Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Giza aktibitateekin erlazionatutako ekosistemak » Baso-landaketak

Euskal Herri Atlantikoko landare-estalkiak izugarrizko aldaketa izan du azken mendeotan. Burdinolek, untzigintzak, gerrateek eta desamortizazioak Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak hornitzen zituzten baso autoktonoekin akabatu zuten. XIX. mendearen amaieran bertako mendiak pribatizatuta eta baso-soilduta zeuden. Baso-unadak urriak ziren, eta behe-mendiak eta txilardiak, irasailak eta otadiak nagusiak ziren paisaian.

Monterreyko pinuaren landaketa
Monterreyko pinuaren landaketa

Monterreyko pinuaren (Pinus radiata edo P. insignis) landaketa, ezkerrean, eta enborrak pilatuta eta zerrategira eramateko prest daude, eskuman. Bertan, taula eta egurrezko
beste hainbat elementu bihurtuko dira. Baso-espezie honek nahi eukalipto urdinak (Eucaliptus golubulus) epe laburrean egur-etekin handia lortzen dute, lurren pobretzea eraginez.

Basoko zuhaitzek betetako azalera

XX. mendearen lehen hamarkadetan haritzak eta gaztainondoak jasandako gaixotasunak direla eta, Ekialdeko Erlaitz Kantauriarrean ia ez zen bat ere sano gelditu. Hori horrela, herriko pertsonaia ezagun zenbaiten eraginez, eta ondoren Lurraldeko Administrazioak bultzaturik, hazkunde azkarreko zuhaitzen agerpenak arrakasta izateko baldintza egokiak aurkitu zituen mendi-jabeen artean. Hainbat espezierekin egin zen froga, bai hostozabalarekin bai koniferekin. Azkenik, baso-estrategiak jira-bira eman zuen, Monterreyko pinura (Pinus radiata edo P. insignis) mugatzeko; berau hazkuntza azkarreko koniferoa da, eta Euskal Herriko Atlantikoko eta, beraz, Urdaibaiko baso-paisaiaren erabateko eraldaketaren protagonista izan da. 1879. urtean, Carlos Adan de Yarza jaunak ekarri zuen lehenengoz Bizkaira, Lekeition zeukan orubera. AEBetako mendebaldeko kostaldeko alde txiki batekoa da jatorriz. XX. mendean zehar planetako oso bestelako herrietan landatu da, hain zuzen ere, Zelanda Berrian, Txilen, Australian, Hego Afrikan eta Europako hego-mendebaldean. 1954. urtean eskualdeko lurralde zuhaiztuaren %11 hartzen zuen; 20 urte beranduago, berriz, bertako %75 hartzen zuen. XX. mendearen amaieran pinu-mota honek Bizkaiko guztirako lurrazalaren %36 hartzen zuen, edo bestela esanda, gutxi gorabehera 80.245 hektarea. 2006. urtean hazkunde azkarreko espezieek 98.408 hektarea –koniferoek 85.820 ha eta eukaliptoek 12.588 ha-, hau da, Bizkaiko lurraldearen %74,6 (koniferoek %65,7 eta eukaliptoek %9,6) betetzen zuten. Urdaibain, berriz, hazkunde azkarreko espezieek 11.127 hektarea -9632 ha koniferoek eta 1495 ha eukaliptoek- betetzen dute edo, beste era batera esanda, Urdaibaiko lurralde osoaren %75,7 –koniferoek %65,5 eta eukaliptoek %10,2- betetzen dute.

