Urdaibai Biosfera Erreserba/Etnografía

Gure Ohiturak [aurkibidera joan]

2. SANTA AGEDA (Otsailak 5):

Sizilian jaio zen III. mendean, Erromako Inperioaren garaian. Historiak dioenez, Agate neskatxaren edertasunez liluraturik, Quinciano Siziliako gobernadore zenak bere emaztetzat hartu nahi omen zuen. Hark ezetza eman zionean, gartzelan sartu zuen eta hantxe galdu omen zuen bere bizia, oraindik gaztea zelarik, bere kristau-fedeari uko ez egiteagatik.

Euskal Herrian ospe handikoa dugu Agate deuna, bere irudia esaunda eta abesti herrikoi askori lotuta dagoelarik.

Suteen kontrako babesle eta, bereziki, emakumeen bularretako gaitzen sendagile, ez dira gutxi bere izenean eraikita dauden baselizak eta ugari dira bere irudiak hainbat elizatan.

Agate deunaren eguna otsailaren bostean ospatzen da. Bezpera arratsaldez herri gehienetan ume, gazte edo nagusien taldeak kalera ateratzen dira eta aterik ate edo kalez kale ibiltzen dira abestuz.

Honetan beste ospakizun batzuekin zerikusia izan arren, diferentziak ere badira: beste ospakizunetan (Olentzaro, Gabon Zahar, Urte Barri, Erregeak...) abestiak aldaketarik gabe aspalditik mantendu diren biartetan, Agate deunaren bezperan taldearen gidari izaten den bertsolariak berak asmatzen zituen askotan. Gaur egun, egia esan, inon ez dela inprobisatzen uste dugu, aurretik ikasitako bertsoak abestu baizik. Beraz, ohitura honek bizirik irauten badu ere, ez du lehengo "bizitasuna".

Ikus dezagun nola ospatzen den jai hau Gernika-Lumon eta Bizkaiko beste herri batzutan, orain ehun eta piku urteko aldizkariko idazle baten esanetan (Isidoro Ruiz de Arbulo, -La Fiesta de Santa Agueda- en Euskal-Erria. Revista Vascongada, t. VXIII, 1er semestre de 1888, San Sebasti√°n).

-Eguna hurbiltzen zenerako, plaza-mutil taldeek euren pretaskizunak hasten zituzten. Lehenengo lana bertsolaria aurkitzea zen taldea zuzentzeko. Eskolumeen artean ere antolatzen ziren talderen batzuk, baina buruz ikasitako bertsoak kantatzeko bakarrik, noski. Nonbait benetako abesbatzak ere biltzen ziren, musika-tresnen laguntza eta guzti, baina hauek ere ez zuten "gatz" hura-.

-Agate deunaren erronda bezpera arratsaldez hasten zen. Gidariak kanpaitxoa eramaten zuen ate bakoitzaren aurrean taldekoak bildu eta kantatzen hasteko adi egon zitezen. Eta gidaria kantatzen hasten zen: lehenengo bera bakarrik eta gero taldea, batak sarrera eman eta besteek jarraitu, makila sendoekin erritmoa markatuz-.

Hasierako bertsoak (bi estrofa) derrigorrezkoak ziren talde guztientzat, taldearen errespetozko aurkezpena eginez eta etxekoen baimena eskatuz. Gero santa martiriaren bizitza eta heriotzaren gertakizunak kantatzen ziren; baina geldiune bakoitzean, gehiegi luza ez zedin, hauetariko estrofa pare bat botatzen zen, gero beste gai batzuekin jarraitzeko, zortzi hamar geldiunetan historia osatuz eta berriro hasiz-.

Baina beste bertso eta doinu batzuekin jarraitu aurretik, ez genuke ahaztu nahi aipatutako aldizkarian Isidoro Ruiz de Arbulok kontatzen digun Gernika-Lumoko ohitura bitxia.

-Gernika-Lumo inguruko herrietan, eta agian beste batzutan ere, Santa Ageda eguneko iluntzean, Kandelaria egunean elizan bedeinkatutako kandelak pizten dira baserrietako solo eta landetan eta, gaua paketsu balego, ikusgarria izaten da zenbat argi lurrean eta zenbat izar-diztira zeru altuan, uren ispiluan nola gehitzen diren eta urrutian galtzen-.

Agian badu ohitura honek beste eskualde batzutako kanpai-hotsarekin zerikusiren bat eta baita, lehen esan bazala, euskaldunek Santa honi suteengandiko salbaitzaile bezala dioten debozioarekin ere-.

