Urdaibai Biosfera Erreserba » Geografia » Klima

Aldaketa klimatikoaren eragina Urdaibai.

Klimaren zientziak duela gutxira arte klimaren baldintzak, oszilazio konstanteen eta ziklo aldakorren artean, nahiko egonkorrak zirela uste bazuen ere, gaur egun oso argi dago planeta osoan aldaketa klimatikoa gertatzen ari dela. Urdaibain nolako eragina izan dezakeen ez dago argi. Hala ere, adituen artean gero eta sarriago entzuten da itsaso-mailaren igoera gertatzen ari dela, beroketa globalak poloetako (Groenlandia, Ipar Poloa, Antartikoa…) eta glaziarretako izotza urtzen ari delako.

Ondoriorik nabarmenenak itsasoaren mailaren igoeran laburbilduko lirateke. Honek honela eragingo luke: eskualdeko hareatzen (Laga, Laida, Laidatxu, San Antonio…) txikitzea edo desagerpena, estuarioko barnealdeko hezeguneen berraktibazioa, azken urteetan lehortutako zenbait hezeguneen berreskuratzea, inguruko udalerrien lurrik baxuenak urperatzea, portuen (Bermeo, Mundaka, Elantxobe) kaiak handitu beharra, itsasaldien kontrol-sistemak ezartzea, bai eta beste erabateko eraginak estolderia-sareetan, garraiobideetan, etabarretan.

Hurrengo hamarkadetan Urdaibaiko klimaren ezaugarriak nolakoak izango liratekeen zehaztea fikzioaren munduan barneratzea litzateke; halere, azken hamarkadetan klimak izan duen portaerari erreparatzearekin bakarrik, ausartak izanik, mediterraneizatzeko nolabaiteko joera izango lukeela esan daiteke. Beroa areagotu eta muturreko gertaera puntualak (haize indartsuak, ekaitz gogorrak eta laburrak, lehorte-aldi luzeak, izurrite berriak edo indartsuak lehen sektorean, Bizkaiko Golkoko arrantza-espezietan aldaketak…) gertatuko lirateke. Adituren batek aipatu du haritzak eurak eta haritzekin erlazionatutako beste zenbait espezie ere hamarkada gutxitan desager daitezkeela, euren oinarria den ingurumen-euskarria aldatutakoan. Gernikako Juntetxeko haritzak euskal herriaren foruen eta askatasunaren ordezkari izateari utziko al dio egunen batean?

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.