

2009ko ekainean ekintza ugari aurrera eraman ditu Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioa. Ekainaren 20an, zapatuan, zortzi lagunen laguntzari esker Busturiko Sorbituaga-Arriatara iruinarriaren ingurua atondu egin zen. Hurrengo asteburuan, beste bi aktibitate egin ziren. Zapatuan, 27an, Kantabriako Voto udalerriko 12 lagunen bisitaldia izan genuen. Lekozaisko mahats-parren zaharberritzea nola gauzatu genuen bertartik bertara ikusi nahi zuten, euren udalerrian antzeko zerbait egiteko asmoa baitute. Hurrengo egunean, domekan, Basoaren Erabilpen Anitza deituriko proiektuaren barnean Federazio honek Kortezubiko Oma auzoan duen mendi-sailean bertoko espezien inausketa nola egin behar den erakusten aritu izan gara.
Momentu batzuk besteak baino mugimendu handiagokoak izaten direla nabarmena da eta horrela izan da 2009ko ekaina. Batek baino gehiagok uste zuen Urdaibaiko Galtzagorriak Federazioa erabateko lotaldian sartuta zegoela, nahiz eta gu geuk jakin bagenekien horrela ez zela, lan ugari egiten ari baikara nahiz eta komunikabideetan agertu ez.
Sorbituaga-Arriataran iruinarriaren inguruaren atonketa
Ekainaren bigarren asteburuan, larunbatean goizez, komunikabideen bidezko deialdia egin eta gero zortzi bat lagun elkartu ginen Busturiko Sorbituaga-Arriatara iruinarriaren ingurua atontzera. Gertuen zeuden otak eta eukaliptuak kendu eta urrunago pilatu egin ziren lurzorua babestu eta lurra elika ditzaten. Inguruko txilarra eta hiru bat metrora zeuden haritz bi, berriz, errespetatu egin ziren, eukaliptuz eta pinuz inguratutako tarte horretan talde osoak oso eremu erakargarria eta motibagarria eratzen zuelako. Ekintzari amaiera emateko monumentu megalitiko horren garrantzia zertan zetzan azaldu zigun Agiri Arkeologia Elkarteko kide. Den Juan Carlos López Quintana arkeologoak.

Lekozaisko mahats-parretara bisitaldia
2002an Urdaibaiko Galtzagorriak-ek hainbat lagunen dohako lanari esker eta asteburu askotan aritu eta gero, Busturiko Lekozaisko parajeko mahats-parrak zaharberritu eta aintzat hartu zituen. Egindako guztiaren berri edonorentzat eskuragarri egon zezan www.urdaibai.org-en eskegi egin genuen. Ez dakigu zenbatek irakurri duen ezta zenbatek irakurriko duen ere atal hori, baina ekaineko hurrengo asteburuko zapatuan izandako bisitaldiko antolatzaileak interneten eskegi genuenaz baliatu izan dira. Kantabriako Votoko Juntan (www.juntadevoto.com), antza, honelako eraikin etnografiko bitxiak badaude. Herri horretako Asociación Cultural Secadura (www.asociacionsecadura.com) deituriko elkarteko kideak, bertako udalak, Grupo de Acción Local Asón-Agüera-Trasmiera erakundeak (www.proderas.com) eta herritar batzuren laguntzarekin, lehengoratu nahi dituzte eta horretan hasi aurretik beste leku batzuetan nola egin duten aztertu nahi dute. Agertutako hamar pertsonei Federazioko boluntario batek jarraitutako prozesuaren nondik norakoak azaldu zien bertara egindako irtenaldian. Ondoren, San Bartolome auzoan, Busturiko Udalak, bertako mahatsparren zaharberritzeari buruzko azalpen egokiak eman zizkioten.

Bertoko espezien inausketa-ikastaroa
2004tik aurrera Basoaren Erabilpen Anitza deituriko proiektua aurrera eramaten ari gara. Honen ezaugarrietako bat basogintzako teknika jasangarrietan oinarrituta egur noblea sortzeko bertoko espezien erabilpena egokia izan daitekeela frogatzea da. Hori gauzatzeko Ehne nekazal-sindikatuarekin eta Errotuz elkartearekin batera lanean ari gara. Busturialdeko saiakera praktikoak, besteak beste, Bermeon eta Kortezubin lantzen ari gara. Domekan 28an, Kortezubiko Omako auzoan kudeatzen ari garen lur-zatian egin genuen ikastaro praktikoa. Aldezaurretik prestaturiko kudeaketa-proiektu baten arabera landatutako urkia, gereziondoa, lizarra, astigarra eta basagurbia bertoko espezieen kalitate oneko egur noblea lortu nahi bada noiz eta nola inausitu behar den azaldu eta irakatsi zen. Guztira, hamar bat lagunek parte hartu zuen.
Beharrez beteriko hilabete honen ondoren atseden hartzea dagokigu berriro. Itxaron dezagun luzarorako ez izatea.
Urdaibaiko Galtzagorriak © 2010.
Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Gernika-Lumoko Udala eta Urdaibai Biosfera Erreserba.