezubi, Gautegiz Arteaga, Ereño, Nabarniz): Ikuspuntu hidrologikotik bi huste-eremu nagusi ditu: Rekalde iturria, batetik, Oiangitxi kobaren bidez, iparraldeko mugan; eta Oma ibaia, bestetik, Olalde ur-begiaren bidez, hegoaldeko mugan. Rekalde iturria Bollar koban sortzen da. Oma ibaia Olalde ur-begian ateratzen da berriz gainazalera, lurpean, lerro zuzenean, 2.500 m baino gehiago egin ondoren. 71 barrunbe aurkitu dira eta asko dira interesgarriak: Oiangitxi, Olade, Bolunzulo, Aldekoerrota, Atxondo, Santimamiñe, Sagastigorri, Elesu, Kobaederra III, Goikolea, Boluna, Dolatazulo, Lastarrike, Ondaro...

+ Iluntzar eremua (Nabarniz): Kareharri-puska erraldoi honetan 75 barrunbe baino gehiago dira ezagun, baina 5 besterik ez daude Urdaibain. Barrunbe txikiak diren arren, aipagarria da Gurutzegane koba, barruan arkeologia-aztarnategia duelako. Bestalde, Motrollu leizea ere aipatu behar da, sarreran 35 m-ko jauzi bertikal duelako. Ineritze leizeak 330 m-ko sakonera du baina Urdaibaiko mugetatik kanpo dago, metro bakar batzuengandik bada ere.

+ Ogoño eremua (Elantxobe, Ibarrangelu): Eremu honetan katalogatutako barrunbeen % 30 itsasoaren eraginarekin lotuta daude zuzen-zuzenean. Bi koba, Kantauriko Begia eta Ekatxorien koba, itsaslabarraren erdian daude itsas-mailatik 50 m-ra. Zenbait bufoi daude, hots, putz egiten duten zuloak. Ogoñoko Urpeko kobak 80 m-ko garapena du urpean.

+ Foruako aitza eremua (Forua, Murueta, Busturia): 31 barrunbe daude. Guztiek garapen zehargarri eskas xamarrak dute, 200 m-tik beherakoak dira denak, eta desnibela, berriz 50 m-koa da gehienez ere. Arrola hobia eta haren Atxagako ur-begia aipatu behar dira, duten interes hidrologikoagatik. Kulturaren ikuspegitik Atxeta koba, eta morfologia eta garapenaren ikuspegitik Apraiz eta Iturgoin II kobak eta Atxurkulu leizea aipatu behar dira.

Urdaibaiko paisaia endokarstikoaren inguruan gehiago jakin nahi izatekotan Urdaibai: Leizeen eta Koben Katalogoa deituriko argitalpena kontsultatzea komenigarria da.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.