Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Mugimendu ekologista eta besteak.

Aurreko mendeko 70. hamarkadaren inguruan zentral nuklearrak eraikitzearen aurka Euskal Herrian sortutako mugimendu antinuklearren eragina Busturialdera edo Urdaibaira ere heldu zen. Eta hemen ere, proiektu horien aurka, hainbat ekimen gauzatu ziren. Gogora dezagun Lemoizen eta Ipazteren, biak eskualdetik oso gertu, zentral nuklearrak jartzeko asmoa zegoela, baina azkenean martxan ez jartzea lortu zen. Baina eskualdea babestearen alde sortutako mugimendua aipatu beharra dago, horren aldeko mugimendu kultural indartsua sortu zelako. Esparru honetan Busturiko Auzoarteko Auzo-Elkarteak eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak egindako lana goraipatu behar da. Emaitza ona ere izan zuen, 1989ko uztailaren 6an Eusko Legebiltzarrak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Babeserako eta Antolaketarako Legea onartu zuelako, Euskal Autonomia Erkidegoko lehenengo eremu natural babestua izan zelarik. Ezbairik gabe, babesa eskualderako oso mugarri positiboa izan da. Paperetan babestuta eta antolatuta dagoena errealitatean ere egoteko hainbat lan egin behar da. Esparru honetan, Zain Dezagun Urdaibai, Gernikako Ekologi Lan Taldea eta Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioa taldeek egiten duten lana azpimarratu behar da. Urdaibairen alde lan egin duen mugimendu ekologista, zentzurik zabalenean, ezagutzeko egingo dugun ibilbidearen amaiera 2010. urtean kokatuko dugu.

Abiapuntua XX. mendearen 70. hamarkadan jarriko dugu. Proiektu nuklearren arabera kantaurikoko kostalde osoan, Gipuzkoatik Lugora, zortzi zentral nuklear eraiki nahi ziren. Horietatik lau Euskal Herrian. Bat, Basordako kalan (Lemoiz); bigarrena, Punta Endatan (Deba); hirugarrena, Ogellan (Ea eta Ispaster artean) eta, laugarrena, Murillo de Limas aldean (Arguedas, Nafarroa). Euskal Herriko laurak Hidroeléctrica Ibérica Iberduero S.A.-k -1992tik aurrera Iberdrola S.A.- bultzatutakoak.

Lemoizkoa Gernika-Lumotik, lerro zuzenean, 21 km-ra, eta, Bermeotik, 12 km-ra zegoen. Ogellakoa, Ea eta Ispaster artekoa, Busturialdearekin muga eginez, Gernika-Lumotik, 20 bat km-ra zegoen.

Proiektu hauek iragarri zirenean alarma soziala piztu zen.

Gernika-Lumoko Eguzkik 1988an antolaturiko Gernikako I. Aste Ekologistaren barnean landuko ziren gaiak aditzera emateko prestaturiko kartel desberdinak.

Komite antinuklearrak, Eguzki eta Eki

1976. urtearen hasieran Lemoizko zentral nuklearraren proiektuaren aurka borrokatzeko talde sozialak antolatzen hasten dira. Horietako bat, Euskal Itsasalde Ez Nuklear Defentsarako Batzordea-Comisión de Defensa de una Costa Vasca No Nuclear deitutakoa zen. Bestalde, Euskal Herriko herri gehienetan Komite Antinuklearrak jaio ziren. Komite Antinuklearrak Lemoizko proiektuaren aurka biztanleak herriz herri sentsibilizatzen aritu ziren.

DATAK GERTAERAK
1976 Maiatza. Euskal Itsasalde Ez Nuklear Defentsarako Batzordea sendotu egiten da eta batzordekideen artean, Eako Familien Elkartea dago.
Uztaila. Hainbat eragilek, besteak beste, eskualdeko Arrantza-Kofradiek Bizkaiko Foru Aldundian entregatzeko agiri bat sinatzen dute. Agirian, Lemoizko proiektua eta lanak berehala geratzea, eta Ea-Ispaster eta Debako proiektuen aldez aurreko baimena atzera botatzea eskatzen zuten.
Abuztuak 29. Plentzia-Gorlizen egindako manifestazioaren ostean irakurritako aldarrikapenaren kopia bat Eako Udalean entregatu zuten. Besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak Lemoizko proiektuarekin izandako jarrera salatzen zuten.
1977 Bermeoko Udalak, Lemoizko zentralaren erreaktoreak hozteko itsasoko ura hartzeko eta botatzeko egin beharreko lanen zati baten baimenari helegitea jarri zion, nahiz eta lanok aspalditik eginda egon.
1979 Antinuklearren asanblada egin zen Ean.
1980 Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Parlamentuaren osaketa zela eta, Gernika-Lumon hainbat jende agertzen da kartel antinuklearrekin.
1981 Bermeoko EAJko alkateak Lemoizko lanek jarraitu behar dutela dioen agiria sinatu zuen.

Taula 1: Proiektu nuklearren inguruan Busturialden egondako zenbait gertaera biltzen dira, dataren arabera ordenatuta.

1978an zehar Lemoizko proiektuaren aurka hainbat manifestazio daude Bermeon: urtarrilaren 8an (3000 pertsonek parte hartu zuen) eta 28an, eta otsailaren 17ko astean, Aste Antinuklearraren baitan. Otsailaren 25an oinezko martxa dago Gernika-Lumotik eta Mundakatik Bermeora eta, bertan, berriz, manifestazioa dago.

Aste Antinuklearraren ostean Busturialdeko hainbat herritan Komite Antinuklearrak sortuko dira: Ean, Gernika-Lumo eta Muxika bat eginda bat, Busturia eta Sukarrieta batera beste bat, eta Mundaka eta Bermeo batera beste bat.

Martxoan jendeak udaletxeetan itxialdiak egiteko asmoa erakutsi zuen. Poliziek Elantxobeko udaletxetik kanporatu zituzten. Gernika-Lumon, Busturian eta Bermeon poliziek ez zuten jendea sartzen utzi.

DATAK GAIA HIZLARIAK
Martxoak 14 Ozono-geruzaren hondamena J. Zubilaga
Martxoak 15 Ehiza debekatu behar al da? Gipuzkoako Ehizaren Aurkako Elkartea, Bizkaiko Koordinadora Ekologista eta Eguzkiko J. I. Fano
Martxoak 16 Pinua Euskal Herrian, erasoa ala ondasuna?. Gernika-Lumoko Eguzki.
Martxoak 17 Ingurune naturalen babesa:
* Mundakako Itsasadarraren Babespen-Legearen Proiektua.
* Gorbeia, Urkiola, Orduña….
* Leitzaran eta autobia.
* Gernikako Ekologi Lan Taldeko Ritxi Hernandez,
* Bizkaiko Koordinadora Ekologista.
* Eguzkiko Manu G. Baragaña.
Martxoak 18 Bideo-ekologisten emanaldia.
* Dokumentala: Los Mercaderes de la Muerte.
* Filmea: El Síndrome de China.

2. Taula: Gernika-Lumoko Eguzkik 1988an antolaturiko Gernikako I. Aste Ekologistaren egitaraua.

Azkenean, arrazoi desberdinengatik proiektuak geratu egin ziren. Lan handiena Lemoizko zentral nuklearraren proiektua izan zen, baina, 1982an, behin-behinean, eta 1994an, behin betiko, geratzea lortu zen.

Bien bitartean, Euskadiko Komite Antinuklearrak eta hainbat talde ekologista Lemoizko zentral nuklearraren proiektua geratzea lortutakoan etorkizunari begira hausnartzen hasi ziren. 1987an, Altsasun, Eguzki Euskadiko Antinuklear eta Ekologistak sortu zen.

1988ko otsailean Gernika-Lumoko Batxilergoko Institutuan aurkezpena egin zuten. Hortik, Gernika-Lumoko Eguzki taldea sortu zen. Taldean pertsona gutxi zeuden baina ilusioz betetakoak. Horrela, Gernikako I. Aste Ekologista antolatu zuten. Hitzaldiek izugarrizko arrakasta izan zuten, ekitaldi bakoitzean laurogei pertsona baino gehiago izan baitziren.

1989ko uztailaren 1ean Eguzkiren eskutik itsasadarrean jaitsiera egin zen.

Urte honetan Euskal Herriko Eguzkin egondako zenbait eztabaidaren ondoren bitan zatitu zen. Alde batetik, gaur egungo Eguzki Euskadiko Antinuklear eta Ekologistak eta beste alde batetik, Eki Euskadiko Antinuklear eta Ekologistak, gaur egungo Ekologistak Martxan Euskal Herria, sortu ziren.

Lehen kartela, Gernika-Lumoko Ekik 1989an antolaturiko Gernikako II. Aste Ekologistaren iragarpen-kartela da. Beste biak bi ekitaldi desberdinen iragarpen-kartelak dira.

Momentu hartan, Gernika-Lumoko Eguzkiko gehienak Eki izenarekin aritu ziren. Urte honetan Gernika-Lumoko II. Aste Ekologista antolatu zuten.

DATAK GAIA HIZLARIAK
Azaroak 27 Amazonasen deuseztapena Ekiko partaidea Julen Rekondo
Azaroak 28 Vandelloseko zentral nuklearraren istripua Coordinadora contra la Central de Garoñako Carlos Alonso
Azaroak 29 Leitzarango autobidea egin behar al da? Autobiaren Aurkako Koordinadora
Azaroak 30 Kontzientzia-eragozpena eta intsumisioa Jarrai, EGI, Kakitzat, KEM/MOC, EKEA/AOC
Abenduak 1 Dokumental antimilitarista.
Radio Bikini, Operación Encrucijada

3. Taula: Gernika-Lumoko Ekik 1989an antolaturiko Gernika-Lumoko II. Aste Ekologistaren egitaraua. Oraingoan ere, jendearen harrera oso ona izan zen.

Hemendik aurrera, Eki taldekoek, hainbat ekimen eraman zituzten aurrera: mintzaldi ekologistak, Gernikako itsasadarrean egondako isurketak salatzeko agerraldia Errenteriko zubian edo Marcos Ormaetxearen lantegiko isurketa-hodi bat sinbolikoki itxi, indar nuklearra debekatzeko Espainiako Parlamentuan Herri Ekimen Legegilea aurkeztu ahal izateko sinadurak bildu, Urdaibaiko kanalizazioaren aurkako kanpainetan parte hartu, Muxikako Oka auzoko errepidearen ondoko horma batean ozono-zuloa salatzeko pintada egin, Gernikako Ekologi Lan Taldearekin eta Eguzkikoekin batera Gernika-Lumoko saihesbidearen aurkako borrokan antolatu…

XX. mendearen azken hamarkadan Gernika-Lumoko Eki desagertu zen.

Egungo Eguzkik, eskualdeko taldeak, egindako ekintzen artean Mundakako-Urdaibaiko itsasadarrean egindako dragaketak salatzeko Busturin kanpaldia antolatzea izan da.

Gaur egun, biak, eskualde mailan desagertuta daude.

Gladys del Estal ekologista antinuklearraren heriotzaren 12. urteurrenean Bizkaiko Antinuklear eta Ekologista Komiteak Salba Dezagun Mundakako Itsasadarra lemapean 1991n egingo ziren ekintzak argitara emateko kartela.

Hauzoarteko auzo-elkartea eta Zain Dezagun Busturialdea leloa

1968an, Bizkaiko Foru Aldundiak Oka ibaiaren harana eta estuarioa, Gernika-Lumotik Mundakara, agortzeko eta urbanizatzeko proiektu garesti eta gehiegizko bat egin zuen. Gernika-Bermeo Itsasadarra Aprobetxatzeko Plan Berezia izeneko planak aurreko proiektuetatik etorritako zenbait ideia jasotzen zituen, eremuak ekologikoki zuen garrantzia alde batera uzten zutenak, eta ibai arroak eta estuarioko konplexuak ezartzen dituzten mugapenak batere ezagutzen ez zutenak.

