Urdaibai Biosfera Erreserba » Ingurumena » Ekosistemak » Urdaibaiko itsasertzeko itsaspeko munduaz » Kostaldeko itsaspeko habitataren berezitasunak

Matxitxakoko lurmuturraren eta Elantxobeko portuaren arteko kosta betetzen duen itsasoko espazioan, urpeko hainbat habitat dago. Urdaibaik Matxitxakoko hidrodinamismo handiko urpeko zonetatik lurmuturraren gibelean olatu eta korronteetatik babestuago dauden zonak hartzen ditu; Arriederra uhartetxoaren iparraldean sakonera ertainean dauden ia substratu uniformeetatik hasi eta Arriboletako erlaitz eta arraildura ugariko hondo malkartsuetaraino. Izaro irlan bezalako substratu harritsu asko dago eta Mina Mari ontziaren hondakinak dauden Matxitxakoko badiako hondartzak bezalakoak ez dira gutxi; zona batzuetan argia oztoporik gabe sartzen da, eta beste batzuk ez dira hain argitsuak edo beti ilunpetan daude, Ogoñoko lurmuturreko haitzuloetan, adibidez. Paisaia eder hau osatuz itxuraz uniformea den urdina hedaturik dago, han-hemenka ertzak, hondar-metak eta tontorrak dituela, itsaso-zabalean Matxitxakoko haitzak, esaterako.

Ekosistema honetan faktore abiotiko ugarik mugatzen dute bizidunen agerpena, garapena eta ugalketa. Hala ere, errazte aldera, hasiera batean, olatuekin, itsaso-korronteekin eta marearekin arituko gara. Testu desberdinetan eragina duten beste zenbait sartzen joango gara, hala nola, gazitasuna, substratuaren izaera, argiztapena, tenperatura, oxigenoa, sedimentazio-maila…

Itsasoa banatuta dagoen alde ezberdinak
Matxitxakoko lurmuturra (Bermeo)
Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren
mendebaldeko muga da.

Olatuek eta itsas korronteek erabakitzen dute itsas espazioan organismoek izango duten banaketa. Matxitxakoko lurmuturra, aitzina-aitzinatik ekaitz gogorren lekuko izanik, olatuek indartsuen jotzen duten eta tirain edo erresaka handieneko zona da. Bizitzeko itxuraz desegokiak diren baldintza horiek bizidun askok gainditzen dituzte, eta lasai bizi dira uhin eta korronte handien eraginpean kulunkatuz. Itsasoaren orro burrunbatsuaren mendean bizirik irauteko haitzari gogor atxikita egon behar da. Horretarako hainbat moldaera daude.

Urdaibaiko itsasbazterreko paisaia gutxi gora behera sei orduz behin aldatu egiten da. Itsasoaren mailak gora eta behera egunean bitan egiten du, Ilargiak eta Eguzkiak ozeanoen gainazalean eragiten duen grabitazio-indarraren ondorioz. Marea deitutako fenomenoa da. Uraren mailak behera egiten duen neurrian (arestian esan bezala Bizkaian 4,5 metroraino udaberri eta udazkeneko marea bizia denean), bizi-eztanda agerian geratzen da. Hainbat eta hainbat motatako organismoak haitzen gainean, haizpean edo haitzen barnean itxuraz harmonian bizi dira elkarrekin. Metro gutxi batzuetako tartean, edo haitz batetik beste batera igarotze hutsarekin, dauden espezieak lehengoekiko oso bestelakoak izan daitezke.

Urpeko hainbat habitat dagoenez, esparru honek fauna eta flora aldetik edertasun eta aberastasun handia du.

Urdaibaiko Galtzagorriak © 2017. Kontaktatu gurekin: galtzagorriak@urdaibai.org

Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.