Urdabai arriskuan. Urdabairi erasoak » San Pedro kobazuloko isurketa

Albistea (06/9/24).

Busturiko Axpe auzoko San Pedro kobazuloan gasolio isurketa bat egon zen abuztuan. Bilboko Zientzia Espeleologikoen Elkarte bat izan zen gertatutakoaren berri ematen lehena eta hortik hedabideetara zabaldu zuen. Dagoeneko, garbitu dute kobazuloan botatako hondakin guztia. Baina, Busturiko Udalak, txosten teknikoen emaitzak ezagutzen dituen momentuan, isurketa horren erruduna salatzeko asmoa erakutsi du.

Axpeko San Pedro kobazuloan, saguzarren bost espezie biltzen dira, horietako bat desagertzeko arriskuan. Gasolio isurketa horrek espezieak eraso zituela adierazi zuten hedabide batzuek. Busturiko Udalak gezurtatu egin du hedabideek esandakoa, isurketak espezieetan eraginik ez duela izan baieztatuz.

Kobara sartzeko baimena

Busturiko Udalak isurketa aurkitu zuen elkartearen jarrera kritikatzen du. Izan ere, Udalarekin kontaktuan jarri barik, hedabideetara jo zuten eta herritarren artean kezka sortu zuen gertatutakoak.

San Pedro kobazulora sartzeko giltzak udaletxean bertan dituzte eta, beraz, kobara sartu nahi duen orok baimena eskatu behar du lehenengo. Busturiko Udaleko arduradunek azaldu dutenez, San Pedro kobazuloan gasolio isurketa zegoela komunikabideetara salatu zuenak ez zuen koban sartzeko baimenik eskatu eta, gainera, giltz barik sartu zen barrura.

Busturiko udaletxeak kartel batzuk egiteko asmoa du, jendeak jakin dezan kobazulora sartzeko baimena behar dela.

Hildako aingira bat

Gasolioaren isurketaren berri izan zutenean, kobazuloa ikertzen ibili zirenek aingira bat aurkitu zuten hilda. Busturiko Udalak horren aurrean argitu nahi izan du, teknikoek egindako azterketaren arabera, aingira horrek zortzi egun baino gehiago zeramatzala hilda. Gainera, gorputzeko atal batean haginkada bat omen zuen. Beraz, isurketaren ondorioz ezin izan zela hil adierazi nahi izan dute. Horrez gain , kobazulo barruan isuritako hondakinek gainontzeko espezie guztiak ere ez dituela kaltetu diote udaletxetik.

Gernikako espeleologoen taldeak aldizkako bisitak egin izan ditu Axpeko San Pedro kobazulora isurketa agertu baino hilabete batzuk lehenago. Espeleologoen taldeak orduan frogatu zuen saguzarrak ez zeudela ohiko lekuetan. Ondorioz, isurketa gertatu zenean ez zeuden arriskuan.

Delitu ekologikoa

Busturiko Udala informe teknikoen emaitzen esperoan dago, gasolioa isuri duena nor izan den ezagutzeko. Ondoren, delitu ekologikoagatik salatuko du.

Teknikoek, dagoeneko, hainbat aldiz bisitatu dute kobazuloa, isurketa nondik gertatu den aztertzeko asmoz. Bisitaldi horiek egin ostean, sabotaia bat izan daitekeela adierazi dute, isuritako gasolio kopurua kontuan hartuz. Antza denez, koban agertu den gasolioa nekazaritza munduan erabiltzen dute.

Busturiko Udalak azpimarratu duenez, orain arte Axpeko San Pedro kobazuloan ez da inolako hondakinik sartu izan. Baserriak kobazuloa dagoen lekutik urrun daude, beraz, ez dute erantzun argirik ikusten oraindino.

Momentu honetan koba garbituta dagoen arren, euri faltagatik oraindik gasolio apur bat ikus daiteke kanpoaldean.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.