Une berean, 1950az geroztik eskualdeak jasandako transformazioak ingurugiroan eraso batzuk izan zituen etengabe eta gero eta handiagoak, baina garai hartako Administrazioak ez zituen ondorio horien tratamendua eta konponketa ez oharteman ez arautu. Baserriari eta lehen sektorean oinarritutako ekonomiari uztearekin batera etxeak eraikitzen eta industria berriak ezartzen hasi ziren bat-batean, baina eskualdeko ingurunearen osasunerako garrantzitsu diren gaiei buruz, hala nola hondakin solido, ur beltzak eta industrietako hondakinak kanporatzea, birziklatzea edo garbitzeari buruz, inolako plangintzarik ez zuten lurretan. Bestalde, gero eta handiagoa zen egurraren eskaerak errentagarri egin zuen landaketak zenbait kasutan malda gehiegi izateagatik oso egokiak ez diren lurrazalaren gainean ugaritzea. Landaketa horiek kontrolik gabe kokatu ziren eta horrek ibai ubideetan sartzea ahalbidetu zuen, eskorrentia eta ondorengo higadura gehituaz.

Arazo hau larriago egiten da ustiakuntzan eskuhartzeko teknika drastikoak era eragin handikoak erabiltzen direnean; hala nola sartzeko pistak nonahi taxutzea eta mozketaren bidez lurrazal gaineko zuhaitz eta zuhaixkak oso-osorik ateratzea.

Eraikuntzarako materialak gero eta gehiago eskatzen zuten eta horrek era berean Urdaibain harrobiak ugaritzea ekarri zuen, bai eta harrobietan ateratako harri bolumenaren hazkuntza esponentziala ere. Hiri-eremuan lehen egoitzak eskatzeak lurrak berriro kalifikatzea eta azkarregi kalifikatzea eta ondorengo espekulazioa ekarri zituen. Beranduago arazo honek bigarren egoitzei eragingo zien, batez ere kostaldean eta estuarioan eraiki zirenei, betidaniko baserriek hondamendian jarraitzen zuten bitartean.

Laster eskualdean ekimen partikularrak eta taldekoak sortu ziren kontrolik gabeko garapenak Urdaibaiko ingurunea eragindako kalteez arduratuta. 1969ko otsailean estuarioan portuko azpiegiturak garatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz eginiko proiektu handinahiaren planoak lapurtu zituzten eta horiekin batera Gernikako Batzar Etxean zegoen planoaren maketa handia ere bai.

Eskualdeko zenbait herritarrek Hauzoarteko Busturiko auzo-elkartea sortu eta 1976an legeztatu zuten. Hauzoarteko elkartea talde desberdinetan antolatuta zegoen eta, horietako batek, lurralde-antolaketa eta ingurumena… lantzen zuen. Plangintza horren eragina eskualde-mailakoa zenez kanpainari Zain Dezagun Busturialdea izena jarri zioten.

Hauzoarteko elkartearen komisio horrek arestian aipatutako Plan Berezi horren kontra herritarrak sentsibilizatzeko Udazkena Busturialdean? deitutako dokumentala egin zuen. Oso harrera ona izan zuen.

Hainbat ekimen desberdin egin ziren Mundakako Itsasadarra babesteko. Gernikako Ekologi Lan Taldeak eta Zain Dezagun Busturialdeak egindako kartel hau euretariko bat da.

Azkenean, Plan Berezia aurrera ez eramatea lortu zen.

1980. urtera aldera Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika, Garraio eta Turismo Sailak Aranzadi Zientzia Elkarteari Gernika-Mundaka itsasadarraren inguruan ikerketa ekologiko diziplinartekoa egiteko agindu zion.

Ikerketaren lehendabiziko ondorioak Busturia eta Sukarrieta arteko kolonietan aurkeztu ziren. Bertan, besteak besteak, ikerketa egindako taldeak Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Gernika-Bermeo Itsasadarra Aprobetxatzeko Plan Berezia bertan behera uztea eta Busturialdea babestea -Parke Natural izendatuz adibidez- proposatzen zuten. Era berean, ikerketa-taldeak ikerketan sakontzeko eskatu zuen. Horrela, 1984an Estudio Ecológico de la Ría de Gernika-Mundaka (Gernika-Mundaka Itsasadarraren Ikerketa Ekologikoa) ikerketaren behin betiko memoria aurkeztu zuten.

Eskualdean Parke Natural izendatzearen aldeko herri-mugimendu indartsua sortu zen. Ordurako Hauzoarteko auzo-elkartea desaktibatu egin zen. Komite Antinuklearrak eta Ekologistak eta Gernikako Ekologi Lan Taldea borrokan sartu ziren. Era berean, kulturan ere egon zen mugimendua. Esaterako, garai honetan, Urdaibai Txatxi elkartearen Txatxi Irratia edota Zurrapak musika-taldearen Ría de Gernika, Parke Natural abestia garai honetan kokatu behar ditugu.

Azkenean, ez zen Parke Natural izendatu, Biosferaren Erreserba baizik. 1984aren amaieran UNESCOk sistema naturalak eta aniztasun biologikoa kontserbatzeko eta bertako baliabideen erabilera arrazionala zaintzeko helburu nagusiekin Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zuen.

Zain Dezagun Busturialdea, beraz, ez zen talde ekologista, Hauzoarteko auzo-elkarteak Mundakako Itsasadarraren alde asmatutako leloa baino.

Zain Dezagun Urdaibaik eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak diseinatutako kartel desberdinak. Ezkerrean, Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietako Kolonian kokatzeko proiektua dela eta Sukarrietako Kolonia Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko egingo diren ekintzen berri ematen duen kartela. Eskuman, Jose Antonio Ardantzak Kanalako bere txaletean egindako legez kanpoko lanak salatzeko martxan jarritako kanpainaren kartela. Informazio gehiago http://zaindezagun.blogspot.com.es

Gernikako Ekologi Lan Taldea

Estatu mailan hainbat eremu natural (Doñana, Ordesa, Tablas de Daimiel…) ari ziren babesten, baina Euskal Autonomia Erkidegoan batere ez. Halere, Euskal Gobernuak Mundakako Itsasadarra babesteko, Parke Natural izendatzeko mugimendua indartsua zen.

Testu-inguru honetan zenbait gernikarrek Busturialden ekologia-tailerra sortzeko lehendabiziko pausuak ematen hasten dira. Bizkaiko eta Euskadiko beste zenbait lekutan baziren ekologia-tailerrak. Horrela, 1982an, hurrengo urteetan oso aktiboa izango den Gernikako Ekologi Lan Taldea (hemendik aurrera GELT) sortu zen. 1983ko azaroaren 8an Bizkaiko Elkarteen Erroldan inskribatu zen.

Elkartearen iritziak hainbat komunikabideetan agertu ziren eta agertzen dira. Hemen, baina, Gernika-Lumoko Aldaba Aldizkarian agertutakoak erantsiko dira.

Aldaba Aldizkariaren lehen zenbakian (1983ko urtarrila-otsaila) jasotako kolaborazioan Gernikako Ekologi Lan Taldearen sorreraren berria irakur daiteke.

Talde hori sortu zuten pertsonek naturarekiko sentikortasun berezia zuten. Egin beharreko lanen artean hiru aipatzen zituzten:

  • a) Gernikako Itsasadarraren Arroaren ezagupen orokorra.
  • b) Ibilbide ekologikoak egokitzea.
  • c) Ikerketa-gunea babestea.

Era berean, aurrera begira, gai desberdinetan (lurralde-antolaketa, erabilpena, kontserbazioa…) iritzi propioa izan nahi zuten.

Urte honetan, GELTak, bi gai potoloen inguruan iritzia plazaratu behar izan zuen. Alde batetik, Gernika-Lumon egin nahi zen saihesbidearen inguruan, Aldaba Aldizkariaren 4. zenbakian (1983ko maiatza-ekaina) irakur daitekeenez. Bestaldetik, abuztuaren 26an Busturialdean -Euskadin osoan bezala- gertatutako uholde larrien osteko kudeaketaren ingurukoa. Aldaba Aldizkariaren 5. zenbakian (1983ko urria) jasotako kolaborazioan GELTak gertaera honek ingurumenean izandako eragina edo arazo honen alde ekologikoaren inguruan zuen iritzia irakur daiteke. Era berean, Euskadiko talde ekologista garrantzitsuenekin batera Cuando la Naturaleza se rebela (Natura oldartzen denean) txostenaren prestaketan parte hartu zuen. Bertan, uholdeak zergatik sortzen diren eta zer nolako eragina duten azaltzen da.

1983ko uztailean Gernika-Lumoko Ekologiaren eta Ingurumenaren 1. Jardunaldien programa. Hainbat hitzaldi (ekologian eta ingurumen-pedagogian adituak, Eusko Jaurlaritzako eta Administrazio Zentraleko ordezkariak…) egon ziren. Era berean, Busturiranzko martxa ekologista antolatu zuten, bidean hainbat aldarrikapen-ekintza egin zituztelarik. Antolatzaileak Ekologi Lan Taldea eta Zain Dezagun Busturialdea izan ziren.

1984ko urtarrilaren 31n Gernika-Lumo eremu ez-nuklearra izendatzeko mozioa, bildutako ia 400 sinadurekin batera, aurkeztu zuen GELTak Gernika-Lumoko Udalerriko Osoko Bilkuran. Mozioaren alde Herri Batasunako eta Euskadiko Ezkerrako 6 zinegotziek egin zuten. Aurka, batek egin zuen eta, gainontzeko 10ek, abstentziora jo zuten. Ondorioz, mozioa ez zen aztertu. "Udaleko gaitzat ez hartzeak ez du esan nahi aurkeztutakoaren aurka erabat gaudenik, dagokion lekuan aurkeztu behar dela baino" esan zuen orduko alkate Eduardo Vallejo Jaunak. Ezezko horren aurrean GELTaren bi ordezkarik Osoko Bilkurako zinegotziei eta bertaratutako pertsonei proposamena zertan zetzan azaldu zien.

Bi urte beranduago oso antzeko mozioa onartu zen. 1986ko abenduaren 3an, Gernika-Lumoko Udalbatza Osoan, Euskadiko Ezkerra alderdiak Gerrate Nuklearraren Aurkako Osagileen Elkarteak aurkeztutako Gernika ingurua nuklearrik gabeko tokia izendatzeko eskabidearen aldeko mozioa aurkeztu zuen. Udalbatzak aho batez ontzat hartzea erabaki zuen eta, beraz, Gernika ingurua nuklearrik gabeko tokia izendatu zen, udalerriaren mugetan arma nuklearrak sortzea, biltzea eta garraiatzea galazoz.

Gernikako Ekologi Lan Taldeko kideek Busturian egindako pintada.

Lehenengo seihilabetean beste zenbait ekimen egin zituzten. Alde batetik, baserritarren artean plagizida gutxiago erabiltzeko kanpaina bat. Aldaba Aldizkariko 9. zenbakian (maiatza-ekaina) Utziezu Bizitzen izenburupean honen inguruan GELTen kolaborazio bat agertzen da. Bestaldetik, Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren lehen eta bigarren zenbakiak argitaratu zituen. Hemendik aurrera, GELTen buletin ofiziala, berau izango da. 1. zenbakian aipatutako gaia landu zuen eta 2. alean Mundakako Itsasadarraren balioen berri eman zuen komiki eran.

