Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Giza aktibitateekin erlazionatutako ekosistemak.

Atal honetan giza aktibitateekin lotutako bi “ekosistema” sartu ditugu eta Homo sapiensik gabe ez ziren izango.

Gizakia Urdaibain aitzinatik bizi denez gero, baserri-etxez, belardi, soro eta aitzinako basoen gordekinez beteriko paisaia daukagu, mosaiko anitza eta oso emankorra eratuz. Bertako bizidunek oreka mantenduz elkarrekiko menpekotasuna agertzen dutenez, landazabal atlantikoaz ezaguna dugun esparru ozeanikoaren barne-ekosistema berezia eratzen dutela diogu.

Landazabal atlantikoa Ajangizen
Landazabal atlantikoa Ajangizen.

Biosferaren Erreserbaren landare-estalkiak izugarrizko eraldaketa izan du azken mendeotan. Burdinolek, untzigintzak, gerrateek eta desamortizazioak lurraldeak hornitzen zituzten baso autoktonoekin akabatu zuten. XIX. mendearen amaieran bertako mendiak pribatizatuta eta baso-soilduta zeuden. Baso-unadak urriak ziren, eta behe-mendiak eta txilardiak, ira-sailak eta otadiak nagusiak ziren paisaian. XX. mendearen lehen hamarkadan Monterreyko pinua (Pinus radiata edo P. insignis) edota eukaliptoa (Eucalyptus globulus) bezalako hazkuntza azkarreko zuhaitz-espezieak sartu ziren. Gaur egun, lurraldearen baso-azaleraren zati handiena osatzen dute. Baina landaketa hauek ez dira basoak ezta, beraz, benetako ekosistemak ere, ez baitute komunitate dinamiko bereizirik –ikuspuntu biologikotik begiratuta- eta ez baitira landatzen eremuko landaredia berreskuratzeko asmoarekin. Paper-industria eta eraldaketa-industria hornitzeko asmoarekin egindako baso-landaketak dira.

Monterreyko pinuaren
Monterreyko pinuaren (Pinus radiata edo
P. insignis
) baso-landaketa.

Atal honen ulermena errazteko ondoko azpiataletan banatu da:

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.