Zuhazti-mota Azalera
Hektareak (ha) %
Koniferoak 9.632 65,5
Eukaliptoak 1.495 10,2
Baso mistoa
1.725 11,7
Artadiak 1.545 10,5
Besteak 312 2,1
Guztira 14.709 100

1. Taula: Urdaibaiko Biosferako Erreserbak 22.000 hektareako azalera du. Horietatik, 2006ko Baso-Inbentarioaren arabera, 14.709 ha zuhaitzek betetzen dute. Hau da, Urdaibaiko azaleraren %66,86 zuhaitzez estalita dago. (Gestíón de montes en la reserva de la biosfera de Urdaibai: una oportunidad perdida artikulutik moldatuta)

Datu hauek guztiek Euskal Herri Atlantikora datorren edozein bisitarik erraz ikus daitekeena erakustea baino ez dute egiten. Monterreyko pinua ugariena da paisaian eta, bestalde, XX. mendeko azken hamarkadetan Urdaibai bezalako eskualdeetan hazkunde handia izan duen industria-sektorea mantentzen du. Hala ere, XXI. mendearen hasieran, egur-mota horren kontsumoaren beherakadak eta pinu-egurraren inportazioa prezio merkeagoetan, sektorean oso krisi larria sortzen ari da.

Baso-landaketak ezin dira ekosistematzat hartu

Landaketa hauek ez dira ez basoak ez birlandaketak, zeren eta terminoaren ikuspuntu biologikotik ez baitute berariazko komunitate dinamikorik osatzen eta ez dira guneko landare-estalkia suspertzeko landatzen. Baso-landaketa horiek papergintzari eta aglomeratuen transformaziorako eta ekoizpenerako industriari zuraz hornitzera zuzenduta daude, besterik gabe. Pinuak 25-35 urtetik urtera mozten dira, arraseko baso-mozketaren -zuhaitz guztiak aldi berean moztean datzan teknika- bitartez. Zeregin hori egiten den bitartean, mendi-hegaletan ustiaketarako mendi-bide zabalak taxutzen dira, behin zuhaitzak moztu ondoren mendia adarrez garbitzen, eta zuhaitz-enborrak kamioietan sartzen dira, neurriak nolakoak diren zerrategietara edo papertegietara eramateko. Zaborreria eta baliorik gabeko adarrak lur-gainean geratzen dira, bertan utziaz edo erreaz, pilatutako CO2 guztia atmosferara askatuz. Birlandaketarako mendi-hegalak erroturatzen dira, sarritan mendi-maldak aukeratuz, horrek arrastaka mugitzea eta baso-zoruaren higadura dakartzalarik. Nahi bezalako mozketa egiten da, lurjausiak zabalak garbitu ditzan utziz, eta arro guztitik horrelako aldi bereko mozketa egin izandako lurrazalaren ehunekoetan inolako kontrolik jarri gabe. Begi bistakoa da teknika honen eragin ekologikoa eta paisajistikoa.

Espezie exotiko batez ari garenez, Urdaibaiko Monterreyko pinuaren landaketek ez dute berariazko landaretza edo fauna lagunik. Halere, badaude lehen gunea okupatzen zuten baso gain-beheratuen isla diren komunitateak. Horrela pinuen adaburu betiberdeen azpian maiz aurki ditzakegu ohianpeko zuhaitzak, hala nola urritzak (Corylus avellana), lizarrak (Fraxinus excelsior), haritzak (Quercus robur), gaztainondoak (Castanea sativa) eta, lurra eta norabidea nolakoa den, arteak (Quercus ilex) eta ereinotzak (Laurus nobilis), bai eta hariztietako eta artadietako berezko zenbait zuhaixka eta liana ere, esaterako sasia (Rubus spp.), arbustu arrunta (Ligustrum vulgare), zuhandorra (Cornus sanguinea), gartxua (Phillyrea latifolia), huntza (Hedera helix), endalaharra (Smilax aspera) edo basoetako atxaparra (Lonicera peryclimenum). Iratze arrunta (Pteridum aquilinum) oso ugaria da, bereziki ohianpea argitu egin denean, eta zoko itzaltsuenetan sorgin-iratzea Blechnum spicant ikus daiteke, Belarren artean, albitz-belarra (Brachypodium pinnatum) eta beste zenbait gramineo (Dactilys glomerata, Holcus lanatus eta Agrostis capillaris) dira apagarriak. Horiekin batera txikori-belarra (araxacum officinale) eta plantaina (Plantago lanceolata) ikusi ohi dira.