1984an, GELTak, lehendabiziko ibilbide ekologikoak argitaratu zituen. Hauexek dira: Txatxarramendiko irlaren zeharrekoa; Atxondo, Basondo eta Oma haranetakoak; Kanala, Atxarreko San Pedro eta Lagako hondartza; Triñe, Axpe eta Sukarrietako Padurak. Geroago ondoko hauek ere egokitu ditu: Golako Ibaia; Mailuku Harana; Zugastieta-Askari; Gorozika-Bizkargi-Muxika; Gernika-Aixerrota; Gernika-Lumo hiriaren zeharreango Ibilbilde Historikoa; Mundaka-Betrokolomendi-Ondartzape; Elantxobe-Ogoño-Laga.

1983, 1984, 1985 eta 1986ko gabonetan Gernikako Ekologi Lan Taldeak kanpaina bat abiatu zuen gorostia (Ilex aquifolium) eskualdeko udalerri guztietan babestuta egoteko. Eskola-umeak eta biztanleria orokorrean sentsibilizatzeaz gain, udaletan mozioak aurkeztu zituzten. Kanpaina honetakoak dira argazkiko kartela eta El Acebo casi extinguido en el gerniquesado izenburupean Aldaba Aldizkarian 6. zenbakian (1983ko azaroa-abendua) jasotako kolaborazioa.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Herrilaneko Sailak Donostiako Arantzadi Zientzia Elkartearen bitartez, Urdaibaiko azterlan ekologiko integrala egiteko agindu zion teknikari eta zientzialari talde bati. Talde hori F. Díaz Pineda eta C. Barturen Doktoreek koordinatu zuten, Saileko Anton Aranburu teknikariaren zuzendaritzapean. Talde honek 1982an hasierako txostena aurkeztu zuen.

Arantzadi Ikerketan aipatzen zen Mundakako Itsasadarraren Estuarioaren eta Haranaren Babeserako Plan Berezia aurkezteko eta onartzeko zer egin talde honen etengabeko kezka nagusia zen. Bien bitartean landu beharreko beste zenbait gai zehatzagoak zeuden: Txatxarramendi irlaren erabilpena -Aztiren ikerketa-gune bat Txatxarramendin kokatzea onargarria al zen?-, Muruetako ontziola -bertan egiten diren ontziak ateratzeko itsasadarra dragatu behar zuten eta hortik lortutako materialak inguruan (Busturiko San Kristobaleko paduraren edota Kanalako hondartzaren gainean ) pilatzen ziren. Busturiko Axpeko paduraren beteketa Udalak berak agindutakoa zen-, mariskoa hartzea itsasadarrean, itsasadarrak jasandako industria-isurketak, baso-politika, azpiegiturak (errepideak, zabortegiak…), ehiza...

1984ko ekainean, Arantzadi Zientzia Elkarteak Estudio Ecológico de la Ría de Gernika-Mundaka (Gernika-Mundaka Itsasadarraren Ikerketa Ekologikoa) ikerketaren behin betiko memoria aurkeztu zuen. Eskualdeari dagozkion aldagai eta alderdi zientifiko eta teknikoak laburtu eta zehatz-mehatz berrikusi zituena, oinarri zientifikoak finkatuaz, ondoren antolatu eta kudeatzeko. Txosten honen 486 orrialdetatik ia 17tan ondorioak biltzen dira. Atal honetatik ondoko parragrafoa atera dugu: "La conservación de la naturaleza en el área Bermeo-Guernica-Múgica adquiere un matiz de interés, tanto desde el punto de vista del reconocimiento de los valores ecológicos como de la protección de los recursos ambientales (…)".

Txosten horrek mugimendu kontserbazionistak zioena baieztatu egin zuen. Ondorioz, 1984. urtetik aurrera, Busturialdea babestearen aldeko ekimen ugari abiatuko dira eskualdean bertan eta kanpoan ere.

"Busturialdea, Parke Naturala” izenburupean bigarren jardunaldiak antolatu zituzten.

1984n, “Busturialdea, Parke Naturala” izenburupean, azaroaren 9tik 15era GELTak antolatutako Ekologiaren eta Ingurumenaren 2. Jardunaldien programa.

Busturialderi buruzko diaporamak ("Txantxangorria" eta "Busturialdea, Parke Naturala”) eta erakusketa prestatzeari ekingo dio GELTak.

Urte honetako udan kanpaina berezia egin zuten. Gernika-Lumotik Laidako hondartzaraino (itsasadarra itsasontziz gurutzatuz) bizikleta-martxa geldiune desberdinekin, pintadak, erakusketa, antzerkia… itsasadarraren arazoak aditzera emateko, dragatzeak esateko.

Aurreko bi paragrafoetan oso argi ikusten da dibulgazioari eta sentsibilizazioari ematen dioten garrantzia, baina baita salaketari ere. Izan ere, bide hori egokitzat ikusi dutenean horretan aritu dira eta, zenbait kasutan, epaitegietara ere jo dute.

Arantzadi Zientzia Elkartearen azterlanean oinarrituta Eusko Jaurlaritzak UNESCOri eskabidea igorri zion Urdaibai “Gizakia eta Biosfera” egitarauan (MAB,”Man and Biosphere”) sar zezaten eta eskaria onartu egin zen 1984ko abuztuaren 7an.

1985. urtean, GELTak, Gernika-Mundaka Itsasadarra naturaren eremu babestua izendatu arte borrokatzen jarraituko du: alderdi politikoekin, eragile sozialekin, beste talde ekologistekin… hartu emanak izanez; Aranzadi Azterlanaren laburpenarekin monografiko txiki bat prestatuz; diaporamak prestatuz, geroago oso leku desberdinetan proiektatuko zirenak -Gernika-Lumoko Gizarte-Etxean, hezkuntza-zentruetan zein Bilboko El Desván gunean…-; sinadurak bilduz Busturialdean zein Bilbon; Busturialdeko udaletan mozioak aurkeztuz… GELTak kanpainaren berri emateko ¡Protección de la Ría de Gernika-Mundaka Ya! (Gernika-Mundaka Itsasadarraren Babesa Orain) izenburupean Aldaba Aldizkariko 13. zenbakian (urtarrila-otsaila) kolaborazio bat argitaratu zuen.

Ez da isolatuta bizi den taldea. Busturialdeko beste gaiekin edota Busturialdearen esparrua gainditzen duten gai desberdinekin ere kezkatuta egongo da. Euskal Herriko esparruan egondako ingurugiro-arazo ugaritan (Leitzaraneko autobidea, Itoizko urtegia, zabor-errauskailuaren aurka eta birziklapenaren alde, kirol-portuen eraikuntza kostaldean...) edota Estatu espainiarrean egondako zenbait ingurumen-arazoetan (Leoneko Riañoko urtegia, energia nuklearren erreferendumaren alde egindako herri legebiltzar ekimenaren aldeko sinadura-bilketa, NATOn sartzearen aurkako kanpaina, Klimaren Nazioarteko Eguna, etabar) lagunduko du. Beti ere bere autonomia galdu gabe.

1986an, Gernikako Ekologi Lan Taldearen kide egiteko beste formula bat planteatzen dute, bazkide-karneta egitea alegia. Ezkerrean aurreko aldea, eta, eskuman, atzeko aldea. Berdea eta paper lodian egindakoa zen.

1985eko martxoan, UNESCOk Urdaibai Biosfera Erreserba izendatu zuen, sistema naturalak eta aniztasun biologikoa kontserbatzeko eta bertako baliabideen erabilera arrazionala zaintzeko helburu nagusiarekin. Izendapen honek balio morala baino ez zuen. Izen hori aitorrezkoa besterik ez zen, lurraldearen babespena eta kudeaketa Herriko agintarien aginpidea zelako eta eurena bakarrik. Garbi zegoen UNESCOri eskabidea egin ondoren Erkidegoko Administrazioak legezko arau bereziak onartu beharko zituela, antolaketa araupetzeko eta babespen aginte-modu egokia aurkitzeko. 5 urte behar izango ziren legedi berezi hori ateratzeko, politikoen akordiorik ez baitzegoen.

Gernika-Lumoko Udalak, Aranzadi Azterlanak zioenaren aurka -ingurumen naturala ez aldatzea- ibarreko lurretan, Guardia Zibilen gaur egun kuartelaren inguruan, arraunketa olinpikorako pista eraikitzeko proiektua onartu zuen. 2200 m luze, 120 m zabal eta 3 m sakonera izango zukeen. Era berean, 5 m zabalerako errepide paraleloa izan behar zuen ubideraino, autoak aparkatzeko lekua, zerbitzu-gunea eta 30 atletentzako egoitza. Proiektua behin betiko onartzeko Eusko Jaurlaritzak baimena eman behar zuen. Hau gutxi balitz, Ajangizko Kanpantxu auzoan 1 Formulako pista eraiki nahi zen. Azkenean, ez zen egin ez bata ez bestea.

Eskualdean sortutako zaborrekin zer egin eztabaidatzen jarraitzen dute. Hondakinen bilketa hautatua egiten den bitartean zabortegi kontrolatuak tarteko irtenbide moduan onartzen zuten. Taldeak gai honetan eta besta askotan zuen iritzia ¿Para cuando un plan especial para la ría? (Noiz egongo da itsasadarraren plan berezia?) izenburupean Aldaba Aldizkariko 15. zenbakian (maiatza-ekaina) kolaborazio bat argitaratu zuen.

Bere ikuspuntutik Busturialdearen etorkizuna nondik joan beharko litzatekeen publikoki adierazteko Txepetxa Informazio Ekologikoaren Buletinaren 3. zenbakia argitaratu zuten.

1986an, Aldaba Aldizkariaren 20. zenbakian (martxoa-apirila), GELTaren kidea zen Rafa Ensunzak, Vicente del Palaciorekin batera, El Palacio de Montefuerte y su parque: dos joyas que los gernikeses aspiramos a recuperar (Montefuerteko Jauregia eta bere parkea: gernikarrok berreskuratu nahi ditugun bi bitxi) izenburupean artikulu bat argitaratu zuen.

1986ko udaberrian, Gernika-Mundaka Itsasadarra gaia legez hartuta, Gernikako Ekologi Lan Taldeak eskualde-mailako lehen ipuin-lehiaketa antolatu zuen Busturialdeko Baliabide eta Laguntza Zentroarekin batera. Ekainaren 6an Itsasadarrari buruzko 1en Ipuin-Lehiaketan saritutako lanak biltzen zuen liburuxka argitaratu zuen GELTak.

Gernikako biztanle ugari ibarretik (“corte de la ría”) oinez ibiltzen zela eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak, urtearen hirugarren hiruhilabetekoan, Txepetxa Informazio Ekologikoaren Buletinaren 4. zenbakia argitaratu zuen. Zenbaki berri horrekin Itsasadarraren egoera zein zen eta zer garrantzi ekologiko zuen aditzera eman gura zuten.

Muruetako munak 1983ko uholdeen eraginez apurtu egin ziren. Ondorioz, egunero bi aldiz, 45.000 metro koadro landa urpean geratzen zen. Oraindik gai honi irtenbiderik eman ez zaiola salatzeko Muruetako eta Foruko hainbat herritarrek protesta-ekitaldiak egiten jarraitzen zuten. Gai honen eta beste askoren inguruan GELTak zuen iritzia Aldaba Aldizkariaren 24. zenbakian (azaroa-abendua) Ría de Mundaka-Gernika: Especulación y Deterioro. ¿Hasta cuándo? (Mundaka-Gernika Itsasadarra: Espekulazioa eta Hondatzea. Noiz arte?) izenburupean artikulu bat argitaratu zuen.

