Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Roman, herritarrentzat San Pedro.

Parrokia: Asuntzioko Andra Mari.

Kokapena: Ibarra auzoan, isolatuta, Zugaztieta-Ibarruri errepidearen ezkerraldean, parrokiatik 150 m-ra.

1928an sutea jasan zuen Ibarruriko antzinako parrokiak betetzen zuen tokitik hasten den Gurutze Bidea baseliza honetan amaiera du.

Sarbidea: Zugaztieta-Ibarruri errepidea. 27,300 km-an, ezkerraldean.

Deskribapena: Oinplano angeluzuzena (13,55 x 5,10 m) eta abside zuzena. Hormak harlanduzkoak. Teilatua isurialde bikoa eta bost zinbrien gainean jarrita. Ez du kanpai-hormarik. Mendebaldeko fatxadaren aurrealdean ia horma osoa hartzen duen sarrera dauka. Mako-zorrotz estilokoa eta turuta antzekoa; gainean tinpanoa daukan arku okertua da izatez, ornatua eta arkiboltekin; arku-barneak lau iruditxo dauzka: muturretakoak musika-joleak dira eta beste biak, San Pedro giltzarekin eta San Pablo liburuarekin. Egitura osoa arku apuntatua da; harroin-gainak gerlari iruditxoez ornaturik daude, eta ikusten dira beste elementu ornagarri batzuk ere. Sarrera-ate honetaz aparte, badago beste bat hegoaldeko aurrealdean, bakunagoa. Berau ere arku apuntatua da, arkuarriak harroin-gainetan eutsirik dauzkana. Absidean badago zutarri bi eutsirik dagoen leiho bitxia; gotikoa izan arren, erromanikoaren tipologian dirauen huts-gunea da. Harlauzazko zorua. Barruan, absidera sartzeko arkuari dieten harroin-gain bako zutarriak aipatzekoak dira.

Bizkaiko landa gotikoaren eraikinik erakargarrienetarikoa da.

Irudiak: San Pedro eta San Pablo.

Artapena: Ona, 1.980 berriztatu egin zelako, auzokoek ordaindurik.

San Pedro eta San Pablo
San Pedro eta San Pablo.

Jaia, kultua eta errituak: San Pedroren jaia ekainaren 29an ospatzen da eta orduan meza eta erromeria izaten ziren Sanpedrokolanda deituriko lekuan. Hurrengo biharamunean berriro ospatzen zen jaia: meza eta erromeria toki berean.

Aste Santuan Gurutze bidea egiten zen, egotaldiak parrokian hasita baselizaraino zeudela. Antzina, ohituta zen Gurutze bidean zetozen elizkideak baselizaren ate batetik sartzea era bestetik irtetea.

Ehorzketak: 1.970 urte ingururako, baseliza barruan egiten hasi ziren lan batzuk zirela-eta, giza aztarnak agertu ziren aldarea dagoen tokian.

Aztarnategiaren barruan harri-gizon baten osagaitzat jo izan diren kareharrizko zatiak daude. Hiru biribil erdikide ikusten dira.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.