Mozketa laburreko baso-landaketa monoespezifiko guztiak bezala, Urdaibaiko pinudietan bizi diren animalien komunitateek orokorrean ez dute ez heldutasunik ez aniztasunik. Pinupean argi-unadak sortzen dira sarritan eta honek basoa etengabe pobretzea dakar. Ornodunentzat ez da erraza aterpea eta jatekoa topatzea, pinaburua lurrean heltzen baita eta berau ez da batere atsegina faunarentzat. Horrez gain bizirik irautea lortzen duten zuhaixka guztiak baia eta fruitu urriak ematen dituzte. Hori dela eta ez da batere arraroa baso hosto erorkorretako ohiko hegaztirik ez egotea, esaterako kaskabeltz txikia (Parus palustres) edo eskinosoa (Garrulus glandarius). Bere habiak jartzeko zulorik ez egoteak ez du batere erraza egiten urubia (Strix aluco) eta okil berdea (Picus viridis) bertan aurkitzea; era berean, espezie horrek pinudi hauetan ez ditu aurkitzen elikatzeko behar dituen intsektu xilofagoak. Izan ere, ornodunen urritasunak ia anfibiorik ez egotea dakar berekin.

Gernika-Lumoko Erleaga Anaiak
Gernika-Lumoko Erleaga Anaiak deituriko
zerrategia dago. Egurraren lehen eraldaketa
egiten duten hiru industria daude Urdaibain.

Orokorrean landaketen dentsitate handiak zaila egiten du narrasti gehienak behar duten eguzkiztapena eta, beraz, bere gorputzak dinamizatzeko beharrezkoa duten berotasunik ez dutenez ez dira erraz aurkitzen pinudietan. Hala ere, badaude beste zenbait animalia ere, Urdaibaiko pinudietan aurkitu ohi daitezkeenak. Horiek beren bitarteko urriak erabiltzeko eta beren habiak jartzeko toki egokiak bilatzeko gauza dira. Txepetxa (Troglogytes troglodytes), zozo arrunta (Turdus merula), erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus) eta txonta arrunta (Fringilla coelebs) dira horiek. Koniferoen basoetako tipikoak diren pinu kaskabeltzak (Parus ater) eta amilotx mottodunak (Parus cristatus), ordea, landaketa hauek kolonizatzea lortzen dute dentsitate altuetara iritsiz. Zapelatzak (Buteo buteo) eta zuhaitz-belatzak (Falco subbuteo) ere iristezinezko mendi-hegaletako pinurik altuenetan egiten dituzte habiak, horietan behar duten lasaitasuna aurkitzen dutelarik. Apo arrunta (Bufo bufo) eta zirauna (Anguis fragilis) ere ingurune honetara moldatu dira. Baso-bazterretan sugandila (Podarcis muralis) eta Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus) bizi daitezke. Hegoaldera begiratzen duten mendi-hegaletan, Eguzkiak berotzen dueneko hareharrietan kantaurialdeko sugegorria (Vipera seoanei) maiz ikus daiteke. Narrasti horiek bide eta buztin-toki harkaiztsuak aukeratu ohi dituzte beren gorputzak Eguzkiaren aurrean aktibatzeko. Basoko bizimodura hobeto moldatutako ugaztunen artean hauexek ditugu: katagorria (Sciurus vulgaris), lursagu gorria (Clethrionomys glareolus) eta Millet satitsua (Sorex coronatus); azeria, (Vulpes vulpes), erbinudea (Mustela nivali) eta azkonarra (Meles meles) ere tipikoak dira.