1987an Gernika-Lumo bonbardatu zeneko 50 urte bete ziren. Hori dela eta, Gernika 37-87 Bonbardaketaren Komisioa sortu zen. GELTak Komisioko partaide izan zen. Iaz, berriz, Gernika-Lumoko Kultur Taldeen Komisioan parte hartu zuen.

Maiatzaren 24an, 1987ko Ingurumenaren Europako Egunaren baitan, Hegaztien Eguna-Europa 87 zela-eta, Espainiako Ornitologia Elkartearekin batera, ekitaldiak egin zituzten eskualdean; besteak beste, Kanalan behaketa-guneak sortu zituzten, eta prentsa-oharra atera zuten. Argazkian, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Gernikako Itsasadarra Hegaztien Babeslekua izeneko foiletoa egin eta argitaratu zuen Gernikako Ekologi Lan Taldeak.

Urdaibain, modu berezian izan bazen ere laster lege aldetik tratamendua izango zuen ingurunearen alderdi bakarra, zientzia girotan Euskal Kostaldeko hezegune nagusitzat eta Kantauriar Erlaitzeko garrantzitsuenetariko bat jotzen zen tokian kontrolik gabe ehizan aritzearen arazoa izan zen. Probintzian lizentzia asko egoteak, eta egon ere tarifa bat ordaintzearen baldintza bakarraren pean, eta legez kanpoko eta basoko ehiztari ugari egoteak, babespeko espeziei buruzko legedirik ez eta zaintza berezirik ere ez egotearekin batera, estuarioaren izaera arriskuan jartzen zuten, bere atsedenleku eta hegaztien babesleku izaera hain zuzen ere.

1977an Foru Aldundiak Ehiza Gebenlekutzat aitortu zuen Urdaibaiko Padura. Garai hartan legedian ez zegoen horrelako izenik baina, paradoxikoki, ez zuen erantzunik izan.

Gernikako Ekologi Lan Taldeak gehiago nahi zuen. Aktibitate hori Bizkaian zorrotzago erregulatzeko asmoarekin Ehizaren Aurkako Koordinadorarekin lanean ari da azken urteotan. Proposamenetariko bat Gernika-Mundaka Itsasadarrean ehiza-babesleku sortzea zen. Ehizaz Aldaba Aldizkariaren 25. zenbakian (urtarrila-otsaila) La caza en días de fortuna (Ehiza zorte-egunetan) izenburupean artikulu bat argitaratu zuen. Denborarekin ehiza-babeslekuak eremu gehiagotara zabalduko dira.

Urdaibaiko padurak “Ehiza-Babesleku” izendatzeko urte bete itxaron behar izan zuen. 1970eko Ehizari buruzko Legearen arabera, legezko aginte-modu honek berariaz debekatu du urte osoan ehizan aritzea, berariazko baimena dagoenean salbu eta animalien zenbait espezieren kontserbaziorako nabarmenak diren enklabeetan ezartzen da. Zentzu estuenean ingurunea babesteko araua ez bada ere, bai badela ehizarako erregimen berezia, Euskal Autonomi Elkarteko hegazti-faunaren onurako lehenengo lege oinarria finkatu zuena alegia. Beranduago, “Ehiza-Babeslekua” beste zenbait eremutara zabalduko da.

Martxoan, Eusko Jaurlaritzak sortu berri zuen Ingurumen Agentziaren buruarekin bilera egin zuen Gernikako Ekologi Lan Taldeak. Izan ere, Urdaibai UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatuta bazuen ere, oraindik orain ez zegoen eskualderako plan zehatzik eta eskualdeak hondatzen jarraitzen zuen.

Zaborren gaiak zeresan ugari ematen jarraitzen zuen. Kontrolik gabeko zabortegiak nonahi (Gautegiz Arteaga, Nabarniz…) aurki zitezkeen. Bizkaiko Foru Aldundiaren apustua zabortegi kontrolatuen aldekoa zen. Herritarrek Nabarnizko kontrolik gabeko zabortegia itxi nahi zuten eta, azkenean, abuztuan itxi zen. Bermeoko zaborra Arane auzoan, itsasoaren ondoan, zegoen errauskailuan erretzen zen. Apurka-apurka Busturialdeko zabortegia hartzeko hautagai desberdinak agertzen joango dira: Muxikako Untxigoiti auzoko Untxekarte eremua, Ibarrangeluko Udalerria… Eskualdean zaborren gaia garai hartan nola zegoen eta GELTak eztabaida honetan zuen iritzia –birziklatzearen alde- azaltze aldera Aldaba Aldizkariaren 27. zenbakiko (maiatza-ekaina) Udal Gaien atalean Vertedero controlado? No gracias (Zabortegi kontrolatua? Ez eskerrik asko) izenburupean artikulu bat argitaratu zuen.

1987ko udazkenean, GELTak, Zain Dezagun Urdaibai izenburupean hirugarren aste ekologista antolatu zuen Gernika-Lumoko Gizarte-Etxean. Ezkerreko argazkian jardunaldion programa eta eskumakoan trenez bidaia egiteko txartela ikus daitezke. Hitzaldiak, mahai-inguruak, itsasadarra trenez ezagutzeko irtenaldia, Gernikako Itsasadarra Babestu eta Kitto! lemapean pankartak jarri, Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren 5. zenbakia, Urdaibairen gainean erakusketa mugikorra… prestatu zuten. Era berean, Coordinada para la Defensa de las Aves (CODA) taldeak -estatu espainiarreko 75 talde ekologistaz osatuta zegoena-, Batzar Orokor batean Eusko Jaurlaritzari Itsasadarra parke natural izendatzeko eskaera onartu zuen.

Muruetako munaren gatazkak pil-pilean jarraitzen du. Hedabide desberdinetan gaiarekin lotutako komentarioak agertzen dira; adibidez, Aldaba Aldizkariaren 29. zenbakian Bittor Olabarriaga Arrizabalaga Muruetako Alkatearena eta aldizkari beraren 31. zenbakian Javier Ondarza Magunagoikoetxea Muruetako bizilagunaren artikuluak argitaratu ziren. Bertan, Muruetako munen orduko egoera txarra GELTaren jokabideari leporatzen zioten. Bere aldetik, GELTak, hedabide desberdinetan egoera argitzeko prentsa-oharra plazaratu zuen.

Gernika-Mundaka Itsasadarraren eta bere eskualdearen balore paisajistikoak, kulturalak eta ekologikoak biztanleriari aditzera emateko asmoarekin 1987an Gernikako Ekologi Lan Taldeak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak Urdaibai izenburupean 28 orrialdeko liburuxka dibulgatiboa argitaratu zuten.

1988ko urtearen hasieran, merkatu-plaza berria eraikitzeko Gernika-Lumoko merkatu-plaza zaharra eraitsi behar zutela-eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak agiri bat plazaratu zuen. Eraistearen aurka agertu eta eraikin zaharrean konponketa handiak egitearen alde agertu zen Salba Dezagun Azoka prentsa-oharrean irakur daitekeen moduan.

Otsailean Gernika-Lumoko Batxilergoko Institutuan Eguzki Euskadiko Antinuklear eta Ekologistak taldearen aurkezpena egin zen.

Hasierako hiruhilabetean GELTak bi gutun igorri zizkion Bizkaiko Foru Aldundiari. Bata, Itsasadarreko Ehiza-Babeslekuan marisko harrapaketa lar egiten dela-eta neurriak hartzea eskatzen du. Zentzu honetan bi alternatiba proposatu zituen: alde batetik, Ehiza-Babesleku osoan marisko-harrapaketa oro zenbait urtetan bertan behera uztea eta espezie desberdinen inguruan ikerketak egitea eta, bestetik, Ehiza-Babeslekuan urte osoan zehar marisko-harrapaketa debekatutako eremuak sortzea, itsasadar osoan mariskoa harrapatzeko garaia bizpahiru hilabetetara murriztea eta aktibitate honen zaintza areagotzea. Bigarren gutunean, haginaren (Taxus baccata) egoera Bizkaia osoan aztertzea eta babestea eskatzen zuen.

Udan, Ekologi Lan Taldeak Eusko Jaurlaritzako Hirigintza eta Ingurumen Sailburua José Migel Martín Herrerarekin, eta Sailburuordea Juanjo Otamendirekin Mundakako Itsasadarrean zehar txangoa egin zuten.

Era berean, Itsasadarrean egingo den kanalizazioaren aurkako herri-plataforma sortuko da. Hainbat ekimen (mozioak eskualdeko udaletan, kartelak, informazio-mahaiak, pintadak…) izango dira. Proiektu honen aurrean Ekologi Lan Taldeak duen iritzia zein den argitzeko Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren 6. zenbakia argitaratu zuen.

Gernikako Ekologi Lan Taldeak hainbat Euskal Jaietan parte hartu du. Argazkian dagoen kartela 1988ko Euskal Jaien barnean egindako ekitaldi bati dagokio.

1989ko martxoan Urdaibaiko Biosfera-Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko Legearen aurreproiektua aurkeztu zen. Maiatzean, aurreproiektu horren balorazioa publikoki egin zuen Ekologi Lan Taldeak. Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren 7. zenbakian oso-osorik irakur daiteke. GELTaren arabera "(…) proiektuaren ezaugarririk nagusienak pobretasuna, zehaztasunik eza, anbiguitatea eta, orokorrean, babesari dagokionez ahultasuna dira (…)". Legea tramitatzen ari zen bitartean, eztabaidatzen ari zen lege-proiektuan aldaketa sakonak egiteko helburuarekin Babes Dezagun Urdaibai izenburupean GELTak kanpaina bat abiatu zuen eta, aurrera eramandako ekimenen artean, bata, orduko Lehendakaria zen Jose Antonio Ardantza jaunari postalak bidaltzea izan zen.

Aldaba Aldizkariaren 39. zenbakian (maiatza-ekaina) El Proyecto de Ley de Protección y Ordenación de la Reserva de la Biosfera de Urdaibai… a debate (Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Babes eta Antolamenduari buruzko Legearen proiektua… eztabaidan) izenburupean gai honi buruzko txosten interesgarria argitaratu zen.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko Legearen proiektua hizpide hartuta Ekologi Lan Taldeak ekainaren 22an hitzaldia antolatu zuen Gernika-Lumoko Kultur Etxean.

Azkenean, 1989ko uztailaren 6an, Eusko Legebiltzarrak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko 5/1989 Legea onartu zuen. Hemendik aurrera, eskualdean garatutako jarduera guztietarako erreferentziazko marko juridikoa da. Lege hau onartutakoan, Urdaibai Euskal Autonomia Erkidegoan babestutako lehen eremua izan zen.

1989ko urriaren 23tik 27ra “Baso-Problematika. Euskal Herriko basoen egoera: Alternatibak” izenburupean Ekologi Lan Taldeak antolatuta 4. Jardunaldi Ekologistak antolatu zituen. Argazkian jardunaldion programa ikus daiteke.

Abenduan, Urdaibain, Bizkaian legez, oso sute gogorrak izan ziren. 16an itsasadarraren ezkerraldean eta 17an eskumaldean. 18an fronte bakarra zegoen aktibo, Ereñozarreko artadikoa hain zuzen ere. Hurrengo astean zehar den-dena itzaltzea lortu zen. Bizkaian 25.000 hektarea erre ziren. Suteak nola sortu ziren ez zen inoiz argitu.