SANTA AGEDAREN BERTSOAK
-1-
Bedeinkatua izan dedila
etxe honetako jendea;
pobre eta umil dabilenentzat
badute borondatea.

Santua martiri maitia
dago errukiz betea,
Jaun zerukoak emon daiela
osasuna eta bakea.

-2-
Libertadia eskatzen diot
etxeko printzipalari,
Santa Agedaren alabantzak
kantadutera noa ni;

Grazia pixkat ipini
santa bedeinkatu honi.
Kristandadian honen izena
beti bedeinkatu bedi.

-3-
Nor esango du zer pasa zuen
munduan Santa Agedak,
lehendabiziko azotatu eta
kendu zizkaten bularrak;

Gorrotuaren indarrak
jentilen bihotz gogorrak.
Instapatian estali zion
gorputz guztia odolak.

-4-
Santa hau preso sartu zenean
zen milagro handia,
zeruetatik jaitsi zitzaion
Jaungoikoaren argia;

Milagro ikaragarria
santa honen alegria;
San Pedrok berak kuratu zion
santiari gorputz guztia.

-5-
Honen herida gorputzekoa
zenbateriano ote zan,
Santa Ageda martiri honen
hitz bi nahi nituzke esan;

Jentilen hatzamarretan
batere bildurtzen ez zen,
bada hemendik kontsideratu
santaren bihotza zer zen.

-6-
Berriz Enperadoreak dio
eramateko hargana,
dontzela gazte honek bihotza
lehen bezain firme darama.

Jaun zerukoak emana
orain berekin daukana,
amore handia zuen
gure Jaungoikoa gana.

-7-
Martiri honi esaten dio,
zeina zegoan isilik,
adora itzazu gure jaungoikoak
baldin nahi baduzu bizirik;

Hitz horiek aditurik
santa baitio bakarrik;
nik adoratzen dedana baino
ez dago inon besterik.

-8-
Zer balorea eraman zuen
etzai gaistuen aurrera,
umildadeko begi ederrak
isuririkan lurrera;

Enperador kruel hau beti
gogor zegoen berera,
arrastaka eta desonratuaz
atera bedi kalera.

-9-
Orduan ere erantzun zion
Jaungoikoari graziak,
baina borrero jentil gogorrak
zeuden gorrotoz josiak,

santaren fede biziak
Jaunaren probidentziak
lurrak ikara egin zuen eta
harritu ziren guztiak.

-10-
Pareta haundi bat erori zen
ikara honen puntuan,
Enperadore haren lagun bi
azpian galdu zituan;

ikusirikan orduan
haiek halako munduan,
zer milagrok gertatu ziren
santa honekin munduan.

-11-
Jentil gogorren eskuetatik
sartu zen kalabozuan,
agoniako ordu santua
ondo ezagutu zuan;

Hiltzeko zegoen orduan
Jesus hil hotza zegoan
orain gloria gozatzen dago
aingeruekin zeruan.

-12-
Kristau deboto batzuek zuten
gorputz santa ura hartu
Kataniako ziudadian
baita ere enterratu;

kristauak kontsideratu
hau honela zen gertatu,
karidadian ematen dena
berak ohi die pagatu.

-13-
Adios orain esaten diet
santa honekin batean,
urte ontxoa pasa dezaten
osasunaz eta bakean;

Pobre umilen artean
beti erruki gaitian,
karidadiak lagunduko du
zeruetako atian.

Ondo abesteko ondoko oharrak argi izan. Estrofa guztiak ipintzen ditugun arren, ez da zertan dena abestu behar; aukera daitezke, adibidez, lehenengo laurak eta gero azkenengoa. Kantatzerakoan, zenbaki bakoitzean lehen zatia (4 bertso) solistak egiten ditu, eta beste zatia (beste 4 bertso) taldeak. Hiru abotsetara abestu nahi edo ahal izanez gero, talde osoari dagokion partea armonizatuta eskeintzen dizuegu.

Nahi izanez gero, doinu berberarekin honako estrofa hauek erabili daitezke:
-1-
Santa Ageda, Ageda,
gure martiri maitea,
gure herriari emon eiozuz
zoriona eta pakea.

Santa Ageda, Ageda,
gure martiri maitea,
gure herriari emon eiozuz
zoriona eta pakea.

-2-
Lehenbailehen betor gugana
guztietako ondasuna,
izan daigun guztiok beti
buru eta eskulana.
Santa Ageda, Ageda,
.../...

