Urdaibai Biosfera Erreserba » Etnografia » Ermitak

Izena: San Lorentzo, herritarrentzat Sanlloante eta San Lorentzo.

Parrokia: Idibaltzagako Asuntzioko Andra Mari.

Kokapena: Zallobante auzoa. Herriko zelaian, Sanlloante baserri-etxearen aurrean eta antzinako Auzo-Eskolen ondoan.

Sarbidea: Gernika-Lumotik Errigoitirako eskualdeko errepidea. Goi-aldean eskumara Metxika auzorako desbideratzea hartu. 1,600 km-ra baseliza dago.

Deskribapena: Ia-ia gurutz grekoa dirudi oinaren neurriak: 19,00 x 8,60 m la nabeak eta 16,20 x 8,70 m eliza-besoan. Abside zuzena oinarrian. Luzitutako harlangaitzezko hormak eta harlanduzkoak ertzetan. Bi isurialdeko teilatua nabean eta hiru isurialdekoa eraikinaren hondarrean. Hiru baotako harlanduzko dorrea bi kanpairekin. Teilatuaren estalkian, M-an, ordularia. Ganga-itxura barnealdean. Dinteldun atea M-an eta H-an. Hiru leiho dinteldun H-an. M-an puntu erdiko arkudun atea itsututa. Egurrezko zorua. Korua izan zuen. Aurrealdean eta Epistolaren ondoan arkupea du.

Irudiak: San Lorentzo, San Joan Bataiatzailea eta Doloretako Ama BirjiƱa.

Artapena: Oso ona. 1974an zaharberritu zen Mikel Larrauri Jaunaren zuzendaritzapean. Herritarrek, eskulana, eta Udalak, materiala, jarri zuten.

San Lorentzo.
San Lorentzo (Gautegiz Arteaga).

Jaia, kultua eta errituak: Santu titularra San Lorentzo (abuztuak 10) den arren, ekainaren 24an, San Joan Bataiatzailearen egunean, jaia ospatzen da. Meza nagusia eta erromeria egoten da.

Maiatzaren 3an, parrokiatik gorago kokatutako Santakrutzeko ermitara zihoan errogatibak geldialdia egiten zuen baseliza honetan.

Errogatibak: Igokundearen bigarren egunean errogatiban joaten zen Errigoitiko parrokiatik baseliza honetara.

Gaur egun, parrokiaren laguntzaile moduan erabiltzen da.

Oharrak: Berriemaileen arabera, Metxika auzoko herritarrek San Joani zuzendutako baseliza berria egin nahi zuten, Jandonipekoa oso egoera txarrean zegoelako. Bizkaigane-etxebarri jauregiko jauntxoak, Gasteizko Gotzainarekin zituen harremanak zirela-eta, eliza berria Sanlloanten kokatzea lortu zuen, bere etxetik oso gertu alegia. Baina baldintza bat jarri zitzaion: eliza horretan San Joanen jaia ospatzea. Arrazoi hau da, herritarren arabera, baseliza honetan titularra San Lorentzo izan arren, jai nagusia San Joanena izatea.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.