Eukalipto urdinaren (Eucalyptus globulus) landaketek batez ere –eukalipto koloreduna Eucalyptus camaldulensis askoz gutxiago landatzen da- lurrazalera izugarria hartzen dute kostaldean. Jatorria Tasmania eta Australiako hegoaldea duen zuhaitz hau Monterreyko pinua baino azkarrago hazten da, 10-15 urte bitarteko mozketaldiak jasaten dutelarik. Hori horrela, homogeneotasun izugarria ikus daiteke eukalitadietako zuhaixka-geruzaren eta zuhaitz-geruzaren artean. Horrez gain, zuhaitz honen orbelak eta oskolak fauna eta flora edafikoen hazkundea eragozten duten substantzia kimikoak dituzte. Horren ondorioz, eukalitadietako aniztasun biologikoa oso murritza da eta bertako komunitate-lagunak kaxkarrak dira. Itsas pinua (Pinus pinaster), Lawson altzifrea (Chamecyparis lawsoniana), haritz amerikarra (Quercus rubra), sasiarkazia (Robinia pseudoacacia) eta makal-hibridoen (Populus sp.) klonak dira Urdaibaiko lurraldeko lursail txikietan landatutako bestelako zuhaitzak.

Eukalipto urdinak
Eukalipto urdinak (Eucaliptus golubulus) ez
du Monterreyko pinuaren besteko azalerarik
betetzen Urdaibain, eta gehiena kostaldean
dago, ez dituelako lehiak ondo jasaten.

Basogintzaren erregulazioa Urdaibaiko EKEGen

Ondoren, Urdaibaiko Erabilpenerako eta Kudeketarako Egitamu-Gidarian –aurrerantzean EKEG- basogintza nola dagoen erregulatuta ikusiko dugu. Horretarako Gestión de montes en la Reserva de la Biosfera de Urdaibai: una oportunidad perdida artikuluan oinarrituko gara.

1993an Urdaibairako garatutako agiria oso konprometitua eta anbizio handikoa izan zen. Honetan, basogintza ordenatzeko Zuzentarauek garrantzi aparta zuten, oso azalera handian erabiltzeko pentsatuta baitzeuden. Basogintza Urdaibairen aukera bat izan daitekeela baztertu gabe, ingurumenaren kaltetze-arriskua gutxituko lukeen antolaketa hidrologiko-forestala egin nahi izan zen, ustiaketa arrazionala errenta-faktore garrantzitsua izatearekin batera, ingurumenerako onura handiak ekar ditzakeelako. Aurreko ideiatan oinarrituta lehentasuna zuten bi ekintza-lerro planteatzen ziren. Lehena, berezko basoen babesa, euren azalera handituz eta ibaiertzeko basoak berreskuratuz; eta bigarrena, basogintza produktiboaren kontrola, maneiuari, kokapenari eta lurralde-zabalerari erreparatuz.

Hasiera baten, lurzoru ez urbanizagarriaren multzoa eremu desberdinetan zonifikatu egin zen. Eremu bakoitzaren ingurumen-balioen eta hartzeko gaitasunaren arabera lurzoruaren erabilpena erregulazioan gauzatzen ziren arestian aipatutako helburuak. Beste Biosfera-Erreserbetan legez, Zuzentarauek Urdaibaiko lurraldea honela egituratzen dute: Gune-Eremua, oso gutxi aldatutako berezko ekosistemen laginak hartzen dituena, gure kasuan Babes bereziko eremuak direnak; Tanpoi-Eremua, gunearen inguruan, Babespeko eremuak direnak, eta Trantsizio-Eremua, garapenarekin lotutako erabilpenak hartu behar dituena, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban zonifikatutako gainontzeko eremuekin osatutakoa.

Pinudi gibelgorria
Pinudi gibelgorria (Russula
sanguinea) pinudietan baino ez
da hazten. (Ibarrangeluko 2012ko
erakusketa mikologikoan
ateratako argazkia).