1989 eta 1992 urteen artean suteak jotako artadi kauntariarren jarraipena egingo du Ekologi Lan Taldeak

Abenduan talde honek Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Osoko Bilkurarako bere lehen ordezkaria aukeratu zuen, Victor Angel Galdiz Legarra alegia. Urteak aurrera egin ahala ordezkaritza aldatzen joango da: Enrique Arzubiaga, Ritxi Hernandez, Maite Salutregi, Alfonso Caño …

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babesteari Buruzko Legea eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erabilpenerako eta kudeaketarako egitamu gidariaren (EKEG) zirriborro desberdinen prestaketan aktiboki parte hartu zuen Euskal Legebiltzarreko Ingurugiro Komisiora joanez.

1990eko urtarrilaren 31an, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarako Patronatua, autonomi gobernuaren adskribitutako kudeaketa-organoa eratu zen, estatu-, autonomi, foru eta toki-administrazio desberdinetako, hainbat talde eta elkartetako, Urdaibaiko zuzendari-artatzailea, eta UNESCOren "Gizakia eta Biosfera" programako ordezkariek osatuta. Aurrerago, Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak Urdaibai Biosfera-Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria (EKEG) idatzi zuen araudia egituratu eta iharduketa-jarraibide orokorrak finkatzeko.

1990eko martxoaren 12an isurketa industrial toxiko berri bat gertatu zen. Hainbat arrain hilda agertu ziren. Hori salatzeko, ekainaren 5ean, mugimendu ekologista desberdinetako (Euskal Herriko Berdeak, Sarnausi, Eki, Ingurune, Petralanda eta Gernikako Ekologi Lan Taldea) kideek Gernika-Lumoko industria-poligonoko bi isurketa-hodi –isurketa gehienak egiten dituzten bi enpresenak- zementuz estali zituzten. Zenbait egun geroago, ekainak 25 eta irailak 3, esaterako, isurketak izan ziren berriro. Horrelako isurketa bakoitzean milaka arrain hilda agertzen ziren. Isurketen arazo hau hainbat urtetan izango da. Hondakinen erreketak ere gertatzen ziren, batez ere, irailean.

Itsasadarrean eragin ekologiko nabarmenak zituzten gertaerak eta proiektuak jarraitzen zuten. Batetik, isurketa toxikoak. Bestetik, Ibarrangeluko Antzoras auzoko legez kanpoko kanpingean gero eta “roulotte” gehiago, Laidako hondartzaren inguruan gero eta itsasontzi gehiago hondeatuta -ia 60- eta, orain artekoa gutxi ez balitz, Marko Bastegieta, Kortezubiko orduko alkatea, Kortezubiko Enderika auzotik Muruetako munaraino itsasadarra dragatzea eskatzen ari zen.

1990ean Eusko Jaurlaritzak eta inguruko Udalek Urdaibaiko paduren garbiketa antolatu zuten. Ekologi Lan Taldeak bertan parte hartu zuen. Talde honek, era berean, urte honetan zehar, Ispasterreko Ogellako rasa marealean ingurumen-heziketa egitearekin batera, “Urdaibaiko” foileto turistikoa prestatu zuen, Eusko Jaurlaritzak eta Gernika-Lumoko Udalak argitaratzeko.

Aurreko guztia ikusirik prentsa-oharrekin batera, urte honen azken herenean, Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren 8. zenbakia argitaratu zuten. Bertan, Babes Bereziko Eremuen analisi ekologikoa egiten dute. Era berean, Patronatuaren eta, 1989ko Legearen arabera urte bateko epean –beraz, 1990eko uztailerako- onartuta egon behar zen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erabilpenerako eta kudeaketarako egitamu gidarien gainean hausnarketa egiten dute.

Ingurumen Sailordeak prestatzen ari zen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Egitamu eta Kudeaketa Gidariaren aurrean 1990eko abenduan, GELTak, bere alegazioak aurkeztu zituen.

Udaberriko hauteskundeen harira hautesle-zerrenda osatzen zutenei eta herritarrei zuzenduta Ekologi Lan Taldeak Txepetxa Informazio Ekologikorako Buletinaren 9. zenbakia argitaratu zuen. Bertan, ingurumenaren arloan, Urdaibain eta, Gernika-Lumon, batez ere, egindako kudeaketaren inguruan bere hausnarketak biltzen dira.

Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritzak Mundakako portua dragatu nahi eta hainbat herritar batu eta honen aurka sinadurak biltzen hasiko dira.

Urtean zehar, GELTak Lagako (Ibarrangelu) dunen ikerketa botanikoa egin zuen.

Abenduan, Eusko Jaurlaritzak antolatuta Ingurumena eta Nekazaritza Urdaibaiko Biosferaren Erreserban I. Jardunaldiak ospatu ziren.

1992an GELTak eskualdeak duen mugikortasun-arazoan herritarrak sentsibilizatzeko eta irtenbideak planteatzeko kanpaina bat abiarazi zuen. Eraginkorragoak izateko GELT, Eki eta Eguzki batera arituko dira.

Eskualdeak gero eta mugikortasun-arazo handiagoak zituen. Busturialdeko udalerritan saihesbideak egiteko proiektuak ugaritzen ari ziren. Egoera honi irtenbidea bilatze aldera, 1992an, GELTak bere proposamenak lantzen hasi zen. Kezka hori hainbat forotan zabaltzen saiatu zen. Batetik, Urdaibaiko Zaingo-Batzordearen Osoko Bilkuran taldeak duen ordezkaritzan oinarrituta azpiegiturak planteatzeko orduan Disziplinarteko Komisio Teknikoak sortzea eskatzen zuen. Bestetik, Udal desberdinetan, funtsean garraio publikoa indartzeko neurriak hartze aldera eskualdeko komisio baten premiazko eratzea eskatzen zuen mozioa eztabaidatzeko mozioak sartzen aritu zen. Azkenik, garraio publikoa bultzatuko lukeen herri-batzordea osatzeko Gernika-Lumoko talde kultural desberdinekin kontaktuan jarri zen.

Ekologi Lan Taldeak, Zarautzen, Ingurugiro Heziketako Jardunaldietan eta, Hondarribin, Ekologismo eta Ingurugiro-Heziketa Jardunaldietan parte hartu zuen.

1993. urteak hainbat albiste positibo ekarri zizkigun.

Urtarrilaren 15ean Urdaibaiko Zaingo-Batzordearen Osoko Bilkurak Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Erabilpen eta Kudeaketarako Egitamu-Gidaria (EKEG) onartu zuen, bi urteko atzerapenarekin. Zentzu honetan, hain berandu aprobatu izanaren GELTak egiten duen balorazioa irakurtzea komenigarria da.

Urte honetako udaberrian Urdaibai Nazioartean Garrantzia duten Hezeguneen artean, RAMSAR Hitzarmena deiturikoan, sartu zen.

Gernika-Lumoko Udala zaborraren gaiari irtenbidea ematen hasiko zaio. Alde batetik, hiri-hondakin solidoetarako transferentzia-gunea eraikiko da. Hemendik Mungiako Basordaseko zabortegira eramango da. Bestaldetik, hau bai ona, paperaren eta kartoiaren bilketa hautatua hasiko da.

Foruko harrobia ustiatzen duen enpresari isuna jarri zitzaion Artadiaren Babes Bereziko Eremuan eztandak egiteagatik.

Irailaren 20tik 25era, Txepetxa-Urdaibaiko Ekologista Plataformak, Kontserbazio eta Garapena Urdaibain lehenengo jardunaldiak antolatu zituen. Kasu honetan, landutako gaia, Garraioa eta Errepideak izan ziren. Parte hartzaileen artean Jose Allende, Francisco Díaz Pineda eta Enrike Urkijo zeuden.

1992aren otsailaren 17an urte horretan eskualdeko mugimendu ekologistak sortutako Txepetxa-Urdaibaiko Ekologista Plataformaren aurkezpen publikoa egin zen. Izenaren jatorria GELTaren Informazio Ekologikorako Buletinean dago. Hemendik aurrera desberdinek elkarrekin ekintza ugari egingo dituzte, nahiz eta talde bakoitzak, GELTak esaterako, zenbait ekimen modu autonomoan bere aldetik egingo dituen.

Jardunaldiotan, Gernikako Ekologi Lan Taldearen kideak diren Ricardo Hernández Abaituak eta Alfonso Caño Reyerok, “Transporte, Infraestructuras y Desarollo Sostenible en Urdaibai” ponentzia aurkeztu zuten Txepetxaren izenean.

Urte honetako martxoan, GELTak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban duen ordezkariaren bitartez, Victor Galdizen bitartez, Patronatuak eskualdeko errepide-azpiegituren eta trafikoaren ikerketarako diziplinarteko komisio teknikoa sortzeko Ebazpen-Proposamena aurkeztu zuen berriz ere.

1994ko urrian aurreko urtean ospatutako jardunaldietan aurkeztutako ponentziak argitaratu ziren.

Maiatzaren 26an, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Zaingo-Batzordearen egoitza berria inauguratu zen. Orain arte, teknikariak Gautegiz Arteagako udaletxearen gela batean egiten zuten lan. Hemendik aurrera, Gernika-Lumoko aitzinako Udetxea jauregian izango dira. Beraz, Osoko Bilkurak –Ekologi Lan Taldeak ordezkaria du bertan eta, berria gainera, Alfonso Caño Reyero hain zuzen ere- Udetxean egingo dira.

1995 eta 1996 bitartean Urdaibai Babesteari Buruzko Legea eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erabilpenerako eta kudeaketarako egitamu gidariaren dibulgazioa tekniko, administrazio desberdinetako politiko, baserritar, ekologista etabarrekin hitzaldiak eta mahai-inguruak prestatu ziren, aurrekoen edukiak ezagutzera eman eta biztanleriaren parte hartzea bultzatzeko.

1996ko martxoaren 10an, Bermeoko Ekologi Lan Taldeak eta Txepetxa Urdaibaiko Ekologistak Plataformak, Bermeoko beste zenbait talderen laguntzaz, Landabasoko industria-poligonoaren inguruan zuhaitzen landaketa egin zen. Egun horretan beste hainbat aktibitate egi ziren, besteak beste, paper birziklatua nola egiten den erakustea eta inguruko zuhaitzetan hegaztientzako habiak ezartzea.

Artadi Kantauriarraren Babes Bereziko Eremu baten kokatutako Foruko Atxako harrobia aspalditik eztabaida ugari sortzen ari zen. Foruan kokatutako harrobi honen ustiaketan –eztandetan esaterako- hobekuntzak egin baziren ere, oraindik orain, hainbat irregulartasun zeuden. Hori dela eta, 1995ean Ekologi Lan Taldeak (Txepetxa Plataformak) eta Foruko Urberuaga auzoko herritarren komisioak ondoko irregulartasunak salatzen jarraitzen zuten: hauts ugari sortzea; harea landa-lurretan egotea; errota bat martxan izatea inolako baimenik gabe; artadiaren eta haitzaren suntsipenaren eta erauzketaren mugak gaindituz; akuiferoa eta gainazaleko urak kaltetzea isurketekin; eta Lehengoratze-Plana (1993an onartutakoa) abian jartzeko inolako neurririk ez hartzea. Hau guzti hau kontuan hartuta, besteak beste, hauxe eskatzen zuten: Ingurumen-Inpaktu Azterketa betetzea; harrobi honen eta Urdaibaiko harrobi guztien jarraipena egiteko teknikari-ikuskatzailea kontratatzea; herritarrak gutxien kaltetuko dituzten aktibitateak sustatzea; erauzketa eta lehengoratzea uztartzea; hareen pilaketak, errotaren erabilera eta isurketak bertan behera uztea; eta harrobiari itxiera-data jartzea. Aldaba Aldizkariaren 78. zenbakian (azaroa-abendua) GELTak oso kolaborazio interesgarria argitaratu zuen Cantera de Forua y demás irregularidades.