-3-
Irrintzi eta goraka
izan daigun jai hotsa,
elkarrekin bat poztu daiguzan
gure buru eta bihotza.
Santa Ageda, Ageda,
.../...

-4-
Aurtengo hau izan bedi
uzta eta bake urte,
zuentzat eta euskaldunontzat
orain legez betirarte.
Santa Ageda, Ageda,
.../...

-5-
Ugazaba-etxeandreok
izan eizue urte on,
etxe honetan izan dadila
bete-betean zorion.
Santa Ageda, Ageda,
.../...

AINTZALDU...
-1-
Aintzaldu daigun Agate deuna
bihar da deun Agate,
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe.

Zeru goi-goian eder, izarra
errekaldian lizarra,
etxe honetako naguisi jaunak
urre gorrizko bizarra.

-2-
Gabon denori gerniketarrok
bardin andra eta gzionak,
berriro bere agertu gara
Santa Agedaren lagunak.

Agedaren garbitasunak
eta gure alkartasunak
borondatian jarri daitzala
Gernikako euskaldunak.

-3-
Bedeinkatua izan dadila
etxe honetako jendea,
pobre eta umil dabiltzanentzat
badabe borondatea.

Emongo bazu laister emoizu
bestela ezetz esaizu,
ate ondoan hotzak hiltzera
amak ez gaitu bihaldu.

-4-
Eta honekin amaitzen goaz
gehaigo ezin gara egon,
borondatia orain daukanak
bihar arte ez itxaron.

Bakoitzak al dabena emon
eta garbitasuna jagon,
eskerrik asko gerniketarrok
agur denori eta gabon.

KOPLAK
-1-
Nagusi jauna aurrera
erreberentzia lurrera
lotsa garela etorri gara
jauna bere aurrera.

-2-
Alkate jaunaz egon gara
atzoko arratsaldean,
libertadea gurekin dugu
ibiltzeko bakean.

-3-
Etxe honetako txiki handiak
eder elizan liburu,
usoak haren inguru
paradisuan aingeru.

-4-
Eder Elizan altera
harri labratuz pilare,
Birjina Amaren eskojituak
etxe honetan dirade.

-5-
Usoa doa etara
nere begiak lotara,
oraintxe noa nagusi jauna
berorren kopla etara.

-6-
Eder zoruan goldia
soinian kapa gorria,
etxe honetako nagusi jauna
ondo gizontxo noblia.

-7-
Eder zeruan izarra
erreka aldian lizarra,
etxe honetako nagusi jaunak
urre gorriz du bizarra.

-8-
Urre gorriz du bizarra eta
diamantezko esdapalda,
berori bezain gizon presturik
herri honetan ez alda.

-9-
Eder intxoren kordena
halaxe dugu ordena,
etxeko andria konplatutzeko
nagusiaren urrena.

-10-
Zuri nabarra azpiko
gorri eder gaineko,
andrea zure paperik ezta
plaza bat onartutzeko.

-11-
Eder buruan espala
nik ezin esan bezala,
zure besoan lo egin lezake
paradisuan bezala.

-12-
Arantza beltza ostra txiki
puntura saku loratsu,
orain hemen behar genduke
zaldun gazte bat koplatu.

-13-
Horra hor goian iturri
ura txorrotik erori,
etxe honetako zaldun gaztiak
hamalau urra txintxarri.

-14-
Hamalau urra txintxarekin
zazpi damaren eguzki,
haiek guztiak halan izanik
gehiago dituz merezi.

-15-
Arantza beltza ostrua txiki
puntura saku loratsu,
orain hemen behar genduke
dama gaztea koplatu.

-16-
Krabelinaren orriarekin
larrosa maiatzekoa,
Zeuri begira hementxe nago
damatxo bihotzekoa.

-17-
Eder espata magiarekin
magia pantaloarekin
etxeko andrea etorri zaigu
eskuan limosniarekin.

Kasu honetan ere estrofak aukeratu egin daitezke, denak kantatu beharrean.

BEDEINKATUA
Bedeinkatua izan dedila
etxe honetako jendea,
pobre eta umil dabiltzanentzat
badabe borondatea.

Eder zeruan izarra,
errekaldean lizarra,
etxe hontako nagusi jaunak
urre gorriz dau bizarra.

Santa Ageda bezpera dogu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua doguna.

Agur orain dinotzuegu
Santa honegaz batean,
urte ederra pasa dagigun
osasunez eta bakean

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.