Antolaketa-estrategia batez ere arroaren hondoa –estuarioa, padurak, itsasbazterra eta artadi kantauriarra-, arroaren goi-aldeak -errekak eta drenai-sarea eta korridore ekologikoak osatzen dituzten ibilguak- eta ondare arkeologikoa babesten saiatu zen bitartean, erdiko eremuetarako eta ertzetarako babes-maila txikiagoa proposatzen zuen.

Zonifikazioa
Motak
Basogintzari jarritako mugak Hazkuntza azkarreko espezieak dituzten desagertu beharreko lur-azaleraren hektarea-kopurua (ha)
Berariazko Babespeko Eremuak Itsasadarraren Eremua (P.0., P.1., P.2., C.1.)
Itsasbazterraren Eremua (C.2.)
Artadi Kantauriarren Eremua (P.3.)
Garrantzi Arkeologikoko Eremua (Y.C., Y.A.)
Ez baimendua 160
Babespeko Eremuak Itsasbazterraren, erreka-ertzen eta natura, paisaia eta historia aldetik garrantzi handia duen Babespeko Aldea (P.4)
Artadi kantauriarren. berezko arboladien eta oso higadura-arrisku handiko lurzoruen Babespeko Aldea (P.5)
Paisaiaren, ikuspegi eta eskenografia aldetik zaurgarritasun handikoak diren lurraldeen Babespeko Aldea (P.6)
Historia, arte, kultura eta paisai aldetik garrantzitsuak diren eraikin, instalakuntza eta multzoen aldea edo tokia (P.7)
Berezko basoa kontserbatzea eta suspertzea P4, P5 eta P6 eremuetako baso-landaketak -–2.103, 578 eta 452 ha-koak hurrenez hurren- formazio autoktonoekin ordezkatu beharko ziren
Trantsizio-Eremuak Nekazal-Garrantzizko Eremua (A1, A2, A3) Bere erabilpen globala edo nagusia nekazaritza izan behar zuen. Guztira, kanpoko espeziekin egindako 366 hektarea-landaketa zegoen. Zeudenak onartzen ziren, baina ez zen onartzen handitzerik. Ezer ez
Baso-Eremuak (F.1., F.2.) F1ean, 4.115 ha-ko landaketa zegoen eta higadura-maila ertaina izanik basogintza produktiborako erabiltzea baimenduta zegoen. F2an, 1167 ha, higadura-maila handia duena, berezko basoa kontserbatzea eta birsortzea lortu behar zen. 1.167
Landa-Lur Arrunteko Eremuak (L.L.A.). Pinudien eta eukalitadien 2.199 ha dago Basogintza produktiboari jartzen zaion mugarik handiena, eraikinetatik, gehienetan baserri-etxeetatik, 150 m-ra urruntzearena izan zen Ezer ez

2. Taula: 1993ko EKEGean mugatutako eremu desberdinetan basogintza produktibo desberdinak landu behar ziren. Laburki esateko, 1993ko EKEGaren arabera landaketen 4500 ha basogintzara, baina ez ekoizpenera, zuzendu behar ziren. Era berean, eraikinetatik 150 m-ra urrundu behar ziren landaketak. Halere, arautegiaren interpretazioaren arabera desagertu beharreko landaketa-hektarea kopura handitu edo txikitu egiten zen. (Gestíón de montes en la reserva de la biosfera de Urdaibai: una oportunidad perdida artikulutik moldatuta)