1996an zehar, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren kudeaketaren ardurarengatik Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean hika-mika gogorrak egoten jarraitzen zuten. Izan ere, Legea onartu zenetik trenen talka hau sarri izan da. Hori kontuan hartuta, Aldaba Aldizkariaren 79. zenbakian (urtarrila-otsaila), Chequeo a la Reserva de Urdaibai (Urdaibaiko Erreserbari Txekeoa) izenburupean gatazka honi buruzko txosten interesgarria argitaratu zen. Jasotzen diren iritzien artean GELTarena -Txepetxa Plataforma- dago. Talde honek Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidariaren (EKEG) garapena eskatzen zuen, Biosferaren Erreserbaren helburuak betetze aldera Egitamu-Gidariak hainbat garapen-tresna baliogarri baitzituen.

1997an, "Kontserbazio eta Garapena Eusgarria Urdaibain. Kontsumo ekologikoa eta solidarioa" izenburupean bosgarren jardunaldiak antolatu zituen GELTak. Bi erakusketa antolatu ziren, biak ala biak, oso aproposak ikasle zein hiritar ororako.

Urte hasieran itsasadarrean dragaketa-berri bat egin zen Ivan itsasontzia atera ahal izateko. Oraingoan, erauzitako materialak, Sandindere Irlaren inguruan eta Kanalan (biak Sukarrietan), eta Laidako hondartzan (Ibarrangelu) pilatu ziren. GELTak Osoko Bilkuran duen ordezkariak, Maite Salutregik, apirilaren 16an, dragaketa berri honen inguruan hainbat galdera planteatu zituen Osoko Bilkuran.

Udaberrian Gernika-Lumoko saihesbidearen ia behin betiko ibilbidea zehaztuta geratu zen. Berri honekin, Aldaba Aldizkariaren 82. zenbakian (uztaila-abuztua), txosten bat argitaratu zuten eta bertan, besteak beste, arlo honetan GELTak duen iritzia jasotzen da.

Ekainean Ingurugiro Heziketa Babestutako Ingurune Naturaletan gaiaren inguruan Europako Natura-Parkeen Federakuntzak eta Eusko Jaurlaritzak antolatutako Igo Kongresua ospatu zen Gernika-Lumon. Ekologi Lan Taldea "Implicación de las Comunidades Locales en la Gestión Ambiental" (Tokiko Komunitatean Inplikazioa Ingurumenaren Kudeaketan) zeritzon arloko koordinazioan aritu zen.

1997an, Urdaibaiko Biosfera-Erreserbaren Babes eta Antolamenduari buruzko 5/1989 Legea aldatu egin zen. Berrikuntzen artean, baserritarrek eta basogintza-sektoreak ordezkari bana izatea, eta Osoko Bilkuran ordezkatuta ez dauden taldeak Lankidetza-Kontseiluan lekua izango dute. Lankidetza-Kontseiluko Presidenteak ahotsa eta botoa izango du Osoko Bilkuran.

1999an Ekologi Lan Taldeak eta Zain Dezagun Urdaibaik Foruko harrobiaren aktibitatea salatzen jarraitzen zuten.

Urdaibaiko Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitarauaren jarraipena egiten duen komisioaren bilerak daude. Bertan Ekologi Lan Taldeak oso parte hartze aktiboa dauka.

1998an albiste interesgarriak ditugu. Bata, Rezikleta enpresaren laguntzaz Bermeoko Martin Deuna eta Tala auzoetan 5300 kg hondakin organiko bildu eta Ajangizko zenbait negutegitan konpost bihurtu zela eta, bestea, Urdaibaiko saneamendu-plana onartu zela.

Bestalde, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Osoko Bilkurak dragaketa berri bat egiteko baimena eman zuen. Horren aurrean, Ekologi Lan Taldeko ordezkariak Osoko Bilkuratik alde egin zuen. Talde honen arabera duela bi urte egindako beste dragaketa batetik ateratako materialak leku desegokian –ontziolaren aldameneko lur-zati batean- pilatu zirenez delitu ekologikoa egon zitekeen.

Aixerreku eta Gernikako Ekologi Lan Taldeak Busturiko San Kristobaleko hareatzan hegaztien behatokia eraikitzeko proposamena egokitzen hasiko dira. Honetarako, boluntarioen plataforma osatuko da eta Urdaibaiko Galtzagorriak izena hartuko du.

Hemendik aurrera hainbat ekintza Urdaibaiko Galtzagorriak Plataforma izenarekin egingo dira. Esaterako, tokian tokiko hazien bankua osatu edota aztarnategi arkeologikoak dituzten Urdaibaiko kobazuloak itxidurarekin babestu eta seinalaztatuko dira.

Horregatik, hemendik aurrera Ekologi Lan Taldeak bere kontura aurrera eramandakoak bakarrik aipatuko dira.

1999an zehar, GELTak, azken urteotan Urdaibaiko paduran mariskoa harrapatzeko ohiturak zuen eragina salatuz jarraitzen zuen. Horren aurrean, aktibitate hau behin betiko erregulatzeko eskatu zuen. Hori gauzatzeko hainbat ekimen jarri zituen martxan Ekologi Lan Taldeak. Bata, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Sailak ezer egiten ez zuela ikusirik, Urdaibai Ramsar Hitzarmenetik ateratzeko eskatzea; bestea, denona den ondare hau babeste aldera Osoko Bilkuran marisko harrapaketa erregulatzeko proposamena aurkeztea.

1999an Muruetako ontziolak egin beharreko dragaketak ez egitea eskatu zuten Ekologi Lan Taldeak eta Zain Dezagun Urdaibaik. 1995ean eta 1998an egindakoek paduraren 20 ha lehortu zutenez eta 30.000 metro kubo hondar kutsatu atera eta itsasadarrean bertan pilatu zirenez Urdaibaiko itsasadarrerako oso aktibitate desegokia zela defendatzen zuten. Era berean, Muruetako ontziolak eskuartean zuen aurrekontuen txosten zehatza egitea eskatu zuten.

Hurrengo urteetan zehar mariskoa harrapatzeko arauak ez betetzeagatik Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailak hainbat isun jartzen aritzearekin batera AZTIri agindutako ikerketaren ondoriotariko baten badio marisko-harrapaketa murriztu behar zela etorkizunean egotea nahi bada.

2000. urteak albiste onak izango ditu. Zenbait aipatuko ditugu: Eusko Jaurlaritzak Laidako duna-sistema berreskuratzeari ekin zion; Urdaibaiko Galtzagorriak-ek Urdaibaiko lehen hegazti-behatokia eraiki zuen eta Lagako dunen sistema babesten aritu zen; hainbat erakunde publiko (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia…) Urdaibaiko saneamendu-plana gauzatzen hasi ziren; Euskal Herriko Goi-Justizia Epaitegiak Urdaibaiko Legearen aldeko bi sententzia ezin hobeak argitaratu zituen, zeren eta Urdaibaiko Legea eta EKEG guztiz legezkoak direla ebatzi zuen eta EKEGen Garrantzizko Nekazaritza-Lur moduan Kortezubin kalifikatutako eremu baten jarritako pinudia legez kanpokoa dela ebatzi eta landaketaren arduraduna ingurua lehengoratzera derrigortu zuen.

Baina albiste txarrak ere izango dira. Esaterako, Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatutako zenbait aztarnategi arkeologikok, Bermeo eta Busturia arteko Tribisburuko kokapen erromatarrak adibidez, kalte itzelak jasan zituen Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ekimen baten ondorioz. Izan ere, katalogatu gabeko aztarnategiak izango ez balira bezala egiten zen eta aurkitutako 200 aztarnategietatik 150 basogintza-eremuetan kokatuta zeuden. 2000ko azaroaren 25ean GELTak eta Urdaibaiko Galtzagorriakek aurreko gertaera salatu zuten.

2000ko martxoan Sollube mendiko Pagakolanda parajeko Tribisburuko kokapen erromatarrak kalte handiak jasan zituen zuhaitzak landatzeko lurra prestatu zenean. Hori salatzeko, azaroan, Urdaibaiko Galtzagorriak-ek aztarnategi horren inguruan bertoko zuhaitzen landaketa sinbolikoa egin zuen. Honekin, aztarnategi arkeologikoak babestu behar zirela eta beste era bateko basogintza behar zela aldarrikatu nahi zen.

Beste albiste txar bat ondokoa da. Urdaibain eraiki ezin daitekeen lurretan egoitza moduan erabiliko diren zazpi eraikin altxatzen ari ziren, Urdaibaiko Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidariaren arauak haustuz. Aipatutako sei horietatik zegozkien Udalen baimena zuten eta horietatik, lauren kasuan, Zaingo-Batzordearen Osoko Bilkuran ez eraikitzearen alde egin zen. Eskualdeko mugimendu ekologistak legez kanpoko eraikinen aurkako borroka luzeari (prentsa-oharrak, txostenak, salaketak epaitegietan…) hasiera emango dio. Eusko Jaurlaritza ere borroka horretan sartuko da.

2000 urtean, Gernikako Ekologi Lan Taldeak, legez kanpoko eraikinen aurkako benetako borrokan arituko da; esaterako, argazkiko Naberan Sakona eraikinaren (Isla Bekoa, Gautegiz Arteaga) aurka. Hainbat borrokaren ostean, jabeek eraikina eraitsi eta lekua lehengoratu behar izan zuten.

2001. urtean Gernika-Lumoko saihesbidea eraikitzen hasi zen. Honen inguruan Aldaba Aldizkariaren 111. zenbakian (urtarrila-otsaila), La Variante a Examen (Saihesbidea Aztergai) izenburupean txosten interesgarria argitaratu zen. Jasotzen diren iritzien artean Ekologi Lan Taldearena dago. Talde honek ondokoa zioen: "sahiesbideak trafikoa murriztu dezake Gernika-Lumoko erdigunean, baina benetan Gernikarron bizitza-kalitatea nabarmen hobetzeko eta eskualdeko beste toki batzuetan arazoa ez areagotzeko beste zenbait neurri behar dira; besteak beste, oinezkoentzako bideak eta bizikletaren erabilera erraztu eta trena Gernika-Lumon zehar lurperatzea".

Oso albiste positiboa Urdaibaiko Zaingo-Batzodeak Laidako hondartzako lehengoratze-lanekin hastea izan zen. Lanok hainbat urtez luzatu ziren.

Sukarrietako Portu-Ondoko badian kokatutako ontziak amarratzeko lekuak eztabaida sortzen hasi zen. Ur-xafla okupatzeko eta ontziak lotzeko instalazioa kokatzeko baimenen aurka agertu zen 2002. urtean Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Zaingo-Batzordea. Ez dezagun ahaztu Babes Bereziko Eremuan eta itsaso-lehorreko jabari publikoaren ingurumenean kokatuta dagoela.

2002. urtean egindako ikerketa baten arabera txirlen harrapaketa kontrolatzeko jarritako neurriei esker txirla-kopuruak gora egin zuen.

Legez kanpoko eraikinen edo eraikin irregularren aferak pil-pilean jarraitzen du. Esaterako, Jose Antonio Ardantza Lehendakariak Gautegiz Arteagako Kanala auzoan eraikitako eraikinean Urdaibaiko EKEGen aurkako sei irregulartasun aurkitu zituen bertan egindako ikuskaketa tekniko batek. Borroka ugariren ondoren, hurrengo urteetan mugimendu ekologistak lortuko du Jose Antonio Ardatzak legea betearaztea bere eraikin honetan.

