Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Lehorreko itsasertzeko ekosistemak

Kantauriar Itsasoaren nagusitasuna indarraz sumatzen hasten da itsasbazterra edo itsasertza deritzogun lur-zerrenda estuan zehar. Berori osatzen duten habitat desberdinak bizi-baldintza berezi batzuen menpean daude. Kresala, haizea eta olatuak dira faktore mugatzaileak. Haiek batera jarduten dutenean aztarna berezia uzten dute ingurune fisikoaren gainean, bizidun gehienei bizirik irautea galerazten diena. Egokitzapen bereziak dituzten batzuek bakarrik egiten dute aurrera faktore horien eraginpean.

Itsasoaren aztarnak beharturik, landare-komunitateek antolaketa berezia daukate itsasaldeko habitatetan. Gazitasuna, lehorketa eta urradurarekiko jarkikortasun-mailaren arabera antolaturik, itsaso-gorabeheren mailaren paraleloki zerrendetan jartzen dira. Itsasoaren aztarna zenbat eta hurbilago nabaritu, landare-aniztasuna eta landare-estaldura gutxitu egiten dira.

Urdaibaiko itsasbazterrean hiru habitat-mota berezi agertzen dira eta hiruren ezaugarri komuna Kantauriarraren menpe egotearena da. Nabarmena da, lehenik, itsaslabarren zerrenda estua, non itsasoak lur finkoaz talka egiten baitu. Bestalde, itsasoaren kala eta ubilduetan harea-multzoak pilatzen dira itsasbazterrari urre-kolorea ematen dioten hondartza eta dunak eratuaz. Azkenik ibaiek kosta zulatu eta ohe zabalak irekitzen dituzte, handik itsasora sartu eta estuarioa eratzeko. Hiru kasuetan, aldikako kolonizatze-prozesu natural behin eta berriz gertatzen da. Prozesu horren arabera, lurra aberastu, egonkortu eta gazitasuna galdu ahala flora aniztu egiten da, espezie berriak, gutxiago espezializatuak, agertuaz. Faunarako, giro hauen bizigarritasun-mailak oso bestelakoak dira, eta geroago ikusiko den bezala, animalia-aniztasuna bizkor aldatzen da giro batetik beste batera. Baina oro har mareen aldean ugari dira ornogabeak eta arrainak uraren babespean, eta aire zabalean, berriz, animalia gutxi dira bizirik irauteko gai direnak. Hegaztiak hortxe nabarmentzen dira bizitzeko atsegina ez den inguruneko baliabide ugariz baliatzeko duten gaitasunagatik, itsasbazterrari balio handiko aniztasuna emanaz.


San Kristobaleko harea-beteketa artifizialean
paduretako komunitateak (ezkerra) eta
hondartzetako eta dunetako komunitateak
(eskuma) bat egiten duten lekua.

Hegazti urtar migratzaileek, negua pasatzeko nahiz migrazioetan zehar egin dituzten aldi baterako geldiuneak egiteko, oso babesleku egokia aurkitzen dute Urdaibain. Estuarioak duen garantiza kontuan hartuz HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua), RAMSAR Eremua (hezeguneak babesteko nazioarteko gunerik garrantzitsuena) eta Eusko Legebiltzarrak onartutako legearekin Babes Bereziko Eremua izendatu zuten. Gainera, NATURA 2000 Sarean, Europako Natura-Eremu Babestuen Sarean alegia, Europa Batasunaren Garrantzizko Lekua (BGL) da. Gaur egun, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendatzear dago.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.