Basogintza produktiboa aurrera eraman zitekeen eremuak mugatzearekin batera, baso-masa horien maneiua ere erregulatu nahi zuen EKEGak. Basogintza Ordenatzeko Zuzentarauetatik abiatuta, besteak beste, ondokoak proposatzen ziren: makineria astuna kontu handiz erabiltzea, mozketa-tarteak luzatzea, birlandaketak topografiara diseinatzea, habitatak dibertsifikatzea –landaketak soilguneekin tartekatuz, artzantzarako-, eta orubeen mugetan eta sarbide-bideetan hazkunde ertain-geldoko hostozabaleko landareekin landaketak egitea. Halere, aurreko guztia praktika egokien katalogoa baino ez zen, berak ez zeramalako inolako arautegirik erantsirik. Salbuespen bakarra zegoen, arraseko baso-mozketak gehienezko zein azalera jarraituan erabil zitezkeen ezartzen duena. Babespeko Eremuak, Nekazaritza Intereseko Eremuak eta Baso- Eremuak zuzenean antolatzeko arauen -VII. Atalburua 93. Artikulua- arabera:

“Baso erabileren artean, arraseko baso-mozketek (5 ha-tik gorako azalera jarraituetan edo higadura arrisku nabariko lurretan) manuzko txostena …”

Kortezubiko Omako haranean egindako arras-erako mozketa
Kortezubiko Omako haranean egindako
arras-erako mozketa.

Erregulazio horiek betetzen ez zirela frogatuta dago; Urdaibaiko Zaingo-Batzordeak kausa honengatik hogeita hamar bat salaketa jarri zituen eta lege-hausteak gehiago izan zitezkeen, organo honek kontrol eraginkorra egiteko beharrezko tresnarik ez duelako.

EKEGa idatzitakoan ezintasun orokorra sortu zen, eskualdeko populazioak eta batez ere lehen sektoreak parte hartze eskasa izan zutelako. Ez dezagun ahaztu Urdaibaiko mendien %92 norberaren jabetzakoak direla. Ondorioz, Jabeen Elkartea, Jabeak deitutako presio-plataforma sortu zen. Udaletako agintari politikoen laguntza jaso zuten eta Urdaibaiko Lehen Sektorearen Batzordea antolatzea ekarri zuen. Bertan, antolaketan, ingurumenean eta nekazaritzan eskumenak zituzten Administrazioaren Sailekin batera, Bizkaiko basogintza ekoizleen Elkarteak eta nekazaritza-sindikatu desberdinek parte hartu zuten.

Bederatzi hilabetetan zehar garai hartan indarrean zegoen EKEGa ikasi eta aztertu ondoren, bere interpretazioari dagokionez posizioak biltzeko, 1996ko abenduaren 10ean Urdaibaiko Zaingo-Batzordearen Presidentziari helaraziko zitzaion eta Presidentziak dagokien estamentuei helaraziko zien Azken Irizpena prestatu zen. Lehen Sektorearen Irizpena deitutakoak lehendabizi Urdaibaiko kudeaketa-organoan etorkizuneko konposaketan “…Urdaibaiko landa-lur arrunta landu, aprobetxatu eta jaboten dutenen bitartez, lehen sektorea” ordezkatuta egotea. Horretarako, Eusko Jaurlaritzari Urdaibairen Babesari eta Antolaketari buruzko 5/1989ko Legea bera aldatzea eskatu zitzaion. Legea 1997an aldatu zen, 15/1997ko Legea, eta, ondorioz, Zaingo-Batzordearen konposaketa aldatu egin zen, Udalen ordezkari-kopurua bikoiztuz -6 ordezkari izatera pasatu ziren-, eta lehen sektorea sartu zen, hiru ordezkarirekin -botoa emateko eskubidea 23 dute-.