Urdaibaiko industria-makropoligonoaren kokapena zela eta Ekologi Lan Taldeak prentsa-oharra argitaratu zuen. Taldeak zioenez horren kokapena zentzuz aukeratu behar zen eta ez beti bezala nekazaritza-lurren kontura. Era berean, ez zuen ikusten eskaera nahikorik horrelako makroproiekturik aurrera eramateko. Taldea gainera Gernika-Lumoko industria poligonoan dauden enpresak guztion diruarekin kokapen berri horretara eramateko eta hutsik geratutako lur-eremuak birkalifikatzeko eta etxeak egiteko asmoa zegoela zioen. Horregatik prozesu osoaren gardentasun-eza salatzen zuen.

GELTak Osoko Bilkuran hainbat galdera egiten jarraitzen zuen, bere ordezkariaren bitartez. Honetariko bat da Bermeoko Frantxuak (Sastarleku) parajean, Babes Bereziko Eremuan eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan kokatuta dagoen parajean alegia, gertatutakoaz argitzeko. Bermeoko Portu Zaharrean egindako dragaketatik ateratako hondakinak hor bertan isuri zirelako. Urdaibaiko Legea ez zela urratzen eta lanak berehala amaituko zirela izan ziren Eusko Jaurlaritzak emandako erantzunak.

2002ko azaroan, Galizian, Urdaibaiko kostaldean eragina izango duen gertaera tamalgarria gertatu zen, Prestige petrolio-ontziaren hondoratzea hain zuzen ere. Agintarien erabaki kaskarrek eragin zuten hondamendi hori. Lehendabiziko txapapote-aztarnak urte honen amaieran Matxitxakon eta Laidako eta Lagako hondartzetan agertu ziren. Kostaldea garbitzeko boluntariorik behar ez zela esan zuen Administrazioak eta hori gaitzetsi zuen Ekologi Lan Taldeak. Horregatik, Ekologi Lan Taldeak eta Ekologistak Martxan-ek, euren kabuz, Urdaibaiko eskuinaldera heldutakoa jasotzen hasi ziren. 2003 eta 2004 urteetan zehar heltzen jarraitu zuen.

2003. urtean Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Erabilpenaren eta Kudeaketaren Egitamu Gidariaren testu gaurkotua onartu zen.

Urdaibai Biosfera Erreserbarako Energia eta Ingurumen Plan Zuzentzailea (2003-2010) aurton onartuko da. Ekologi Lan Taldeak bere oniritzia agertu zuen.

Beste borroka berri bat jaiotzear zegoen. Izan ere, Gautegiz Arteagako eta Sukarrietako Kanala auzoan ordura arte legeak baimentzen ez zituen zenbait ekimen –eraikin gehiago altxatzea esaterako- EKEGren testuan sartutako aldaketekin orain aurrera eraman ahal izango zirelakoan zegoen Euskal Gobernua. Kanalako eremu hau hirigune bihurtzearen aurkako helegitea jarri zuen Ekologi Lan Taldeak, beste auzo batzuetan ere gauza bera egiteko arriskua egon zitekeelakoan. Eusko Jaurlaritzak aurrera eraman nahi zuen pilotakada honi Kanalla Operazio izena jarri zion mugimendu ekologistak eta 2000 metrotako orubeetan luxuzko hogei txalet eraikitzeko aukera zabaltzen zuen. Zenbait urte beranduago epaitegiek eskualdeko mugimendu ekologistari eta Ekologistak Martxan taldeari arrazoia eman eta kalifikazio-aldaketa bertan behera geratu zen.

Urte honetan 243.000 m3 material erauzi zen itsasadarraren hondotik eta Laidan pilatu zen dunak berreskuratzeko. Muruetako ontziolaren historiako dragaketarik handienak itsasadarraren ibilbidea aldatu egin zuen eta Mundakako ezkerreko olatu ospetsua desagerraraztea eragin zuen. Gertaera honek Urdaibain hautsak harrotu egin zituen ikaragarri. Halare, apurka-apurka, estuarioaren dinamikaren egoera bere onera etorri eta 2006an, berriz ere, ezkerreko olatua berreskuratutakoan, munduko surf txapelketako froga egingo zen Mundakan.

2004. urtean Urdaibai Biosfera Erreserbako artadi kantauriarren Lurralde Ekintzarako Egitamua (2004ko azaroaren 18koa, 2004ko abenduaren 30eko EHAAn, 249. Gehigarrian, argitaratutakoa) behi betiko onartu zen.

GELTak legez kanpo eraikitako eraikinen edo eraikin irregularren aurkako borrokan dirau. Zaingo Batzordearen Osoko bilkuran galderak egiten jarraitzen du.

2005ean Busturialdeko hainbat eragile sozialek, Ekologi Lan Taldea barne, eskualderako plangintza sozioekonomikoa eskatu zuten. Izan ere, hirigintzaren presioa handia zen eta lehen sektorea azken urteetan nabarmenki egin zuen behera. Era berean, Muxikan eraiki nahi zen industria-poligonoaren beharrik ez zuten ikusten eta euren iritziz aurkeztutako plangintza Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidariaren eraldaketa ilegala zen.

Foruko harrobian, azken hilabetetan, harrobia ustiatzen zuen enpresa Artadi Kantabriarraren Babes Eremuan (P.3) sartzen hasita zen. Gainera, urrian harrobian eztanda itzelak egin ziren eta, horien ondorioz, hiru pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten. Aurreko guztiagatik, azaroko Osoko Bilkuran, GELTak, bere ordezkariaren bitartez, Foruko Atxa harrobia ustiatzeko-suspertzeko proiektuaren betearazpenaren egoerari buruzko txostena eskatu zuen. Taldearen iritziz, EKEGari 2003an egindako aldaketa, hori ahalbidetzeko egindakoa, suspertze-proiektua alderdi teknikotik eta ekonomikotik bideragarria izateko aitzakiarekin, legez aurkakoa izan zitekeen, EKEGen aldaketari buruzko oraintsuko epaia kontuan hartuta (Kanala auzunea Hirigintza-Planeamenduak Antolatzeko –HPA- zonatzat kalifikatzeko). Era berean, aipatutako Epaiaren arabera, EKEG-aren aldaketa Dekretua eta Kanala eremuan HPA sailkapena ezartzeari zegokionez, EKEG-ak ezin zituen legeak berak ezarritako Babes Bereziko Eremuak murriztu. Ondorioz, 2003ko EKEGaren Aldaketaren Aldi baterako Xedapenean Foruko Atxa Harrobiari eman zitzaion tratamendua, berrikusi eta bertan behera utzi behar zela ulertzen zuen. Gainera, erabiltzen ari zen erauzketa-teknikaren eraginez, harrobiaren aurrealdea gero eta bertikalagoa zen, eta horrela, ez zen betetzen suspertze planaren helburua, eta horixe zen, hain zuzen ere, Babes Bereziko Eremuaren inbasioaren justifikazioaren oinarria. Beraz, onetsitako plana betearazteko epea egon arren, eta Foruko Udalak jarduerarako lizentzia eman berri zuen arren, orduan ez zirudien harrobiaren ustiapenak amaierarik zuenik.

Muxikako Udalerrian kokatutako FINSA-INAMA enpresaren jarduerak eztabaida handia sortu zuen herrian. 2004an S.O.S. MUXIKA Herritarren Elkartea sortu zen herritarren bizi baldintzen eta osasunaren alde eta baliabide naturalen, ingurumenaren eta paisaiaren defentsan jokatzeko.

Osoko Bilkura honetan egondako Eusko Jaurlaritzako arduradun batek erantzun zion meatze-administrazioak ziurtaturikoaren arabera, egiten ari zen ustiapena suspertzeko proiektuan ezarritako parametroen araberakoa zela eta ingurumen-organoak agindutako ikerketa topografikoek erauzketek 2004ko ingurumen-baimenean adierazitakoa errespetatzen zutela berretsi zutela.

GELTaren ordezkariaren arabera "enpresak ez zuen bete 2004ko urtarrilaren 9ko Aginduko lehenengo baldintza, harrobiaren barruan geldituko zen artadi kantabriarraren azaleraren bikoitza suspertzeko konpentsazio neurriei buruzkoa. Horrela, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuordeak 2005eko urriaren 11n emandako Aginduaren bidez, eskabidea egin zen artadia suspertzeko proiektua aurkezteko eta ustiapen-metodoa ez zela egokia harrobia suspertzeko, eta horrexek justifikatzen zuen baimena". Era berean, "2003. urtean egin zen EKEGaren aldaketa berrikusteko eskaera" berresten zuen.

2006an Urdaibain kontrolpeko ehiza eremua sortzeko urratsak ematen hasiko dira. Ehiza-eremu horrek ehiza babeslekuak, itsasertzeko eta itsasadarreko Babes Bereziko Eremu osoa (EKEGen 88. art.) eta legeria sektorial aplikagarriak ezarritako segurtasun zonak (ehizari buruzko 1/1970 Legea, etab.) hartuko ditu eta ehiza egitea galazota egongo da. 2007ko urritik aurrera indarrean sartu zen.

2006an Mundakako ezkerreko olatua erabat errekuperatuta zegoen.

Azken urteetan, GELTak sumatzen zuen Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatuaren egoera bere ibilbidearen unerik kezkagarrienean zegoela. Alde batetik, zenbait ordezkari politikoren gutxiespen eta oinarri gabeko kritiken ondorioz, eta bestetik, Zuzendari-Artatzailearen hutsune nabaria eta talde teknikoaren lan-egoera ilunagatik. GELTrentzako bistan zegoen, Patronatua, orduan, ez zela gai zituen funtzio oinarrizkoenak ere betetzeko, behar-beharrezkoa den ikuskaritza-lan faltak adierazten zuen bezala. GELTaren ustez oso garrantzitsua zen Urdaibaiko proiektuak behar zuen bultzada gidatzeko eskualdean errotuta zegoen Patronatu indartsu baten aldeko apustua egitea, eta, bide horretan, besteak beste, honako neurri hauek hartzea: nortasun juridiko propioa aitortzea, funtzio ikuskatzaileaz gain ezinbestekoa zen funtzio dinamizatzailea bete ahal izateko behar zituen baliabidez (besteak beste, baliabide ekonomikoak, natura zaintzaileen talde propioa eta zuzendari-artatzailearekin batera lan egingo lukeen diziplina anitzeko talde sendoa) hornitzea eta Zuzendari-Artatzaileari Urdaibaiko Legeak ematen zion funtzio administratzaile osoa aitortzea. Kontu honetan zuen iritzia argitzeko 2008ko ekainaren 25ean prentsa-oharra kaleratu zuen eta beste zenbait eragilerekin batera Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren aldeko testua adostu zuen Patronatuko Osoko Bilkuran eta Lankidetza-Kontseiluan aurkeztu eta ordezkatutako beste taldeen inplikazioa bilatzeko.

Mende berri honetan panpa-lezka (Cortaderia selloana) eta Bacharis halimifolia landare arrotzat batez ere ezabatzeko hainbat ekimen sustatuko dira.

2008ko uda hasieran Jose Luis Bilbao Aldun Nagusiak gainbeheran zegoen eskualdearen ekonomia suspertze aldera zenbait proiektu aurkeztu zituen Urdaibairako. Bat, Guggeheim 2 Urdaibain eraikiko zela eta, beste biak, Autzaganeko eta Sollube tunelak ziren.