Zonifikazioa Motak Basogintzari jarritako mugak
(1993ko EKEG)
Basogintzari jarritako mugak
(2003ko EKEG)
Berariazko Babespeko Eremuak Itsasadarraren Eremua (P.0., P.1., P.2., C.1.)
Itsasbazterraren Eremua (C.2.)
Artadi Kantauriarren Eremua (P.3.)
Garrantzi Arkeologikoko Eremua (Y.C., Y.A.)
Ez baimendua Ez baimendua
Babespeko Eremuak Itsasbazterraren, erreka-ertzen eta natura, paisaia eta historia aldetik garrantzi handia duen Babespeko Aldea (P.4)
Artadi kantauriarren. berezko arboladien eta oso higadura-arrisku handiko lurzoruen Babespeko Aldea (P.5)
Paisaiaren, ikuspegi eta eskenografia aldetik zaurgarritasun handikoak diren lurraldeen Babespeko Aldea (P.6)
Historia, arte, kultura eta paisai aldetik garrantzitsuak diren eraikin, instalakuntza eta multzoen aldea edo tokia (P.7)
P4, P5 eta P6 eremuetan basogintza-aktibitatearen helburutzat berezko basoa kontserbatzea eta suspertzea proposatzen da * P5 eta P6 eremuetan egiten den basogintza onartzen da. P4 eremuan, berriz, bera babesteko zerrenda 25 m-tik 5 m-ra pasatuko da. Horrela, lehenago ibaiertzeko basoak birsortzeko erabiltzen zen lur-zati handi bat, orain basogintza produktiborako berreskuratuko da.
* Zaingo-Batzordearen Komisio Iraunkorraren txostenaren eskuetan utziko dira arrasak, jakinik txosten horiek egin behar direla, baina ez direla lotesleak.
Trantsizio-Eremuak Nekazaritza-Interesezko Eremua (A1, A2, A3) Bere erabilpen globala edo nagusia nekazaritza izan behar zuen. Zeuden landaketak onartzen ziren, baina ez zen onartzen handitzerik. Eraikinen eta landaketen arteko segurtasun-tartea 90 m-ra jaisten da, nahiz eta distantzia horrek suteek eraikinak kaltetzeko arriskua handitzen duen
Baso-Eremuak (F.1., F.2.) F1ean higadura-maila ertaina izanik basogintza produktiborako erabiltzea baimenduta zegoen. F2an, higadura-maila handia duena, berezko basoa kontserbatzea eta birsortzea lortu behar zen. * Higadura-arrisku handiko eremuetan basogintza lurzoruaren erabilpenen artean onartuta dago, lurzoruaren areagotzen dituzten teknikak mugatu egiten diren arren.
* Zaingo-Batzordearen Komisio Iraunkorraren txostenaren eskuetan utziko dira arrasak, jakinik txosten horiek egin behar direla, baina ez direla lotesleak.
Landa-Lur Arrunteko Eremuak (L.L.A.). Pinudien eta eukalitadien 2.199 ha dago. Basogintza produktiboari jartzen zaion mugarik handiena, eraikinetatik, gehienetan baserri-etxeetatik, 150 m-ra urruntzearena izan zen Eraikinen eta landaketen arteko segurtasun-tartea 90 m-ra jaisten da, nahiz eta neurri horrek suteek eraikinak kaltetzeko arriskua handitzen duen

3. Taula: 2003ko otsailean Urdaibaiko EKEG aldatu egin zen egindako proposamenak biltzeko asmoz, beti ere forestalisten planteamenduen alde. Arautegi berrian, taula honetan ezarritakoarekin batera, 5 ha baino lur-eremu jarrai handiagoetan arrasak egiteko debekua kendu egin zen, nahiz eta Urdaibaiko Zaingo-Batzordeari txostena eskatu beharko zaion. Txostena, ingurumen-esparruari mugatuta egongo da eta ez da loteslea izango. (Gestíón de montes en la reserva de la biosfera de Urdaibai: una oportunidad perdida artikulutik moldatuta)

Egindako aldaketari ezin zaio inolako erreparorik jarri, Urdaibaiko lurzoru ez urbanizagarriaren kudeatzaile nagusienak baserri-aktibitateak (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza) baitira eta, ondorioz, ondo ordezkatuta egotea bidezkoena da. Beste kontu bat da EKEG aldatzeko Lehen Sektorearen Azken Irizpenean jasotako zortzi proposamenak onartu izana. Egia esateko, lehen sektorearena baino gehiago, Basogintza-Sektorearen Irizpena zen, proposamenetatik zazpi basogintza produktiboari ezarritako murrizketen erregulazioak ezabatzeari buruzkoak baitziren.

Azken finean, EKEGaren aldaketa 1993an basogintzari ezarritako kontrola malgutzea zen, eta Bizkaiko gainontzeko erregulazioaren parekoa da gaur egun. Beste era batera esateko, Urdaibaiko EKEGa Mendien Foru-Arauetara egokitu zen, bera sortzeko egondako zenbait printzipiori uko eginez.

Gereziondoz (Prunus avium) eta urkiz (Betula alba) egindako landaketa mistoa
Gereziondoz (Prunus avium) eta urkiz (Betula
alba) egindako landaketa mistoa Bermeoko
Udalak utzitako 8000 m2–ko lur-eremuan.
Kudeaketa-Plangintza honek bilatzen duen
helburua modu jasangarrian eta erabilpen
anitzetik kudeatutako basoek sortzen dituzten
onura ekonomikoak, onura sozialak eta
ingurumen-onurak uztartzea da. Lortutako
informazioa etorkizunean landaketa mistoak
diseinatzeko erabiliko da.

Mendi-lur zati handi bat norberaren jabetzakoa –Urdaibai osoan mendi publikoen azalera ez da 500 ha-ra heltzen- denean lurzoruaren erabilpena mugatzea oso zaila da aurrekontu egokirik ez denean. Azken 50 urtetan aurrera eraman dituen praktikak gaur egun ez egiteko konbentzitzea ez da erreza, are gutxiago irudikatutako mugaren bestaldean, ingurumen-baldintza berberak egonik eta ustezko ingurumen-arazo berberak sortuz, erabiltzen direnean.

Ingurumen-arazo larriak sortzen dituzten lurzoruaren erabilpenak erregulatzea guztiz bidezkoa da; industria-sektoreari gero eta arautegi zorrotzagoa ezartzen zaio, baina lurralde osoan ezarri beharko lirateke, euren mendien eta bertan aurrera eramaten diren basogintzaren baldintzak Urdaibain daudenekin alderatuta oso antzekoak baitira. Bestela, bereizketa hori eginez, porrota ziurtatuta dago, errenta-galera konpentsatzen ez bada behintzat.

Beraz, 2003an aldatutako EKEGa motibazio nagusiena basogintzaren sektoreak planteatutako proposamenak onartzea da.

Biharko Basoa baso-saiakuntza jasangarriaren eredu

XXI. mendearen hasieran Biharko Basoa, Baso-Saiakuntza Jasangarriak ekimena sortu zen. Basoaren erabiltzen anitzarekin, basoaren dibertsifikazioarekin eta EAEko baso-baliabideen kudeaketa jasangarriak bilatzearekin bat datozen jatorri desberdineko hiru elkartek osatzen dute. Biharko Basoa bultzatzen duten elkarteak Urdaibaiko Galtzagorriakeko boluntarioen taldea, EHNE baserritarren sindikatua eta basoaren garapen jasangarrirako elkartea Errotuz. dira. Ekimen hau 2003an hasi zen, Bermeoko Udalak utzitako lur-zatian gereziondoz eta urkiz osotutako landaketa mistoa egin zenean hain zuzen ere. Orduz geroztik, landaketa ugari ari da ekimen honetara hurbiltzen.

Lizarrez , gereziondoz, urkiz, astigarrez eta basogurbiz egindako landaketa mistoa
Lizarrez (Fraxinus excelsior), gereziondoz
(Prunus avium), urkiz (Betula alba), astigarrez
(Acer campestre) eta basogurbiz
(Sorbus torminalis) egindako landaketa
mistoa 2200 m2-ko lur-zatian Kortezubin.
2004an urtean eman zitzaion hasiera.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.