GELTa arestian aipatutako proiektuak nahastea ekidin egin zuen. Hori dela eta, banatutako balorazioak egin zituen. Amorebieta-Etxano eta Muxika lotu nahi zuen autobidearen proiektuaren balorazioa oso-osorik Para animar el debate sobre el “Acuerdo de Aceleración Económica de Euskadi” en Urdaibai artikuluan irakur dezakegu. Urdaibaiko Guggeheimen inguran GELTak egindako lehen balorazioa La casa por el tejado, la carreta delante de los bueyes o “negocio a la vista” artikuluan irakur dezakegu oso-osorik. (Miren Para animar el debate sobre el “Acuerdo de Aceleración Económico de Euskadi en Urdaibai dagoen tokian nota carretera Autzagane pdf moduan sartu). (Miren La casa por el tejado, la carreta delante de los bueyes o “negocio a la vista” dagoen tokian La casa por el tejado pdf moduan sartu).

Urdaibain eraiki gura zen Guggeheim-2 proiektuak hurrengo urteetan hainbat hika-mika sortuko ditu. Horren inguruan GELTaren arabera proiektuak hainbat arlotan (besteak beste kokapenean, lurraldean izango zuen eragina edota nolako ezaugarriak izango zituen) ez zuen inolako zehaztasunik. Beranduago, taldeak bai onartzen zuela eraikin horrekin lotutako azpiegiturak (Sollubeko eta Autzaganako tunelak, Gernika-Lumoko eta Bermeoko saihesbideak) zehaztatuta agertzen zirela, garraio publikoa bultzatzeko sosik ere ez zegoen bitartean. Era berean, GELT kokapenarekin ados zatekeen, Eusko Legebiltzarrak onartutako arautegia (5/1989 Legea eta Erabilpen eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria) beteko balitz, garraio publikoaren erabilpena sustatuko balitz eta proiektu honen atzean Gernika-Lumoko ibar industriala desmuntatu eta maila altuko egoitza-eremua sortzeko asmorik ez balego.

Hamarkada honen azken urteetan hainbat ekimen berriak eta interesgarriak eramango dira aurrera. Lurgaia Fundazioak basoa birsortzeko edo biodibertsitatea handitzeko gauzatutako hainbat proiektu (zikoinak askatzea eta lurralde-zaintza proiektuak, esaterako), Eusko Jaurlaritzak sustatutarik Kortezubiko Barrutiabasoko padura urperatzea eta Urdaibai Bird Center-en inguruan laku erdiartifiziala sortzea.

Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren inguruan, 2010ean, GELTaren ustez Guggenheim 2 proiektuak talka egiten zuen EUROPARC-ek egindako turismo iraunkorrerako Gutunarekin (Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetuta). Taldearen arabera hiru ideia azpimarratu behar ziren: lehena, turismo iraunkorra bertako balioetan oinarritu behar dela eta balio naturalekin osagarria, arriskuan jarri barik; bigarrena, turismo masiboa kaltegarria dela beti eta, hirugarrena, turismoa ezin dela izan monolaborantza ekonomiko berria, gainerako jarduera ekonomikoekin osagarria izan behar dela.

GELTaren arabera oso urrun gaude eredu horretatik, baina oraindik garaian norabide egokirantz joateko. Eta horrela eginez, bidean ikusiko da zein museo eta zein azpiegitura diren beharrezkoak, inprobisaziotik arrazionaltasunera igaroz.

Urdaibaiko hainbat eragilek bultzatuta Busturialdearen Aldeko Aldarrikapen Eguna antolatu zen 2010eko uztailaren 4an Busturiko Axpe auzoan.

Eusko Jaurlaritzak azken urteotan Urdaibaiko Erabilpen eta Kudeaketa Egitamu Gidaria aldatzea erabaki zuen. GELTren ustez Udalen eskumenetatik kanpo zeuden lurzoruen kudeaketa Udalen eskuetan utzi nahi dute.

2010ean Urdaibai Biosferaren Erreserba izendatu zela 25 urte bete ziren. Horren inguruan, Aldaba Aldizkariaren 162. zenbakian (urtarrila-otsaila), Urdaibai 25 años de reserva de la biosfera. Un análisis crítico artikulua argitaratu zen. (Miren Urdaibai 25 años de reserva de la biosfera.

Argi ikus daitekeenez Gernikako Ekologi Lan Taldea, bere sorreratik, Urdaibairen jarraipen estua egin du. Eremu honek jasandako hainbat atentatutik babestea lortu du eta beti ikuspuntu baikorraz, hau da, alternatibak planteatuz eta erakunde zein eragile sozial eta politikoekin kontaktuan egonez. Oraindik bere horretan dirau.

Zain Dezagun Urdaibai

XX. mendearen azken hamarkadetan Urdaibain eragin handia izango zuten hainbat proiektu (dragaketak, saihesbideak, Sukarrietako eta Mundakako portuetako lanak…) martxan zeuden edota martxan jartzekotan zeuden. Hori ikusirik eskualdeko pertsona desberdinek Zain Dezagun Urdaibai taldea sortzea erabaki zuten. Horrela, 1992an legeztatu egin zen.

Urdaibai Biosferaren Erreserbako Lankidetza-Kontseiluan ordezkaritza dute. Batez ere, eskualdearen jasangarritasunaren (hirigintza, lurralde-antolaketa, parte hartze soziala, informazioa lortzea eta helaraztea…) alde aritzen dira. Informazio gehiago http://zaindezagun.blogspot.com.es

Gaur egun martxan dago elkarte hau.

Txepetxa

1992an eskualdeko Eki eta Eguzki, Zain Dezagun Urdaibai, Bermeoko Ekologi Lan Taldea eta Gernikako Ekologi Lan Taldea osatzen zituzten kideek indarrak batzea erabaki zuten, talde bakoitzaren autonomia galdu gabe. Sortutako plataforma berriaren izena Txepetxa-Urdaibaiko Ekologista Plataforma zen. Izen horren jatorria Gernikako Ekologi Lan Taldearen aldizkarian, Txepetxan, oinarritu zen eta izen bereko hegazti txiki batetik dator.

1983an Gautegiz Arteagan eta Ereñon baso-sute handiak gertatu ziren. Bi udalerri horietako zenbait lur-zatitan, Txepetxa Urdaibaiko Ekologisten Plataformak koordinatuta, “Birlandatu zure pasaia: landa ezazu zure zuhaitza” lelopean, Europako Ondare Naturalaren Funtsak eta Fixonia entrepresak lagunduta eta finantzatuta, zuhaitzen birlandaketa egin zen. Guztira, 12 espezie desberdinetako 8758 zuhaitz landatu ziren.

1993ko irailaren 20tik 25era, Txepetxak, Kontserbazio eta Garapena Urdaibain lehenengo jardunaldiak antolatu zituen. Aukeratuta gaia garraioa eta errepideak izan zen.

Plataforma honek argitalpenen munduan ere sartu-irtena, laburra, izan bazen ere, egin zuen. Herritarengana errazago heltzeko Txepetxa Urdaibaiko Ekologista aldizkariaren 0 zenbakia argitaratu zuen, 1 zenbakian, Txepetxa Urdaibaiko Ingurugiro eta Kultura Aldizkaria deituko zena. Plataformaren hainbat gairi buruzko iritzia ematearekin batera, eskualdeko hainbat kontu ere jasotzen ziren.

Txepetxa plataformaren aurkezpenerako prestaturiko kartela.

1994an eta beste zenbait urtetan, Otzarri-Ingurugiro Ekimenak taldearekin batera gabonetako zuhaitzak batzeko eta landatzeko kanpainak martxan jarri zituen.

Urdaibairen Babeserako eta Antolaketarako Legean esaten zenez gehienez 2 urteko epean Aktibitate Sozioekonomikoak Harmonizatzeko eta Garatzeko Programa-k (ASHGP) martxan egon behar zuen. Sei urte ondoren, oraindik orain, ez zen ezta eztabaidatu ere egin. Hori dela eta, 1994an zehar, Txepetxa plataformak urte honetako urrian Urdaibairen Kontserbaziorako eta Babeserako Txepetxaren Proposamena izenburupean prentsa-oharra kaleratu zuen.

Txepetxak mahai-inguruak, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren guztizko babesaren eta Legearen aldeko sinaduren bilketa, Txepetxa sarien banaketa… antolatu zituen.

Txepetxa-Urdaibaiko Ekologista Plataforma gaur egun desagertuta dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak

Mugimendu ekologista ez izan arren, Urdaibaiko ondare naturalaren alde lan handia egin duenez eta orain arte aipatutako talde ugarirekin erlazionatuta dagoenez Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioa aipatuko dugu. Federazio honen sorrera eta garapena gainetik aztertuko ditugu, web-orrialde honen baitan jadanik hainbat lekutan aipatzen delako.

XX. mendearen amaieran Eusko Jaurlaritzak Urdaibai Biosfera Erreserbako EKEGaren edukiak gauzatu nahi zituen eta, era berean, biztanleriaren artean sustraituta zegoen ideiari, hots, denak direla mugak eta aukerak batere ez ideiari, buelta eman nahi zion. Horretarako, ingurumen-boluntariotza bultzatzea erabaki zuen. Interes berezi horretan oinarrituta ingurumen-boluntarioen plataforma garatzen joan zen, administrazio horretatik guztiz autonomoa izango zena.

Lehen topaketa batean, garai hartan aktibo zeuden bost taldek –Zain Dezagun Urdaibai, Gernikako Ekologi Lan Taldea, Agiri Arkeologia Taldea, Aixerreku eta Urdaibai Txatxi- indarrak biltzea erabaki zuten, talde bakoitzaren autonomia galdu gabe.

2000. urtean, Urdaibaiko Galtzagorriak legalki osatu zen.

Izen horrekin Urdaibaiko Ondarea hedatzeko, kontserbatzeko eta berreskuratzeko prest zeuden pertsonak biltzeko sortu zen. Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioak ondarea honela ulertzen du: Historian zehar bere ingurumenarekin batera gizakiak sortutako kulturaren eta eskualdearen balio naturalen eta nortasunaren dieten elementu, hondar eta aztarna esangarritsuak. Beti ere, ingurumen-heziketari garrantzi handia emanez. Biztanleriak Ondarea eta berau kontserbatzeko, babesteko eta berrekuratzeko aurrera eramaten ziren ekimenak baikorki baloratzea nahi genuen. Izan ere, gure ustez, babesgune honen iraunkortasunerako Ondarea ezinbesteko elementua da.

Federazioaren partaide diren elkarteetako boluntarioen arteko hartu-emanak indartzeari garrantzi handia eman dio, boluntariotza-kanpainak koordinatze aldera.

Mugimendu ekologistak egindako pintada desberdinak. Lehen marrazkiaren diseinua Enrike Arzubiagarena da. Bigarrenaren diseinua Jonan Berasaluzek egindakoa da. Bi sortzaile horiek ezinbesteko garrantzia izan zuten.

Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioak Urdaibaiko flora, fauna eta ekosistemen aldeko hainbat proiektu garatu ditu. Ondokoak dira:

  • Hegaztiak behatzeko behatokiaren eraikitzea Urdaibaiko paduran.
  • Padura eta hareatza deskubritzeko ibilbide autogidatua.
  • Lagako (Ibarrangelu) hondartzako dunak babestea eta kontserbatzea.
  • Landare arrotzak ezagutzeko eskuko gida txikia argitaratzea. Era berean, Cortaderia selloana eta Baccharis halimifolia espezietako zenbait ale erauztea.
  • “Basoaren erabilpen anitza: Basoak Herritarentzako Basoak Bizitzarako” izenarekin ezaguna dena.

Lehenengo lauren informazioa Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioari dagokion atalean aurkituko duzue. Bosgarrenarena, berriz, Biharko Basoari dagokion atalean.

Federazio honek Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren Lankidetza-Kontseiluan ordezkaria dauka. Oraindik orain, martxan dirau.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.